Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2020ko maiatzaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2086

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 25ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez doitzen baita «lantokiarekiko hurbiltasuna» irizpidea, nekazaritzako enpleguaren arloan presako zenbait neurri hartzeko apirilaren 7ko 3/2020 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluko 2. apartatuan aipatua.

COVID-19aren hedapenak aurrekaririk gabeko osasun-alerta eta ondorio ekonomiko eta sozial kalkulaezinak eragin ditu munduan. Gizarte-, ekonomia- eta ekoizpen-harremanen garapenean normaltasuna aldatu duten osasun publikoko neurriak hartzera behartu du. Testuinguru horretan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, Estatuak alarma-egoera deklaratu zuen COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko, eta gaur egun ere indarrean jarraitzen du, elkarren segidako luzapenak onartu direlako. Xedapen horren bidez, pertsonen zirkulazio askea mugatu zen, eta bertan behera utzi zen funtsezkoa ez zela iritzitako jarduera oro. Haatik, espazio publikoan askatasunez zirkulatzea baimendu zen, «Elikagaiak, farmaziako produktuak eta premiazko produktuak erosteko», besteak beste.

Egoera horren ondorioz, nabarmen murriztu da sasoikako nekazaritza-lanez arduratzen den eskulanaren eskaintza. Eskulana murrizteak arriskuan jar dezake elikagaiak behar bezala hornitzea eta elikatze-kate osoak behar bezala funtzionatzea.

Egoera hori konpontzeko asmoz, 2020ko apirilaren 8ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen apirilaren 7ko 13/2020 Errege Lege Dekretua, zeinaren bidez onartzen baitira nekazaritzako enpleguaren arloko premiazko zenbait neurri, eta haren xedea da «nekazaritza-sektorean aldi baterako langileak kontratatzen laguntzea, enplegua malgutzeko gizarte- eta lan-arloko aparteko neurriak ezarrita, nekazaritza-jarduerari eutsiko zaiola bermatzeko beharrezkoak direnak, betiere, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen artean; neurriok aldi baterako aplikatuko dira, hots, 2020ko ekainaren 30a arte».

Errege Lege Dekretu horren 2. artikuluaren arabera, neurrien onuradun izan daitezke etxebizitzak lana gauzatu behar den lekuetatik hurbil dituzten pertsonak. Hurbiltzat joko da kanpainak dirauen artean langilearen bizilekua edo gaua igarotzen duen lekua udalerrian berean edo lantokiaren mugakide diren udalerrietan dagoenean. Gainera, autonomia-erkidegoek lurralde-egituraren arabera egokitu dezakete irizpide hori, udalerrien despopulatzea edo sakabanatzea kontuan hartuta.

Euskal Autonomia Erkidegoan, haren tamaina eta lurralde-egitura kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen da Erkidegoko lurralde osoa eta inguruko udalerriak finkatzea irizpide gisa.

Bestalde, enpresaburuak une oro ziurtatu behar du COVID-19aren aurreko prebentzio-baliabide egokiak badaudela, pertsonen arteko urruntze-neurriak betetzen direla ziurtatzeko, kutsatzea saiheste aldera.

Halaber, Errege Dekretuaren 5. artikuluak arautzen du eragindako kontratuen izapidetzea, eta enplegatzaileei ezartzen die enplegu-eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazteko betebeharra, organo hori baita Errege Dekretuan ezarritako lehentasun-irizpideak behar bezala kudeatzeko eta, hala badagokio, aplikatzeko arduraduna.

Horregatik guztiagatik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak elkarrekin ematen dute agindu hau, bat etorriz, hurrenez hurren, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuan esleitutako eskumenekin.

Azaldutako arrazoiengatik, honako hau

EBAZTEN DUGU:

Lehenengoa.– Langilearen bizilekuaren edo gaua aldi baterako igarotzen duen lekuaren eta lantokiaren arteko hurbiltasun-irizpide gisa ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoa eta lantokiaren mugakide den udal-mugarte oro.

Bigarrena.– Enplegatzaileek une oro ziurtatu beharko dute badaudela langileek COVID-19aren aurrean erabiltzeko prebentzio-baliabide egokiak, bereziki, norbera babesteko ekipamenduei, garraioari eta aldi baterako ostatuen baldintzei dagokienez; azaroaren 28ko 248/2006 Dekretuak (azaroaren 29ko 101/2012 Dekretuaren bidez aldatua) arautzen ditu aldi baterako langileentzako ostatuen gutxieneko betekizun material eta funtzionalak, baita horien baimentzea, erregistroa eta egiaztapena ere.

Hirugarrena.– Enplegatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko dizkiote lan-eskaintzak eta horiei atxikitako kontratazioak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta indarrean egongo da nekazaritza-enpleguaren arloko premiazko zenbait neurri onartzen dituen apirilaren 7ko 13/2020 Errege Lege Dekretua indarrean dagoen artean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari edo Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 25a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala