Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2020ko apirilaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1889

AGINDUA, 2020ko apirilaren 8koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez jakinarazten baita zenbateko aurrekontu-zuzkidura dagoen Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) letretan aurreikusitako jarduerak diruz laguntzeko.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planak, Gobernu Kontseiluak 2001eko uztailaren 3ko bilkuran onetsitakoak, lana eta familia bateragarri egiteko zenbait neurri abian jarri zituen, aita edo ama izateak enpleguan eragiten dituen oztopoak kendu eta lan-bizitzak familian sorrarazten dituen mugak urritzeko asmoz. Ekimen horren bidez, bi eremuak bateragarri egin nahi dira, azken batean, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna bultzatuz, bai lana eskuratzeari eta lanean irauteari dagokionez, bai seme-alabek gehien behar duten etapetan haiek zaintzen buru belarri aritzeko dituzten aukerei dagokienez. Aipagarriak dira, besteak beste, bi neurri hauek: hiru urtetik beherako haurrentzako ikastetxe-sarea garatzearen aldeko apustua, eta, Langileen Estatutua betez, seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi-murrizketak hartzen dituztenentzako dirulaguntzak.

I. Planaren esparruan, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 16ko 177/2002 Dekretua onartu zen, eta, gero, Enplegua sustatzeko laguntzak arautzeko abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua, zeinaren VI. kapituluan berriro antolatu baitziren lana eta familia bateragarri egiteko neurriak.

Esperientzia on horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, familia babesteko sistema garatzeko eta hobetzeko asmo sendoa duenez, kontziliazio-politika indartu nahi izan zuen. Hori dela-eta, Familiei Laguntzeko Erakunde arteko II. Planean, kontziliazioa lerro estrategikotzat jo zuen (Gobernu Kontseiluak 2006ko irailaren 26ko bilkuran onetsi zuen plan hori). Lerro horren helburu dira, hain zuzen, emakumeei lan munduan sartzen eta beren lanbide-karrera garatzen laguntzea, familiaren eremuan emakume eta gizonen arteko erantzunkidetasuna sustatzea, eta familia- eta lan-ardurak bateragarri egiteko erraztasunak ematea. Helburu horiek lortzen lagundu nahirik, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 17ko 118/2007 Dekretua onartu zen, eta, gero, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua, martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuaren bidez aldatu zena. Berriki, beste dekretu bat argitaratu da: 164/2019 Dekretua, urriaren 22koa, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa, aurrekoa indargabetzen duena eta gaur egun indarrean dagoena.

Bestalde, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen xedea familiei babesa, arreta eta laguntza ematea da; horretarako, osotasun koherente batean antolatzen ditu familiei laguntzeko erkidego mailan indarrean dauden neurri guztiak, eta beste laguntza-neurri batzuk ere arautzen ditu. Eta II. tituluko II. kapituluan, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzeko neurriak jasotzen ditu.

EAEko Familiei Laguntzeko III. Erakunde arteko Plana Gobernu Kontseiluaren 2011ko abenduaren 27ko bilkuran onartu zen, honako helburu nagusi honekin: zuzenbide subjektiboaren ikuspegitik, familia-politika bultzatzea, familiak beren bizitza-ziklo osoan zehar sustatu, osatu eta laguntzeko. Plan horren beste helburuetako bat da familien garapen-aukeretan aurrera egitea, laguntza-eskaintza baten bitartez. Eskaintza horri esker, eragotziko da bizitza familiarra, pertsonala eta lanekoa erantzunkidetasunez uztartu ezin dituzten familiak ordezkatzea, zeregin horretarako hirugarrenak eskuordetzea edo familia horiek zeregin horretan amore ematea.

Familiei Laguntzeko IV. Erakunde arteko Planak (2018-2022), hau ezarri du helburu gisa 2. ardatzean: bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioa eta seme-alabak zaintzeko ardura partekatua erraztea. Horretarako, beste dekretu bat egin da: 164/2019 Dekretua, urriaren 22koa, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa, zeinetan laguntza-lerro berri bat sartu baita eta lehendik daudenak hobetu baitira:

Laguntza-lerro berria, lan-eszedentzian dauden langileentzat, jaiotzagatik edo urtebetetik beherako haurra zaintzeagatik gurasoek hartutako prestazio kontributiboen aldiak parekatzeko.

