86. zk., 2020ko maiatzaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (233 KB - 2 orri.)
- EPUB (193 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1947
EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 4koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, 2020ko ekitaldirako Nekazaritza Politika Erkidean (NPE) txertatutako zuzeneko laguntzen eskabideak aurkezteko epea luzatzen duena.
2020ko apirilaren 14an argitaratu da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2020ko martxoaren 31ko Agindua, Nekazaritza Politika Erkidean (NPE) txertatutako zuzeneko laguntzen 2020ko ekitaldirako deialdia egiten duena. Agindu honetan, bigarren ebazpen-zatiko 1. atalean xedatzen denez, laguntza horiek eskuratzeko eskabideak aurkeztu egin behar ziren «2020ko otsailaren 1etik maiatzaren 15era bitartean». Halere, 2. atalean aurreikusten da «behar izanez gero, eskabideak aurkezteko epea aldatu ahalko dela Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen bidez, betiere horretarako Europar Batasunaren baimena baldin badu eta aipatu baimenaren mugen barruan».
Era berean, laugarren ebazpen-zatiko 1. apartatuak honako hau xedatzen du: «Eskaera bakarra aurkezteko epea bukatu ondoren, nekazariek maiatzaren 31ra arteko epea izango dute zuzeneko ordainketak edo landa-garapenerako neurriak aldatu edo berriak sartzeko, banakako lurzatiak edo banakako ordainketa-eskubideak gehitzeko, betiere kasuan kasuko laguntza-erregimenean ezarritako baldintzak betetzen badira». Baina, era berean, honako hau aurreikusten da: «aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskaera bakarra aurkezteko epea luzatu badu eta Europako araudia betetzen dela bermatzeko behar-beharrezkoa bada, eskaera bakarra aldatzeko epea luzatu ahal izango da EAEn, behar bezala arrazoituta, betiere Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsari aldez aurretik jakinarazita eta Europar Batasuneko erregelamenduek baimendutako gehieneko epearen barruan».
Bada, Covid-19ak eragindako pandemia-egoera dela-eta, Batzordearen 2020/501 (EB) Betearazpen Erregelamendua argitaratu da, 2020ko apirilaren 6koa, 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduan xedatutakoaren salbuespenak ezartzen dituen gai hauetan: eskaera bakarra, laguntza-eskabideak edo ordainketa-eskaerak aurkezteko azken eguna, eskaera bakarraren edo ordainketa-eskaeraren aldaketak jakinarazteko azken eguna, eta ordainketa-eskubideak esleitzeko edo ordainketa-eskubideen balioa handitzeko eskabideak aurkezteko azken eguna 2020rako, oinarrizko ordainketa-erregimenaren esparruan. Erregelamendu horren arabera, eskaera bakarra, oinarrizko ordainketaren araubidea barne, estatu kideek finkatzen duten data baino lehen aurkeztuko da, eta data hori ezingo da izan 2020ko ekainaren 15a baino geroago. Gainera, ezartzen da eskaera bakarraren aldaketak beranduenez 2020ko ekainaren 30ean aurkeztuko direla.
Era berean, Espainiako Estatuan apirilaren 28ko APA/377/2020 Agindua argitaratu da. Horren bidez, 1075/2014, 1076/2014, 1077/2014 eta 1078/2014, guztiak ere abenduaren 19koak, Errege Dekretuetan ezarritako zenbait epe aldatzen dira 2020. urterako, Espainian Nekazaritza Politika Bateratua aplikatzeko eman zirenak. Agindu honek 2020ko ekainaren 15ean eta ekainaren 30ean ezartzen ditu, hurrenez hurren, eskabideak aurkezteko eta aldatzeko epeak.
Horregatik guztiagatik, 2020ko martxoaren 31ko Aginduaren bigarren eta laugarren ebazpen-zatietan xedatutakoa aplikatuz, eta bertan aurreikusitako baldintzak betetzen direnez, ebazpen honen bidez luzatu egiten dira Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) 2020ko ekitaldirako zuzeneko laguntzen eskabideak aurkezteko eta eskabide horiek aldatzeko epeak. Horren arabera,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Nekazaritza Politika Erkidearen (NPB) 2020ko ekitaldirako zuzeneko laguntzen eskabideak aurkezteko epea 2020ko ekainaren 15era arte luzatuko da.
Bigarrena.– 2020ko ekitaldirako eskaera bakarra aurkezteko epea amaitutakoan, 2020ko ekainaren 30era arte luzatuko da zuzeneko ordainketen araubide berriak edo landa-garapeneko neurriak aldatzeko edo gehitzeko, lurzati indibidualak gehitzeko edo ordainketa-eskubide indibidualak gehitzeko epea, betiere laguntza-erregimenean ezarritako baldintzak betetzen badira.
Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 4a.
Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria,
JORGE GARBISU BUESA.