Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2020ko maiatzaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1993

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 4koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez laguntza-programa bat ezartzen baita, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan ingurumena, energia eta kalitatea kudeatzeko sistemak jartzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien garraio publikoko enpresetan ingurumen- eta energia-kudeaketako sistemak ezartzearen helburua da enpresari ahalbidetzea ingurunea zaintzeko konpromisoa adierazten duen sistema eraginkor bat izatea, bai eta ingurumenean eragin negatiboa izan dezaketen jarduerak, produktuak edo zerbitzuak kontrolatzeko zein ingurumen-arloko lege-eskakizunak betetzeko mekanismoak izatea, garraio-sistema jasangarri bat lortzen lagunduz.

Helburu bera du kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeak, zerbitzua ematean segurtasun, kalitate, gardentasun eta arintasun handiagoa lortzeko; alde batetik, positiboa da garraio-enpresarentzat, bere egitura modernizatzen baitu, zerbitzuak kudeatzeko eta emateko aukera emango dion sistema batekin, kalitatea eta bezeroaren gogobetetasuna aintzat hartuta; eta, bestetik, onuragarria da erabiltzailearentzat, kalitatean, gardentasunean eta segurtasunean goi-mailako zerbitzua lortzen duelako.

Aipatutako kudeaketa-sistemak ezartzea enpresa-kudeaketa onaren sinonimo da, eta horrek produktu eta zerbitzu lehiakorragoak izatea esan nahi du. Hain aldakorra, eta gero eta globalagoa eta lehiakorragoa den testuinguru batean enpresa kudeatzeko erak berebiziko garrantzia dauka. Sistema horiek behar bezala ezarri direla egiaztatzen duen ziurtagiriak indarraldi mugatua du. Horregatik, badirudi beharrezkoa dela, enpresetan sistemak ezartzeaz gain, enpresek ziurtagiri horiek berritu edota eguneratu ahal izateko behar diren gastuak ere babestea, haien indarraldia luzatzeko.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2020ko otsailaren 19ko Aginduaren bitartez onartu zen 2020ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago laguntza-programa hau. Euskadi.eus-eko atal honetan dago Plana eskura: www.euskadi.eus. Horrenbestez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren helburuetako bat da, garraio iraunkorragoa lortzeko, merkantzien eta bidaiarien garraio publikoaren modernizazioa sustatzea, erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuen kalitatea hobetuz.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak baimendutako kredituen arabera, honako dirulaguntza-deialdi honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka.

Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraituz. Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.

Laguntza hauek Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruz Kontseiluak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamenduan (EEAO L 352/1 2013-12-24) eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaren mende daude.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 3.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartua– VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan harturik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta diruz laguntzekoak diren ekintzak.

1.– Agindu honen helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraio publikoko enpresetan, eta zehatzago esanda, ibilgailu astunetan egiten den salgaien garraioan eta bidaiarien garraioan dihardutenetan, ingurumena, energia eta kalitatea kudeatzeko sistemak ezar daitezen bultzatzea, edo, hala badagokio, aldez aurretik ezarritako kudeaketa-sistemak berritzea edo eguneratzea. Horretarako, enpresaz kanpoko profesionalek edo kontsultore adituek proiektuak egiteko dirulaguntzak ematea arautzen da. Proiektuak, 2020an zehar eta, edozein kasutan, 2020ko azaroaren 30a baino lehen egin beharko dira, eta honakoak sartuko dira diruz laguntzekoak diren ekintzen artean:

a) Ingurumena, energia eta kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeko proiektuetan kanpoko aholkularitzak eragindako gastuak.

b) Kalitateari buruzko auditoriak direla-eta sortutako gastuak eta enpresak kasuan kasuko erakundeen ziurtagiria lortzeko edo-eta horien aurrean erregistratzeko gastuak.

c) Aldez aurretik lortutako ziurtagiria berritzeko auditoretzak egiteak eragindako gastuak edo, hala badagokio, ziurtagiri bat duten enpresak ziurtagiri horren araudiak ezarritako bertsio berriaren baldintzetara egokitzeko beharrezkoak diren kanpo-aholkularitzako gastuak.

2.– Diruz lagunduko diren sistemak:

– Kalitatearen ISO 9001 eta ingurumenaren ISO 14001 arauak, biak hartuko dituen sistema.

– ISO 9001 arauan oinarritutako kalitatezko kudeaketarako sistema.

– Lehendik ISO 9001 araua ezarrita dutenentzat, ISO 14001 arauan oinarritutako ingurumenaren kudeaketarako sistema.

– ISO 14001 arauan oinarritutako ingurumenaren kudeaketarako sistema.

– EMAS araudian oinarritutako ingurumenaren kudeaketarako sistema.

– Ekoscan 2004 arauan oinarritutako ingurumenaren kudeaketarako sistema.

– EN-UNE 13816 kalitate-sistema.

– ISO 39001 arauan oinarritutako Bide Segurtasunaren kudeaketarako sistema, RTS (Road Traffic Safety).

– UNE-EN ISO 50001 araudian oinarritutako energiaren kudeaketarako sistema.

3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko berrogei mila (40.000,00) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.

4.– Diruz lagundutako gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedaturikoa bete beharko dute. Onuradunek dirulaguntzen ekintza guztiak egitea azpikontratatu ahal izango dute, aipaturiko 38/2003 Legeko 29. artikuluan eta hura garatzeko erregelamenduaren 68. Artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan) seinalatutako mugekin.

2. artikulua.– Onuradunak.

Dirulaguntza jasotzeko, pertsona fisikoek nahiz juridikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Salgaien eta bidaiarien errepideko garraioaren, trafikoaren edo mugimenduaren sektorean lan egitea.

c) Bere izenean gutxienez hiru kopia dituen baimen bat behintzat izatea, ibilgailu astunetan salgaien eta 9 plaza baino gehiago (gidaria barne) dituzten ibilgailuetan bidaiarien garraio publikoan aritzeko. Merkaturatzeko sozietateen eta garraiolari kooperatiben kasuan, onuradun izateko, bazkideek edo kooperatibistek gutxienez aipatutako hiru baimen izan beharko dituzte.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

e) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedaturikoa betetzea.

3. artikulua.– Laguntzen izapidetzea.

1.– Laguntzen izapidetze elektronikoa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 eta 14.3 artikuluetan arautzen da.

2.– Nahi dutenek baliabide elektronikoen bidez egin behar izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.

Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.eus-eko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.eus

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearen eredua agindu honen eranskinean dator, eta garraioen arloan eskumena duen organoak euskadi.eus-en barruan duen egoitza elektronikoak ere eskuratu ahal izango da.

Baliabide elektronikoak ere erabili behar izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan jarriko dira eskura, 3. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako zehaztapenetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz. Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.eus/nirekudeaketak webgunearen bidez egingo dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, Covid-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena (martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatua) edo, hala badagokio, horren luzapenen indarraldia galtzen denetik hilabete igaro artekoa izango da.

3.– Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko, dagokion inprimakiarekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, identitatea automatikoki egiaztatuko da eskaera baliabide elektronikoak erabiliz egiten delako, eta, pertsona horiek ziurtagiri digitalaren edo baliokidearen bidez identifikatu behar direlako baliabide horietara sartzeko.

b) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, eskatzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFZ aurkeztu beharko da, bai eta eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea ere, salbu eta horiek Administrazioaren esku badaude eta aldaketarik egon ez bada.

c) Diruz laguntzekoak diren gastuen aurrekontua edo faktura, proformakoa nahiz behin betikoa.

d) Memoria teknikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

– Proiektuaren azalpena, fase eta epeekin.

– Kontsultorearen datuak.

– Proiektua estrategikoa dela erakusten duten arrazoiak eta enpresaren lehiakortasuna hobetzen zenbateraino lagunduko duen azaltzeko xehetasunak.

e) Exijitutako baimen kopuruaren titular dela egiaztatzea.

f) Aukerakoa, eta dirulaguntza eman eta gero aurkez daiteke, hirugarrengoen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren araberakoa; betiere, lehengoaz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez, baina beti laguntzak ordaindu baino lehen.

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena eta, orduan, dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Laguntza eskatzen duen erakundeak eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, honako alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:

a) Eskabideen zerrenda eta, hala badagokio, ekitaldi honetan bertan eta aurreko bi urteetan emandako beste edozein dirulaguntza edo laguntzaren eskuratze-zerrenda, organo emailea eta zenbatekoa.

b) Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta. Eskatzailea prozedura horietan sartuta egotekotan, dirulaguntzaren ematea edo ordainketa itzultzeko edo zigortzeko prozedurak amaitu arte baldintzatua geratuko da.

c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

d) Aipatutako 39/2015 Legearen 69. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 6. zenbaki honetan adierazitako alderdiak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa edukitzea. Dokumentazio hori administrazioaren esku utziko da, hala eskatzen zaionean, bai eta dirulaguntza horren gozamenak irauten duen bitartean betetzen jarraitzeko konpromisoa ere.

Erantzukizunpeko adierazpen batekin edo barnean hartuta doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du, aurkeztu den eskabidea behar bezala balioesteko beharrezkotzat jotzen duena.

5. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

6. artikulua.– Agirien gaineko okerrak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, ebazpen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.

7. artikulua.– Esleitzeko prozedura eta diru kopurua.

1.– 1.a) eta 1.b) artikuluetan deskribatutako gastuetarako laguntza ez-itzulgarrien zenbatekoa, kontzeptu horiengatik justifikatutako gastuen % 30 izango da, gehienez ere 4.000,00 euro erakunde onuradun bakoitzeko.

Era berean, 1.c) artikuluko gastuen dirulaguntza ez-itzulgarriaren zenbatekoa gastuen % 50 izango da, gehienez ere 2.000,00 euro kontzeptu horrengatik eta erakunde onuradun bakoitzeko.

2.– Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da dirua. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.

8. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honen arabera emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste pertsona fisiko edota juridikoek emandako beste batzuekin, baina guztira jasotako diru kopuruak ezin izango du gainditu diruz laguntzekoa den jardueraren kostua. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean (aurreko bi ekitaldi fiskalak eta uneko ekitaldi fiskala) 100.000 euro baino gehiago jaso minimis laguntzetan, Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren mende daudelako.

Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz dirulaguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, agindu honi esker emandako dirulaguntza gutxitu egingo da, ezarritakoa betetzeko moduan.

9. artikulua.– Dirulaguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.

1.– Dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari.

Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako modua erabiliz, eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horrek zehaztuko du dirulaguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabideak ezetsiak izan direla ulertu ahal izango dute interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.

3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bitartez eraenduko da dirulaguntzak emateko prozedura: 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta dirulaguntzari buruzko oinarrizko araudia, hau da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

10. artikulua.– Ordainketa.

Emandako dirulaguntza ordainketa bakar baten bidez ordainduko da, diruz lagundutako jarduera guztiz burutu ondoren eta justifikazio-kontu bat aurkeztuz egindako gastu guztiak agiri bidez justifikatu ondoren. Kontu hori egiteko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikuluaren bigarren paragrafoan eta hura garatzen duen Erregelamenduaren (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) 72. artikuluan adierazitakoa bete beharko da.

Justifikazio-kontu horrek honako alderdi hauek izango ditu:

a) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen jarduketa-memoria, egindako inbertsioak eta lortutako emaitzak adierazita.

b) Inbertsioen eta gastuen zerrenda sailkatua, hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data adierazita. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, gertatutako desbideratzeak adieraziko dira.

c) Diruz lagundutako inbertsioa finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasunak, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Horrekin batera, diruz lagun daitekeen gastuaren behin betiko fakturak edo egiaztagiriak aurkeztuko dira. Nolanahi ere, dokumentazio hori 2020ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.

Ezin izango da dirulaguntza ordaindu onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu edo itzulketa-ebazpen baten ondorioz zordun bada.

11. artikulua.– Dirulaguntza jasotzen dutenen betebeharrak.

1.– Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

a) Dirulaguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote dirulaguntza eman behar duen Administrazioari.

b) Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Dirulaguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

c) Dirulaguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.

d) Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

f) Dirulaguntzen publikotasunaren inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 18. artikuluetan ezarritakoa betetzea.

g) Dirulaguntza honen finantzaketa osoarekin edo partzialarekin egindako jarduketetan, edozein bitartekoren bidez, inprimatutako materialaren bidez edo Internet bidez zabaltzea dakartenean, argi ikusteko moduan sartu behar da sail honen erakunde-logotipoa, «Honako hauek finantzatuta»:

h) Euskal herri-aginteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen enpresa onuradun gisa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluan jasotako berdintasun-printzipioen eta emakumeen arteko bereizkeriarik ezaren arabera jarduteko betebeharra betetzea, eta, ondorioz, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluan zehaztutako berdintasun-planak ezartzea, horiek nahitaezkoak diren kasuetan, artikulu horren arabera.

2.– Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak dirulaguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

12. artikulua.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, dirulaguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

13. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

Onuradunak Agindu honetan, dirulaguntza emateko Aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta dirulaguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondoreetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

Halaber, itzultzeko arrazoien inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatukoa aplikagarria izango da; kasu honetan jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegiturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Agindu hau errekurritzeko ezarritako epea martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera (2020ko martxoaren 14ko BOE, 67. zk.) eta haren luzapenak amaitu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 4a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala