71. zk., 2020ko apirilaren 15a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (325 KB - 12 orri.)
- EPUB (205 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1850
AGINDUA, 2020ko apirilaren 3koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Covid-19aren eragin ekonomikoaren ondorioz krisi-egoeran dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituen Bideratu Covid-19 Programa.
Covid-19aren hedapen bizkorrak alerta sanitarioko egoera ezezagun bat ekarri du, gaixotu kopuru handiarekin, eta hedapenaren aurkako borroka etenik gabeko bati eman dio bide, pertsonen osasunean berebiziko eragina duenez.
Eusko Jaurlaritza, Covid-19 koronabirusari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren jarduera era koordinatuan burutzeko otsailaren 27an sortu den sailarteko mahaiaren bitartez, eta erakunde arteko foroa etengabeko monitorizazioa ari dira egiten, eta Euskadin birusaren hedapena eta eragina mugatzeko neurriak, gomendioak eta betebeharrak ari dira ezartzen.
2020ko martxoaren 11n, nazioarteko pandemiatzat jo zuen Covid-19aren hedapena Osasunaren Mundu Erakundeak, mundu mailan izan duen hedapena ikusita.
2020ko martxoaren 13an, Segurtasuneko sailburuak, Osasuneko sailburuaren eskariz, Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilaren Plana formalki abiaraztea erabaki zuen, Covid-19aren hedapenak eragindako alerta sanitarioak hala behar duelako.
Testuinguru horretan, lehendakariak 300 milioi euroko funts instituzional bat sortuko zela iragarri zuen, osasun-sistema eta hezkuntza-sistema indartzeko eta familiei, enpresei eta enpleguari laguntzeko.
Besteak beste, enpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat zirkulatzailea finantzatzeko ezohiko lerro bat aktibatuko da, 100 milioi euroko hasierako zenbatekoarekin.
Bestetik, 2020ko martxoaren 14an, alarma-egoera deklaratu zuen Espainiako Gobernuak, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko.
Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna Covid-19aren hedapena mugatzea eta pertsonen osasuna zaintzea bada ere, krisi horren ondorioak gure ekonomiako ekoizpen-sektoreetan ere nabari dira, tartean dela gure industria, zeina euskal gizarte osoarentzat enplegu- eta ongizate-iturria baita. Izan ere, barne-produktu gordinaren ia % 25 eta enpleguaren % 19 da.
Enpresen lehentasuna ere, une honetan, langileen osasuna zaintzea denez, jarduerarik gabeko aldiak ari dira izaten, salmenten edo eskaeren bolumena ari da gutxitzen edo hornidura-katean etenak ari dira izaten, eta horrek, besteak beste, likidezia-arazoak sor ditzake orain eta hurrengo hilabeteetan, eta, horrenbestez, arriskuan jartzen da enpresen funtzionamendu normala eta, kasu batzuetan, bideragarritasuna. Hori guztia ezohiko eta bat-batean etorri den testuinguru global batean.
Enpresa horietako askok doikuntza-neurriak abiarazi dituzte egoera horri aurre egiteko, eta merkatuko errealitate berrira moldatzen saiatzen ari dira, zeina Covid-19aren hedapenak sortu duen krisi globalaren ondorioek ukitu baitute; horretarako, eragiketa- eta lan-kostuak murrizten ari dira, eta ekoizpen-ahalmena berrantolatzen edo gutxitzen.
Beste zenbait enpresa, berriz, partzialki soilik ari dira egokitzen, eta beste askok, lehiakortasunari dagokionez beren egoera birbideratzeko gai izan badira ere, hainbat desoreka operatibo (EBITDA) edo finantzario dituzte, eta horrek bideragarritasun-aukerak baldintzatuko dizkie epe ertain eta luzera.
Eusko Jaurlaritzak, Covid-19ak eragindako krisiak ekarri dituen ondorio ekonomikoen kontrako borrokan buru-belarri diharduten enpresaburu eta langileek beren gain hartu dituzten ahaleginei lagundu nahian, sendotu egin nahi ditu, produktua eta merkatua edukitzeagatik lehiakorrak izan daitezkeen arren, aurreko egoera erabat ezohiko, bat-bateko eta mundu mailakoaren ondorioak jasaten ari diren enpresak edo jarduera-sektoreak.
Lehia askean erakundeen esku-hartzea minimizatzeko irizpidean oinarrituta, lehia-baldintzak azkar eta egonkor berrezartzen lagunduko duten finantza-tresnak garatzearen eta aplikatzearen alde egin du Eusko Jaurlaritzak, zailtasun-egoeratik irteteko prozesu formalak azkartuz eta inplikatutako alderdi guztiei etorkizunera begira benetako konpromisoak eskatuz.
Europar Batasunak uste du nahasmendu ekonomiko handia eragin duela koronabirusaren agerraldiak EBn, eta koordinazio ekonomikoa eskatzen duela ezinbestean. Horregatik, 2020ko martxoaren 13an Komunikazio bat onetsi zuen (COM(2020) 112 komunikazioa), Covid-19aren eragin ekonomikoa gutxitzera bideratutako Europako Batzordearen berehalako erantzuna jasotzen duena.
Hala ere, EBren aurrekontua mugatua denez, estatu kideen aurrekontu nazionaletatik etorri beharko da koronabirusari eman beharreko aurrekontu-erantzun nagusia.
EBren estatu-laguntzei buruzko arauei esker, estatu kideek neurri azkar eta eraginkorrak har ditzakete herritar eta enpresei laguntzeko, batez ere ETEei, Covid-19aren agerraldiaren ondorioz sortu diren arazo ekonomikoei aurre egin beharrean baitaude. Aldi berean, estatuaren laguntza eraginkorra izango dela bermatzen dute, behar duten enpresetara iritsi dadin eta dirulaguntzak eskuratzeko lehia kaltegarriak saihestu daitezen, non eta diru gehien duten estatu kideek beren ondokoek baino gehiago gastatu dezaketen, EBren barneko kohesioaren kalterako. Estatu kideek laguntza-neurri zabalak diseina ditzakete, dituzten estatu-laguntzei buruzko arauekin bat datozenak.
Baina, gainera, EBk ezinbestekotzat jotzen du berariazko arauak onartzea krisi-egoera jakin honi aurre egiteko. Testuinguru horretan, Covid-19aren krisia dela eta ekonomia babesteko laguntzei buruzko aldi baterako esparrua (COM (2020) 1863) onetsi zuen Europako Batzordeak 2020ko martxoaren 19an; hor kokatu behar da Covid-19aren hedapenak sortu duen salbuespenezko, bat-bateko eta ustekabeko krisia. EBFTren 107.3.b) artikuluaren arabera, Batzordeak erabaki dezake «estatu kide baten nahasmendu ekonomiko larri bati konponbidea emateko» laguntzak barne-merkatuarekin bateragarriak direla.
Era berean, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.2.b) artikuluak eta Covid-19aren krisia dela eta ekonomia babesteko laguntzei buruzko aldi baterako esparruak ezartzen dutenaren arabera, barne-merkatuarekin bateragarriak dira hondamendi naturalek edo salbuespenezko beste gertaera batzuek eragindako kalteak konpontzeko laguntzak.
Gainera, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107.3.c) artikulua kontuan hartuz, eta Salbamenduko eta berregituraketarako estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetan zehazten denez (29. puntua), estatu-kideek likidezia-behar handiak asetzeko eta zailtasun finantzarioak dituzten enpresak babesteko zer laguntza-araubide dituzten jakinaraz diezaiokete Europako Batzordeari, baita Covid-19aren agerraldiarengatik sortutako salbuespenezko edo ezusteko egoerek eragindako kasuetan ere.
