Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2020ko maiatzaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1918

AGINDUA, 2020ko apirilaren 21ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei lotutako fundazio eta elkarteentzat 2020ko dirulaguntza deialdia egiten duena.

Ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio zein elkarteentzako dirulaguntzak emateko modua arautzen du.

Halaber, arau hauek dira indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua –EONALTB– (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren Araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Aipaturiko 119/2015 Dekretuaren 15. artikuluan adierazten denez, kultura arloko eskuduntza duen saileko titularrak, aurrekontuak ahalbidetzen badu, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteei dekretu honetan araututako dirulaguntzak eskatzeko deialdia egingo die. Deialdi horretan, eduki hauek zehaztu beharko dira:

– 119/2015 aipatu Dekretuari erreferentzia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko zein zenbakitan argitaratu den adieraziz, baita zein arau osagarri edo gehigarri aplika dakiokeen ere.

– Dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontu-hornidura osoa.

– Eskaerak aurkezteko tokia, epea eta modua, baita fundazio eta elkarte eskatzaileek zein dokumentazio aurkeztu behar duten ere.

– Deialdia ebazteko epea –deialdia indarrean sartzen den egunetik hasita gehienez ere sei hilabetekoa izango da– eta fundazio eta elkarte eskatzaileei jakinarazpena egiteko modua.

– Emandako laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

– Balorazio Batzordeko kideak izendatzea.

– Deialdiaren beraren kontra zer errekurtso jar daitezkeen, zer epetan eta zer organori aurkeztu behar zaizkion.

Aipatutako dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, Agindu honen bidez gorago aipatutako eduki horiek zehaztu dira, arau horretan xedatutako dirulaguntza deialdia 2020ko ekitaldian ezartzeko.

Laguntzen hartzaile diren fundazio eta elkarteek baliabide elektronikoez baliatuta egingo dituzte egin beharreko eskaera, galde eta izapideak. Beraz, haiei egin beharreko komunikazio eta jakinarazpenak, bai eta eskaeraren ondorengo gainerako izapideak ere, bide horretan egingo zaizkie.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018ko urtarrilaren 31n onartu duen eta sailaren beraren webgunean (http://www.euskadi.eus/plan-departamental/plan-estrategico-de-subvenciones-del-departamento-2018-2020/web01-s2hhk/eu/ helbidean) argitaratua den Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren 2018-2020 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusia da, eta baita Kultura eta Hizkutza Politikarako sailaren Urteko Dirulaguntzen Planean 2020ko urtarrilaren 30ean onartuan eta Saileko webgunean argitaratua https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/saileko_planak_18_20/es_def/adjuntos/DIRULAGUNTZEN-URTEKO-PLANA-PAS-2020.pdf

Bada nahiko aurrekontu-kreditua deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzetarako abenduaren 27ko 13/2019 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, dioenez.

Horri jarraikiz, honako hau,

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako 2020ko dirulaguntzetara biltzeko dei egitea. Dirulaguntza horiek emateko modua 2015eko ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak (2015eko uztailaren 9ko EHAA, 128. zk.) eta honen hutsen zuzenketak (2015eko irailaren 8ko EHAA, 170. Zk.) arautzen dute.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

2020ko ekitaldian, Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak finantzatzeko guztizko aurrekontu-zuzkidura berrehun eta laurogei mila eurokoa da (280.000).

3. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetara sartuta: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082507

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak betetzeari buruzko azalpen guztiak aurreko puntuan esandako euskadi.net domeinuko egoitza elektronikoan daude eskura.

4.– Eskabidearen ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

i) Eskaera sinatu duen pertsona fisiko edo juridikoak eskaeraren titularra legez ordezkatzeko ahala duela egiaztatzea.

ii) Eskaeraren titularrak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen alderdi politikoren batekin lotura duela egiaztatzea.

iii) Eskaeraren titularrak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuak diren formazio politikoak osatzen dituzten alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteek egiaztatu beharko dute, zuzenbidean ontzat ematen den edozein frogabidez, Eusko Legebiltzarrean ordezkatua den formazio politikoa osatzen duen eta eskatzailearekin lotura duen alderdi politikoak Legebiltzarrean dituen eserlekuak edo eserlekuok zenbat diren jakiteko bidea. Besteak beste, frogabide zuzentzat joko dira ekainaren 30eko 119/2015, Dekretuaren 3.3 artikuluaren a) eta b) letrez bat datozenak.

b) Aurkeztutako programari buruzko dokumentazioa:

i) 2020ko ekitaldian gauzatu beharreko programari buruzko laburpena, proposatutako ereduari jarraituz.

ii) 2020ko ekitaldian gauzatu beharreko programari buruzko oroitza.

iii) 2020ko ekitaldian gauzatu beharreko programaren aurrekontua eta deskribapena jardueraka, proposatutako ereduari jarraituz.

c) 2020ko ekitaldian gauzatu beharreko programaren gauzatze-egutegia.

d) Ordainketak egiteko, dirulaguntza eskatzen duen erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Euskadi.net atarian eskuragarri duen Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko orria aurkeztu beharko du.

e) Nahi izanez gero, aurkeztutako programa hobeto ebaluatzeko eskatzaileak egoki irizten dien bestelako dokumentuak gehitu ahal izango dira.

7.– Aurkezten diren dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak diren kasuetan, eta ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa Pdf formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektronikoak gehienez ere 30 Mb izango ditu.

d) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

8.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunak eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

9.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko ditu, automatikoki, behar hainbat aldiz, dirulaguntza eskatu duten pertsonek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.

4. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar orokor hauek:

1.– Erakundeak ez du jaso dirulaguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez zigor-arlokorik, ez administrazio-bidekorik, eta ez dauka legez debekatuta halakorik eskuratzea (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta).

2.– Erakundeak aurkezturiko gastu-aurrekontuan, hurrengo gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Higiezinetako obren gastua.

b) Ekipamendu-gastuak, fundazio edo elkarte onuradunaren ondarea handitzea eragingo duten gastuak direla ulertuta, adibidez: makinak, altzariak, informatikako ekipoak eta garraiorako elementuak eskuratzea.

c) Amortizazio-gastuak.

d) Zerga-gastuak.

e) Irakasle, hizlari eta aurkezleen ordainsariak, jasotzailea dirulaguntzaren onuraduna den fundazioko edo elkarteko zuzendaritza-organoetako kidea bada.

3.– Batetik, erakundearen izenean aurkeztutako eskaerako datuak eta han erantsitako agirietakoak egiazkoak dira; bestetik, erakunde eskatzaileak indarrean den araudian dirulaguntza jasotzeko ezarritako betekizun guztiak betetzen ditu eta badauzka hori frogatzen duten agiriak. Azkenik, betekizun horiek dirulaguntzaren iraunaldi osoan betetzeko konpromisoa onartzen du.

5. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako dirulaguntzak emateko modua arautzen duen ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak, bere 7. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Balorazio Batzordea osatuko duten kideak ondorengo hauek izango dira:

– Arturo Garcia Fiel, kultura sustatu, bultzatu eta hedatzeko eskuduntza duen Zuzendaritzako teknikaria izango da, eta Balorazio Batzordeko presidentea izango da.

– Aitor Mate Martinez, Fundazioen eta Elkarteen Erregistroaren arloko eskumena duen Zuzendaritzako teknikaria izango da, eta Balorazio Batzordeko presidenteordea izango da; honek huts egingo balu, Eñaut Otazo Alza arituko da bere ordez.

– Ana Altuna Riaño, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (HAEE) teknikaria izango da, eta Balorazio Batzordeko idazkaria (bai hitz egiteko eta baita bozkatzeko eskubideak izango ditu) izango da; honek huts egingo balu, Jon Biain Santiago arituko da bere ordez.

– Ane Crespo Calvo, hizkuntza-politikaren arloan diharduen teknikaria izango da; honek huts egingo balu, Elene Etxezarreta Etxeberria arituko da bere ordez.

6. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ebatziko du, Balorazio-batzordeek egindako proposamena ikusi ondoren.

2.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei. Horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

3.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, ebazpen adierazia emateko duen obligaziotik.

7. artikulua.– Banakako jakinarazpenak izapidetzea.

Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, azaroaren 1eko 39/2015 Legea, Admininstrazio Publikoen Prozedura Erkidearen 43 artikuluari eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan-kasuan, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Interesdunari abisatu ahal zaio edozein euskarri elektroniko erabilita jakinarazpena duela helbide elektronikoan. Abisu hori aukerakoa da, eta balio informatiboa baino ez du, eta abisurik ez badago horrek ez du eraginik jakinarazpen zuzentasunean.

Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan jasotzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen ez bada behintzat.

8. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntza honen onuradunek, diruz lagundutako programako jarduerak bukatzen diren egunetik hasi eta bi hilabeteko epean gehienez ere, eta nahitaez 2020ko abenduaren 31 baino lehen, programei buruzko ondorengo dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dirulaguntza justifikatzeko:

a) Diruz lagundutako programari buruzko justifikazio laburpena, proposatutako ereduari jarraituz.

b) Diruz lagundutako programaren memoria.

c) Dirulaguntza jaso duen programaren egikaritzapenaren behin betiko aurrekontua (gastuak eta sarrerak) ahalik eta xehatuen.

d) Dirulaguntza jaso duen programa egikaritzeko egindako gastu guztien zerrenda, proposatutako ereduari jarraituz.

e) Diruz lagundutako programa egitearen ondorioz sorturiko gastuen frogagiriak, kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera.

f) Diruz lagundutako programan edo jardueran oinarrituta sorturiko material bakoitzaren hizkuntza-bertsioen aleak.

2.– Justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Justifikazioak tramitatzeari buruzko zehaztapen eta eredu guztiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskura, ondorengo helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/00825067

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Izaera pertsonaleko datuen babesaren arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: 2020. urtean Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako dirulaguntzak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/dbao/0082507

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 21a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala