97. zk., 2020ko maiatzaren 22a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (299 KB - 7 orri.)
- EPUB (201 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
2020
67/2020 DEKRETUA, maiatzaren 19koa, zeinaren bidez dekretu bat aldatzen baita, hain zuzen ere, enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2020ko programa garatzen duen Dekretua, COVID-19ren eragin ekonomikoari aurre egiteko emana.
«COVID-19» birusa hedatzeak sortu duen krisi ekonomikoak, eguneroko jardunean, bereziki eragiten die enpresa txiki eta ertainei, banakako enpresaburuei eta profesional autonomoei, beren jarduerak gauzatzeko orduan. Aurreikusten denez, joera horrek jarraitu egingo du datozen hilabeteetan ere, eta, horregatik, beharrezkotzat jotzen da erakunde publikoek aparteko neurri batzuk ezartzea, osasun-krisiak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarean eragingo dituen kalteak ahal den neurrian arintzeko.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak martxoaren 31ko 50/2020 Dekretua onartu zuen, zeinaren bidez garatzen baita enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2020ko programa, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko dena.
Finantza-laguntzaren programa honen helburua da osatzea Estatuak COVID-19aren kariaz ETEei eta enpresaburu autonomoei laguntzeko ezarri dituen ildoak, besteak beste, Kreditu Ofizialeko Institutuaren kreditu-lerroak, finantza-baldintza onetan finantzaketa lortzea ahalbidetzen dutenak, enpresa txiki eta ertainen eta enpresaburu autonomoen likidezia eta zirkulatzailearen finantzaketa bermatzeko.
50/2020 Dekretuan ezarritako finantza-laguntzaren programak gehienez ere 500 milioi euroko zuzkidura du (formalizatu beharreko maileguetan), eta lehen aipatutako eragile ekonomikoen taldearen 6 hilabeteko likidezia- eta zirkulatzailearen finantzaketa-beharrei aurre egitea izango du xede.
Hala ere, gaur egungo testuinguru ekonomikoan, programaren erakunde laguntzaileen bidez egindako finantzaketa-eskaria hasierako finantzaketa-aurreikuspenak gainditzen ari da. Orain arte egindako eskaeren arabera, beraz, beharrezkoa da programan aurreikusitako laguntzen bolumena handitzea, COVID-19aren eragin ekonomikoa arintzeko.
50/2020 Dekretuan ezarritako laguntzen bolumena handitzeko, eta finantzaketa baldintza onetan enpresa txiki eta ertain, banakako enpresaburu eta profesional autonomo gehiagok errazago lortzeko, dekretu bat onartu beharra dago, zeinak aldatuko baitu enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2020ko programa, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko dena.
Dekretu honek martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuaren 6., 7., 10., 11,12., 13., 14. eta 15. artikuluak aldatu ditu.
Martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuaren 6. artikulua aldatu da, nekazaritza-sektorerako eta arrantza- eta akuikultura-sektorerako ezarritako laguntzen muga Aldi Baterako Esparru Nazionalera egokitzeko. Esparru nazional hori enpresentzako eta enpresaburu autonomoentzako laguntza-neurriei buruzkoa da, eta COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestea du helburu. Esparru hori Europako Batzordeak onartu zuen, apirilaren 2ko SA.56851 (2020/N) Erabakiaren bidez.
Martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuaren 7. eta 12. artikuluak aldatu egiten dira, enpresa txiki eta ertainek, banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek erakunde laguntzaileen bidez egiten duten finantzaketa-eskaerari arreta handiagoa emateko. Ildo horretan, 500 milioi eurotik 1.000 milioi eurora igo da finantzaketaren gehieneko bolumena, eta 100 milioi eurotik 150 milioi eurora handitu da 50/2020 Dekretuaren 1. kapituluan zehaztutako banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako deialdian bermatutako zenbatekoa, zeina handitu ahal izango baita eskaera nahikoa izanez gero.
50/2020 Dekretuaren 10. artikulua aldatu da, gardentasuna indartu nahi baita eskabideak izapidetzean eta erakunde laguntzaileak erabakiak hartzean. Ildo horretan, onartu ez diren eskaerak direla-eta jarraitu beharreko prozedura zehazten da, enpresa edo pertsona eskatzaileek dituzten eskubideak babesteko.
Artikulu honetan sartu da, halaber, elkar bermatzeko sozietateak hartzen duen konpromiso bat, hain zuzen ere, abala eskatzen dutenen objektibotasunaren, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatzekoa.
Paragrafo berri bat eransten zaio 10. artikuluari, programak euskal enpresa-eremuan duen eragina dela eta. Dekretuaren esparruan maileguak formalizatzen amaitu ondoren, beharrezkoa da dekretua ebaluatzea, lortu nahi ziren helburuak lortu ote diren jakiteko.
11. artikulua aldatu da, programaren kudeaketa arintzeko, erakunde laguntzaileek jaso duten eskaera-kopuruarengatik. Ildo horretan, «Abala baimentzeko agiria» (F4 eredua) aldatu da, eta dekretu honen eranskin gisa ageri da. Era berean, artikulu horretan argitzen da zer informazio igorri behar duten programaren finantza-erakunde laguntzaileek.
13. artikulua aldatu da, argitu nahi baita zer prozedurari jarraitu behar zaion programaren erakunde laguntzaileek dekretuaren esparruan duten jokabidea dela-eta aurkezten diren kexei edo erreklamazioei dagokienez.
14. artikulua aldatu da, administrazio-prozedura ezartzeko, baldin eta dekretuan aipatzen diren laguntzak jaso dituen enpresak edo pertsonak ez badu edo ez baditu betetzen dekretuaren nahitaezko baldintzaren bat edo batzuk.
Azkenik, 15. artikulua aldatu da, programaren laguntzak bateragarri egiteko, hala dagokionean, laguntzak COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzeko asmoz enpresei eta autonomoei zuzendutako laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionalaren arabera. Esparru hori Europako Batzordeak onartu zuen, apirilaren 2ko SA.56851 (2020/N) Erabakiaren bidez.
Horiek horrela, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko maiatzaren 19an egindako bilkuran eztabaidatu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– 6. artikuluaren 2.c) puntua aldatu da, finantzaketa-eragiketen ezaugarriei buruzkoa, eta honela geratu da idatzita:
«c) Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduan (EBAO, L 352/9, 2013-12-24) jasotako nekazaritza-sektorean diharduten eskatzaileentzat, eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan (EBAO, L 190/45, 2014-06-28) aurreikusitako arrantza- eta akuikultura-sektorean diharduten eskatzaileentzat, aplikatuko da COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzeko asmoz enpresei eta autonomoei zuzendutako laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionalean ezarritako muga. Esparru hori Europako Batzordeak onartu zuen, apirilaren 2ko SA.56851 (2020/N) Erabakiaren bidez.»
Bigarren artikulua.– 7. artikulua, deialdiari buruzkoa, 2. paragrafoan aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«2.– Deialdian, gutxienez 30 milioi euroko zenbatekoa bermatuko da, eta eskari nahikoa egonez gero, 150 milioi eurora handitu ahal izango da zenbateko hori, dekretu honetako I. kapituluan zehaztutako banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.
Hala ere, Ogasun eta Ekonomia Sailak zenbatekoak berresleitu ahal izango ditu, dekretu honetan azaltzen diren kolektiboetakoren batean finantzaketa-eskaria nahikoa ez den kasuetan.»
Hirugarren artikulua.– 10. artikulua aldatu da, eskabideak aztertzeari eta abala baimentzeko agiria formalizatzeari buruzkoa, eta honela geratzen da idatzita:
«1.– Programan laguntzaile den Elkar Bermatzeko Sozietatearen ardura izango da aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea, abala eman aurretik.
2.– Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo 8. artikuluan zerrendatutako agiri guztiak ez badira aurkeztu, Elkar Bermatzeko Sozietate laguntzaileak errekerimendua egingo dio enpresa edo pertsona eskatzaile interesdunari, huts hori zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean; era berean, agindutakoa bete ezean eskaera bertan behera utzi duela ondorioztatuko dela ohartaraziko zaio.
3.– Programan laguntzen ari den Elkar Bermatzeko Sozietateak Ogasun eta Ekonomia Sailari jakinaraziko dio zer eskaera ez diren onartu, abala eman edo ez eman baino lehen, eta eskaera horiek ez onartzeko arrazoiak zein diren adieraziko dio. Hori ez da eragozpen izango Ogasun eta Ekonomia Sailak Elkar Bermatzeko Sozietateari eska diezaion egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria.
4.– Elkar Bermatzeko Sozietate laguntzaileak autonomia izango du jaso dituzten abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, abal-jardueran eskuarki erabiltzen dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu.
Nolanahi ere, Elkar Bermatzeko Sozietateak, abal-eragiketak ematean bere praktikak aplika ditzakeen arren, konpromisoa hartzen du abal-eskatzaileei objektibotasunaren, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatzeko.
Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzak finantza-laguntzaren programaren aldizkako jarraipena egingo du, bai eta programa horretan lortutako emaitzen ebaluazioa ere, ezarritako neurriek programaren helburua bete ote duten egiaztatzeko, esan nahi baita euskal enpresa-ehunari beharrezko likidezia ematea, COVID-19ak haren jarduera ekonomikoan duen eragina arintzeko.
5.– Elkar Bermatzeko Sozietate laguntzaileak, eskabidea aztertu ostean, "Abala Baimentzeko Agiria" emango du, hala badagokio, eta F4 inprimakian azaldutako informazioa zehaztuko da bertan.
6.– Elkar Bermatzeko Sozietate laguntzaileak abal-eskaerei buruzko ebazpena jakinaraziko dio Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, eta, ondoren, Sailburuordetzak Abala Baimentzeko Agiria ematearen aldeko administrazio-ebazpena emango du, baliozkotutako eragiketaren ezaugarriak zehaztuta. Era berean, ukatutako abal-eragiketei dagokienez, Sailburuordetzak ebazpen bat emango du ukatzea arrazoitzeko. Ebazpenak Elkar Bermatzeko Sozietate laguntzaileari jakinaraziko zaizkio, eta hark, halaber, enpresa edo pertsona eskatzaileei jakinaraziko dizkie, dagozkion ondorioetarako.
7.– Elkar Bermatzeko Sozietate laguntzaileak formalizatutako eta ukatutako abal-eragiketak jakinaraziko dizkio Ogasun eta Ekonomia Sailari, hark eskatzen dion aldizkakotasunarekin, eta hark ezarritako betekizunak betez eta hark eskatzen dizkien ereduak erabiliz.»
Laugarren artikulua.– 11. artikulua, mailegu-eragiketak formalizatzeari buruzkoa, 1. paragrafoan aldatu da, eta honela geratzen da idatzita:
«1.– Elkar Bermatzeko Sozietate laguntzaileak bermatzen den mailegu-eragiketarako "Abala Baimentzeko Agiria" eman eta dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu duen finantza-erakundeari igorri ondoren, enpresa edo pertsona eskatzaileak finantza-erakundearekin formalizatuko du eragiketa hori.
Elkar Bermatzeko Sozietateak enpresa edo pertsona onuradunari jakinarazi beharko dio abala onartu den ala ez. Hala ere, eta programaren kudeaketa errazteko, Elkar Bermatzeko Sozietateak finantza-erakundeei egiten dien aurretiazko jakinarazpena egin ahal izango da Elkar Bermatzeko Sozietateak dagokion aldian baimendutako abal-baimenak finantza-erakunde bakoitzerako taldekatuz, betiere F4 dokumentuan jasotako oinarrizko datuak adierazita.
Bosgarren artikulua.– 12. artikulua, finantzaketa-lerroa agortzeari buruzkoa, aldatu da, eta honela geratzen da idatzita:
«1.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak 2020ko abenduaren 31 baino lehen eman beharko dira, eta, nolanahi ere, dirulaguntzak emateari utziko zaio dekretu honen babesean emandako finantzaketa-eragiketak 1.000 milioi euroko gehieneko nominal formalizatura iristen direnean.
2.– Ogasun eta Ekonomia Sailak horren berri emango du, Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordearen ebazpen baten bidez, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.»
Seigarren artikulua.– 13. artikulua aldatu da, enpresa eta pertsona onuradunen erreklamazioei buruzkoa, eta honela geratzen da idatzita:
«Ogasun eta Ekonomia Sailak jasoko ditu finantza-laguntzaren programa honetako erakunde eta pertsona eskatzaileek Elkar Bermatzeko Sozietatearen edo finantza-erakundearen jokabidea dela-eta egindako erreklamazioak, eta kasuan kasuko Elkar Bermatzeko Sozietateari edo finantza-erakunde laguntzaileari entzun ostean bideratuko dira. Aurkeztutako erreklamazioak Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordearen ebazpen baten bidez ebatziko dira.»
Zazpigarren artikulua.– 14. artikulua aldatu da, egiaztatzeari eta gainbegiratzeari buruzkoa, eta honela geratzen da idatzita:
«1.– Finantza-laguntzaren programa honetako enpresa eta pertsona onuradunek eta erakunde laguntzaileek onartu beharko dituzte Ogasun eta Ekonomia Sailak mailegu-eragiketa formalizatu eta gero egiten dituen egiaztapen-, ikerketa- eta azterketa-jarduketak.
2.– Administrazio-jarduera horien ondorioz, egiaztatzen bada okerra edo faltsua dela enpresa edo pertsona onuradunak eskabidean aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenen edukia, eta adierazpenok a posteriori frogatzen badute ez direla betetzen onuradun izateko baldintzak, Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzak administrazio-ebazpena emango du, egoki ikusten diren alegazioak aurkezteko entzunaldi-izapidea egin ondoren, eta adierazpenaren eta, ondorioz, deklaratuko du abala baimentzeko dokumentua ematearen aldeko ebazpenaren eraginkortasunik eza, 10.5 artikuluan aipatzen dena, alderdi interesdun guztiei jakinarazita (onuraduna, Elkar Bermatzeko Sozietatea, finantza-erakundea).
3.– Ez-betetze horrek edo beste edozein ez-betetzek berekin ekarriko du enpresa edo pertsona onuradunak maileguaren zenbatekoa aldez aurretik itzuli beharra, eta, hala badagokio, autonomia-erkidegoko Administrazioari, Administrazio horren konturako dirulaguntza gordin baliokide inplizitua. Betebehar hori bete ezean, finantza-erakundea gaituta egongo da Elkar Bermatzeko Sozietatearen abala egikaritzeko.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere gain hartutako birfidantzamendu-betebeharren ondorioz, egindako pagamenduen ordaina jaso behar badu, erakunde onuradun bati egozteko moduko ez-betetzeen ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak, prozedura egokia bideratu eta erakunde onuradunari entzun ondoren, enpresa edo pertsona onuradunaren zorraren zenbatekoa eta hura ordaintzeko modu eta epea zehaztuko ditu.»
Zortzigarren artikulua.– 15. artikuluaren (laguntzen bateragarritasunari buruzkoa) 1. paragrafoa aldatu da, eta honela geratzen da idatzita:
«1.– Hala dagokionean, eragiketek estatuko "minimis" laguntzak erregulatzeko arauek ezarritakoa beteko dute; honako hauetan bildutakoa, hain zuzen ere: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013-12-24); Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/9, 2013-12-24), eta Batzordearen 20014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak arrantza-sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 190/45, 2014-06-28).
Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, organismo edo entitate publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada handiagoa kategorien araberako salbuespenen erregelamenduan edo Batzordeak hartutako erabakiren batean inguruabar zehatzetarako ezarritako zenbatekoa baino. Ildo horretan, laguntzak COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzeko asmoz enpresei eta autonomoei zuzendutako laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionalaren arabera konfiguratzen dira. Esparru hori Europako Batzordeak onartu zuen, apirilaren 2ko SA.56851 (2020/N) Erabakiaren bidez.»
Bederatzigarren artikulua.– Martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuari erantsitako F4 inprimakia aldatu da, zeina dekretu honi erantsitako ereduak ordezten baitu.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2020ko maiatzaren 19an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
MAIATZAREN 19KO 67/2020 DEKRETUAREN ERANSKINA
F4.– Abala baimentzeko agiria.
Data: noiztik ........................................... noiz arte .............................................
(Ikus .PDF)
Honen bitartez, fede ematen dut ezen ...................... SGR – Elkar Bermatzeko Sozietateak baimena eman diola (2. epigrafean deskribatutako enpresari/pertsonari) abala eman eta formalizatzeko, eranskin honetan azaldutako baldintzetan. Hori guztia, dekretu honen babesean: martxoaren 31ko 50/2020 Dekretua, enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2020ko programa garatzen duena, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko dena.
.............................(e)n, 2020ko ...... (a)ren ...... (e)(a)n.
SGR – ELKAR BERMATZEKO SOZIETATEA.
TTK*: IFK – Identifikazio fiskala
EJSN*: Ekonomia-jardueren sailkapen nazionala
Sin.: .......................................