107. zk., 2020ko ekainaren 3a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (253 KB - 2 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
2152
AGINDUA, 2020ko maiatzaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez agindu hau aldatzen baita: 2016-2017 eta 2021-2022 ikasturteetarako hezkuntza-itunak berritzeko eta berriak izenpetzeko eta 2016-2017 ikasturtean itundu beharreko taldeak zehazteko deialdia egin zuen agindua. Horrez gain, agindu honen bidez, eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzen da, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetarako plangintza aldatzeko eta 2020-2021 ikasturtea ituntzeko.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko apirilaren 27ko Aginduaren bidez, deialdia egin zen 2016-2017 eta 2021-2022 bitarteko ikasturteetarako hezkuntza-itunak berritzeko eta berriak izenpetzeko, eta 2016-2017 ikasturtean itundu beharreko taldeak zehazteko.
Sektore ekonomikoen behar berriak ikusita, eta Lanbide Heziketako irakaskuntzen plangintza aldatzeari dagokionez 6. artikuluaren 1.3 apartatuan ezarritako muga kontuan hartuta, beharrezkotzat jo da apartatu hori beste era batera idaztea. Era berean, beste epe bat ireki da 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetarako plangintza aldatzeko eskatzeko heziketa-zikloak dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzat, eta, hala badagokio, baita 2020-2021 ikasturterako itundu beharreko gelak zehazteko epea ere.
Hori dena kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Hezkuntza-itunak berritzeko deialdia egiten duen 2016ko apirilaren 27ko Aginduaren 6. artikuluaren 1.3 apartatua honela idatzita geratzen da:
«1.3.– Lanbide Heziketaren kasuan, 5. artikuluaren 2.4 apartatuan azaldutakoaz gain, kontuan hartuko dira sektore ekonomiko batzuen eta besteen premiak.
Era berean, heziketa-ziklo baten plangintza aldatzea eta haren ordez beste bat jartzea eskatu ahal izango da, gradua eta arloa kontuan hartu gabe, baldin eta aurrez planifikatutako unitateen aldean gehikuntzarik ez badakar, EAEko ekoizpen-sektoreen jarduera- eta enplegu-datuetan oinarrituta.
Salbuespen gisa, planifikatutako unitateak gehitzea dakarren heziketa-ziklo bat planifikatzea eskatu ahal izango da, jarraian zehaztutako bi egoeretako bat betetzen denean:
a) Aldi berean adierazle hauek betetzea:
a. Eskatutako zikloaren eskaria askoz handiagoa izatea dagoen eskaintza baino (gutxienez 2,5 aldiz handiagoa), eta zentro eskatzailea dagoen eskualdeko sare publikoko zentroek bakarrik eskari horri ezin erantzutea.
b. Eskatutako zikloaren enplegagarritasun-ehunekoa % 75etik gorakoa izatea.
c. Gutxienez 10 enpresak egiaztatu behar dute eskatutako zikloa ezarri behar dela, eta, horrez gain, ikasleak hartzeko konpromisoa hartu behar dute Lantokiko Prestakuntza Modulua egin dezaten eta/edo zikloa ikas-ekinezko erregimeneko modalitate dualean egin dezaten.
b) Planifikatutako eskaintzak estaltzen ez duen eta sare publikoko zentroek eskaini ezin duten lanbide-profil baten behar espezifikoa egiaztatzea ekoizpen-ingurunean.»
Hezkuntzari buruzko Lege Organikotik eratorritako heziketa-zikloak, LOGSE zikloak ordezten dituztenak: plangintzaren aldaketa automatikoa izango da, eta ziklo bat beste baten ordez jar daiteke, eskabiderik egin gabe.
Ordeztu ez eta indargabetu egiten diren LOGSE heziketa-zikloak: Hezkuntzari buruzko Lege Organikotik eratorritako zikloen bidez aldatzeko eskaera egin ahal izango da, eta eskaera hori Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak zehaztutako plangintzaren arabera aztertuko da, betiere EAEko ekoizpen-sektoreen jarduerari eta enpleguari buruzko datuetan oinarrituta.
2. artikulua.– Argitara ematea eskaerak aurkezteko beste epe bat irekiko dela, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetarako Lanbide Heziketako irakaskuntzen plangintza aldatzeko eta itundu beharreko taldeetarako, plangintza hori aldatzeak ukitutako heziketa-ziklo eta itunpeko ikastetxeetarako, 2020-2021 ikasturterako. Epe hori 15 egunekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo errege-dekretu honek edo dekretuaren luzapenek indarra galtzen dutenetik aurrera: 463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena.
AZKEN XEDAPENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 27a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.