Horiek horrela, EBFTren 107.3.b) artikuluan jasotzen diren laguntzei dagokienez –estatu kide baten nahasmendu ekonomiko larriei konponbidea ematea–, EBk birritan ebatzi du nahasmenduak kasuan kasuko estatu kidearen ekonomia osoari edo zati garrantzizko bati erasan behar diola, eta ez estatu horretako eskualde batenari edo batzuenari soilik. Horren aurrean –2009an bezala, krisi ekonomiko eta finantzarioko egungo testuinguruan finantzaketarako sarbidea errazteko estatu-laguntzen neurriei aplikatu beharreko aldi baterako esparrua aplikatuta–, Espainiako gobernuak aldi baterako esparru-araubide bat jakinarazi zuen 2020-03-27an, enpresa eta autonomoei laguntzeko neurri buruzkoa, Covid-19aren agerraldi honetan ekonomiari laguntzeko. Estatu-mailako araubide horri baimena eman zion Europako Batzordearen 2020-04-02ko C(2020) 2154 Erabakiak, SA.56851 kodea (2020/N) duenak. Horrenbestez, estatu-barneko administrazioek estatu-mailako araubide horren arabera ezartzen dituzten laguntza-lerro berriak ez zaizkio banaka jakinarazi behar Batzordeari; nahikoa da horien oinarri juridikoetan araubide horri atxikitzen zaizkiola adieraztea.
Agindu honek abian jartzen duen laguntza-araubidea bat dator Covid-19aren krisia dela eta ekonomia babesteko laguntzei buruzko aldi baterako esparruarekin, eta hura betetzen du –eta, ondorioz, Covid-19aren agerraldia dela eta, ekonomiaren mesedetan enpresei eta autonomoei laguntzeko neurrien estatuko aldi baterako esparrua ere bai–, eta Europako Batzordeak ezarritako laguntzen tipologiara eta laguntzak baimentzeko oinarrizko baldintzetara egokiturik dago.
Hala, Covid-19aren hedapenak eragindako krisiak kaltetu dituen enpresak laguntzeko araubidea ezartzerakoan, Covid-19ak eragindako krisiaren aurrean ekonomiari laguntzeko aldi baterako esparruan jasotzen diren printzipioei jarraitu behar zaie, baita Europako Batzordeak 2020-04-02an baimendutako aldi baterako esparruari ere.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
Agindu honen xedea da Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren industriaren eremuan Covid-19aren hedapenak sortu duen krisiaren ondorioz krisi-egoeran dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzen programa bat arautzea. Bideratu Covid-19 Programa.
Bigarrena.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 20 miloi euro izango dira deialdi honen xederako bideratutako baliabide ekonomikoak, eta Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren krisiak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko bideratu dituen ezohiko funtsetatik datoz.
2.– Zenbateko horrek ez du gaindituko Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren krisiaren ondorioei aurre egiteko bideratutako ezohiko funtsen batura. Esleitutako zenbatekoa agortzen bada, gorabehera horri publizitatea ematearren, Industriako sailburuordeak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, zenbateko hori zein egunetan agortu den adieraziko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitaratze horretatik aurrera, agortu den laguntzarako aurkezten den eskabiderik ez da onartuko.
3.– Aurkeztuta dauden eta izapidetzen ari diren eskabideak, 1. zenbakian zehaztutako funtsak agortu direlako artatu ezin badira, ukatu egingo dira arrazoi horrengatik berarengatik, Industriako zuzendariaren ebazpenaren bidez.
Hirugarrena.– Diruz lagun daitezkeen ekintzak.
1.– Industria- eta finantza-arloa berregituratzeko eta bultzatzeko neurriak sustatuko dira, krisialdian dauden enpresei epe ertain eta luzera bideragarritasuna itzultzeko. Neurri horiek Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz krisi-egoeran dauden enpresek egindako bideragarritasun- edo berregituraketa-planetan sartuko dira.
Diruz lagundu daitekeen egitatea Covid-19aren krisiaren ondorioz enpresaren ordainketa-ahalmenak izan duen murrizketa koiunturalaren arabera ezarriko da; besteak beste: kobrantzen eta ordainketen partiden aldaketa eta enpresaren ordainketa-betebeharrei aurre egiteko epe laburrera erabilgarri dauden baliabideen eta diruzaintzaren bilakaera kontuan hartuta, 2019ko abenduaren 31tik gehienez ere 2020ko abenduaren 31ra bitarte kutxako fluxuan eragin zuzena duten partiden egiturazko murrizketak kontuan hartuta edo enpresa-jarduerari lotutako betebeharrak berriz ordaintzeko gaitasunean eragiten dutenak kontuan hartuta.
2.– Baldintza hauek bete behar ditu industria- eta finantza-arloa berregituratzeko eta bultzatzeko bideragarritasun-planak:
a) Planean jasotako neurriak aplikatzeko epeak planaren izaeraren araberakoa izan behar du, etorkizuneko ustiapen-baldintzei buruzko hipotesi errealistak oinarri hartuta. Gehienez ere, hamabi hilabetean aplikatuko dira, 2020ko urtarriletik 1etik hasita.
b) Bideragarritasunaren hobekuntzak bideragarritasun-planean jasotako barne-neurrien emaitza izan beharko du; nolanahi ere, enpresaren eraginpean ez dauden kanpoko faktore batzuetan ere oinarritu ahalko da; adibidez, prezioen edo eskariaren igoeran, baldin eta, planean jaso beharreko merkatu-azterlanean egin diren merkatuari buruzko hipotesiek gehiengoaren onespena badute.
c) Alderdi hauek hartu beharko ditu aintzat: Covid-19aren hedapenak sortutako krisiak eragin dituen inguruabarrak, enpresa-zailtasunak eragin dituztenak; dena delako produktuek merkatuan duten eskaintza eta eskariaren egoera eta izatea aurreikus daitekeen bilakaera, betiere, hipotesi baikorrak, ezkorrak eta bitartekoak adierazita eta enpresaren alderdi indartsuak zein ahuleziak kontuan hartuta.
3.– Aurrekontu zenbatetsia duen plan batean oinarrituta emango da laguntza. Esandakoa gorabehera, bideragarritasun-planean alderdi hauek jaso behar dira:
– Enpresaren egoera 2019ko abenduaren 31n.
– Kutxako fluxuen eta enpresaren ustiapen-kontuaren hilabeteen araberako konparazioa, 2019ko urtarriletik 2020ko martxora bitartekoa, finantza-fluxuen narriadura agerian uzten duena.
– Gaur egungo egoera eragin duten arrazoiak identifikatzea eta azaltzea, merkatuaren moteltzeak honako hauek eragin baititu: hornikuntzak gutxitzea, jarduerarik gabeko aldiak izatea, kontratuak galtzea, salmentak murriztea eta, ondorioz, diru-sarrerak gutxitzea, eta horrek, arrisku handian jartzen du betebeharrak ordaintzeko gaitasuna eta, beraz, enpresa bideragarri izatea. Argi eta garbi identifikatu eta kuantifikatu beharko dira eta justifikatu Covid-19aren hedapenak ekarri duen krisiak enpresaren jardueran izandako ondorioak. Besteak beste, enpresaren indarguneak eta ahulguneak jasoko dira konpainiari lotuak, baita horietako bakoitzari lotutako etorkizuneko kudeaketa-estrategiak ere.
– 2019ko kutxa-fluxuaren eta 2019ko galdu-irabazien kontuaren zehaztasunak, hileko eta urteko xehetasunekin.
– 2020ko kutxa-fluxuaren eta 2020ko galdu-irabazien kontuaren zehaztasunak, hileko eta urteko xehetasunekin. 2020ko kutxa-fluxua kalkulatzeko, Bideratu Covid-19aren eragina eta aktibo ez-korronteen salmentari dagozkion zenbatekoak baztertu beharko dira.
– 2019ko ekitaldiari dagokion balantze erreala eta 2020rako aurreikuspena.
– Krisitik ateratzeko hartu beharreko neurriak (produktu berria, merkatu berriak, berriz finantzatzea, inbertsioak eta abar).
– Bost urtera bitarteko agertokiak, hipotesi baikor, bitarteko eta ezkorrekin.
Laugarrena.– Onuradunak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak jaso ahal izateko, Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) baldintza hauek bete beharko dituzte: erauzketetako, eraldaketako, produkzioko edo aurrekoei lotutako zerbitzu teknikoetako (produktu-prozesuari lotuak) ETE industrialak izatea, edota komunikazio eta informazioaren gizartearen arlokoak izatea, betiere krisi-egoeran badaude.
2.– Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak joko dira enpresa txiki eta ertaintzat (ETE):
– 250 langile baino gutxiago izatea.
– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi euro izatea.
Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa-taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.
Aurretiaz adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan (EBAO, L124, 2003ko maiatzaren 20koa) enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz ezarritakoa edo gomendio hori ordeztu edo aldatzeko xedapenak hartuko dira kontuan.
3.– Krisi-egoeran daudela ulertuko da, baldintza hauek betetzen direnean: enpresak ezin izatea galerak estali bere finantza-baliabideen bidez edo akziodun zein hartzekodunak emateko prest dauden baliabideen bidez eta, kanpoko esku-hartzerik izan ezean, galera horiek epe labur edo ertainean desagerpen ekonomikora eramatea.
Bosgarrena.– Onuradunen betekizunak.
1.– Onuradun izateko, eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Kalteak izan dituen lantoki edo ustiaketa-zentro bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.
b) Enplegu-galerarik ez izatea.
c) Batez beste 20 langile baino gehiago izatea enplegatuta.
2.– Laguntzak eman ahal izango zaizkie zailtasunetan ez dauden enpresei eta 2019ko abenduaren 31n zailtasunetan ez zeudenei baina geroago, Covid-19aren agerraldiaren ondorioz, zailtasunetan sartu zirenei.
3.– Ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden erakundeak.
4.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituzten erakundeek bakarrik lortu ahal izango dituzte agindu honetan jasotako dirulaguntzak.
5.– Ezingo dira onuradun izan berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten erakundeak, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.
6.– Dirulaguntzen onuradun izateko, erakunde eskatzaileek nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute, eta ez dira egon behar zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntzak edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ez eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean direla, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.
7.– ETEek ere, onuradun izateko, bete egin beharko dituzte Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei ezartzen zaizkienak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.
8.– Emandako dirulaguntza guztia likidatu arte bete beharko dira dirulaguntza hauen onuradun izateko betekizunak.
9.– Horrez guztiaz gainera, eskatzaileek agindu honen hamargarren ebazpen-zatian ezarritakoa bete beharko dute.
Seigarrena.– Berregituraketa Plana finantzatzeko laguntzak emateko prozedura eta laguntzen izaera.
1.– Eman beharreko laguntzak aurrerakin itzulgarrien bidez gauzatuko dira, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira, betiere espedientea osatuta dagoen unearen arabera, lehiaketaren teknika erabili gabe, agindu honen 2.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2.– Laguntzak esleitzeko, ondoz ondoko konkurrentziaren prozedura erabiliko da; beraz, laguntzak esleitzeko, espedientea osatuta dagoen uneko hurrenkerari erreparatuko zaio, eta Agindu honetako bigarren ebazpen-zatian ezarrita dauden funts guztiak amaitzen diren arte esleituko zaizkie laguntzak agindu honetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei.
Zazpigarrena.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Laguntzaren zenbatekoa 2020ko ekitaldirako aurrekontuan sartutako kutxako fluxu negatiboaren % 100era iritsi ahal izango da. Fluxu hori laguntza honetarako 2020ko abenduaren 31n aurrekontuan sartutako planean aurkeztua behar da, eta hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatu da, gehienez ere 800.000 euroko mugarekin. Hala, plana 12 hilabetera egikaritzea aurreikusi da, 2020ko urtarrilaren 1etik hasita.
2.– Laguntzaren zenbatekoa eta intentsitatea diru-sarreren eta gastuen kontu-sailen bilakaeraren ondorioz konpainiak izaten duen ordaintzeko ahalmenaren aldaketara mugatuko dira, konpainia berregituratzea edo bideragarri izatea ahalbidetu dadin.
Zortzigarrena.– Laguntzen bateragarritasuna.
Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarri izango dira beste erakunde edo administrazio publiko batzuek helburu berbererako emaniko beste laguntza batzuekin. Agindu honen bidez ematen diren laguntzak bateragarriak dira Europako Batzordearen 2020ko martxoaren 13ko komunikazioan onartutako gainerako laguntzekin; laguntza horiek Covid-19aren agerraldiari erantzun ekonomiko koordinatua emateko onartu zen, eta Estatuko Laguntzen Aldi Baterako Esparrua ezarri zuen.
Bederatzigarrena.– Eskabideak eta gainerako agiriak aurkeztea. Izapidetze telematikoa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da, eta agindu honen bigarren ebazpen-zatian jasotako funts guztiak agortzen direnean amaituko da, edo, bestela, 2020ko azaroaren 30eko 15:00etan.
2.– Eskabideak aurkeztea, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.
Eskabideak aurkezteko, inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da, helbide hauetan eskuragarri dagoena: gaztelaniaz, http://www.euskadi.eus/industria; euskaraz, http://www.euskadi.eus/industria
3.– Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko jarraibideak eta gainerako ereduak eskuragarri daude egoitza elektroniko honetan: http://www.euskadi.eus/industria. Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.
4.– Eskabidea osatzeko, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinaduraz gain, agiri hauek aurkeztu behar dira: ebazpen-zati honen 7. eta 8. zenbakietan aipatzen den dokumentazio osagarria, eta Administrazioak eska dezakeen beste edozein agiri, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean xedatutako moduan.
Eskabidea ordezkari bitartez egiten bada, ordezkaritza egiaztatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
5.– Eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da dirulaguntza eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan eta prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraikiz.
6.– Dirulaguntza eskaera bat aurkeztearekin baimena ematen dio eskatzaileak organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Dena den, erakunde eskatzaileak espresuki uka dezake horretarako baimena. Kasu horretan, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzeko ziurtagiri elektronikoak.
7.– Halaber, dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
a) Enpresaren eraketa-eskritura, bai eta estatutuena ere, zeinak eskumeneko erregistroan behar bezala inskribatuta egin behar baitute, eta ondorengo aldaketena, halakorik balego.
b) Identifikazio Fiskaleko Txartela.
c) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea.
d) Azken bi ekitaldietako Urteko Kontu Auditatuak; horiek izan ezean, Sozietate Zergaren azkeneko bi aitorpenak.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, enpresaren aktiboak osatzen dituzten ondasunak edo eskubideak zehazten dituena, ekoizpen-prozesuari lotuta dauden edo ez gorabehera, eta balorazio-irizpide orokorren araberako balorazio eguneratua jasotzen duena, bai eta haien kargen zehaztapena ere.
8.– Eskatzaileak gezurrezko daturen bat ematen badu eskaeran eta, bereziki, erantzukizunpeko adierazpenetan, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraituz. Gezurrezko datuak emateak agindu honetan aipatzen diren laguntzak jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta jaso ahal izan dituzten kopuruak itzuli beharko dira.
9.– Eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, aurkeztutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. zenbakian ezarritakoarekin bat.
Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta zein unetan aurkeztu diren. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.
10.– Nolanahi ere, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Industria Garatzeko Zuzendaritzak, laguntza-programa kudeatzeko organoa denez, beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango dio enpresa eskatzaileari, beharrezkotzat jotzen badu hark aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
Hamargarrena.– Akatsak zuzentzea.
Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, Industria Garatzeko Zuzendaritzak interesdunari jakinaraziko dio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko dio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Industria Garatzeko zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Hamaikagarrena.– Laguntza emateko ebazpena.
1.– Industria Garatzeko zuzendariak emango ditu laguntza-programa honi dagozkion ebazpenak.
2.– Laguntzak emateko ebazpenean alderdi hauek zehaztuko dira:
a) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFZ edo NANa.
b) Lagundu nahi den bideragarritasun-plana garatzeko zer neurri hartuko diren.
c) Neurriak ezartzeko epeak.
d) Laguntzak jasoko dituenak zer baliabide erabiliko dituen plana burutzeko.
e) Laguntzaren zenbatekoa.
3.– Eskabideak laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen ez baditu, Industria Garatzeko zuzendariak laguntza ukatzeko ebazpena emango du, eskatzailearen izena edo izen soziala, IFZ edo NANa eta laguntza ukatzeko arrazoia adieraziz.
4.– Eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatuta berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek eskabideak onartu egin direla ulertu beharko dute, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Nolanahi ere, administrazioak ebazpen espresua eman beharko du eskatutako laguntzari buruz, aipatutako 24. artikuluaren 3. apartatuan aurreikusitako moduan.
5.– Dirulaguntza emateko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
6.– Onartzeko edo ezesteko ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Industria Garatzeko sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, hiru hileko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluek xedatzen dutenarekin bat.
7.– Laguntza emateko ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinarazteaz gain, onuradunen eta laguntzen zenbatekoen zerrenda ere argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Hamabigarrena.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan eta 14. eta 18. artikuluetan ezarritako betebeharrak aparte utzi gabe; era berean, beste baldintza hauek ere errespetatu beharko dituzte:
1.– Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.
2.– Berregituraketa-planean jasotako neurriak bete eta justifikatzea. Neurria burutu eta gehienez ere hilabeteko epean justifikatu beharko da neurriak gauzatu izana; horrez gainera, onartutako planean jasotako gauzatze-epea bukatzen denean enpresak gauzatze-maila justifikatzeko txosten bat aurkeztu beharko du.
3.– Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.
4.– Berregituraketa-plana gauzatzen ari den bitartean eta laguntza itzultzeko epea bukatu arte, enpresaren urteko kontuen txostena ikuskatuta bidali behar da Industria Garatzeko Zuzendaritzara, txostena onartu eta ondorengo hilabeteko epearen barruan.
5.– Era berean, enpresa onuradunak dokumentazio osagarria ere bidali beharko du Industria Garatzeko Zuzendaritzara, halakorik eskatzen bazaio, Administrazioak egoki iritzitako egiaztapen guztiak egin ditzan berregituraketa-planaren garapenaz eta egikaritzeaz.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren betekizunak betetzen ari direla eskatzen duten informazioa ematea, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez.
7.– Industria Garatzeko Zuzendaritzari dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.
8.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Industria Garatzeko Zuzendaritzari.
9.– Bere egitea Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua.
10.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.
Hamahirugarrena.– Laguntza ordaintzea.
Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ostean, eman daitekeen dirulaguntzaren % 100 ordainduko da, hamahirugarren ebazpen-zatiaren 1. paragrafoan adierazitako epea igaro ondoren, betiere espresuki uko egiten ez bazaio.
Hamalaugarrena.– Laguntza justifikatzea.
Enpresak 12 hilabeteko epean egindako jarduerak adierazi, justifikatu eta dokumentatu beharko ditu aldi hori amaitu eta hurrengo hilabetean, Industria Garatzeko Zuzendaritzak azter ditzan eta balorazio bat egin dezan, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintza guztiak betetzen direla ziurtatzeko, bai eta arau honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan, eta aplikagarri diren gainerakoetan ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzen direla ziurtatzeko ere.
Hamabosgarrena.– Laguntza itzultzea.
Prozedura honen bitartez itzuliko da dirulaguntza:
1.– Egindako aurrerakinen itzulketek izaera finkoa izango dute, eta aldian-aldian ordainduko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kontu batean bost urtean. Lehenengo ordainketaren epemuga baino lehen jakinaraziko da zer kontutan egin ordainketa. Kontua ez emateak ez du esan nahi dagokion ordainketa egin behar ez denik, eta onuradunak eskatu beharko dio kontu hori emateko organo kudeatzaileari.
2.– Honela itzuliko da urte bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoa: bideragarritasun-plana gauzatzeko ezarritako epea amaitu eta gero, enpresek urtebeteko gabealdia izango dute itzulketak egiten hasi aurretik. Hau da, lehenengo itzulketa 2022an egingo da, eta gainerakoak elkarren segidan, bosgarren urtera arte.
3.– Ordaindutako aurrerakina modu finkoan itzuliko da: urtean bosten bat. Urtean bi itzulketa egingo dira. Otsailean urteari dagokion % 50 itzuliko da, eta uztailean, beste % 50a.
4.– Bi itzulketa horiek egiten direnean, eta itzulketak egiten diren ekonomia-ekitaldiko uztaileko azken egun balioduna baino lehen, enpresak egindako banku-transferentzien kopia bat bidali beharko dio industria-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzari.
5.– Urteko itzulketak egin ondoren, urteko likidazio-txostena idatziko du Administrazioak, eta txosten horretan azalduko du zer diferentzia egon den Administrazioaren alde edo aurka –halakorik egonez gero– eta zer interes aplikatu den (interesik aplikatu bada). Diferentzia horiek hurrengo autolikidazioan konpentsatuko dira, behin betiko likidazio-txostenean ezarritako eran. Diferentziak Administrazioaren aurkakoak izanez gero, egoki diren interesak aplikatu beharko dira, enpresa onuradunak oker egindako autolikidazioa egin zenetik aurrera. Diferentziak azken autolikidazioan aurkituko balira, enpresa onuradunak, hiru hileko epean, autolikidazio hori zuzendu eta erregularizatu egin beharko luke, eta dagokion kopurua itzuli, baita onuradunak autolikidazio okerra egin zuenetik ezargarriak diren legezko interesak ere. Hori guztia abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenak, xedatutakoaren arabera.
Hamaseigarrena.– Ez-betetzeak.
Erakunde onuradunak betetzen ez baditu laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, arau honetan ezarritako betekizunak eta betebeharrak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 37. eta hurrengo artikuluetakoak, eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoak, industria-garapenaren arloan eskuduna den zuzendaritzako titularrak, ez-betetze espedientea egin eta interesdunari entzun eta gero, administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzaren printzipala eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean itzuli behar dizkiola, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
Hamazazpigarrena.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik laguntza gehiago lortzen bada, eta bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.
Salbuespen gisa, enpresak hala eskatzen eta justifikatzen badu, planean jasotako neurriak aldatu ahal izango dira, betiere aldaketa horiek hasieran onartu zen plana hutsaltzen ez badute; edo enpresak egin beharreko ekarpenak aldatu ahal izango dira; edo plana gauzatzeko ezarritako epeen luzapena eman ahal izango da –luzapen hori ez da izango hasieran ezarritako epearen erdia baino luzeagoa–; era berean, aurrerakinak itzultzeko epeak atzeratu ahal izango dira, betiere emandako arrazoiek hala justifikatuta.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 3a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.