Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2020ko maiatzaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1953

AGINDUA, 2020ko apirilaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2020ko ekitaldirako laguntzetarako.

Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen (2008ko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 250. zk.) VII. Titulua ordezkaritzari eta elkarte-antolaketari buruzkoa da. Horrela, 85. artikuluak xedatzen duenez, «euskal administrazioek harremana eta zerbitzua eman behar diete laborantzan, abeltzaintzan eta basogintzan (hots, orokorrean nekazaritza eta elikagaigintzan) jarduten diren pertsonei, fisiko nahiz juridiko izan». Beraz, arloarekin zerikusia duten elkarteak eratzea eta haiei eustea bultzatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako politikak diseinatzeko solaskide garrantzitsuen izaera ematen zaie, eta, horretarako, euskal administrazioek beharrezko baldintzak sortuko dituzte elkarte horiek nekazaritza eta elikagaigintzako azpisektoreen interesen ordezkari izan daitezen. Elkarteen arloan, 87. artikuluak egiten duen gisan, azpimarratu behar dira nekazarien elkarte profesionalak, eta halakotzat hartzen dira beren estatutuetan nekazarien interes sozioekonomikoen ordezkari eta defendatzailea izateko eginkizun orokorra jasota daukaten elkarteak eta, gutxienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten dutenak. Bete behar dituzte, gainera, 87. artikuluan aipatzen diren betebeharrak. Elkarteak eta batez ere nekazarien elkarte profesionalak solaskide eraginkorrak dira, eta haien bidez bideratzen dira ordenamendu juridikoan jasotako kontsultak.

Nekazarien elkarte profesionalek, lehen sektoreko egituratze sozial eta profesionalerako tresnak direnez, gastuak izaten dituzte egiten duten lana egiteko, eta horietan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailaren bidez parte hartzea erabaki du, haien jarduera sindikalen etengabeko hobekuntzan aurrera egiteko. Agindu honen xedea da, 2020ko ekitaldiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzetarako deialdia egitea, hain justu ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko funtzioak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektorearen gaien arloan, eta, oro har, nekazaritza sektorearentzako aholkularitzako jarduera sindikalei eusteko, eta, halaber, bazkideei dagokienez. Sustapen-lan hori ez da berria, 2003ko ekitaldiaz geroztik aplikatzen ari den dirulaguntzen arloko programa bat da eta.

Dirulaguntza horiek honako hauetan araututa daude: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006; eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.

Era berean, agindu honen bidez deitutako laguntzak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren 2020rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude. Plan hori Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren 2020ko otsailaren 19ko Aginduaren bidez onartu zen (agindu horren bidez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren 2020rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartu zen), eta Eusko Jaurlaritzaren «euskadi.eus» webgunean argitaratu zen, sailari eskainitako espazioan eta «Planak eta proiektuak» atalean.

Programa hau 2020ko ekitaldian finantzatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legean aurreikusitakoaren arabera, eta 241.000,00 euroko laguntzak emango dira deialdi honetarako.

Honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea eta ezaugarriak.

1.– Agindu honen xedea da, 2020ko ekitaldiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzetarako deialdia egitea, hain justu ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko funtzioak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektorearen gaien arloan, eta, oro har, nekazaritza sektorearentzako aholkularitzako jarduera sindikalei eusteko, eta, halaber, bazkideei dagokienez.

2.– Agindu honen esparruan ematen diren laguntzak ez dira izango itzuli beharrekoak.

Bigarrena.– Pertsona onuradunak.

Onuradun izan daitezke izaera sindikala duten nekazarien erakunde profesionalak, hau da, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea helburu dutenak eta nekazaritzako profesionalek osatzen dituztenak, nekazaritza-ekoizpenaren azpisektorearen arabera bereizi gabe.

Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz lagundu ahal izango dira euskal nekazaritza-sektorearekin lotutako gizarte-elkarrizketarako jarduerak, bai eta oro har nekazaritza-sektoreari eta, zehazki, haren afiliatuei orientazioa eta aholkularitza emateko jarduerak ere, baldin eta agindu honetan ezarritako baldintza subjektiboak, objektiboak eta aldi baterakoak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak gauzatzerakoan sortzen diren gastuak joko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, hala nola:

a) Jarduera sindikaletan erabiltzen diren lokalak egokiro mantentzea.

b) Jarduera sindikaletan jarduteko langileak edukitzeko egiten dituzten lan-kontratuei eustea.

c) Nekazaritza sektoreko profesionalei aholkularitza eta informazio sindikala emango dieten langileen lan-kontratu berriak egitea.

d) Jarduera sindikalak behar bezala garatzeko beharrezkoak diren ekipamendu-ondasunak eta baliabide teknikoak eskuratzea eta mantentzea. Ekipamendu-ondasun horiek, gutxienez, bi urtez erabili beharko dira dirulaguntzaren xede zehatzerako.

Edonola ere, diruz laguntzeko gastuak ahal izateko, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren xedapenak bete beharko dituzte.

2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua –zeinak justifikazioan, edo, kasua bada, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztu beharko baitira– efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko abantailatsuen alde egiten ez bada.

3.– Onuradunak diruz lagundutako jarduera azpikontratatu ahal izango du, gehienez ere % 50ean. Horretarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutako eskakizunak bete beharko ditu.

Bosgarrena.– Finantzaketa.

Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legean horretarako ezarritako kredituetatik datoz, eta 241.000 euroko zenbatekoa dute.

Seigarrena.– Onuradun izateko betekizunak.

Laguntzak eskatzeko, honako artikulu hauetan ezarritako baldintzak bete behar dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 3. artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50. artikulua:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, legez eratuak izatea eta Elkarteen Erregistroan inskribaturik egotea.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzetan. Baldintza hauek onuradun izateko eta izaera horri eusteko eskatzen dira.

c) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.

d) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

e) Zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia izatea, Emakume Nekazarien Estatutuaren 8/2015 Legearen 19. artikulua aplikatuz.

Zazpigarrena.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Laguntza-eskabideak –I. eranskineko eredua dute– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta elektronikoki aurkeztuko dira.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez, eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta, ebazpen honen hurrengo atalean adierazitako helbideen bidez.

3.– Eskaerak, erantzukizun adierazpenak, justifikazioak eta bestelako ereduak prozesatzeko zehaztapenak eskuragarri daude hurrengo gune elektronikoan:

Euskera: https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/

Castellano: https://www.euskadi.eus/y22-home/es/

Eskaera egin ondoren, ondorengo tramiteak kanal elektroniko honen bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta eta http://www.euskadi.eus/micarpeta

4.– Laguntza-eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eraketa-akta eta dagokion administrazio-organoak ikus-onetsitako estatutuak. Baldintza hori ez dute bete beharko agindu honen kontura laguntza jaso duten nekazarien elkarte profesionalek: «Agindua, 2018ko abenduaren 18koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2019ko ekitaldirako laguntzetarako», estatutuetan egindako aldaketen kasuan salbu (halakoetan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari eman beharko zaio haien berri).

b) Ekitaldian zehar egingo diren ekintzak justifikatzeko memoria, ondoko ekintzak adieraziz eta kuantifikatuaz:

1) Jarduera sindikalen koordinazioa.

2) Sektoreko elkarteekiko eta administrazioekiko lankidetza.

3) Administrazioarekin zerikusia duten prozeduretan, nekazariekiko eta abeltzainekiko lankidetza, aholkularitza, laguntza eta kudeaketa.

4) Prestakuntza-, informazio- eta dinamizazio-jardueren antolakuntza.

5) Nekazaritzako politiken segimendua eta zabalkundea.

6) Euren interesak defenditu eta sustatzeko, bazkideei emandako beste edozein zerbitzu.

c) Erakunde bakoitzaren afiliatu-kopurua, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian daudenen kopurua ere zehaztuta; hori egiaztatzeko, erakunde bakoitzeko idazkariak egindako ziurtagiria aurkeztuko da.

d) Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko aukeretan parte hartzeko erabakiaren, zehazki, erakundeak hartutakoaren ziurtagiria.

e) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko deklarazioa, honako hauek jasota:

1) Beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu izana, zenbatekoen eta erakunde emaileen informazio zehatza emanez.

2) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta sektore publikoko beste erakunde batzuek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den ezein dirulaguntza edo zehapen-prozeduratan sartuta ez egotea.

3) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

4) Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen duena.

5) Laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea.

f) Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 3 artikuluan ezarritako gainerako baldintzak artikulu horren 4., 5., 6. eta 7. zenbakietan ezarritakoaren arabera egiaztatu beharko dira.

5.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, berariazko baimenik eman beharrik gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Era berean, eskabidearen bidez baimena emango zaio kudeaketa-organoari egiaztatu dezan inskripzioa indarrean dagoela Elkarteen Erregistroan.

6.– Eskatzaileak ez daude behartuta aurretik edozein administraziori aurkeztutako agiriak aurkeztera, baldin eta berariaz adierazten badute dokumentu horietan ez dela aldaketarik izan. Horretarako, eskatzaileak adierazi beharko du noiz eta zein administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28. artikuluaren hirugarren zenbakian xedatutako ondorioekin.

7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak edo, hala badagokio, haren luzapenek indarra galtzen dutenetik aurrera.

Eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

8.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

9.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edota agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio pertsona eskatzaileari.

Zortzigarrena.– Laguntzen kudeaketa.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzari dagozkio, baita diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egitea ere. Horrela, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu zuzendaritzak, dirulaguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko; horretarako, onuradunak eskatzen zaizkien agiriak eta informazioa aurkeztera behartuta daude.

Bederatzigarrena.– Laguntzak esleitzea eta haien zenbatekoa kalkulatzea.

Agindu honetan jasotako baldintzak betetzen dituzten erakundeak izango dira laguntzen onuradun. Onuradun gertatzen den erakunde profesional bakoitzak jasoko duen zenbateko osoa ezin izango da justifikatutako gastuak baino handiagoa izan, eta honako prozedura honen arabera zehaztuko da:

a) Lehenengo eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan xede horretarako erreserbatuta dagoen zenbatekoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da, parte berdinetan, eta ateratzen den zenbatekoa izango da lurralde historiko bakoitzean diharduten erakunde profesional guztiek batera jasoko duten gehieneko zenbatekoa.

b) Lurralde historiko bakoitzari egotzitako zenbatekoa honelaxe banatuko da:

– Heren bat uniformeki banatuko da, lurralde historikoan diharduten erakunde profesionalen artean.

– Beste heren bat proportzionalki banatuko da erakunde profesionalen artean; hain zuzen ere, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian izena emanda dauden afiliatu-kopuruaren arabera, zazpigarren ebazpen-zatiko 4.c) letran ezarritakoarekin bat.

– Gainerako herena proportzionalki banatuko da, justifikatzeko memorian aipatutako jardueren arabera eta jarduera horien zenbatekoa kontuan harturik.

Hamargarrena.– Ebazpena.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez emango dira dirulaguntzak, gehienez sei hileko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Onartutako eskabideei dagokienez:

1) Erakunde onuradunen izenak.

2) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.

3) Diruz lagundutako kopurua.

4) Aurreikusitako jarduerak egiteko epea.

5) Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, emakidaren ebazpena emateko eta, hala badagokio, ordainketarako, hura amaitu egin beharko da. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

b) Onartu ez diren eskabideei dagokienez:

1) Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak nekazaritza eta abeltzaintzaren eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera edozein unetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz.

5.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen babesean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, publiko egiteko baino ez.

6.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.

Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, eta hori ordaintzeko borondatezko epean egiten ez bada, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarrelako.

Hamaikagarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 16. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50. artikuluan ezarritako betebeharrak, eta honako betebehar hauek ere bai:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren onuradunak ez badio berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean, onartu egiten duela ulertuko da.

2.– Jasotako laguntzen destinoari eta laguntzak eman ziren helburuetarako erabiltzeari dagokienez, euren fiskalizazio-funtziotan dihardutela, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaritzak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.

3.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatzi baten bidez. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idatzi bidez Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.

5.– Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Laguntza hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du betebehar hau betetzen dela, onuradunek horretarako baimen espliziturik eman beharrik izan gabe, salbu eta espresuki aurka dagoela adierazten bada; kasu horretan, hori egiaztatu beharko du.

Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin lotuta.

7.– Proiektua zabaltzeko egiten diren agirietan eta publizitatean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera sartuko da: https://www.ivap.euskadi.eus/r61-vedorok/es/contenidos/informacion/identidad_corporativa/es_5611/identidad_corporativa.html

Hamabigarrena.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntza bi alditan ordainduko da. Lehenengo ordainketa, onartutako zenbatekoaren % 50ekoa, onartzeko ebazpena eman eta gero; eta bigarren ordainketa, gainerako % 50ekoa, gastua justifikatu ondoren. Gastua justifikatzeko, azaroaren 17ko 30/2003 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da, eta honako dokumentazio hau aurkeztu:

a) Diruz lagundutako jarduerak eragindako gastuen zerrenda sailkatu bat.

b) Merkataritza-zirkulazio juridikoan baliokide diren fakturak edo dokumentuak, edo administratiboki eraginkorrak direnak, aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotzen direnak, eta erakunde finantzarioak egindako ordainketaren ziurtagiria (egindako ordainketaren banku-ziurtagiria, aurkeztutako ordainagiriekin bat datorrena).

c) Beste administrazio edo erakunde publiko batzuek, edo izaera pribatuko pertsonek –fisikoek zein juridikoek– emandako laguntzen ziurtagiria eta xede bererako emandako laguntzena.

2.– Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. zenbakian aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik edo jarduera bukatzen den egunetik hasita, egun hori geroagokoa bada. Nolanahi ere, justifikazioa 2021eko urtarrilaren 30a baino lehenago egin beharko da.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaritzak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu beharrezkoa baderitzo, betiere arrazoiak emanda.

4.– Dirulaguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.

5.– Dirulaguntzak xede duen proiektua 2020 urteetan egiten ez bada, edo ezarritako epean hori egiaztatzeko agiriak aurkezten ez badira, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

Hamahirugarrena.– Dirulaguntzarako baldintzak aldatzea.

1.– Aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak lortzen badira, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun baliodunen barruan, eta, edonola ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, jarduerak ez badira gauzatzen, eta jarduerak aldatu edo birprogramatzen badira baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, baina dirulaguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

Aitzitik, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, jarduerak gauzatzen ez badira, eta jarduerak aldatu edo birprogramatzen badira eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, hori Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dagokion aldatzeko ebazpena emango du.

Honako hauek hartuko dira funtsezko aldaketatzat:

1) Eskabidean hasieran ezarritako helburuetako bat nabarmen aldatzea edo ezabatzea.

2) Aurreikusitako jarduketak gauzatzeko epea.

3) Laguntza hau emateko eskabidean aurreikusitako jardueretako bat deuseztatzea.

4) Gastu-kontzeptuen aldaketa, hasieran onartutakoez bestelako gastuak barne hartuta.

5) Bi urte baino gutxiagoko eperako murriztea jarduera sindikalak behar bezala garatzeko beharrezkoak diren ekipamendu-ondasunak eta baliabide teknikoak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzen diren epea.

6) Onuradunaren izaera juridikoa aldatzea, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzeko.

Aldaketek ezin izango dute inoiz emandako laguntza handitu.

Aldaketak funtsezkoak ez badira, ez da laguntza emateko ebazpena aldatuko.

3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

Hamalaugarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin dagozkion sinadurak baditu, betiere. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du, pertsona horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin dagozkion sinadurak baditu. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, ebazpen bidez, espresuki onartuko du uko egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du, pertsona horri dagokionez.

Hamabosgarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak agindu honetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez badu, bai eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak betetzen ez baditu ere, laguntzaren helburua erabat desitxuratuz; edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat gertatzen bada, laguntza eman zuen organo eskudunak ebazpen bidez deklaratuko du dirulaguntza osorik edo partzialki eta proportzionalki itzuli behar duela, ez-betetzearen espedientea egin ondoren, interesdunari entzunaldia emateko. Proiektua zenbateraino gauzatu den, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako laguntzak eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagozkion gainerako ekintzak eragotzi gabe. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zigor-prozedura has dezan.

Hamaseigarrena.– Bateragarritasunak.

Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko, sail, organismo edo erakunde publiko zein pribatu batek helburu bererako emandako laguntzekin, laguntzen pilaketak gainfinantziazioa ez badakar behintzat.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 30a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala