Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2020ko ekainaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
2108

68/2020 DEKRETUA, maiatzaren 26koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, eta baimena ematen baita sozietate horren estatutuen 6. artikulua aldatzeko.

Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak, 2020ko martxoaren 30ean egindako bilkuran, erabaki zuen sozietatearen kapitalari 35.040.000 euro gehitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen bazkide den aldetik, lehentasunezko eskubidea du sozietate publiko horren Akziodunen Batzar Nagusiak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan agindutakoarekin bat etorriz.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak sozietatean zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen xedea da «merkataritza lehiaketak antolatu eta kudeatzea, jarduera ekonomikoaren adar ezberdinen eta aisialdi eta kulturarekin lotutako beste batzuen merkataritzako sustapen modura».

Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko maiatzaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea hamazazpi milioi bostehun eta hogei mila (17.520.000,00) euro harpidetzeko Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak erabakitako kapital-gehikuntzan, zeina hogeita hamabost milioi eta berrogei mila (35.040.000,00) eurokoa izan baita. Halaber, baimena ematen zaio ordainketa aipatu batzarrak ezarritako epeetan eta moduan egiteko, eta sozietatearen estatutuak aldatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 49,98ko zuzeneko parte-hartzea izango du Bilbao Exhibition Centre SA sozietatean.

2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasuneko akzioen ordezkariari, kapital-gehikuntzaren ondorioz, Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzeko adostasuna emateko, zeina honela idatzia geratuko baita:

«Kapital soziala ehun eta hirurogeita bi milioi ehun eta laurogei mila zazpiehun eta hogeita hamasei (162.180.736) eurokoa da, bakoitzak 16 euroko balio nominala duten hamar milioi ehun eta hogeita hamasei mila berrehun eta laurogeita hamasei (10.136.296) akziotan banatuta; akzio horiek osorik harpidetuta eta ordainduta daude eta klase berekoak eta serie berekoak dira, 1etik 10.136.296ra modu korrelatiboan zenbakituak, biak barnean direla».

3. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko maiatzaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala