Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2020ko maiatzaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2096

EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 26koa, HABEko zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baitira euskaltegi pribatuei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei 2019-2020 ikasturtean emango zaizkien dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak. Dirulaguntza horiek HABEko zuzendariaren 2019ko irailaren 10eko Ebazpenaren bidez deitu ziren.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, helduei euskara irakasteko antolamendu orokorra garatzen du, euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek dagokien erregistroan inskriba daitezen bete behar dituzten baldintzak ezartzen ditu, eta HABEren laguntza aurreikusten du zentro horien jarduera finantzatzeko, bere aurrekontu-baliabideek ahalbidetzen duten neurrian.

Dekretu horretan eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko maiatzaren 6ko Aginduan jasotako aurreikuspenen arabera, HABEren Zuzendaritza Nagusi honek, 2019ko irailaren 10eko Ebazpenaren bidez, euskaltegi pribatuei eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei 2019-2020 ikasturterako dirulaguntzak emateko deialdia egin zuen, eta dirulaguntza horiek eskuratzeko baldintzen artean, baldintza akademiko hauek ezarri zituen bigarren oinarriaren 2.2 atalean:

«d) Erabiltzen dituzten irakaskuntza-lokalek 179/2003 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (gutxienez 1,5 m2-ko azalera ikasle bakoitzeko).

j) Ikasturte bakoitzaren hasieran, aurrez aurreko irakaskuntza eta ikaskuntza mistoaren modalitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte gutxieneko ikasle-kopuruari dagokionez, talde bakoitza kokatuta dagoen udalerriaren tamainaren arabera:

(Ikus .PDF)

Barnetegi-erregimenean emandako taldeak, antolatzen diren herria edozein dela, 10.001 eta 25.000 biztanle arteko herrietan sortzen direnen tratamendu bera izango dute».

Aurrekoa gorabehera, Eusko Jaurlaritzak gaur egun COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko deklaratutako alarma-egoeran aurreikusitako deseskalatze-planaren arabera, gomendagarria da 2 metroko distantzia sozialari eustea, eta gelen barrualderako 1,5 metroko distantzia ezartzea.

Hala, euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroan inskribatutako euskaltegien gelek uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 13. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte ere, gelen barruan gomendatutako 1,5 metroko gizarte-distantzia berriaren ondorioz, inskribatutako euskaltegiek ezin izango dute lortu beren ikasgela askotan eskatzen den gutxieneko ikasle-kopurua, gela horietan garatuko den jarduera diruz lagundu daitekeen jardueratzat hartu ahal izateko.

Euskalduntze-jarduera ezarritako osasun-arauak betez garatu ahal izateko, beharrezkotzat jotzen da indarrean dagoen aurreikuspena aldatzea, hau da, dirulaguntza horiek jasotzeko ezarritako gutxieneko ikasle-taldearen aurreikuspena aldatzea, matrikulazio-aldia ekainaren 1ean hasiko duten eta 2019ko irailaren 10eko Ebazpenaren bidez egindako deialdi horren babesean finantzatuko diren udako ikastaroei dagokienez.

Horregatik guztiagatik, aipatutako xedapenek eta HABEren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak aitortutako ahalmenen arabera, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak (aurrerantzean, DLO) eta lege horren uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuak onartutako Erregelamenduarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– HABEko zuzendari nagusiaren 2019ko irailaren 10eko Ebazpenaren bidez egindako dirulaguntzen deialdiaren 2. oinarriaren 2.2.j) atala aldatzea. Ebazpen horren bidez, euskaltegi pribatuei eta autoikaskuntzarako zentro homologatuei 2019-2020 ikasturterako dirulaguntzak emateko deialdia egin zen, eta laguntza horiek emateko baldintzak eta prozedura arautu ziren. Honela idatzita geratu da:

«j) Ikasturte bakoitzaren hasieran, aurrez aurreko irakaskuntzaren eta ikaskuntza mistoaren modalitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte gutxieneko ikasle-kopuruari dagokionez, talde bakoitza kokatuta dagoen udalerriaren tamainaren arabera:

(Ikus .PDF)

Barnetegi-erregimenean emandako taldeek 10.001 eta 25.000 biztanle arteko herrietan sortzen direnen tratamendu bera izango dute, zer herritan antolatzen diren alde batera utzita.

2020ko ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean ematen diren udako ikastaroetan, talde bakoitzeko gutxieneko ikasle-kopurua taldeari ikastaroa ematen den herriko biztanle-kopuruaren arabera legokiokeena baino unitate bat gutxiagokoa izango da».

Bigarrena.– Deialdiaren II. eranskinaren 2.2 apartatuaren a) azpiatala aldatzea, eta honela idatzita geratuko da:

«a) Kanpoko udako ikastaroak euskaltegietan eta barnetegi iraunkorretan: gutxienez 80 irakastordu jarraian eta zatitu gabeak.

Ikastaro-modulu hau telematikoki burutu ahal izango da. Horretarako, euskaltegiak ikastaro-modulua hasi baino lehen HABEko zuzendari nagusiari era telematikoaren ezaugarriak jakinaraziko dizkio. Ezaugarri horiek jakinarazi ezean, ikastaroa dirulaguntzetatik kanpo gelditzen dela ulertuko da».

Hirugarrena.– Deialdiaren II. eranskinaren 2.2 apartatuaren c) azpiatala aldatzea, eta honela idatzita geratuko da:

«c) Baldintza horiek alde batera utzita, B2, C1 eta C2 mailetan udan diruz lagundutako ikastaro berezi hauek antolatu ahal izango dira, ekainetik irailera bitartean, kolektibo edo helburu espezifiko jakin batzuk direnean, HABEren zuzendari nagusiak aldez aurretik onartu beharrik izan gabe:

c.1.– Kanpoko udako ikastaro trinkoak: gutxienez 30 irakastordu jarraian eta zatitu gabeak. Ikasle guztien hasierako maila, salbuespenik gabe, ikasturte bakoitzeko xede-mailari dagokion azpimaila izango da.

c.2.– Barnetegi-erregimeneko udako ikastaroak: astebeteko iraupena eta egunean gutxienez 8 eskola-ordu. Ikasle guztien hasierako maila, salbuespenik gabe, ikasturte bakoitzeko xede-mailari dagokion azpimaila izango da.

HABEk c.1) eta c.2) azpiataletan jasotako udako ikastaro bereziak finantzatzeko, berariazko ikastaroak izan beharko dute, maila bat amaitzeko gaitasun espezifikoak lantzeko, eta ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Ikasturte honetan euskaltegiren batean ikaslea izandakoa izatea.

– Lehen proba-deialdian maila egiaztatu ez duten ikasleak izatea, probak aurkezteko aukerarik izan ez dutelako edo gainditu ez dituztelako.

Ikastaro-modulu hau telematikoki burutu ahal izango da. Horretarako, euskaltegiak ikastaro-modulua hasi baino lehen HABEko zuzendari nagusiari era telematikoaren ezaugarriak jakinaraziko dizkio. Ezaugarri horiek jakinarazi ezean, ikastaroa dirulaguntzetatik kanpo gelditzen dela ulertuko da».

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiek ez dute eraginik izango aipatzen diren dirulaguntzen onuradunei emandako zenbatekoetan, eta ondorio horiek laguntzak ordaindu eta justifikatzen diren unera zabalduko dira, eta irakaskuntzaren dimentsioak eta bideak baliozkoak direla aitortuko zaie, aldatzen diren baldintzetan.

Bosgarrena.– Interesdunei jakinaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioketela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Seigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2020ko maiatzaren 26a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala