87. zk., 2020ko maiatzaren 11, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (472 KB - 17 orri.)
- EPUB (555 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1956
EBAZPENA, 2020ko apirilaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, aparteko dirulaguntzetarako deialdi bat argitaratzeko dena, kulturako profesionalentzat, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoerarengatik jarduera eten edo bertan behera geratu zaienentzat.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko apirilaren 30eko bilkuran hartutako Erabakiaren bitartez, aparteko dirulaguntzetarako deialdi bat onartu du kulturako pertsona profesionalentzat, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoerarengatik jarduera eten edo bertan behera geratu zaienentzat, Lanbideko zuzendari nagusiari baitagokio deialdi hori argitaratzea, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) apartatuarekin bat etorriz.
Azaldutakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoerarengatik jarduera eten edo bertan behera geratu zaien kulturako pertsona profesionalei dirulaguntzak emateko deialdia argitaratzea, Lanbideren Administrazio Kontseiluak 2020ko apirilaren 30eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onartu baitzen deialdi hori, eta Ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.
Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren deialdia onartzeko Erabakiaren aurkako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio organo horri berari, hilabeteko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 30a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
APARTEKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA, COVID-19AK ERAGINDAKO OSASUN-KRISIALDIA KUDEATZEKO DEKLARATUTAKO ALARMA-EGOERARENGATIK JARDUERA ETEN EDO BERTAN BEHERA GERATU ZAIEN KULTURAKO PERTSONA PROFESIONALEI ZUZENDUA
Covid-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak itxi egin ditu ikuskizun publikoak eskaintzen dituzten lokalak eta establezimenduak (antzokiak, kontzertu-aretoak, erakusketa-aretoak, auditorioak...), bai eta museoak, artxibategiak, liburutegiak eta monumentuak ere, eta eten egin ditu errege-dekretu horrek premiakotzat jotzen ez dituen jarduerak oro; horren ondorioz, kulturaren arlo guztietako pertsona profesional ugarik –bakarka nahiz ikuskizun eta ekitaldi kolektiboetan aritzen direnek–, ezin dute bete aurreikusita zuten programazioa, hain biziak izan ohi diren hilabete hauetan.
Bestalde, ikuskizun publikoak eta kultura-jarduerak eten eta bertan behera geratu direnez, eta alarma-egoera amaitzean haiek berriro aktibatzea luzatu egingo dela dirudienez, profesional horiek ez dute diru-sarrerarik izango beren jardueragatik denbora askoan.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak arindu egin nahi dute profesional horien ekonomia-jarduerarik eza, kultura-jarduerak eten edo bertan behera geratu izanetik etorria, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak garatu dituen dirulaguntza hauen bidez.
Hori guztia aintzat hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2020ko apirilaren 30ean egindako bilkuran, laguntzak emateko deialdia onartu du, kulturako pertsona profesionalentzat, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoerarengatik jarduera eten edo bertan behera geratu zaienentzat. Hona hemen deialdiaren ezaugarriak:
1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.
Deialdi honen bidez arautzen dira artearen eta kulturaren arloan banakako profesional moduan aritzen diren pertsona profesionalen diru-sarrerarik eza arintzeko laguntzak, baldin eta jarduera eten edo bertan behera geratu bazaie Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoerarengatik, era horretan beren jarduerari eutsi ahal izan diezaioten.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
2.500.0000.– euro bideratuko dira deialdi honetako laguntzak finantzatzeko, 2020ko ordainketa-kredituari dagozkionak.
3. artikulua.– Pertsona onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango dira: kulturako profesional diren pertsona fisikoak, beren kontura aritzen direnak –nahiz eta bestek kontratatuak izan daitezkeen–, arte-emanaldi edo erakusketetarako lokaletan aritzen direnak, edo ikuskizun publiko edo ekitaldi kolektiboetan, baldin eta jarduera eten edo bertan behera geratu bazaie Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoerarengatik (martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua).
Onuradun izateko, bakarka aritu behar dute –edo ondasun-erkidego edo sozietate zibil bateko bazkide moduan–, baina norberak eskatu behar du dirulaguntza.
2.– Pertsona onuradunek baldintza hauek bete behar dituzte 2020ko martxoaren 13an:
a) Adin nagusikoa izatea.
b) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
c) Jardueraren egoitza fiskala EAEn egotea. Ondasun-erkidegoetako edo sozietate zibiletako bazkideen kasuan, egoitza sozialak eta fiskalak EAEn egon behar du.
d) Alta emanda egotea Ekonomia Jardueren gaineko Zergan, I. eranskineko atal, multzo eta epigrafeetan.
e) Eten edo bertan behera geratutako kulturaren arloko jarduera izatea diru-sarreren iturri nagusia, hau da, handik etortzea diru-sarreren % 60.
f) Egoera hauetako batean edo batzuetan egotea:
1) Norberaren edo besteren kontura aritzea lanbide-jardueran, alta emanda Gizarte Segurantzako Autonomoen Araubide Berezian edo Araubide Orokorrean (ikuskizun publikoetako artisten sistema berezian kotizatuz), eta jarduera eten edo bertan behera geratu izana alarma-egoera deklaratu delako.
2) Lanbide-jarduera kontratatuta eduki eta hura eten edo bertan behera geratu izana alarma-egoera deklaratu ondoren, 4.3 artikuluan aurreikusitako denbora-muga kaltetu gabe.
3) 2019ko ekitaldian alta emanda egon izana Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian eta/edo Araubide Orokorrean, ikuskizun publikoetako artisten sistema berezian kotizatuz, gutxienez 3 hilabete edo 90 egunean.
3.– Aurreko apartatuko b), c), d) eta e) letretako baldintzak bete behar dira alarma-egoeran zehar eta gutxienez lau hilabetean, hura bukatzen denetik edo baimena ematen denetik jendaurreko kultura- eta arte-ikuskizun eta ekitaldi kolektiboetako jarduerei ekiteko, edo pertsona onuradunaren lanbide-jarduera zehatzari ekiteko.
4.– Aurreko apartatuetan aurreikusitakoez gainera, pertsona onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen direla, dirulaguntza ematea erabaki eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin dezake egiaztatze horren aurka eta, halakorik eginez gero, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.
c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik jaso ez izana, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
d) Ez egotea dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuko egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
5.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu behar du pertsona eskatzaileak.
Pertsona eskatzailea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete behar du eredu honi jarraituz: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf
6.– Laguntza loturik dago Ekonomia Jardueren gaineko Zergako tarifen bigarren eta hirugarren ataletako lanbide-jarduerak egitearekin eta, hortaz, jarduera hasi izanagatik PFEZren atxikipen-tasa aplikatu ahal izateko (jarduera-hasieraren zergaldian eta hurrengo bietan), pertsona eskatzaileak Lanbideri eman behar dio aplikatzea eragiten duten gorabeheren berri, jakinarazpen sinatua aurkeztuz helbide honetan dagoen ereduaren arabera: http://www.lanbide.euskadi.eus
4. artikulua.– Laguntzaren xedea eta zenbatekoa.
1.– Deialdi honetako laguntzek arindu egin nahi dute pertsona onuradun profesionalen diru-sarrerarik eza, 3. artikuluan adierazitako moduan, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoerarengatik.
2.– Era honetan erabakiko da laguntzaren hileko zenbatekoa:
a) Pertsona eskatzaileak 2019an edo lehenago hasi bazuen kultura- edo arte-arloko lanbide-jarduera, jarduera horretan 2019an izandako diru-sarrera garbien hileko batez bestekoaren % 70 jasoko du, gehienez 1.200 euro hilean.
b) Pertsona eskatzaileak 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko martxoaren 13ra artean –biak barne– hasi bazuen kultura- edo arte-arloko lanbide-jarduera, hilean 950 euro jasoko du.
3.– Aurreko 2. apartatuan aipatutako hileko zenbatekoa aplikatuko zaio laguntzak irauten duen aldiari, gehienez 2020ko martxoaren 14an hasi eta alarma-egoeraren amaiera deklaratzen den hilabeteko azken egunera arte, edo baimena eman arte kultura- eta arte-arloko jendaurreko ikuskizun eta ekitaldi kolektiboak egiteko, edo pertsona onuradunaren lanbide-jarduera zehatza egiteko, gehienez 6 hilabete.
Nolanahi ere, laguntza kalkulatzeko aldiak ez ditu gaindituko aldi hauek edo hauetako handiena, batera gertatuko balira:
– pertsona onuraduna 2020ko martxoaren 13an egiten ari zen eta eten edo bertan behera utzi behar izan zuen lanbide-jardueraren iraupen-aldia, eta/edo eten edo bertan behera geratu diren aurrez egindako kontratuen iraupen-aldia, aurreko paragrafoan aipatutako iraupen maximoaren barruan.
– pertsona onuraduna 2019ko ekitaldian alta emanda egondako aldia Langile Autonomoen Araubide Berezian eta/edo Araubide Orokorrean, ikuskizun publikoetako artisten sistema berezian kotizatuz.
5. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.– Dirulaguntza-eskabideak II. eranskineko ereduaren arabera aurkeztu behar dira, egoitza elektronikoaren bidez, webgune honetan: https://euskadi.eus, eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian: https://www.lanbide.euskadi.eus
Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus. Bertan azaltzen da nola egin izapide elektronikoak.
Pertsona eskatzaileak ez badauzka beharrezko diren bitarteko elektronikoak, aukera izango du eskabidea Zerbitzu Zentraletan aurkezteko, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein bulegotan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluko bideren bat erabiliz.
Alarma-egoera deklaratu dela-eta hartutako neurrien ondorioz ezinezkoa baldin bada aurreko paragrafoan aipatutako bide presentzialak erabiltzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere web-orrian jakinaraziko du nola aurkez dezaketen eskabidea, behin-behinean, izapide elektronikoa egiteko bitartekoak ez dauzkaten pertsonek.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Ondasun-erkidegoaren edo sozietate zibilaren ziurtagiria, halakorik balego.
b) 2019ko diru-sarrera garbien egiaztagiriak, eta 2019ko ekitaldian edo lehenago hasi bazen jarduera:
– 2019ko ekitaldiko PFEZ aitorpenaren kopia.
Agiri horiek ez dauzkanak, erantzukizunpeko adierazpen batean azalduko ditu lanbide-jardueran 2019an izandako diru-sarrera garbiak. Erantzukizunpeko adierazpen hori baieztatu egingo da laguntzaren amaierako egiaztagiriekin.
– Horretaz gainera, 2019an besteren kontura lan egin bada Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean kotizatuz (ikuskizun publikoetako artisten sistema berezian), aurkeztu egin behar da, eskabidea aurkezterakoan edukiz gero, kotizazioen erregularizazio-agiria, 2019ko diru-sarrerak azaltzen dituena.
c) Baldin eta 3.2 f) 1 artikulua ematen bada: 2020ko martxoaren 13an alta emanda egondako jardueraren ziurtagiria, aldi baterako bazen noiz artekoa, edo mugagabekoa zela azaltzen duena, edo ondorioztatzen uzten duena.
d) Baldin eta 3.2 f) 2 artikulua ematen bada: laneko edo jarduerako kontratuen kopia, zehatz adieraziz eten edo bertan behera geratu diren 2020ko martxoaren 14tik aurrera egitekoak ziren jardueren egutegia.
3.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten harekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.
4.– Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.
5.– Baldin pertsona eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du.
6. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
1.– Aldi bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza pertsona onuradunei, hura onartu ondoren.
2.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak kenduko zaizkio dirulaguntzaren zenbatekoari, hala balegokio.
7. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.
1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, hori ebaztekoa.
2.– Eskabide bakoitzari zenbaki bat esleitu eta, haiek aurkezteko epea amaitzean, notario aurrean zozketa eginda zenbaki bat hautatu, eskabideak ordena hartan aztertu, eta deialdiko baldintzak betetzen dituzten guztiak esleituko dira, haiek finantzatzeko funtsak agortu artean. Behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa eman eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3.– Baldin eta ebazteko orduan ezin bada dirulaguntzaren zenbateko zehatza finkatu ez dagoelako jakiterik haren iraupena, dagokion zenbateko maximoa esleitu eta ebazpenean berariaz ohartaraziko da diferentzia itzuli beharra, iraupena laburragoa bada.
4.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez lau hilabeteko epea egongo da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan dirulaguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpenik eman ez bada.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal da zuzenean, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
6.– Bestalde, pertsona onuradunei ez zaie laguntzarik esleituko ez ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek esleitutako izaera bereko dirulaguntzen zehapen- edo itzulketa-prozedura batean sartuta badaude, eta prozedura horiek oraindik ere izapidetzen ari badira.
7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, emandako ebazpenak berariaz eta banan-banan jakinarazteaz gain, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau agertuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honetako dirulaguntzak nortzuei esleitu zaizkien eta zenbatekoak izan diren, eta, bestetik, nortzuei aldatu zaizkien esleitutako dirulaguntzak.
8. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Pertsona onuradunek 2021eko urtarrilaren 29a baino lehen aurkeztu behar dute dokumentazio hau, non eta ez duten aurkeztu eskabidearekin batera:
– 2019ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aitorpenaren kopia.
– Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko (ikuskizun publikoetako artisten sistema berezia) kotizazioen erregularizazio-ziurtagiria, 2019ko diru-sarrerak agertzen dituena, Araubide horretan alta emanda egon denean.
2.– Esleitutako zenbatekoak gainditu egiten baditu 4. artikuluko zenbatekoa eta mugak, dirulaguntza doitu eta, hala badagokio, diferentzia itzuli beharko da, dagokion prozedura izapidetu ondoren.
3.– Dirulaguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko da; horrenbestez, aurreko apartatuan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoa itzuli beharra adierazteko, horretarako errekerimendua egin ondoren.
9. artikulua.– Pertsona onuradunen betebeharrak.
Pertsona onuradunen betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan jasotakoak. Hain zuzen ere:
a) Gutxienez lau hilabetean jardueran aritzea alarma-egoera amaitzen denetik aurrera, edo baimena ematen denetik aurrera kultura- eta arte-arloko jendaurreko ikuskizun eta ekitaldi kolektiboetara edo pertsona onuradunaren lanbide-jarduera zehatzera itzultzeko.
b) Laguntzaren eskakizunak eta baldintzak bete direla eta jarduera gauzatu dela frogatzea.
c) Beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok nahiz pribatuk helburu berarekin emandako laguntzak edo dirulaguntzak jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
d) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein egoera objektibo nahiz subjektibo aldatu izana jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
e) Diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari funtsezko eran eragin dioten gertaerak jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak nahiz haren erakunde autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek esleitutako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura bat hasi bada eta oraindik izapidetzen ari bada, jakinarazi egin behar zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
g) Onuradunak bere jardueran erabilitako dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar du, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestuz, eta berdintasunaren aldeko irudia, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen nahiz genero-identitateen pluraltasuna sustatuz.
10. artikulua.– Dirulaguntzaren aldaketa.
Dirulaguntza emateko orduan aintzat hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok berekin ekar dezake esleitutako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.
11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetako laguntzekin bateraezinak dira jarduera-amaierako prestazioa, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoerarengatik jarduera amaitu izanaren aparteko prestazioa, langabezia-prestazio eta -subsidioa, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste Administrazioek edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako diru-sarreren ordezko bestelako prestazio, laguntza edo dirulaguntza.
12. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzen onuradunek ez badituzte betetzen dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan modu orokorrean aurreikusitako betebeharrak, edo baldin badaude Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan edo dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/206 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan adierazitako egoeraren batean, edo ez baldin bada betetzen deialdi honetako baldintzetatik edozein, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpenaren bidez ezarriko du, hala badagokio, jasotako kopuruak osorik edo hein batean itzuli eta berandutze-interesak ordaindu beharra, azken horiek dirulaguntza ordaindu zenetik zenbatzen hasita, egoki diren gainerako ekintzez gain, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoa betez. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio pertsona onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela adieraziko dio. Prozedura hori hastean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, baleude.
3.– Alegazioak aurkezteko epea amaitzean, onuradunak halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Dirulaguntzen itzulketa-prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.
4.– Ebazpenak arauren bat ez dela bete iritzi, eta dirulaguntza osoa edo haren zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak, gehienez bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori borondatezko aldia izango da.
5.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
13. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren erantzulea Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortutako datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horren eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko ezabatzeko, haien aurka egiteko eta haien tratamendua mugatzeko eskubidea dute, idatzizko jakinarazpen bat bidaliz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Vitoria-Gasteiz).
Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta daiteke helbide honetan: https://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/
14. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatuko zaio: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Hori guztia honako hauek alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinak arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra, eta ezarri baitzituen horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.