Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2020ko apirilaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1837

EBAZPENA, 2020ko apirilaren 6koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez indarrik gabe uzten baita 2020ko lehen seihilekoari dagozkion hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen deialdia.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 2020ko urtarrilaren 31ko Ebazpenaren bidez (2020ko otsailaren 13ko EHAA), hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen deialdia egin zen.

Deialdi hori, 2020ko lehen seihilekoari dagokiona, garatzen joan da, eta, gaur egun, dagoeneko bukatu da deialdian parte hartu nahi duten pertsonek eskabideak aurkezteko epea, eta deialdi horretan onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratu da.

Proba idatzia maiatzaren 9an egingo zela iragarri zen, Barakaldoko BECen.

Deialdia argitaratu zenetik, garrantzi bereziko inguruabarrak gertatu dira Covid-19 birusa hedatzearen ondoriozko osasun-larrialdia dela eta. Horren ondorio izan da, lehenengo, lehendakariak bere gain hartzea, martxoaren 13ko 6/2020 Dekretuaren bidez, Euskadiko Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi Babes Zibileko Planean jasotako larrialdiko jardueren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa, eta, bigarren, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma-egoera deklaratzea.

Arau horiek guztiek, eta horiek osatzen eta garatzen dituzten beste arau eta plan guztiek birusaren hedapenari eusteko ezohiko eta premiazko neurriak hartzeko beharra azpimarratzen dute. Neurri horien artean, leku nabarmena hartzen dute urruntze sozialari buruzko neurriek, pertsonak elkartzea eta haien arteko hurbiltasun hutsa dakarten jarduerak saihesten dituztenek.

Pentsatzekoa da, deialdi horren proba idatzia denboran hain hurbil egonik, ekitaldi jendetsuak egitea eragozten edo gomendatzen ez duten neurrien aurrean egongo garela oraindik, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proba horien kasuan bezala.

Horrela, bada, eta pertsonen bizitza eta osasuna zaintzeko beharrari erreparatuta, beharrezkoa da hain data hurbiletan ekitaldi jendetsuak egiteko biderik ez ematea.

2020ko bigarren seihilekoan, IVAPek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko beste deialdi bat egin behar du. Hori dela eta, hurrengo hilabeteetarako lehen seihilekoko deialdiko azterketak atzeratzeak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko helburu bereko bi prozesu ia aldi berean garatzea ekarriko luke.

Egoera hori izanik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 2020ko urtarrilaren 31ko Ebazpenaren bidez onartutako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdia indarrik gabe utzi behar da.

Deialdian jada egindako egintzei ahalik eta baliorik handiena emateko, eta deialdian parte hartu duten pertsonen onurarako, indarrik gabe geratu behar den urteko lehen seihilekoko deialdian parte hartzeko onartutako eskabideak kontuan hartuko dira bigarren seihilekoko deialdian, eta interesdunek ez dituzte berriz aurkeztu beharko, non ez duten adierazten eskabide horien titularrek ezen bigarren seihilekoko deialdian sartu ez dutela nahi. Horregatik guztiagatik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– HAEEren zuzendariaren urtarrilaren 31ko Ebazpenaren bidez onartutako eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2020ko otsailaren 13an argitaratutako 2020ko lehen seihilekoari dagokion hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen deialdia indarrik gabe uztea.

Bigarren artikulua.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko indarrik gabe uzten den deialdian parte hartzeko behin betiko onartu diren eskabideak IVAPen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko bigarren deialdian aurkeztutako eskabide gisa hartuko dira kontuan, baldin eta eskabide horien titularrek aurkakotasunik adierazten ez badute.

AZKEN XEDAPENA

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera. Horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari edo Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuari aurkeztu ahal izango zaio. Gora jotzeko errekurtsoa jarri eta hiru hilabeteko epean ez bada berariazko ebazpenik eman, errekurtsoa ezetsitzat hartuko da eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 6a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.


Azterketa dokumentala