86. zk., 2020ko maiatzaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (339 KB - 13 orri.)
- EPUB (265 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1948
EBAZPENA, 2020ko apirilaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, Covid-19ak enplegurako lanbide-heziketaren gaian izan duen eraginari aurre egiteko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu dituen salbuespenezko neurriak argitaratzen dituena.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko apirilaren 30ean egin zuen lansaioan hartutako Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, Covid-19ak enplegurako lanbide-heziketaren gaian izan duen eraginari aurre egiteko salbuespenezko hainbat neurri onartu ditu, eta Lanbideren Estatutuen 10.2.p) artikuluan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartua), erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio neurri horiek argitaratzea.
Azaldutakoa dela-eta,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitaratzea Covid-19ak enplegurako lanbide-heziketaren gaian izan duen eraginari Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan aurre egiteko, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2020ko apirilaren 30eko lansaioan hartutako Erabakiaren bidez, onartu dituen salbuespenezko neurriak; Ebazpen honen eranskin gisa jasotzen dira neurri horiek.
Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak, salbuespenezko neurriak onartzen dituenak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.
Hirugarrena.– Salbuespenezko neurriak onartzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 30a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
COVID-19AK ENPLEGURAKO LANBIDE-HEZIKETAREN GAIAN IZAN DUEN ERAGINARI EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ESPARRUAN AURRE EGITEKO SALBUEZPENEZKO NEURRIAK
Covid-19ak aurrekaririk ez duen osasun-larrialdiko egoera ekarri du, eta horren ondorioz, Herri Administrazioek salbuespenezko neurriak hartu behar izan dituzte osasunaren arloan, helburu nagusia dela Covid-19ari eustea eta haren hedapena galaraztea.
Eusko Jaurlaritza, Covid-19 koronabirusaren aurrean, gobernuaren jarduera era koordinatuan ardazteko otsailaren 27an eratutako Sailarteko Mahaiaren bidez, eta instituzioarteko foro desberdinen bidez, etengabeko monitorizazioa egiten ari da, eta birus horrek Euskadin duen hedapena eta eragina mugatzeko behar diren neurriak, gomendioak eta betebeharrak ezartzen ari da.
2020ko martxoaren 12an, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzaren osasun-gomendioei jarraikiz, Covid-19arekin lotutako hainbat neurri hartu zituen, Enplegurako Lanbide Heziketaren arloan, eta haien berehalako ondorioa izan zen EAEko prestakuntza presentzial guztiak bertan behera uztea.
Erabaki hori berretsi eta orokortu zen, estatuaren esparruan, martxoaren 14an emandako 463/2020 Errege Dekretuaren bidez. Dekretu horrek, 9. artikuluan, eusteko zenbait neurri zehazten zituen hezkuntzaren arlorako, tartean zela prestakuntza-jarduera presentziala bertan behera uztea, esparru eta maila guztietan.
Neurri horiek, zalantzarik gabe beharrezkoak izanda ere, ondorio kezkagarriak izaten ari dira pertsonengan, eta arazo larriak eragiten ari dira ekonomiaren nahiz gizartearen arloetan.
Arrazoi horregatik, Herri Administrazioek, beraien eskumenen esparruaren testuinguruan, krisia kudeatzeko irizpideak, estrategiak eta neurriak landu behar dituzte, eta aldi berean erraztu behar dute normaltasun ekonomiko eta sozialera itzultzeko ibilbide mailakatua, epe labur eta ertainerako salbuespenezko neurriak hartuz.
Pandemia bera, eta portaera soziokulturaletan hark eragin ditzakeen aldaketak ere, ikasteko eta zerbitzu publikoen prestazioetara berrikuntza ekartzeko aukera gisa baliatu behar dira.
Ondorioz, kontuan hartuta osasun-krisiaren eragina, eta helburua dela enplegurako prestakuntzak Euskadin dituen beharrizan eta erronkei erantzun egokiak ematea, bidezkoa da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, bere kudeaketa-esparruaren baitan, salbuespenezko hainbat neurri hartzea, krisiaren ondorio kaltegarriak arintzeko, langileei prestakuntza-zerbitzu publiko egokiak ematea errazteko, eta suspertzeko gaitasuna eskuratzeko prestakuntza-sareari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan aritzen diren enpresei. Horren helburua da normaltasunerako itzulera mailakatua lortzea prestakuntzaren arloan.
Zentzu horretan, Erabaki honek neurri-sorta bat arautzen du, eta horiek aplikatuko zaizkie, oro har, 2020an gauzatzen ari diren deialdi guztiei, urtearen amaiera arte. Neurri horietako batzuek jasotzen dituzten hainbat alderdi prestakuntza-erakundeei jakinarazi zitzaizkien, martxoaren 12an, 17an eta 27an eta apirilaren 2an emandako komunikazioen bidez. Beste neurri batzuk, ordea, berriagoak dira eta lehendik hartuta dauden neurriak sakondu eta beste hainbat alderdi arautzen dituzte, besteak beste, prestakuntza teoriko-praktikoa prestakuntza-erakundeetan, praktika ez-laboralak enpresan, prestakuntzak egiteko epeak, kostu eta likidazio ekonomikoak, edo didaktika-baliabide birtual edo bestelakoen bidez metodologia alternatiboak erabiltzen dituzten prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
Beste alde batetik, berariazko neurriak ezartzen dira deialdi motaren arabera, eta haien eragina mugatzen da hauetara: langabezian dauden langileentzako kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekimenak, proiektu bereziak, lehentasunez lanean ari diren langileentzako eskaintzen deialdia eta EAEko enpresek aurrera eramaten dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoen deialdia.
Halaber, xedapen gehigarrietan zehazten dira urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuari eta urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuari lotutako praktika ez-laboralak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutakoak, eta zerbitzu horrek berak baimendutako ekimen pribatu egiaztagarria. Azken xedapen gehigarrian aurreikusten da balizko ezarpena hedatzea aurtengo ekitaldian onartu gabe geratu diren enplegurako lanbide-prestakuntzako enkarguen, laguntzen deialdien eta kudeaketa esleitzeko akordioen kasuetara.
Neurri horiek onartzeko eskumena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio, hala ezarrita baitago zerbitzua sortzeko 3/2011 Legean, urriaren 13koan, eta halaber, maiatzaren 22ko 82/2016 Dekretuaren bidez onartutako erakunde autonomo horren Estatuetan, hala nola Euskadin Enplegurako Lanbide Prestakuntza ordenatzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan.
Kontuan hartu da, halaber, dirulaguntzen eta laguntza publikoen arlorako martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 54. artikuluan xedatzen dena, hark ezartzen baitu, alarma-egoerak indarra hartu zuen unean dagoeneko emanda zeuden dirulaguntzak esleitzeko prozeduretan, diruz lagundutako jarduera gauzatzeko epeak zabaldu ahal izango direla, eta orobat gauzapen hori justifikatzeko eta egiaztatzeko epeak, deialdiari zegozkion oinarri arautzaileetan hala aurreikusten ez bazen ere.
Horiek horrela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2020ko apirilaren 30eko lansaioan, onartu ditu Covid-19ak, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, enplegurako lanbide-heziketaren gaian izan duen eraginari aurre egiteko salbuespenezko neurriak, ondoren zehazten den moduan.
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Erabaki honen xedea da Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz hartutako salbuespenezko neurriak arautzea; izan ere, hainbat komunikazioren bidez malgutu egin dira prestakuntza-jardueraren etenaldiak irauten duen bitartean enplegurako lanbide-prestakuntzako ekintzak gauzatzeko bete behar diren baldintzak. Horrez gain, aurrera egin nahi du, arlo akademikoan eta ekonomikoan beste hainbeste neurri ezarriz, prestakuntzari eutsi ahal izateko konfinamenduaren irekiera mailakatuaren ondorengo aldian, larrialdiaren krisia arindu eta prestakuntza-jarduera erabateko normaltasunera itzuli arte.
2.– Erabaki honen aplikazio-esparrua Euskadi da, Lanbide-Euskal Enplegurako Zerbitzuak diruz lagundu edo onesten dituen Enplegurako Lanbide Prestakuntzarako gaietan.
3.– Erabaki honetan xedatu dena aplikagarria izango da, bertan zehaztutako baldintzetan, erabaki honen I. eranskinean jasotzen diren deialdietarako, eta eragina izango du hauetan:
a) Larrialdi-egoeragatik eten eta, beraz, hasita zeuden prestakuntza-ekintza guztiak, kautelazko etenaldia amaitzean berriz abiatu direnak, edo abiatzeko daudenak, eta ekintza horiek jasotzen dituzten prestakuntza-planak.
b) 2020an hastekoak ziren prestakuntza-ekintzak, aurreko aurrekontu-ekitaldietan onartutako deialdiei dagozkienak, eta horiek jasotzen zituzten prestakuntza-planak.
c) 2020an hastekoak ziren prestakuntza-ekintzak, Erabaki hau hartu baino lehen onartutako deialdiei eta aurtengo aurrekontu-ekitaldiari dagozkienak.
2. artikulua.– Onuradunak.
Erabaki honetan ezartzen denaren onuradun izateko, hala enpresek nola prestakuntza-erakundeek, I. eranskinean aipatutako deialdien baitan esleitutako laguntzen onuradun izan behar dute, eta jarduera berriro abiarazteko behar diren baliabide pertsonalak eta materialak izan behar dituzte, dirulaguntza emateko eskatu zitzaizkien baldintza berak betez.
Baldintzak betetzen diren egiaztatuko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi bakoitzaren testuinguruan abiarazitako jarraipen-ekintzen bidez.
3. artikulua.– Prestakuntzarako metodologia alternatiboen edo plataforma birtualen erabilera prestakuntza presentzialean.
1.– Modalitate presentzialean ematen diren prestakuntza-ekintza guztiek erabili ahal izango dituzte prestakuntza-metodologia alternatiboak, baliabide didaktiko digitalak eta bestelakoak konbinatuz, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua eta haren ebaluazio telematikoa (on-line edo bestelako moduak) hobetzeko, betiere prestakuntzaren hartzaileak diren ikasle-kolektiboen konpetentzia eta gaitasunen arabera egokituak. Kasu horretan, prestakuntza-erakundeek edo enpresek, bestelako metodologia horiek erabiltzea egoki ikusiz gero, aurkeztu behar dute:
1.1.– Erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinean jaso den ereduaren arabera, gutxienez hauek adieraziz:
– Prestakuntza-ekintza hartzen duen taldeko pertsonen adostasuna eta berrespena duela.
– Parte-hartzaileen eskura jarri direla ekintza-molde hori gauzatzeko beharrezkoak diren baliabide tekniko eta didaktikoak.
– Ekintzaren hartzaileei arreta emateko, gutxienez, telefono-zenbaki bat eta posta elektronikoko helbide bat eman zaizkiela, arazo edo zalantza funtzionalak izanez gero, laguntza eskatzeko.
– Prestakuntza presentzialaren kautelazko etenaldia amaitzean, parte hartu duten pertsonei emango zaiela prestakuntza teorikoari zegokion eta baliabide digitalen bitartez eman ezin izan den prestakuntza praktikoa.
– Ikasleei praktika ez-laboralak eta prestakuntza praktikoko moduluak aurreikusitako zentroetan emango zaizkiela, 6. artikuluan ezarritako baldintzetan.
– Ikasteko zailtasunak izan dituzten pertsonei errefortzuko orduak eskainiko zaizkiela, prestakuntza presentzialaren kautelazko etenaldia amaitzean.
1.2.– Ezagutzaren transmisioa, aurreikusitako helburu eta edukien garapena eta haien ebaluazioa bermatzen dituen txostena. Bertan zehaztu beharko dira:
– Etenaldiak ukitu dituen prestakuntza-ekintzak eta prestakuntza-moduluak, bidezkoa bada.
– Prestakuntza-ekintza modalitate alternatiboaren bidez berriro abiarazteko eguna.
– Erabili beharreko baliabideak eta tresnak. Bermatu beharko da tresna horiek eraginkorrak, askotarikoak eta prestakuntza-ekintzaren hartzaileak izango diren ikasleen konpetentzia eta gaitasunen arabera egokituak direla.
– Lan egiteko metodologia.
– Jarduera teoriko-praktikoen zerrenda.
– Ebaluatzeko sistema, Erabaki honen 5. artikuluan zehaztutakoaren arabera, hala behar balitz.
1.3.– Taldeko parte-hartzaileen adostasuna eta bitarteko egokiak izatearen justifikazioa, Erabaki honen III. eranskinaren arabera.
2.– 2018-2020 bitarteko deialdien bidez kudeatutako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan jasotzen diren espezialitateen modalitate mistoan edo teleprestakuntzaren bidez ematen diren prestakuntza-ekintzen kasuan, zati presentziala osorik eskaini ahal izango da, dirulaguntza lortzeko parte hartu zuten deialdietan hori egiteko zehazten diren baldintzak betetzen dituzten plataforma birtualak erabiliz.
3.– Prestakuntza-metodologia alternatiboak erabiltzen dituzten prestakuntza-ekintza presentzialetan parte hartzen duten pertsonen asistentziaren jarraipena eta kontrola eramateko jarduketak egiteko, lehen bezala, prestakuntzaren aplikaziora igoko dira ohiko jarraipen-parteak. Prestakuntza ematen duen pertsonak, kasu horretan, parte-hartzailearen sinaduraren laukian adierazi behar du eguneroko saioan parte hartu duen (bai ala ez), eta partea sinatuko du; ondoren, LANF prestakuntzaren aplikaziora igoko du, parte-hartzaile bakoitzak egunean bete dituen ordu-kopurua zehaztuta.
Kasu guztietan erantsiko da, eta prestakuntzaren aplikaziora igoko da, parte-hartzaile guztiak pantailan konektatuta ageri direneko argazkia, edo beste agiri bat, prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten pertsona guztien eguneroko asistentzia ziurtatzen duena.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei dagokie prestakuntza-ekintzen tutoretza egitea, eta asistentziak egiaztatzeko egokiak ikusten dituzten ikuskapenak egin ahal izango dituzte, eta orobat bidezkoak izan daitezkeen zuzenketa-eskaerak.
Lanean ari diren eta langabezian dauden pertsonentzako deialdietan, modalitate mistoan edo teleprestakuntzaren bidez ematen diren prestakuntza-ekintzen zati presentzialaren kontrolerako eta jarraipenerako jarduketak egiteko, prestakuntza mistoaren edo teleprestakuntzaren inguruan deialdi horietako oinarri arautzaileetan ezartzen dena bete beharko da.
4.– Artikulu honetan zehaztutako bideetatik ematen den prestakuntzak, ondorio guztietarako, prestakuntza presentzialaren aitorpena izango du.
4. artikulua.– Prestakuntza teoriko-praktikoa prestakuntza-erakundean gauzatzea.
1.– Osasun-larrialdia ezarri ondoren bertan behera geratu diren prestakuntza-ekintzak burutzeko asmoz, 3.1 puntuan deskribatutako sistema alternatiboaren bidez berriz abiatu eta jakinarazi ez badira, edo haien zati presentziala, berez praktikoa delako, 3. artikuluko 1.2 atalean deskribatutako sistema erabiliz gauzatu ezin bada, berriro abiatu ahal izango dira, alarma-egoeraren indarraldia bertan behera geratzen denean. Horretarako, dirulaguntzen onuradun diren enpresek eta erakundeek Lanbideri jakinarazi behar dizkiote eten ziren prestakuntza-ekintzak emateko data berriak, egutegia eta ordutegia, LANF prestakuntza aplikazioaren bidez edo, kasua bada, ekintza estrategikoen aplikazio espezifikoaren bidez, alarma-egoera amaitu eta hilabeteko epean gehienez; aldatutako prestakuntza-ekintzak behar zituen ordu guztiak bete behar dira.
2.– 2020ko martxoaren 12a baino lehen hasi ez ziren prestakuntza-ekintza guztiak programatu ahal izango dira Erabaki hau argitaratzen den unetik aurrera, 3. artikuluan zehazten diren baldintza berak betez.
3.– Prestakuntza-ekintzen edukiak burutzeko gehienezko epea 2021eko ekainaren 30era arte luzatuko da.
5. artikulua.– Profesionaltasun-ziurtagiriak.
1.– Profesionaltasun-ziurtagiria lortzea helburu duten prestakuntza-ekintzak emateko, modalitate presentzialean edo teleprestakuntzaren zati presentzialean, 3. eta 4. artikuluetan aurreikusitako neurriak aplikatuko dira.
2.– Prestakuntza-metodologia alternatiboen bidez % 100 burutu diren moduluen ebaluazio-probak egiteko espazio, instalazio edo ekipamendu espezifikorik behar ez bada, on-line baliabideen bidez egin ahal izango dira.
Proba horiek kasu praktiko bat eduki behar dute, eta bideokonferentzia bidez defendatu beharko da, denbora errealean, baliabide digitalen bitartez.
Prestakuntza-erakundeak ebaluazio-saioaren grabaketa igo behar du LANF prestakuntza-aplikazio informatikora, proba egin dela egiaztatzeko.
3.– Artikulu honen 1. edo 2. ataletan zehaztutakoa aplikatzen ez den prestakuntza-moduluak, bai prestakuntzari dagokionez, bai ondorengo ebaluazioari dagokionez, modu presentzialean egin beharko dira, larrialdi-egoera amaitu ondoren, eta prestakuntza-ekintza bakoitza gauzatzeko epearen barruan.
4.– Profesionaltasun-ziurtagiria emango duen erakundeak planifikazioa, programazio didaktikoa eta prestakuntza-ekintzaren ikasleen ebaluazioaren planifikazioa doituko ditu, saio presentzialak edo on-line bidezko saioak egiteko data eta ordutegi berrien arabera, LANF aplikazioan, eta betiere profesionaltasun-ziurtagiriak behar dituen ordu guztiak bete behar ditu.
6. artikulua.– Praktika ez-laboralak eta lan-zentroetako prestakuntza-modulua.
Alarma-egoera dela-eta bertan behera geratu diren edo egin gabe dauden praktika ez-laboralak, barne dela profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko lan-zentroetan ematen den prestakuntza praktikoaren modulua, prestakuntza-erakundeek prestakuntza-ekintzak gauzatzeko adierazitako epe berriaren barruan egin beharko dira, prestakuntza-jarduera berriro abiatu ondoren, deialdi bakoitzean ezarritako denbora-epeak errespetatu beharrik gabe. Praktika horiek egiteko epea 2021eko azaroaren 28an amaituko da.
Praktika horiek osasun-krisiaren ondorioak jasan dituzten enpresetan gauzatu ezin direnean, prestakuntza-erakundeak hainbat aukera izango ditu, aldez aurretik, LANF prestakuntza-aplikazioaren bidez, Lanbideko Prestakuntza eta Sarreren Bermeko zuzendariari eskaria eginda; aukerak hauek dira:
– Praktiketarako baimendutako orduak murriztea profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-espezialitatean eskatzen den gutxieneko benetako orduen kopurura.
– Ziurtagiri horri dagozkion praktikak prestakuntza-zentroan bertan egitea.
Horretarako, prestakuntza-erakundeak aurkeztu beharko du:
a) Praktikak hasi aurretik txosten bat aurkeztu beharko du, LANF prestakuntza-aplikazioaren bidez, bertan zehaztuz egingo diren benetako praktika-orduen kopurua, haietan landuko diren prestakuntza-edukiak, benetako lan-inguru bati lotutako jardueren proposamen bat, jarduera horien jarraipena egiteko ikasleen eskura egongo den tutorearen datu pertsonalak, eta tutorearekin ariko diren ikasleek eskuratu beharreko ikaskuntza-lorpenen balorazio bat.
b) Lan-zentroko prestakuntza-moduluaren amaieran, memoria bat aurkeztuko du, parte-hartzaile bakoitzak lortu dituen emaitzak azalduz, gai edo ez-gai moldea erabiliz. Ebaluazio horretan ez da beharrezkoa izango enpresako tutorearen lankidetza.
7. artikulua.– Kostuak eta likidazio ekonomikoa.
1.– Likidazio ekonomikoari dagokionez, ematen den prestakuntza, presentzialak ez diren bestelako prestakuntza-metodologien bidez edo prestakuntzarako plataforma birtualen bidez, prestakuntza mistoan edo teleprestakuntzan, ematen denean ere, prestakuntza presentzialari dagozkion dirulaguntza-modulu berak aplikatuko dira, jarduera horien finantzazioa babesten duen deialdian, kudeaketa-gomendioko akordioan edo enkarguan aurreikusten diren bezala.
2.– Prestakuntza-ekintzen likidaziorako, parte-hartzaileen asistentziari dagokionez, prestakuntza presentzialaren etenaldiak eta osasun-krisiaren amaiera mailakatuak irauten duten bitartean prestakuntza bertan utzi duten pertsonen kasuan, dagozkien deialdiaren amaiera arte, kausa justifikatu gisa tipifikatuko dira ondorio ekonomikoetarako.
3.– Kostu sinplifikatuen sistematik kanpo diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen kostuen justifikazioan, lan-kostuen, alokairuen, espazioen, ekipamenduen eta instalazioen egozpena, bai eta etenaldiaren garaian enpresek zein prestakuntza-zentroek ezinbestean dituzten beste edozein gasturen egozpena, esaterako abalen kostuei dagozkien gastuak, eta ziurtasunez egiaztatu daitezkeenak, justifikagarriak izango dira, baina horrek ez du inolaz ere ekarriko, ez emandako dirulaguntza, ez eta gehienezko kopuru justifikagarria ere, handitzea.
4.– Prestakuntza-ekintzen likidazioa prestakuntza-erakundean egin beharreko prestakuntza-ekintzen zati teoriko-praktikoa amaitzen denean egingo da. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ex post egiaztatuko du prestakuntza-entitateek derrigor bete beharreko praktika-moduluak eskaini dituzten, 6. artikuluan azaldutako baldintzetan. Baldintza hori betetzen ez bada, emandako dirulaguntza ukatzeko prozedurari emango zaio hasiera.
5.– Enpresen ekintza estrategikoen deialdien kasuan, osasun-krisiaren ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen (ABEEE) egoeran dauden erakunde onuradunentzat, eta hasi ziren baina orain berreskuratuko ez diren prestakuntza-ekintzen ondorio ekonomikoei dagokienez, prestakuntza-ekintza bukatutzat joko da, eta likidazioa egingo da etenaldian sartu aurretik egindako jardueraren arabera.
6.– Prestakuntza-erakunde guztiek derrigor aurkeztu behar dute burututako prestakuntza-ekintzen amaierako memoria, deialdietan araututako prozedurei jarraikiz. Justifikazio ekonomikoaren memoria aurkezteko gehienezko epea, deialdi guztietarako, 2021eko uztailaren 15era arte luzatuko da, deialdian adierazitako baldintzengatik egun horretatik aurrera amaitzen direnen kasuan izan ezik.
8. artikulua.– Langile landunentzako prestakuntza-ekintzetan eta ekintza estrategikoetan parte har dezaketen pertsonak.
1.– Enplegu-erregulazioko espediente (EEE edo ABEEE) baten ondorioz kontratua etenik duten langileek, Langileen Estatutuaren 47. artikuluan ezartzen denaren arabera, ekintza estrategikoen deialdietan eta lehentasunez langile landunentzat antolatzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute, langile landun gisa, enplegu-erregulazioko espedienteak irauten duen bitartean.
Prestakuntza-erakundeek eskatu beharko diete enplegu-erregulazioko espedientean dauden pertsonei haien egoera jakinarazten dien enpresa-idazkiaren kopia. Halakorik ezean, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du, bertan adieraziz bere kontratua etenik geratu dela enplegu-erregulazioko espediente (EEE edo ABEEE) baten ondorioz, eta espedientearen hasierako eta amaierako datak.
2.– I. eranskinean azaltzen diren eta lehentasunez pertsona landunentzat antolatutako prestakuntza-ekintzetan, langabezian dauden langileen parte-hartzea onartuko da, taldearen % 40ra arte.
3.– Langile landunen prestakuntzarako dirulaguntzen deialdien onuradun diren erakundeek, jarduera presentziala berriro abiatzen denean, kasua hori bada, derrigor berritu behar dute istripu-arriskuko eta erantzukizun zibileko aseguruen poliza, eta poliza hori baliatu behar dute abiarazten dituzten ekintza guztietarako, haien prestakuntza-modalitatea edozein dela ere.
9. artikulua.– Kontratatzeko konpromisodun prestakuntzaren deialdia.
1.– Prestakuntza teoriko-praktikoa prestakuntza-erakundean.
1.1.– Kontratatzeko konpromisodun prestakuntza-ekintzen prestakuntza teoriko-praktikoa, aurreko artikuluetan parte-hartzaile guztientzat adierazitako baldintza orokorretan, burutu beharko da.
1.2.– Prestakuntza horietan, praktika ez-laboraletatik salbuetsita gera daitezke parte-hartzaileak, egingo zaizkien kontratuen iraupena beraien prestakuntzan praktika ez-laboralak egiteko ezarritako iraupenari dagokion ordu-kopuruaren gainetik badago. Horretarako, prestakuntza-erakundeak informazioa eta laguntza eman behar dizkie kasu horretan dauden pertsonei, praktika ez-laboraletatik salbuesteko ofiziozko eskabidea egin dezaten, Lanbideren www.lanbide.eus web-orrian.
1.3.– Kontratatzeko konpromisoak aurreratu eta prestakuntza-aldia amaitu baino lehen egin daitezke, eta pertsona kontratatuei dagokien prestakuntza haien enpleguarekin uztartu beharko da.
Azken kasu horretan, kontratatutako pertsonen jardunaldi osoa, prestakuntza barne, ez da inoiz izango 8 ordutik gorakoa.
1.4.– Prestakuntza-entitateak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar du Lanbiden, LANF aplikazioaren bidez, honako hauek adieraziz:
– Kontratatutako ikasleei praktiketatik salbuesteko prozedurari buruzko informazioa emango zaiela, hori aurrera eramateko laguntza emateko konpromisoa hartuz.
– Kontratatzen ez diren parte-hartzaileei, haien izen-abizenak eta NAN adierazita, prestakuntza-jarduera berriro abiatzen denean, egin gabe dituzten praktika-orduak emango zaizkiela, prestakuntza burutu ahal izan dezaten, 6. artikuluan adierazten den moduan.
2.– Kontratatzeko konpromisoak.
2.1.– 2020ko martxoaren 12a baino lehen hasi eta prestakuntza-jardueren etenaldiaren eragina jasan duten ikastaro guztietan, kontratatzeko konpromisoak salbuetsita izan daitezke, ezinbesteko kausagatik, baldintza hori jaso eta deskribatzen baita kontratatzeko konpromisoen deialdi horretako 21. artikuluan.
2.2.– Aurreko atalean aipatutako salbuespena egiteko, prestakuntza-entitateak aurkeztu behar du, prestakuntza-erakundeko prestakuntza teoriko-praktikoa amaitzean, prestakuntza-ekintzaren likidazioko memoria ekonomikoa. Memoria ekonomikoarekin batera aurkeztuko ditu, lan-kontratuen ordez, erakunde kontratatzaileen uko-egite formala, bertan jasoz uko-egite hori justifikatzen duen enpresa-egoeraren ebaluazioa.
2.3.– Kontratatzeko konpromisodun prestakuntzarako 2020ko deialdira aurkezten diren dirulaguntza eskabideei deialdi horretako oinarri arautzaileetan zehaztutakoa aplikatuko zaie, Erabaki hau EHAAn argitaratzen den unetik aurrera, ukatu gabe aurkeztutako eskabidea bertan behera uzteko edo emandako dirulaguntzari uko egiteko aukera. Hori bera aplikatuko zaie LANF prestakuntza-aplikazioan erregistratuta egonik, ebatzi gabe edo, dagoeneko onartuta egon arren, haien prestakuntza-ekintzak, Erabaki hau argitaratzen den egunerako, modu presentzialean edo bestelako prestakuntza metodologien bidez, hasi gabe badaude.
10. artikulua.– Proiektu berezietarako deialdiak 2019 eta 2020. Eskatu edo onartutako prestakuntza-planen proiektuaren helburu diren pertsonen kolektiboaren enplegagarritasunaren hobekuntzari dagozkion helburu operatiboen eta emaitza-helburuen formulazio berria.
1.– Modu presentzialean hasitako proiektu berezietako ekintzen (2019 eta 2020ko deialdiak) edo bestelako prestakuntza-metodologien bidez hasitako ekintzen (2020ko deialdia) likidaziorako, ez dira bete gabetzat hartuko Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz bete ezin izan diren helburu operatiboak.
Horretarako, proiektuaren egikaritza-txosten deskriptiboak zehaztu eta azaldu beharko ditu proiektuaren onarpena eragin zuten helburu orokor, espezifiko eta operatiboak behar zen mailan betetzea eragotzi duten arrazoiak.
2.– 2020ko deialdiaren babesean LANF prestakuntza-aplikazioan erregistratu eta ebaluazio-batzordearen onarpenik gabe dauden dirulaguntza-eskaerak berriz formulatu ahal izango dira, hilabeteko epean, Erabaki hau argitaratzen denetik hasita, Covid-19aren ondoriozko krisiak ekonomian izan dezakeen eraginari aurrea hartzeko.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuari eta urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuari lotuak diren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimentzen dituen praktika ez-laboralak.
Enpresetako praktika ez-laboralak arautzeari buruz urriaren 31n emandako 1543/2011 Errege Dekretuak jasotzen dituen praktika ez-laboralak, eta orobat urriaren 24 1493/2011 Errege Dekretuari lotutakoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu eta osasun-larrialdiaren egoeraren ondorioz bertan behera geratu direnak, berriz abiatu ahal izango dira, Administrazioak osasun-krisialdia amaitutzat eman ondoren, prestakuntza bertan behera utzi aurretik sinatutako hitzarmenak jasotzen zituen orduak bete arte.
Enpresak erabaki bazuen etenaldi horretan Gizarte Segurantzako alta mantentzea, praktikaldia hitzarmenean ezarritako azken egunean amaituko da. Praktikaldi batek ezin izango du inoiz gainditu 9 hilabeteko epea altan Gizarte Segurantzan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako ekimen pribatu egiaztagarria.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu eta ekimen pribatu egiaztagarriari dagozkion prestakuntza-ekintzei aplikatuko zaie 3.1 artikuluan, 5. artikuluan eta 6. artikuluan ezarritakoa, osasun-alarmaren egoeraren indarraldian bakarrik.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Neurri hauen aplikazioa onartu gabe dauden deialdi edo erabakien kasuetan.
Enplegurako lanbide-prestakuntzari dagozkion eta Erabaki hau argitaratu ondoren onartzen diren dirulaguntzen deialdietan, kudeaketa-gomendioen akordioetan edo enkarguetan zehaztuko da Erabaki honetan ezarritako salbuespenezko neurrien aplikazio osoa edo partziala egin behar den.
AZKEN XEDAPENA
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari dagokio Erabaki hau zuzentasunez egikaritzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzeko eskubidea.
I. ERANSKINA
ERABAKIAK UKITZEN DITUEN DEIALDIAK
a) Gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu bereziak garatzeko 2020ko laguntza-deialdia, enpleguan sartzeko edo enplegua mantentzeko zailtasunak dituzten langabeentzat eta landunentzat.
b) Gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu bereziak garatzeko 2019ko laguntza-deialdia, enpleguan sartzeko edo enplegua mantentzeko zailtasunak dituzten langabeentzat eta landunentzat.
c) 2020. urtean kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutakoa.
d) 2019. urtean kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutakoa.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen 2019-2021 aldiko deialdia.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen 2018-2020 aldiko deialdia.
g) 2018-2020 aldiko prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko, Euskadiko enplegurako lanbide-prestakuntza arautzeari buruz maiatzaren 31n emandako 82/2016 dekretuaren esparruan.
h) 2018-2020ko prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko landunei zuzendua.
i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren artean hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, EAEko langile langabeei eta landunei zuzendutako 2018-2020ko prestakuntza-programazioa egiteko.
j) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren artean hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, nekazaritza, elikagaigintza eta itsas arrantzako gaikuntzarako 2018-2020ko prestakuntza-programazioa egiteko, EAEko langile langabeei eta landunei zuzendua.
k) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) artean hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, euskarazko hizkuntza-gaikuntzarako ikastaroak egiteko Lanbidek programatu edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabetu eta landunei zuzendua.
l) 2019ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoetarako dirulaguntzen deialdia.
m) Gestamp Technology Institute S.L. erakundeari emandako dirulaguntza izenduna, ibilgailuen sektoreari dagozkion konpetentziak eskuratzeko prestakuntza-proiektu bat garatzeko.
n) Lanbidek Hazi Fundazioari egindako 01/2018 enkargua, 2018-2020 aldian nekazaritza, elikagaigintza eta itsas arrantzarako gaikuntza eskaintzeko prestakuntza-programazioa egiteko, EAEko langabetuei zuzendua.