Seme-alabak zaintzeko eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketetarako laguntzen zenbateko ekonomikoa % 30 areagotuko da honako kasu hauetan:

Guraso bakarreko familiak.

Familia ugariak.

Mendekotasun ertaina edo handia edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duen pertsonaren bat daukaten familia-unitateak.

Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat duten familia-unitateak.

Mendekotasun-egoeran dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketetarako laguntzen zenbatekoa % 30 areagotuko da, eskatzailearen familia-unitatea multzo hauetako batean sartzen bada:

Guraso bakarreko familia.

Familia ugaria.

Mendekotasun ertaina edo handia edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duten bi pertsona dauzkan familia-unitatea.

Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat daukan familia-unitatea.

Ezabatu egin da Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. artikuluko b) letran aipatzen diren lan-harreman bereziak dituzten langileei buruz egiten zen baztertzea; izan ere, kontsideratzen da etxeko lanetan diharduten langileen kolektiboa kanpo uztea ez dagoela justifikatuta, eta, hori dela eta, aukera izan behar dutela seme-alabak zaintzeko edo mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi-murrizketarako laguntzak jaso ahal izateko.

Seme-alabak eta mendekotasuna edo osasun-egoera oso larria duten senitartekoak zaintzeko eszedentzietan eta lanaldi-murrizketetan laguntzeko lerroan, beste bi salbuespen gehitzen zaizkio diruz lagundu daitezkeen jardueretan etenak izateko posibilitateari: eskatzaileak baimena soldatarik gabe hartzea; eta eskolara egokitzeko aldiak.

Eskatzailea gizonezkoa bada, luzatu egingo dira seme-alabak, mendekotasuna duten senitartekoak eta osasun-egoera oso larrian daudenak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi-murrizketetarako laguntzak baliatzeko gehieneko denborak, eta horrenbestez, eskatzaile horrek bere osotasunean baliatu ahal izango du bikoteak duen diruz laguntzeko moduko aldia.

Administrazio publikoaren printzipioetako bat da dirulaguntzei publikotasuna ematea. Hori dela-eta, urriaren 24ko 164/2019 Dekretuaren 62.4 artikuluan aurreikusten da Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urtero jakinaraziko duela zenbateko aurrekontu-zuzkidura dagoen dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, edo, hala badagokio, zein den zuzkidura horren eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa.

Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori). Izan ere, testu horrek dio EHAAn argitaratu beharko direla araudi erregulatzaileak, laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuaren 14.b artikuluak xedatzen duenez, familia-politikaren arloko ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzari esleituriko funtzioa da. Zuzendaritza hori, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da, dekretu horren 14.2 artikuluak xedatzen duenez.

Horrenbestez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da, onuradun izan daitezkeenek dirulaguntza programa horren berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikuluan eta urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 62.4 artikuluan agindutakoari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) letretan aurreikusitako dirulaguntza lerroak betetzeko, 37.145.650 euro bideratuko dira, 2020an, honela banakaturik:

a) Seme-alabak zaintzeko xedez lan-eszedentzian dauden edo lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzak.

Bi jarduketa-lerro:

– 14.607.100 euro, lan-eszedentzian dauden langileentzako laguntzetarako, jaiotzagatik edo urtebetetik beherako haurra zaintzeagatik gurasoek hartutako prestazio kontributiboen aldiak parekatzeko.

– 21.509.100 euro, hiru urtetik beherako haurrak zaintzeko lan-eszedentzian dauden edo hamabi urtetik beherako haurrak zaintzeko lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzetarako.

b) Mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu duten edo lanaldia murriztu duten langileentzako laguntzak:

– 734.500 euro.

d) Seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeagatiko laguntzak:

– 294.950 euro.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hasierako aurrekontu-zuzkiduran eguneraketarik gertatzen bada, horren berri emango da Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, Interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango dute zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipaturiko aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 8a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala