Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2020ko apirilaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1839

AGINDUA, 2020ko martxoaren 25ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Basabide Fundazioaren eraketa.

Ikusi eta aztertu da Basabide Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko otsailaren 18an, Basabide Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea jaso zen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskabideari.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzako Aholku Batzordeak, 2020ko martxoaren 3an, aldeko txostena eman zuen, Fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasun ekonomikoari dagokionez.

Hirugarrena.– 2020ko martxoaren 4an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistrotik errekerimendu bidali zitzaion Fundazioari, espedientera helarazitako dokumentuetako akatsak zuzen zitzan.

Laugarrena.– 2020ko martxoaren 13an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erregistroan Basabide Fundazioaren eratze-eskritura zuzentzeko eskritura publikoa.

Bosgarrena.– Haren estatutuen 4. artikuluaren arabera, hauek dira Basabide Fundazioaren xedeak:

a) Giza eskubideen defentsa, elkartasuna, aniztasuna eta berdintasuna, batez ere pertsona eta kolektibo zaurgarrienekin.

b) Feminismoa, matxismoari eta genero-indarkeriaren adierazpen ugariei kontrajartzeko.

c) Nazioarteko elkartasuna, maila kolektiboan eta banakakoan, azpimarra berezia eginez pertsona migratzaile eta errefuxiatuei.

d) Komunitate-garapena, ekintza sozialaren sustapena eta sareko lana, bereziki zainduz aukera gutxien dituztenak.

e) Ingurumenaren eta amalurraren defentsa, eta tokiko-kontsumoaren eta kontsumo ekologikoaren ereduak.

f) Ekonomia sozialaren sustapena, ondasunak eta zerbitzuak pertsona guztiontzat justua den eran sortu eta trukatzeko.

g) Harreraren inguruko ikerketa zientifikoa, pertsona migratzaile eta errefuxiatuei dagokienez, batez ere.

h) Hizkuntza-aniztasuna eta euskal kultura.

i) Teknologia askeak eta ezagutza irekia, komunitatearen ongizatearen parte diren heinean.

Seigarrena.– Haren estatutuen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, hau da fundazioaren helbidea: Orue 3, Zeanuri. Fundazioak Arratiako bailaran gauzatzen ditu bere jarduerak nagusiki, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainiako estatuan eta atzerrian gauzatzea.

Zazpigarrena.– Fundazioaren hasierako dotazioa hogeita hamalau mila eta berrehun (34.200) eurokoa izan zen, eta Fiare Banca Popolare Etica erakundeko banku-kontuan sartuta ordaindu zen zenbateko hori.

Zortzigarrena.– Estatutuen 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioaren Patronatuak gutxienez 3 kide eta gehienez 20 izango ditu.

Eraketaren eskritura publikoan jasota dagoenez, honako kide hauek osatzen dute lehenengo patronatua:

– Lehendakaria: Olatz Talavera Echeverría andrea.

– Lehendakariordea: María del Mar Garrote Calvo andrea.

– Idazkaria: Juan Carlos González Martín jauna.

– Bokalak:

Alberto Estefanía Hurtado jauna.

Ana Isabel Sanz del Pozo andrea.

Arantza Iruretagoiena Quintanilla andrea.

José Daniel Gutiérrez Porset jauna.

Natividad Ovelleiro Sacristán andrea.

Pedro Ibarra Güell jauna.

Izendatutako pertsona guztiek onartu dituzte haien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan aurreikusitako eraren batean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu baten bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Horretarako legitimatutako pertsona batek sustatu du espediente hau, eta ebazpena emateko oinarrizkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan eskatutakoa, eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Ikusi dira aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerako arau orokorrak. Beraz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Zeanuriko (Bizkaia) Basabide Fundazioaren eraketa –gaurko egunarekin eta F-454 erregistro-zenbakiarekin–, baita patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian daude adierazita. Kideok espresuki onartu dituzte karguak, Juan Ramón Manzano Malaxechevarria Bilboko notarioaren aurrean 2020ko otsailaren 6an egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo-zenbakia: 185). Eskritura publiko hori zuzendu egin zen, notario beraren aurrean, 2020ko martxoaren 10ean egiletsitako eskritura publikoaren bidez (protokolo-zenbakia: 379).

Bigarrrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 25a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala