Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2020ko maiatzaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2012

EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 7koa, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarena, 2019-2020 eta 2020-2021 denboraldietako euskal kirol-federazioen lehiaketa ofizialak antolatzeko funtzio publikoa bermatzeko administrazio kontu-hartzeari buruzkoa.

Joan den martxoaren 14an, Ministroen Kontseiluak alarma-egoera deklaratzea erabaki zuen, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera, COVID-19ren pandemiak eragindako osasun-krisia zela eta.

Aipatutako osasun-krisia dela-eta dugun salbuespen-egoeraren ondorioz, Zuzendaritza honek ebazpen bat eman behar izan zuen 2020ko martxoaren 20an. Ebazpen horren bidez, jada garatzen ari ziren kirol-federazioen hauteskunde-prozesuak eten ziren, bai eta horiek hasi ez zituztenentzako hauteskunde-prozesuak egiteko epeak ere, alarma-egoera amaitu arte.

Aurretik, 2020ko martxoaren 12an, euskal kirol-federazioen kirol-jarduera guztiak etetea ere erabaki zuen. Era berean, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 10.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, kirol-lehiaketak bertan behera geratu ziren, eta une horretan ezin da zehaztu noiz eta nola ekin ahal izango zaien berriz. Horrek guztiak ziurgabetasun eta segurtasun-falta handia sortzen die bai euskal kirol-federazioei, bai lurralde-federazioei, bai kirol-lehiaketa horietan parte hartzen duten pertsonei; izan ere, une honetan ez dakigu osasun-agintariek 2019-2020 denboraldia amaitu baino lehen eta, hala badagokio, zer baldintzatan utziko dieten lehiaketa ofizial horiei berrekiten. Ez dakigu, ezta ere, zer gertatuko den azkenean lehiaketak amaitu behar badira, bereziki zer ondorio izango dituen igoera, jaitsiera, titulu ofizial eta abarretan.

Euskadiko Kirol Federazioei buruzko urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 14.2 artikuluak aitortzen du, Euskadiko Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legean aurreikusitakoaren arabera, euskal federazioek honako administrazio-funtzio hauek betetzen dituztela, besteak beste, beren lehiaketa ofizialen antolaketa eta lehen aipatutako gai guztiak lehiaketa ofizial baten antolaketaren muinean sartzen direla. Halaber, 16/2006 Dekretuaren 18. artikuluak Eusko Jaurlaritzako organo eskudunari ahalmena ematen dio euskal federazioek betetzen dituzten funtzio publikoak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren salbuespenezko neurri guztiak hartzeko.

Kontuan hartuta ezinbestekoa dela euskal federazioek lehiaketa ofizialak antolatzeko beren administrazio-funtzio publikoa behar bezala bete ahal izatea bermatzea, beharrezkoa da, salbuespen gisa, zuzendaritza-batzordeak gaitzea, COVID-19aren ondorioz 2019-2020 denboraldiko lehiaketak amaitzean sor daitezkeen antolaketa-gorabehera guztiak arintasunez konpon ditzaten, eta, lotura dela-eta, 2020-2021 denboraldiko antolaketarekin.

Materialki ezinezkoa da euskal federazio gehienentzat gai horiek batzar nagusiek onartutako lehiaketa-erregelamendu eta -egutegien arabera ebaztea, xedapen horiek lehiaketen garapen eta amaiera normaleko egoera batean oinarrituta baitaude. Arauzko edozein aldaketak federazio-izapide guztiak eskatuko lituzke, zuzendaritza-batzordeen eta batzar orokorren esku-hartzearekin, eta, ondoren, administrazio-izapideak, zuzendaritza honen onespenarekin eta ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzearekin. Izapide horiek galarazten diete euskal federazioei behar bezalako arintasunez eta segurtasun juridikoz ebaztea denboraldi honetako eta hurrengo denboraldiko antolamendu-arazo guztiak; hurrengo denboraldia printzipioz, aste batzuk barru hasi beharko litzateke.

Aurreko guztiagatik, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza honek lan estua egin du kirolaren arloan eskumena duten lurralde historikoetako foru-organoekin, euskal federazioentzat eta lurralde-federazioentzat irtenbide komun bat bilatzeko; izan ere, 16/2006 Dekretuaren 37.6 artikuluaren arabera, euskal federazioek eta lurralde-federazioek beren funtzioak koordinatu behar dituzte, kirol-lehiaketen piramide-egitura egokia bermatzearren. Jakina, ebazpen honek euskal kirol-federazioei baino ezin die eragin, foru-organoak baitira lurralde-mailako kirol-federazioen tutoretza-organoak, eta haiei bakarrik dagokie, hala badagokio, esku hartzeko neurri egokiak hartzea.

Ebazpen honetan jasotzen diren neurriak salbuespenezkoak dira, eta, beraz, behin-behinekotasun-izaera dute; beraz, aipatutako aurreko salbuespen-egoerari erantzuteko behar-beharrezkoa den epean baino ez dituzte ondorioak izango.

Era berean, ebazpen honetan jasotzen diren neurriek proportzionaltasuna errespetatzen dute, kirol-federazio bakoitzaren autonomian hain inbaditzaileak ez diren neurriak hartzen saiatu baitira, COVID-19tik eratorritako eskumen-egoerak ebazteko. Horrela, kirol-federazio bakoitzak erabakiko ditu irizpideak eta bertan behera utzitako lehiaketek jarraitu behar duten ala ez, edo, hala badagokio, noiz eta nola. Bestalde, lehiaketa horiek amaitu ezin badira, sailkapen-ordena zein izango den ere erabaki beharko dute, pertsona fisiko edo juridiko irabazleak, igoerak eta jaitsierak, eta abarrak zehazteko. Gogoan izan behar da adierazitakoak, gainera, hurrengo kirol-denboraldiari eragiten diola, kategorien, taldeen, parte-hartzaileen edo egutegiaren osaketari dagokionez.

Ebazpen hau administrazio kontu-hartze honen xede diren euskal federazio guztiei banan-banan jakinaraziko zaien egintza bat den arren, egokia dirudi, halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, jende guztiak jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Ondorioz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aplikazio-eremua.

Ebazpen hau COVID-19aren osasun-krisiak eragindako euskal kirol-federazioen lehiaketa federatu ofizialei aplikatuko zaie.

Bigarrena.– Euskal kirol-federazioetako zuzendaritza-batzordeak gaitzea.

1.– Administrazioaren kontu-hartze honen arabera, euskal kirol-federazioetako zuzendaritza-batzordeek ahalmena izango dute erakunde horiek antolatutako lehiaketei dagokienez COVID-19aren osasun-krisiaren ondorioz sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzeko eta ebazteko, eta, bereziki, honako hauek:

a) Amaitutzat jo ez diren lehiaketak berriro hasi behar diren ala ez zehaztea.

b) Lehiaketei berriro ekiten bazaie, noiz eta zer formatutan egin behar diren zehaztea.

c) Berriro hasi ezean, edo berriro hasi arren eta amaitu ezin bada, sailkapen-ordena zehaztea, eta, bereziki, talde edo kirolari irabazleak edo bestelako kirol-eskubideak dituztenak zehaztea.

d) Lehiaketari berrekiten ez bazaio, edo berrekin arren, amaiera normala lortu ezin bada, hurrengo denboraldirako maila-igoeren eta/edo jaitsieren araubidea zehaztea, beste kirol-federazio batzuek beren lehiaketen esparruan duten eskumena errespetatuz.

e) Lehiaketetan parte hartzen duten plantilletako kideak COVID-19arekin kutsatzeagatik edo antzeko egoerengatik lehiaketak eteteko arrazoiak eta prozedurak ebazteko jarraitu beharreko irizpideak zehaztea, bai eta lehiaketen data berriak ezartzea eta/edo ez-agertzeen ondorioak zehazteko irizpideak finkatzea ere.

f) Beharrezkoa balitz, lehiaketa-eredu edo -egitura berriak onartzea, bai 2019-2020 denboraldia amaitzeko, bai 2020-2021 denboraldia hasteko, aurreko ataletan deskribatutako antolamendu-aldaketen ondorioz.

g) Aurreko ataletan adierazitako gaiekin zerikusia duen beste edozein kontu zehaztea, eta, oro har, COVID-19aren krisiaren ondorioz sor daitezkeen gorabeheren edo supostuen aurrean lehiaketei eragiten dien beste edozein alderdi.

2.– Kasu horietan, zuzendaritza-batzordeen ebazpenak presaz hartuko dira, eta ez da nahitaezkoa izango balizko erabakien eraginpean egon daitezkeen pertsonei edo erakundeei entzunaldia ematea. Ebazpen horiek arrazoituak eta behar bezala argitaratuak izango dira, federazioaren webgune ofizialean denek jakin dezaten eta ebazpen horiek zuzenean eragiten dieten erakundeei jakinaraziko zaie. Eta, horretarako deitzen den lehenengo batzar orokorrean ere jakinaraziko dira.

3.– Artikulu honetan xedatutakoa aplikatzearekin zerikusia duten zuzendaritza-batzordeen ebazpenek federazio-bidea agortuko dute. Lehiaketa ofizialak antolatzeko ebazpen horien aurka, dagokion errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Zuzendaritza honetan, hilabeteko epean. Zuzendaritza honen ebazpenak administrazio-bidea agortuko du, Euskadiko Kirol Federazioei buruzko urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 14.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Erregelamenduak, oinarriak edo lehiaketa-egutegiak ez aplikatzea.

1.– Euskal kirol-federazioetako zuzendaritza-batzordeek eskumen osoa izango dute ebazpen honen aplikazio-eremuko lehiaketa ofizialei dagokienez sortzen diren alderdi guztiak ebazteko, eta ez zaizkie erabat aplikatuko abian den denboraldiko lehiaketa-erregelamenduak, -oinarriak edo -egutegiak.

2.– Euskadiko Kirol Federazioei buruzko urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 37.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, euskal kirol-federazioen zuzendaritza-batzordeek bermatu beharko dute hurrengo denboraldiko kirol-lehiaketetan lurralde-federazioen lehiaketa ofizialen emaitzak kontuan hartuko direla, parte hartzeari dagokionez.

Laugarrena.– Baliozkotzea.

Baliozkotu egiten dira kirol-federazioetako zuzendaritza-batzordeek ebazpen hau jakinarazi aurretik emandako erabaki guztiak, baldin eta ebazpen honetan xedatutakora egokitzen badira.

Bosgarrena.– Ebazpen honen indarraldia.

Ebazpen honetan aurreikusitako kontu-hartzeko salbuespenezko neurriek indarrean jarraituko dute 2019-2020 denboraldiko kirol-lehiaketak amaitzeko eta 2020-2021 denboraldia antolatzeko ezinbesteko epean, eta, gehienez ere, 2020ko abuztuaren 1eko 00: 00etan amaituko dira, pandemiaren bilakaeraren eta aplikatu beharreko osasun-neurrien arabera luzapenik adosten ez bada.

Seigarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea.

Ebazpen hau banan-banan jakinaraziko zaie euskal kirol-federazio guztiei.

Zazpigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen da, jende guztiak horren berri izan dezan.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 7a.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria,

JON REDONDO LERTXUNDI.


Azterketa dokumentala