87. zk., 2020ko maiatzaren 11, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (259 KB - 4 orri.)
- EPUB (196 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
1950
8/2020 DEKRETUA, maiatzaren 10ekoa, Lehendakariarena, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira alarma-egoera deklaratu ondoren ezarritako murrizketak Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 1. fasean malgutzeko Espainiako Gobernuarekin adostutako aldaketak, zabaltzeak eta murrizketak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzeko, osasun-larrialdiak Euskadin izan duen bilakaerara egokitze aldera.
Maiatzaren 8ko 514/2020 Errege Dekretuaren bidez, luzatu egin da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen alarma-egoera (463/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko); bada, 514/2020 Errege Dekretuaren 4. artikuluak zera ezartzen du: «Covid-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ondorioz hartutako neurriak arintzeko prozesuaren barruan, Gobernuak autonomia-erkidegoekin adostu ahal izango du jarduera-unitateak eta mugak aldatzea, zabaltzea edo murriztea, pertsonen zirkulazio askeari, geldiarazte-neurriei eta ondasunak, zerbitzuak, garraiobideak eta hornidurak ziurtatzeari dagokienez, osasun-larrialdiak autonomia-erkidego bakoitzean izan duen bilakaerara hobeto egokitzeko». Errege Dekretuaren arabera, akordioa eginez gero, «neurri horiek autonomia-erkidegoko lehendakariak aplikatuko ditu, hura baita Estatuaren ohiko ordezkaria lurralde horretan».
Bestalde, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren bidez, alarma-egoera deklaratu ondoren ezarri ziren Estatu mailako zenbait murrizketa malgutu dira, normaltasun espezifiko berrirako trantsiziorako Planaren 1. fasea aplikatuz. Agindu horren 2.1 artikuluaren bigarren paragrafoan zehazten denez, Estatu osoan aplikatzekoak diren jarraibide komunak ezertan eragotzi gabe, VIII., IX., X. eta XI. kapituluetan aurreikusitakoa eta 41. eta 42. artikuluek xedatutakoa ez zaizkie aplikatuko eranskinaren hamabosgarren apartatuan jasotako lurralde-unitateei, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoei.
Zehazki, zirkulazio-askatasunari dagokionez, agindu horren 7.3 artikuluak zera xedatzen du: aurreko paragrafoan aipatutako lurralde-unitateetan «baimenduta dago lurraldearteko mugikortasuna, baldin eta ohiko joan-etorriak egiten diren udalerri mugakideen artean bada, jarduera sozioekonomikoak egiteko». Halakoetan, gainera, aginduaren arabera, salbuespena eraginkorra izateko hartuko diren neurriak «autonomia-erkidegoko lehendakariak aplikatuko ditu, hura baita Estatuaren ohiko ordezkaria lurralde horretan».
«Normaltasun berrirako trantsiziorako Planean» Espainiako Gobernuak ezarritako arintze-faseen eta prebentzio-jarraibide orokorren esparruan, Eusko Jaurlaritzak Euskadin 0 fasetik 1. fasera igarotzeko proposamena adostu du Osasun Ministerioarekin. Proposamen horren edukia Bizi Berri Planaren barruan kokatzen da, non Eusko Jaurlaritzak prestatu duen arintze-estrategia zehatza jasotzen baita.
Akordio horrek baterako gobernantzaren filosofiari jarraitzen dio, eta hor jasotako aurreikuspenak bat datoz, hein handi batean, Espainiako Gobernuak 1. faserako aurreikusitako neurriekin (maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduan jasotakoak).
Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Osasun Ministerioarekin egindako akordioan zehaztu da aipatutako aginduaren 2.1 eta 7.4 artikuluen arabera zein diren Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu behar diren xedapen espezifikoak.
Xedapen arautzaileen esparru horrek 1. faserako aurreikusita dagoen indarraldi bera izango du; hau da, hasiera batean, 2020ko maiatzaren 11tik 24ra arte egongo da indarrean. Autonomia-erkidegoa da dekretu honetan aurreikusitako neurriak Euskadin aplikatzeko lurralde-unitatea.
Izan ere, lurralde-eremu hori erabiltzea aholkatzen duten hainbat arrazoi daude: osasun-laguntza antolatzeko arrazoiak, Euskadiko mugikortasunarekin eta ezaugarri geografikoekin lotutako arrazoiak eta bilakaera epidemiologikoarekin lotutakoak.
Oro har, Eusko Jaurlaritzak 1. fasera igarotzeko proposamena aurkeztu du, zuhurtasun- eta segurtasun-neurri gehigarriak erantsiz, zorroztasun zientifikoa diziplinaz aplikatuz eta mailakatze-ikuspegiari kasu eginez.
Estrategia hori planteatzeko lehenengo oinarria EAEko errealitatearekiko dugun hurbiltasuna eta ezagutza izan da. Bigarrenik, lehentasuna eman zaio pandemiaren hedapenari dagokionez denbora honetan egin diren aurrerapausoak zaintzeari eta, ahal den neurrian, atzera ez egiteari, horrek neurri murriztaileagoak hartzera behartuko bailuke.
Zuhurtziaren printzipioan oinarrituta, EAEren eremuan hartu den bereizgarritasunetako bat mugikortasuna mugatzea da. Mugikortasuna, beraz, udalerri barruko esparrura mugatzen da, lan-, gizarte-, ekonomia- edo familia-arrazoiak direla-eta justifikatuta dauden zenbait salbuespenekin.
Behar-beharrezkoa ez den guztietan mugikortasuna murriztea komeni da; izan ere, mugikortasunak aglomerazioak eta kontaktuak ugaritzea dakartza berekin, eta horrek guztiak kutsadura zabaltzeko arriskua areagotzen du.
Era berean, dekretu honek atzeratu egiten du, momentuz, liburutegiak, museoak eta kultura-ekitaldiak eta -ikuskizunak egiten dituzten lokalak eta establezimenduak publikoarentzat berriz irekitzea. Kasu honetan ere, zuhurtzia-printzipioak agintzen du, eta pertsonak taldean ez biltzeko beharrak.
Dekretu honen berariazko aurreikuspenen oinarrian bada beste helburu bat ere; izan ere, Eusko Jaurlaritzak zorrotza eta irmoa izan nahi baitu 2. faserako trantsizioa prestatzean –aukera hori bi aste igaro baino lehen ebaluatu behar da–. Horretarako, premiazkoa da azken bi hilabeteetan lortu diren aurrerapenak segurtasunez finkatzea eta sendotzea.
Euskadin, epidemiaren bilakaerak kasu positiboen beherakada jarraitua erakutsi du azken asteetan. Egungo kutsadura-datuek erakusten duten egoera hobea da osasun-larrialdiaren deklarazioa eragin zuen egoerarekin alderatuta.
Hala ere, zuhurtziak eta zorroztasunak agindu behar dute arintze-prozesuan. Horren harira, une honetan prozesuaren lehentasunezko ardatza zera da, kasu positiboak goiz detektatzea eta eraginkortasunez eta berehala bakartzea, eta haien kontaktuak identifikatzea.
Azken batean, kasuak berriro ez hedatzea eta kontaktuen kontrolik eza saihestea dira lehentasunak, eta horretan oinarrituta dago dekretu honen zuhurtzia-plusa mugikortasunari eta pertsonak taldetan elkartzea prebenitzeari dagokienez.
Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak 8. artikuluaren m) letran emandako ahalmenaz baliatuz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Dekretuaren xedea.
Dekretu honen xedea da, maiatzaren 8ko 51/2020 Errege Dekretuaren 4. artikuluak eta maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 7.4 artikuluak xedatutako esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzea Espainiako Gobernuarekin batera adosten diren neurrien aplikazioa, normaltasun berrirako trantsiziorako Planaren 1. fasea aplikatuz ezarritako malgutze-neurriak Euskadiko osasun-larrialdiaren bilakaerara hobeto egokitzeko.
2. artikulua.– Mugikortasuna eta zirkulazio-askatasuna.
1.– Herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dira osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere.
2.– Herritarrak bizileku duten udalerriaren mugartearen barruan mugi daitezke, distantzia-mugarik gabe.
3.– Ohiko joan-etorriak egiten diren udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimentzen da, jarduera sozioekonomikoak egiteko.
4.– Nolanahi ere, osasun-arrazoiak direla-eta, gomendatzen da ahalik eta gehien mugatzea bizilekua dagoen udalerritik kanpoko mugikortasuna.
3. artikulua.– Kirola eta ariketa fisikoa.
1.– Jarduera fisikoa eta kirola egin ahal izango da bizilekua finkatuta dagoen udalerriaren mugartearen barruan eta mugakideetan, betiere osasun-agintariek ezarritako segurtasun-, osasun- eta higiene-neurriak errespetatuz.
2.– Kudeaketa pribatuko aire zabaleko kirol-instalazioak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 41. artikuluan ezarritako moduan ireki ahal izango dira, eta kirol-instalazioak kokatuta dauden udalerrian edo mugakideetan bizilekua duten herritarrek erabili ahal izango dituzte.
3.– Banakako kirol-jarduera egin ahal izango da, aurrez hitzordua eskatuta eta bizilekua dagoen udalerriaren barruko edo mugakideetako kudeaketa pribatuko kirol-zentroetan, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Kirol profesionala maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 38., 39. eta 40. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da.
5.– Kudeaketa publikoko kirol-instalazioak itxita egongo dira.
4. artikulua.– Kultura.
Liburutegiak, museoak eta kultura-ekitaldiak eta -ikuskizunak egiten dituzten lokalak eta establezimenduak itxita egongo dira.
5. artikulua.– Ikus-entzunezko lanen ekoizpena eta filmaketa.
Ikus-entzunezko lanak ekoizteko eta filmatzeko jarduerak maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 29., 30., 31. eta 32. artikuluen arabera egingo dira.
AZKEN XEDAPENA.– Ondorioak eta indarraldia.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2020ko maiatzaren 10ean.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.