Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2020ko ekainaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2113

EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 13koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo «1.1.12 Araso–Sasikoburua» eremuaren Plan Partzialari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren bidez, Ingurumen Administrazioko zuzendariak Irungo «1.1.12 Araso–Sasikoburua» eremuaren Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plan Partziala) ingurumen-azterketa estrategikoaren dokumentua formulatu zuen.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan eta planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa aplikatuta, Irungo Udalak, 2019ko irailaren 9an, eraginpeko administrazio publikoei eta herritar interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen, egokitzat jotako oharrak eta iradokizunak egin zitzaten; hainbat erakunderen txostenak jaso ziren izapidean.

2019ko irailaren 16an (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 176. zenbakia), Irungo Udalak Plan Partzialaren jendaurreko informazioaren izapidea abiarazi zuen, 45 egun baliodunez, iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; horrela, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa bete zen, egokitzat jotako bezainbeste alegazio aurkezteko aukera ematearekin lotuta.

2020ko otsailaren 10ean, Irungo Udalak Irungo Plan Partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean zein abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– «1.1.12 Araso–Sasikoburua» Pan Partziala. 2020ko urtarrila. 1. bertsioaren behin betiko onespena.

«1.1.12 Araso–Sasikoburua» Pan Partzialaren Ingurumen Azterketa Estrategikoa, 2020ko urtarrilekoa.

– Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidean jasotako txostenen hitzez-hitzezko kopia.

– Irungo Udalaren txostena, kontsulta eta jendaurreko informazioa gauzatzeko izapideen emaitzei buruzkoa.

Irungo Udalak ohartarazten duenez, behin jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapideak amaituta, ez zen alegaziorik jaso, baina bai, ordea, txostenak, administrazio-espedientean jasotako emaitza eta edukiarekin; gainera, txosten horiek kontuan hartu dira Plan Partzialaren behin betiko bertsioa idaztean.

2020ko apirilaren 20an, Irungo Udalak «1.1.12 Araso–Sasikoburua» eremuaren Plan Partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren espedienteari buruzko adierazpena egiteko epea ez eteteko eskatu zuen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea exijitzen badu planak ingurumenean izan daitezkeen ondorio esanguratsuengandik.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, arauaren I. eranskineko a) apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduarekin loturiko planak, ingurumenari ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Irungo Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute «1.1.12 Araso–Sasikoburua» eremuaren Plan Partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri den kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

«Araso–Sasikoburua 1.1.12» eremuaren Plan Partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, baita irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak ere, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baiten Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak «1.1.12 Araso–Sasikoburua» eremuaren Plan Partzialaren proposamenean sartzearen alde egiten da, eta Plan Partzial horrek dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen da, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak sartuta, ingurumen-efektuetarako bakarrik.

Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu dira eta honako hauek guztiak ikusi dira: Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretua; COVID-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Irungo «1.1.12 Araso–Sasikoburua» eremuaren Plan Partzialaren (aurrerantzean, Pan Partziala) ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Plan Partzialaren helburua da Araso–Sasikoburua sektorean jarduera ekonomikoak ezartzeko antolamendu xehatua zehaztea eta hauek ebaztea: sektorearekiko lotura berria sortzea eta tokiko sistemetarako eta berdeguneetarako lurzatiak zehaztea, hori guztia Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) ezarritakoari jarraikiz eta hirigintza-antolamenduari gainjarritako baldintzak errespetatuta.

Plan Partzialak HAPOn jasotako sektorearen mugak aldatzen ditu, eta Araso–Sasikoburua eremuaren azalera osoa 44.151,81 m2 da; horrek esan nahi du % 1,35 handitu dela HAPOk zehaztutako azalera (43.563,24 m2).

Proposatutako antolamenduak industria-erabilerako jarduera ekonomikoetarako lurzati bakar bat sortzea aurreikusten du, industria-nabeen bi solairuetarako sarbidea ematen duen bide perimetral batekin. Antolamendu trinkoa da, industria-nabe luzangak ditu eta aparkaleku-hondartzak fatxada nagusian. Solairu bakoitzeko 13 nabe dira, fatxadaren zabalera 20 metro ingurukoa da eta sakonera 60 metro ingurukoa.

Zonarako sarbidea eraikin berriko biribilgunetik egingo da, Araso errekastoa gaindituz, eta eremuaren barruko bideekin bat egiten duen pontoi bat eraikita.

Proposatutako antolamenduak eremua bere erditik zeharkatzen duen landa-pista bati eragiten dio, baita biribilgunea eraikitzea aurreikusita dagoen lekuan ahoratzen den bigarren pista bati ere.

Bide-plataformak eta eraikinak egiteko, 300.000 metro kubiko lur inguru mugitu behar dira.

Plan Partzialak ingurumenean izan ditzakeen eraginak aztertu ondoren, honako hauek nabarmentzen dira eragin posible gisa (eragin nagusiak baino ez dira aipatzen): landaredia galtzea, faunari eragitea, lurzoruaren kalitatea galtzea lur-mugimenduak eta lurzoruaren okupazioak/artifizializazioak eraginda, hondakinak sortzea, emisio atmosferikoak sortzea, paisaiaren kalitatea galtzea.

«1.1.12 Araso–Sasikoburua» eremuak 44.151,81m2 ditu eta Irun udalerrian kokatuta dago, zehazkiago, Araso industrialdearen iparraldean. Udalerriaren mendebaldean kokatuta dagoen industrialde bat da eta oso ondo komunikatuta dago errepide bidez, GI-636 eta AP-8 errepideen eta bi azpiegiturak lotzen dituen errepidearen artean baitago kokatuta.

Gaur egun baserriak, belardi eta zuhaiztiak dituen gune batean dago eremua; eremuaren barruko eraikin bakarra eraikin klandestino bat da. Ipar-mendebaldean, abiadura handiko trena sartzea aurreikusi dute. Haren iparraldean, «1.1.02 Araso Iparraldea» eremua dago, jarduera ekonomikoak gauzatzera bideratutako eremua. Eremuaren hego-ekialdea eta hego-mendebaldea Araso errekak inguratzen du (eremuaren hegoaldeko eta ekialdeko mugekiko paraleloan doa, eta ipar-ekialdeko muturrean zeharkatzen du eremua, egungo biribilgunearekin lotzen den gunean). Ubideak Araso poligonoaren eremua bereizten du, eta ibaiertzetan dentsitate handiko zuhaitz-masa bat dago.

Eremuan dauden azpiegiturak urriak dira, eta inguruko eraikinei bakarrik ematen diete zerbitzua. Eraikinak lotzen dituzten hormigoizko pista batzuek zeharkatzen dute eremua; linea elektrikoko zutoinak ere badaude.

Eremuak ez du ingurumen-interes bereziko elementurik, ibaiertzeko landaredi-orban txiki batzuk izan ezik.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eraikin berrien fatxadetan kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira.

Eremuan ez da katalogatutako edo katalogatzeko proposatutako kultura-ondareko elementurik hauteman.

B) Honako ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Plan Partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plan Partziala izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimendukoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, jarduketak gauzatzean, proposamen zehatzak aztertu beharko dira eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak landu beharko dira. Orokorrean, ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritako neurriei, besteak beste, hauek gehitu beharko zaizkie:

– Lurzorua ez okupatzen saiatuko da; horretarako, erabileren nahasketa sustatuko da eta espazio degradatuak leheneratu nahiz berrerabiliko dira. Lurraldea –orokorrean hartuta– berrerabiltzea eta birziklatzea bultzatzen duen hiri-berroneratzeari lehentasuna emango zaio, jadanik hirigintzak okupatuta dauzkan espazioetan erabilera berriak garatuz.

– Urbanizazio-obrak, eta haien artean indusketa-lanak, indusketa selektiboen planen arabera eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako lurzoruaren kalitateari buruzko prozeduran ezarritako baldintzetan egingo dira, kokapena aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko Ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira.

Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala.

– Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, uraren eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Bereziki honako hau:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, behin-behineko desbideratzeak, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

– Eraikuntza jasangarriagoa egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, «Eraikuntza jasangarrirako gidak. Eraikin Industriala» gidan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gasen, hautsen, beroaren eta argiaren emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Behar diren neurriak jarriko dira eragingo zaien lurzoruen ezaugarri edafikoak mantentzeko. Ezponda eta landareztatu beharreko azaleretan landare-lurra erabiliko da ahal dela. Era berean, saihestu egingo da lur-mugimenduek espezie inbaditzaileen hedapena sustatzea. Horrez gain, diseinu irizpideak erabiliko dira erosio-arriskuak minimizatzeko.

– Kultura-ondareari dagokionez, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoa hartuko da kontuan. Lur-mugimenduak egiten badira eta horiek egitean arkeologia-izaerako aztarnaren bat aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio kultura-ondarearen arloko Gipuzkoako Foru Aldundiko sail eskudunari, eta behar diren neurriak hartuko ditu hark.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Plan Partzialean bilduriko zehaztapenen aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk hautemateko. Zehazki, urbanizaziorako obren faserako hainbat kontroletan jartzen du arreta.

F) Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2019ko urtarrilaren 25ean emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Eragina izan behar du, besteak beste, jada artifizial bihurtutako lurzoruen erabilerari lehentasuna ematerakoan, ingurumen-baliabideen erabilera jasangarrian eta hiri-eremuko berdegune eta ibai-tarteen kalitatea hobetzean.

Bigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Irungo Udalari.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 13a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala