Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2020ko apirilaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
1891

AGINDUA, 2020ko apirilaren 17koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bidez ondoriorik gabe deklaratzen baitira «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren IX. edizioari buruzko baldintzak eta epeak.

2016ko martxoaren 16an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2020ko martxoaren 6ko Agindua, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren IX. edizioa. Deialdi horren 8. oinarrian, hau ezartzen zen: «2020ko martxoaren 18tik apirilaren 24ra bitartean onartuko dira argazkiak, bi egun horiek barnean direla».

Epe hori etenda geratu da, antzeko beste edozein administrazio-epe bezala, errege-dekretu honen hirugarren xedapen gehigarria aplikatuta: 463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, Covid-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena. Aldi berean, 7. artikuluan aurreikusitako pertsonen zirkulazio-askatasunaren mugek zaildu egiten dute, neurri handi batean, eta, praktikan, eragotzi egiten dute lehiaketan aurkezteko argazkiak lortzea.

Argazkiak aurkezteko aldian (martxoaren 18tik apirilaren 24ra) alarma-egoerak jarraitu egingo duenez, ezin izango dira bete, horretarako ezarritako egunetan, lehiaketa garatzeko oinarrietan ezarritako aurrerantzeko izapideak.

Ekimen hori sustatu duen sailaren asmoa da, hala ere, argazki-lehiaketaren bederatzigarren edizio hau 2020an egitea, eta, aurreikusitakoaren arabera, horren sari-banaketa 2020ko abenduaren 9an egingo da. Horren ondorioz, oinarrietan ezarritako epeak egokitu beharko lirateke, lehiaketan parte har dezaketenei beharrezko segurtasun juridikoa eskaintzeko.

Hala ere, osasun-krisiaren bilakaerari buruzko egungo ziurgabetasuna dela eta, hobe da behin betiko eperik ez ezartzea; beraz, lehiaketaren azken data 2020ko abenduaren 9a izango dela aurreikusita badago ere, gainerako epeak eta datak geroago berregokitzea erabaki da.

463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak, 3. apartatuan, hau adierazten du: «organo eskudunak erabaki ahal izango ditu, ebazpen arrazoitu bidez, prozedurako interesdunaren eskubide eta interesetan kalte larriak saihesteko behar-beharrezkoak diren antolamendu- eta instrukzio-neurriak». Ebazpen honen bidez, aukera hori erabiltzen da, parte hartzeko interesa izan dezaketenek ziurgabetasun juridikoaren ondoriozko kalterik jasan ez dezaten.

Horregatik, Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuaren babesean, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluan aurreikusitako ahalmenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ondoriorik gabe deklaratzea Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2020ko martxoaren 6ko Aginduaren bidez onartutako argazki-lehiaketaren oinarrietan ezarritako baldintzak eta epeak. Agindu horren bidez iragarri zen «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren bederatzigarren edizioa. Agindu hori aldatuko duen beste xedapen batean ezarriko direnek ordeztuko dituzte baldintza eta epe horiek, osasun-alarma egoera amaitu ostean.

AZKEN XEDAPENetako lehenengoa

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENetako bigarrena

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 17a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala