Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2020ko maiatzaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
1986

11/2020 DEKRETUA, maiatzaren 18koa, Lehendakariarena, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako deia egiten duena.

Lehendakariaren martxoaren 17ko 7/2020 Dekretuaren bidez, indarrik gabe utzi zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020ko apirilaren 5ean egiteko deia, Covid-19aren ondoriozko osasun-krisia zela-eta, eta beste deialdi bat egitea erabaki zen. Dekretuaren 2. artikuluan zehaztu zen osasun-larrialdiaren deklarazioa amaitutakoan aktibatuko zela hauteskundeetarako deialdia, berehala, alderdi politikoei entzun ostean.

Bi hilabetez pandemia kudeatzen aritu ondoren, Osasuneko sailburuordeak maiatzaren 14an emandako Ebazpenean ezarri du ezen egungo osasun-adierazleen arabera gaindituta dagoela orain arteko egoera epidemiologikoa, zeinaren ondorioz joan den martxoaren 13an ezohiko eta premiazko neurriak hartu behar izan baitziren erantzuna emateko une horretako osasun publikoko larrialdi-egoerari. Ebazpen horren arabera, osasun-larrialdiko fasea gainditutzat jotzen da, zeinaren helburu nagusia osasun-sistema ez kolapsatzea baitzen. Orain, osasun-zaintzako fase bati ekin behar zaio, eta fase horren helburua da epidemia geldiaraztea eta gutxitzea, kasuak eta kontaktuak kudeatuz.

Horrekin bat etorrita, Lehendakariaren maiatzaren 17ko 10/2020 Dekretuaren bidez, adostu da indarrik gabe uztea Lehendakariaren martxoaren 13ko 6/2020 Dekretua, zeinaren bidez Euskadiko Herri Babeseko Plana-Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi zuzentzeko eskumena bereganatzen baitzuen Lehendakariak. Izan ere, honezkero desagertu dira Lehendakariak eskumen hori hartzea bidezko egiten zuten osasun-larrialdiko arrazoiak, eta, ondorioz, egoki da orain, osasun-zaintzako faseari begira, Segurtasuneko sailburuari itzultzea Labi zuzentzeko eskumena, hari baitagokio oro har eskumen hori.

Uztailaren 12ko data aukeratu da, uste baita osasungintzako agintaritzak ezarritako higiene eta urruntze fisikoko neurriak betez gero udan izango dituela epidemiaren eboluzioak zifrarik apalenak, eta kontuan hartu behar da, halaber, balitekeela uda ostean beste agerraldi bat izatea, birus-infekzioetan hauteman den bariazio urtarotarra dela eta. Nolanahi ere, baldin eta beste agerraldi baten ondorioz berehalakoan osasun publikoaren egoera okertuko balitz eta horrek zaildu egingo balu hauteskundeak aipatutako data horretan egitea, indarrik gabe utziko litzateke berriro ere deialdia, eta beste data batera atzeratuko lirateke hauteskundeak, behar diren osasun-baldintzak bermatuta izateko.

Horrenbestez, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 7.c) eta 50. artikuluek Lehendakariari ematen dioten eskumenak betez, alderdi politikoei entzun ondoren eta Gobernu Kontseiluak, behar duen moduan, gaia xehe hausnartu ostean, 2020ko maiatzaren 18an egindako bileran, hauteskundeetarako deia egitea ebatzi dut.

Ondorioz, aipatutako manuen arabera eta bat etorrita Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 46. artikuluarekin eta aplikatzekoa den gainerako legediarekin,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako deia egitea: 2020ko uztailaren 12an egingo dira, igandean.

2. artikulua.– Aukeratu beharreko legebiltzarkide-kopurua.

Euskal Autonomia Estatutuaren 26. artikuluan eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 10. artikuluan ezarritakoarekin bat, 25 legebiltzarkide aukeratuko dira hauteskunde-barruti bakoitzeko.

3. artikulua.– Hauteskunde-kanpaina.

Ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 68.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, hamabost egun iraungo du hauteskunde-kanpainak. Ekainaren 26ko 00:00etan hasi, eta uztailaren 10eko 24:00etan amaituko da.

AZKEN XEDAPENA

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 46.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko maiatzaren 18an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala