68. zk., 2020ko apirilaren 7a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (814 KB - 19 orri.)
- EPUB (535 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1819
AGINDUA, 2020ko martxoaren 31koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez 2020ko deialdia egiten baita, nekazaritza-produkzio jasangarriko teknikak –Euskadiko Landa Garapeneko 2015-2020 Programan aurreikusiak– erabiliz egiten diren laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako nekazaritza- eta ingurumen-laguntzak emateko.
Ingurumenaren gaineko kezken ondorioetariko bat nekazaritza- eta ingurumen-neurriak eta -konpromisoak hartzeko laguntzak ezartzea izan da, betiere helburutzat hartuta nekazaritako produkzio-metodoak bateragarri egitea bai ingurumena babesteko beharkizunekin, bai baliabide naturalak kontserbatzearekin.
Nekazaritza- eta ingurumen-neurriak konfiguratzen dira nekazaritzako produkzio-metodo jakin batzuk eta nekazaritza konbentzionalean ezohikoak diren jarduketa jakin batzuk sustatzeko laguntza-araubide baten gisa. Metodo eta jarduketa horiek kostu gehigarriak dakartzate, bai eta diru-galerak ere. Beraz, ezartzen diren laguntzak saiatzen dira konpentsatzen ingurumena eta baliabide naturalen kontserbazioa biziki errespetatzen dituzten nekazaritzako produkzio-metodoak eta -neurriak hartzeak dakartzan kosturik handienak eta lortu gabeko irabaziak.
Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programak jasotzen du laborantza estentsiboaren (Arabako Lurralde Historikoko ohiko laborantzak dira) nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko dibertsifikaziorako nekazaritzako eta ingurumeneko dirulaguntza bat.
Neurri horren helburua da baliabide naturalen arrazoizko jasangarritasuna eta aprobetxamendua lortzea. Gainera, horrekin bateragarriak diren beste helburu batzuk ere baditu, ingurua babestearen ingurukoak, nekazarien errentei eutsiz eta haiek hobetuz, laborantza horiek teknikoki ordenatzean. Ildo horretatik, aipatu beharra dago neurri horrek indartuko dituela produkzio-jardueren dibertsifikazioa, laborantzen errotazioak eta Arabak laborantza horietarako dituen aldeko baldintza fitosanitarioen aprobetxamendua.
Halaber, neurri hori da Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen duen otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuaren eranskinean eta aplikazio-eremuan jasotako neurrietako bat. Ildo horretatik, 13.1 artikuluan xedatzen denez, «dekretu honetan aurreikusitako neurri, azpineurri edo eragiketen laguntza bakoitzaren deialdia eta kudeaketa egokituko zaio bakoitzarentzat erabakitzen den organo kudeatzaileari, kofinantzaketan edo finantzaketa gehigarrian duen partaidetzaren arabera, dekretu honen 4. artikuluan eta eranskinean xedatutakoarekin bat etorriz».
Konstituzioaren 148.1.7 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.9 artikuluan ezarritakoarekin bat, nekazaritzako eta abeltzaintzako eskumen guztiak Autonomia Erkidegoari dagozkio, ekonomiaren antolakuntza orokorraren arabera, eta hori kontuan izanda eman da agindu hau.
Agindu hau egiteko garaian, Arabako Foru Aldundiari aholkua eskatu zaio. Horiek horrela, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da 2020ko deialdia egitea, nekazaritza-produkzio jasangarriko teknikak –Euskadiko Landa Garapeneko 2015-2020 Programan aurreikusiak– erabiliz egiten diren laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako nekazaritza- eta ingurumen-laguntzak emateko.
2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eman, kudeatu eta ordaintzeko orduan, nekazaritzako eta ingurumeneko laguntza-mota horiek erregulatzen dituzten arauei jarraituko zaie, bereziki honako hauei: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezko landa-garapenerako dirulaguntzaren ingurukoa; 2014ko uztailaren 17ko Batzordearen 808/2014 (EB) Erregelamendu Betearazlea, aipatutako erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena; 2014ko martxoaren 11ko Batzordearen 807/2014 (EB) Erregelamendu Ordezkatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena, eta otsailaren 14ko 43/2017 Dekretua, Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen duena.
2. artikulua.– Pertsona onuradunek bete beharreko baldintzak.
1.– Dirulaguntza horiek jaso ahal izango dituzte nekazaritza-ustiategien titular diren pertsona fisikoek edo juridikoek, edo legez osatutako nekazarien taldeek, baldin eta honako baldintza orokor hauek betetzen badituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan izatea lursailak; dagozkien erregistro ofizialean inskribatuta egon behar dute lursailek.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ordainduta izatea, bai eta dirulaguntzen itzulketak ere.
c) Honako laborantza-talde hauetako bateko ekoizleak izatea:
– 1. taldea. Udako laborantza ureztatuko ale-lekaleak, gizakiek kontsumitzekoak.
– 2. taldea. Udako laborantza ureztatuko baratze estentsiboak.
– 3. taldea. Hazitarako patata eta gizakiek kontsumitzeko patata.
– 4. taldea. Azukre-erremolatxa.
d) Ustiategian, laborantza estentsiborako 2 ha-ko azalera gutxienez izatea, aurreko paragrafoan aurreikusitako laborantza multzoari dagokionez. Ha 1 baino gutxiagoko laborantza multzo batek ezin du dirulaguntza eskatu.
e) Laborantza bat baino gehiagoko lursailek ereintza erregularrak eta homogeneoak izatea.
f) Agindu honetan aurreikusitako laborantza estentsiboen ereindako lursailak aitortzea «Eskabide bakarra» atalean; atal hori aurreikusita dago Euskal Autonomia Erkidegoan hauek garatu eta aplikatzeko otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuan: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak.
g) Eskatzailea ez egotea zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoarekin.
2.– Halaber, ezingo dira laguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. ataletan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak; egoera horiek aipatutako lege horren 13. artikuluaren 4., 5. eta 6. apartatuetan xedatutakoaren arabera egiaztatuko dira.
3. artikulua.– Onuradunen nekazaritza- eta ingurumen-konpromisoak.
1.– Laguntza hauen onuradun izan ahal izateko, nekazaritza-ustiategien titularrak, aurreko artikuluan aurreikusitako baldintza orokorrak betetzeaz gain, konprometitu beharko dira nekazaritza- eta ingurumen-konpromisoak eta -teknikak gutxienez 5 urtez aplikatzera, agindu honen I. eranskinean jasotakoekin bat.
2.– Laguntzaren hasierako eskabidean, laguntza hauetara atxikitzen den azpi-neurriaren konpromisoak sinatuko ditu eskatzaileak. Bost urteko iraupena izango dute konpromiso horiek, eta nekazaritza eta ingurumeneko kontratutzat hartuko da ondore guztietarako. Hitzartutako denboraldia bukatuta, baldin eta araudiak eta aurrekontuak onartzen badute, laguntzaren urtebeteko luzapena eskatu ahal izango da.
Hartutako konpromisoek uneko programazio-aldia gainditzen badute, onuradunak programazio-aldi berriko esparru juridikora egokitzea onartu edo baztertu beharko du, eta egokitzapen hori onartzen ez badu, konpromisoa amaitutzat joko da inolako zigorrik gabe.
3.– Hurrengo urteetan, nekazaritza- eta ingurumen-kontratua indarrean dagoen bitartean, hitzartutako azpi-neurriaren prima ordaintzeko eskabidea egin beharko du urtero.
4. artikulua.– Konpromisoen bihurketa edo adaptazioa.
Nekazaritza- eta ingurumen-konpromisoen bihurketa edo adaptazioa baimendu ahal izango da indarrean dauden aldian, baldintza hauek betetzen badituzte:
– Ingurumenarentzat onura handi bat den bihurketa.
– Indarrean dagoen konpromisoa nabarmen finkatzen bada.
– Jatorrizko konpromisoaren helburuen lorpena aintzat hartuta behar bezala justifikatuta dagoenean adaptazioa.
5. artikulua.– Konpromisoetatik salbuesteko ezinbesteko arrazoiak.
1.– Kasu hauetan aitortuko da laguntzak jasotzeko hartutako konpromisoak ez betetzeko ezinbesteko arrazoiak edo salbuespenezko inguruabarrak daudela:
a) Onuradunaren heriotza.
b) Onuradunaren lanbide-ezintasun luzea.
c) Ustiapen-lurrak gogor kaltetu dituen hondamendi natural larria.
d) Ustiategiko eraikinak istripuz suntsitzea.
e) Laborantzen parte bati edo osoari eragiten dion landare-gaixotasuna.
f) Ustiategi osoa edo haren zati garrantzitsu bat desjabetzea, baldin eta desjabetze hori aurreikusita ez bazegoen konpromisoa sinatu zen egunean.
2.– Inguruabar horiek idatziz jakinarazi beharko zaizkio Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza edo Abeltzaintza Zuzendaritzari edo Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari, dagozkion probekin batera; horiek jakinarazteko, onuradunak edo haren eskubidedunak 10 egun balioduneko epea izango du jakinarazpena egin dezakeen egunetik aurrera.
3.– Inguruabar horiek gertatzean, ez da administrazio-penalizaziorik ezarriko, eta urte anitzeko konpromisoen edo ordainketen kasuan, ez da eskatuko aurreko urteetan jasotako laguntza itzultzerik.
6. artikulua.– Ustiaketak eskualdatzea.
1.– Nekazaritza- eta ingurumen-kontratua indarrean den artean, ustiategiaren titulartasuna osorik edo partez aldatzen bada, onuradunak berehala jakinarazi beharko dio haren berri Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari.
2.– Baldin eta, konpromiso-aldian, onuradunak beste pertsona bati osorik edo partez eskualdatzen badio bere ustiategia, azken horrek konpromisoarekin jarraitu ahal izango du berau betetzeko gelditzen den denboran edo konpromiso hori iraungi egin daiteke, konpromisoa eraginkorra izan zen aldian inolako itzulketarik egin gabe.
7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Agindu honen I. eranskinaren 2. eta 3. artikuluetan ezarritako eskakizunak eta konpromisoak betetzen dituztenek, 2.1.c) artikuluan aurreikusitako laborantzei dagokienez, eskubidea izango dute eragiketa honen ondoriozko zenbatekoari dagokion laguntza jasotzeko: nekazaritza- eta ingurumen-metodoekin landutako aitortutako azalera bider banakako zenbatekoa.
2.– Hauek dira dirulaguntzaren unitate-zenbatekoak:
a) Nahitaezko konpromisoak:
– 1. taldea: 240 euro hektarea bakoitzeko.
– 2. taldea: 430 euro hektarea bakoitzeko.
– 3. taldea: 450 euro hektarea bakoitzeko.
– 4. taldea: 450 euro hektarea bakoitzeko.
b) Konpromiso gehigarriak:
– 1. gehigarria: 100 euro hektarea bakoitzeko.
– 2. gehigarria: 150 euro hektarea bakoitzeko.
– 3. gehigarria: 50 euro hektarea bakoitzeko.
Edonola ere, hektarea bakoitzeko gehieneko laguntza 600 euro izango da.
3.– Era berean, neurri horiek aurreikusten diren laguntzak jasotzeko, gutxienez 300 euroko laguntzak lortu behar dira, bakoitzaren xedapenei jarraikiz.
8. artikulua.– Finantzaketa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretako aurrekontu-kredituak izango dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzei zuzendutako baliabide ekonomikoen jatorria, eta RDPren xedeetarako finantzaketa osagarri bezala izango dira.
2.– 1.250.000,00 euro da agindu honi jarraikiz 2020ko ekitaldian zehar eman beharreko dirulaguntzen gehieneko bolumena.
3.– Ebazpen honetan aurreikusitako zenbatekoa aldatu egin daiteke, eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailaren aurrekontu-erabilgarritasunaren arabera, laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Horren berri Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.
9. artikulua.– Funtsak agortzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, eskabide horiei legozkiokeen zenbatekoa kalkulatuko da aurreko artikuluan ezarritako kopuruen gehieneko zenbatekoa aintzat hartuta.
2.– Deialdi honetako diru-zuzkidura aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera hasieran kalkulatutako zenbatekoei erantzuteko adinakoa bada, laguntzak zenbateko horren arabera emango dira.
3.– Kontrako kasuan, honako baremo honen arabera puntuaziorik handienak lortu dituzten eskabideei emango zaizkie dirulaguntzak:
a) Natura 2000 Sareko eremuetan azalerak dituzten udalerrietan dauden ustiategiak, 15 puntu.
b) Belardia ez den laborantza bakar batek SAUaren % 80 baino gehiago osatzen duen udalerri batean kokatutako ustiategiak, 15 puntu.
c) Mugaketa naturalak edo bestelako mugaketa espezifikoak dituzten udalerrietan kokatutako ustiategiak, 15 puntu.
– Mendi-eremuak, 15 puntu.
– Kaltetutako eremuak, 10 puntu.
– Beste eremu batzuk, 5 puntu.
Puntu-kopuru bera izatekotan, Natura 2000n eskatutako proiektuei emango zaie lehentasuna.
10. artikulua.– Dirulaguntzak, eskabideak eta dokumentazioa kudeatzea.
1.– Nekazaritza edo Abeltzaintza Zuzendaritzari eta Arabako Foru Aldundiari dagokie agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila) Arabako Foru Aldundiari (Nekazaritza Saila) kudeaketa-gomendiotan emateko den 2016ko azaroaren 25eko Hitzarmenaren arabera eta han ezarritako baldintzetan, hain zuzen, Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan aurreikusitako nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako nekazaritza- eta ingurumen-laguntzak kudeatzeko.
2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak barne hartuko dira abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren III. tituluaren II. kapituluan ezarritako «eskabide bakarra» atalean eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuaren 34. artikuluan (20/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek garatu eta aplikatzekoa: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak). Eskabide bakarrean dagozkien laukitxoak markatu eta gero, agindu honen II. eranskinean aurreikusitako berariazko eskabide-eredua beteko da.
Edonola ere, aintzat hartuko dira helburu horrekin 2020ko otsailaren 1etik aurrera aurkeztu diren eskabideak, eta baliotasuna emango zaie, aurreko paragrafoan aipatutako «eskabide bakarra» aurkezteko epea amaitu arte.
3.– Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, baldintzak betetzeari eta haiek egiaztatzeko kontrolei baiezkoa emateari buruzkoa.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, hau guztia adierazteko: eskabidean jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana; dirulaguntzak itzultzeko ordainketak ordainduta izatea; ez egotea itzultzeko prozedura baten edo zigortzeko prozedura baten eraginpean, edo akreditatzea prozedura hori amaiturik dela; akreditatzea pertsona edo erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio- edo zigor-arloko zigorrik edo hartarako desgaitzen duen legezko debekurik, eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ordainduta daudela akreditatzeari dagokionez, dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango du organo kudeatzaileak egoera horien akreditazioa zuzenenean jaso dezan, ziurtagiri telematiko bidez. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, halakorik eginez gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
11. artikulua.– Izapidetzea.
1.– Arabako Foru Aldundiak akatsen bat edo zehaztasunik eza aurkitzen badu eskabideetan, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hark 10 eguneko epea izango du hori konpontzeko. Horretarako epea igarota, adierazitako akatsa zuzendu ez badu, aurretik egindako eskabidea ukatzeko ebazpen bat emango da.
2.– Dirulaguntza hori eskatzen dutenek fakturak, garraio-agiriak edo hartutako konpromisoekin lotutako bestelako dokumentazioa gorde eta Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza edo Abeltzaintza Zuzendaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren eskura jarri beharko dute.
3.– Beharrezko kontrolak eta egiaztatzeak egin eta gero eta aurreko artikuluan eskatutako dokumentazioa jaso eta gero, laguntza-kudeaketako erakunde laguntzaileak banakako txosten tekniko bat egingo du esku hartu den laguntza-espedienteen gainean. Txosten hori ikusirik eta beharrezko iritzitako egiaztatzeak egin eta gero, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpen bat emango du hilabeteko epean, txostena jasotzen denetik aurrera.
4.– Artikulu honetan ezarritako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskabideak ukatutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.– Laguntzaren egiaztatze eta kontrol guztiak egin eta gero ordainduko dira laguntzak, eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuaren 29.4 artikuluaren arabera eta bertan aurreikusitako epeetan.
6.– Laguntzei buruzko ebazpena interesdunei banan-banan jakinarazi behar bazaie ere, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez, nekazaritzaren arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da agindu honen babespean esleitutako dirulaguntzak eskuratu dituztenen zerrenda, esleitutako zenbatekoak adierazita, Europako Erkidegoko erregelamenduan horren inguruan xedatutakoarekin bat.
12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek dituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan aurreikusitakoak; eta, edonola ere, honako hauek:
a) Dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran izatea edo jarduera egitea, eta dirulaguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea dirulaguntza emateko betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera burutu dela.
b) Baliteke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Europar Batasuneko organo eskudunek informaziorik eskatzea agindu honen kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta, eta, beraz, informazio hori eman egin beharko zaie, eta horrez gain, egiaztatze-jarduerei –administratiboak eta bertatik bertarakoak– men egin.
c) Dirulaguntza ematen duen erakundeari jakinaraztea bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta dirulaguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektiboetan edo subjektiboetan izandako aldaketak ere.
d) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, pentsatuko da dirulaguntza onartu egin duela.
e) Emakumeenganako eta gizonenganako tratua berdina izatea esparru guztietan, kanpokoetan zein barrukoetan.
2.– Pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek eskubidea izango dute, agindu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko idatzizko zein ahozko harremanetan, euskara eta gaztelania erabiltzeko eta aukeratzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko. Eskubide hori bermatuko zaie.
13. artikulua.– Deklaratutako azaleraren eta egiaztatutako azaleraren arteko aldearen ondoriozko erredukzioak eta penalizazioak.
1.– Ez-betetzeak aurkitzen badira egindako kontroletan, indarreko legerian ezarritako erredukzio, penalizazio eta itzultze hauek aplikatuko dira:
a) Egiaztatzen bada egiaztatutako azalera handiagoa dela eskabidean deklaratutakoa baino, deklaratutako azalera hartuko da aintzat laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko.
b) Egiaztatzen bada deklaratutako azalera egiaztatutakoa baino handiagoa dela, gaindeklaraziotzat joko da. Kasu honetan, kontrolean egiazki egiaztatutako azaleraren gainean kalkulatuko da laguntza. Egiaztatzen den gaindeklarazioaren portzentajearen arabera egingo dira erredukzioak eta penalizazioak. Gaindeklarazioaren portzentajea formula hau erabilita kalkulatuko da:
(Ikus .PDF)
c) Baldin eta 0,1 hektarea edo txikiagoa bada deklaratutako azalera osoaren eta neurri baterako ordainketa-eskabidean egiaztatutako azalera osoaren arteko aldea, egiaztatutako azalera deklaratutakoaren pareko joko da. Baldintza hori ez da aplikatuko baldin eta azalera osoaren % 20 baino handiagoa bada diferentzia.
d) Deklaratutako azaleraren eta egiaztatutako azaleraren arteko aldea % 3 edo bi hektarea baino handiagoa baina egiaztatutako azaleraren % 20 edo txikiagoa bada, egiaztatutako azaleraren oinarriaren gainean kalkulatuko da laguntza, egiaztatutako aldearen bikoitza txikituta.
e) Aldea egiaztatutako azaleraren % 20 baino handiagoa bada, ez da azaleragatiko inongo laguntzarik emango.
f) Baldin eta aldea % 50 baino handiagoa bada, ez da azaleragatiko inongo laguntzarik emango. Gainera, onuradunak penalizazio gehigarri bat jasoko du, deklaratutako azaleraren eta egiaztatutako azaleraren arteko aldeari dagokion laguntzaren zenbatekoaren parekoa. Aurtengo urtean edo irregulartasuna atzematen den urtearen ondorengo hiru urteetan onuradunak aurkezten dituen eskabideengatik eskubidez legozkiokeen 1305/2013 (EB) Erregelamenduan edo 1307/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitako laguntza-neurrien kargura emandako ordainketetatik kenduko dira penalizazio horien ondoriozko zenbatekoak. Zenbatekoa ezin bada osorik kendu ordainketa horietatik, gainerako saldoa ezereztuko da.
2.– Nekazaritza-lursail guztien azalerei dagokienez azaleren laguntza-neurrien deklarazio osatu gabea egiteagatik aurreikusitako penalizazioak kalkulatzeko, eskabide bakarrean deklaratutako azalera globalari kendu egingo zaio deklaratutako azalera global horri deklaratu ez diren nekazaritza-lursailen azalera globala gehituta ateratzen den azalera, eta alde hori hartuko da aintzat.
Alde hori deklaratutako azalera osoaren % 3 baino handiagoa bada, neurri hauen arabera gutxituko da laguntza-neurrien zenbateko osoa:
a) Ehunekoa % 3 baino handiagoa baina % 25 edo txikiagoa bada, % 1eko murrizketa aplikatuko da.
b) Ehunekoa % 25 baino handiagoa baina % 50 edo txikiagoa bada, % 2ko murrizketa aplikatuko da.
c) Ehunekoa % 50 baino handiagoa bada, % 3ko murrizketa aplikatuko da.
3.– Ezarritako penalizazioak ez zaizkie aplikatuko onuradunak eskabidea okerra dela edo aurkeztu eta gero oker bilakatu dela agintaritza eskudunari idatziz jakitera ematen dizkion laguntza- edo ordainketa-eskabideen alderdiei, betiere onuradunari ez bazaio agintaritza eskudunak lekuan bertan kontrol bat egiteko duen asmoaren berri eman, eta agintaritza horrek ez badio jada laguntza- edo ordainketa-eskabidean ez-betetzeak daudela adierazi.
4.– Era berean, deialdi bakoitzean finkatutako mugaegunaren ondoren laguntza-eskaera bat aurkeztuz gero, eskabideak ezarritako epean aurkeztuz gero onuradunak eskubidea izango lukeen zenbatekoan egun baliodun bakoitzeko ehuneko 1eko murrizketa gertatuko da. Atzerapena hogeita bost egun natural baino gehiagokoa bada, eskaera onartezintzat joko da, eta ez zaio laguntzarik emango eskatzaileari.
14. artikulua.– Baldintzak ez betetzeagatiko erredukzioak eta penalizazioak.
Baldintzak betetzen ez badira, zehaztutako ehunekoan gutxituko dira laguntzen zenbatekoak, bi dekretu hauetan xedatutakoarekin bat: abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretua (1075/2014 Errege Dekretua, zuzeneko ordainketak, landa-garapeneko zenbait urte-sari edo mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko zenbait programetako laguntzak jasotzen dituzten onuradunek bete behar dituzten baldintza-arauak ezartzekoa) eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretua (20/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek garatu eta aplikatzekoa: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak). Murrizketa ezin bada ordainketa baino lehen zehaztu, geroko ordainketetan berreskuratu edo konpentsatu ahal izango da onuradunak ordaindu beharreko zenbatekoa. Azken kasu horretan, sortutako interesak ez dira aintzat hartuko.
15. artikulua.– Onarpen-irizpideak eta bestelako konpromisoak edo betebeharrak ez betetzeagatiko erredukzioak eta penalizazioak.
1.– Ez-betetze orok ekarriko ditu murrizketak edo ukatzeak laguntzaren lerroan. Ez-betetzearen proportzionaltasuna hartuko da aintzat azalera jakin bati soilik eragiten dion zehazteko, eta, kasu horretan, ustiapenaren parte horri aplikatuko zaio murrizketa. Hala ez bada, ustiapen osoari eragingo dio.
2.– Eskatutako laguntza osorik ukatuko da, baldin eta onarpen-irizpideak ez badira ustiapen osoan betetzen.
3.– Jarraian zehazten den bezala gutxituko edo ukatuko da eskatutako laguntza, baldin eta betebeharrak edo I. eranskinean tipifikatutako konpromisoak betetzen ez badira. Laguntza ehuneko zenbat gutxituko den zehazteko, ez-betetzearen larritasuna, norainokoa, iraupena eta errepikapena hartuko dira aintzat:
– Oinarrizko lerroa ez betetzea: laguntza ukatzea.
– Konpromiso baztertzailea ez betetzea: laguntza ukatzea.
– Oinarrizko konpromisoa ez betetzea: % 50eko murrizketa laguntzan. Oinarrizko konpromiso bat berriz hausten bada konpromiso-aldian, laguntza ukatuko da.
– Konpromiso nagusia ez betetzea: % 20ko murrizketa laguntzan. Ez-betetzeak behin eta berriz gertatzen badira, % 40ko murrizketa aplikatuko da konpromiso bera bigarren urtez betetzen ez denetik aurrera.
– Bigarren mailako konpromisoa ez betetzea: % 5eko murrizketa laguntzan. Ez-betetzeak behin eta berriz gertatzen badira, % 10eko murrizketa aplikatuko da konpromiso bera bigarren urtez betetzen ez denetik aurrera.
4.– Hauek izango dira konpromiso-aldian hitzartutako azalerari ez eusteagatik aplikatzeko murrizketak:
(Ikus .PDF)
Edonola ere, hitzartutako gehieneko azalerari ez bazaio eusten behin baino gehiagotan, ez dira itzuli beharko aurreko urteetan jasotako zenbatekoak.
5.– Konpromisoen ez-betetze bat baino gehiago gertatzen bada, haietako bakoitzari aplika dakizkiokeen murrizketak gehituko dira.
6.– Onarpen-eskakizunak, oinarrizko linea ez betetzeak edo ordainketa-eskabidea ukatzea eragiten duten nekazaritza- eta ingurumen-konpromisoak ez betetzeak eta laguntza ordaintzeko eskabidea ez aurkezteak ekarriko dute Euskadiko Ogasun Nagusiari itzuli beharra gaur egun arte jasotako zenbatekoak eta horiei aplikatzekoak diren legezko interesak, baldin eta, konpromiso-aldiaren bi kanpainetan, egoera horietakoren bat gertatzen bada, betiere.
16. artikulua.– Berariazko ez-betetzeak.
Berariazko ez-betetzetzat izango dira agerian uzten dutenak onuradunak, neurri horren helburuen aurkako abantaila bat lortzeko, artifizialki sortu dituela laguntza emateko eskatutako baldintzak. Kasu horietan, eskubidez legokiokeen laguntzatik kanpo geldituko da onuraduna, eta aurreko ekitaldietan jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko ditu konpromiso-aldi honetan.
17. artikulua.– Murrizketa-, penalizazio- eta ukatze-agindua.
Ez-betetzeek murrizketen, penalizazioen eta ukatzeen pilaketa badakarte, horiek gradualki aplikatuko dira aurreko zenbatekotik abiatuta eta ordena honen arabera:
– Gaindeklarazioagatiko erredukzioak eta penalizazioak.
– Onarpen-irizpideak eta bestelako konpromisoak edo betebeharrak ez betetzeagatiko ukatzeak.
– Eskabidea epez kanpo aurkezteagatiko murrizketak.
– Ustiapenaren azalera osoa ez aitortzeagatiko murrizketak.
– Konpromisoak ez betetzeagatiko murrizketak.
– Baldintzak ez betetzeagatiko erredukzioak.
18. artikulua.– Baldintzak aldatzea, ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Laguntzak emateko eta ordaintzeko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatzen badira, eta, hala bada, beste dirulaguntza batzuk jasota gehieneko zenbatekoa gainditzen bada, eragin dezake dirulaguntzak emateko ebazpena aldatzea, baldin eta dirulaguntzako arauan horren onuradun izateko ezarri diren gutxieneko betekizunak errespetatzen badira. Esandakoaren ondorioetarako, organo kudeatzaile eskudunak aldaketa-ebazpena emango du, eta, haren bitartez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.
2.– Onuradunek ez badituzte betetzen agindu honetan ezarritako betekizunak, edo, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako kasuak gertatzen badira, jasotako dirua osorik edo partez itzuli beharko dute, dagozkien berandutze-interesekin batera. Hori guztia, xedapen hauetan xedatuarekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 31.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
NEKAZARITZA-PRODUKZIO JASANGARRIKO TEKNIKEN BIDEZKO LABORANTZA ESTENTSIBOAREN DIBERTSIFIKAZIORAKO NEKAZARITZA- ETA INGURUMEN-BALDINTZAK
1.– Nahitaezko baldintzak.
a) Hitzartutako ereintza-azalera osoari eustea.
Hitzartutako azalera % 20 gehienez handitu ahal izango da urtero. Aurrekonturik badago ordainduko dira azalera horren urteko gehikuntzak.
Konpromiso-aldi guztian, laborantzen errotazioetarako nekazaritzaren ikuspegitik, eta, ondorioz, ingurumenaren ikuspegitik, beharrezko diren fluktuazioei egokitzeko hitzartutako gehieneko azalerarekiko gehienez % 20 gutxitzea baimenduko da.
b) Formakuntza jardunaldi batera bertaratzea urtean behin, konpromiso-aldiak iraun bitartean (Konpromiso nagusia). Prestakuntza-ikastaroen edukia, neurrian jasotako konpromisoekin bat etorriko da.
c) Ustiapen-koadernoa eguneratua izatea, fitosanitarioen, ongarritzeen eta ureztaketen arloan jasotako aholkularitza teknikoaren arabera (Konpromiso nagusia)
d) Zuzendaritza teknikoa (Konpromiso baztertzailea)
– Teknikari arduradun baten zerbitzuak ukan behar ditu ustiapenak. Haren funtzioak izango dira laborantzen garapena aholkatu, zuzendu eta kontrolatzea ingurumen-jasangarritasuneko irizpideen arabera. Nekazariak, berriz, teknikariaren adierazpenak inplementatzeko konpromisoa hartu beharko du.
e) Zorua desinfektatzea (Konpromiso baztertzailea).
– Debekatuta dago tratamendu kimikoak erabiltzea zorua desinfektatzeko, teknikoki justifikatutako ezohiko kasuetan izan ezik.
f) Ongarriketa:
– Zoruaren azterketa fisiko eta kimikoa erabiliko da makroelikagaien beharra kalkulatzeko oinarri gisa, nitrogenorako izan ezik. Zoruaren azterketa fisiko eta kimikoa egiteko lau urteko aldizkakotasuna ezartzen da (Oinarrizko konpromisoa)
– Araztegietako lohiz eratutako materialak ezin dira erabili (Konpromiso baztertzailea lursailari dagokionez)
– Hiri-hondakin solidoak ezin dira zuzenean erabili (Konpromiso baztertzailea lursailari dagokionez)
– 2. 3. eta 4. taldeetako laborantzentzat, 180 UFN/ha-koa izango da ekarpen nitrogenatu guztien gehieneko zenbatekoa gune ez-kalteberetan, eta 55 UFN/ha-koa, gune kalteberetan (Oinarrizko konpromisoa)
g) Ureztatzea (Oinarrizko konpromisoa)
– Ureztatzeko uraren kalitatea aztertzeko ezaugarriak ukan behar dira, horren erabilerari buruzko erabaki bat hartzeko.
– Ureztatzeko uraren azterketa fisiko eta kimiko bat ukan behar da, eta, gutxienez, bi urtean behin egin behar da baimendutako laborategi batean. Lur azpiko ur-bilketa propioen kasuan, aldizkakotasun handiagoa justifikatu ahal izango da, 5 urtetik gorakoa ez bada, betiere.
– Ur-erabileraren eraginkortasun handia eta ur-baliabideen optimizazioa bermatzen duten ureztatze-teknikak erabili behar dira, ur-galerak saihesteko. Horretarako, hauek egingo dira gutxienez:
• Ureztatze-instalazioak behin berrikustea konpromiso-aldian.
• Hitzartutako ustiapen-lursailen baldintzei egokitutako ur-balantze bat edukitzea.
• Ureztatzeak eta ur-balantzea idaztea landa-koadernoan.
h) Aurreko laborantzak eta errotazioak (Konpromiso baztertzailea lursailari dagokionez, bigarren mailakoa ustiapenari dagokionez)
– Laborantza-errotazioa hiru urtean behin. Dirulaguntza hauetara atxikitzen diren laborantza guztiei aplikatuko zaie nahitaez, eta uneren batean dirulaguntza hauetara atxikitzen diren lursail guztietan betetzen dela kontrolatuko da.
i) Berdean lurperatzeko laborantza (Konpromiso baztertzailea)
– Laborantza onargarriak: lekadunak edo kruziferoak.
– Lurperatu beharreko azalera: kontratatutako gehieneko azalera. Laborantzak azaleraren % 75 estali behar du azalera onar dadin.
– Finkak: ustiategiko edozein. Ezin da berdean lurperatu aurretik lekadunak edo kruziferoak dituzten lursailetan.
– Egunak: ereintza edozein unetan egin daiteke. Jakinarazi lurperatu aurretik (zazpi egun baliodun gutxienez).
j) Laborantza-hondakinak lurperatzea (Konpromiso baztertzailea)
– Zoruan hostoak eta uzta-hondakinak gehitzea, eta artzaintza edo lursaila ken dadila saihestea.
2.– Konpromiso gehigarriak.
Aurreko konpromisoez gain, nekazariek honako konpromiso gehigarri hauek sinatu ahal izango dituzte:
1. gehigarria:
Azukre-erremolatxaren sustraiko lurraren gehiengoa kentzen duen makina espezifikoen kargaren erabilera (Konpromiso nagusia)
Hitzartutako azaleran egin beharko da. Garbiketa egiten duten karga-sistemak eta garbiketa-sistema mekanikoa duten bilketa-sistemak bananduak izango dira.
Hitzartutako lursailetan bildutako erremolatxen % 80 gutxienez kargatuko da kanpaina bakoitzean.
2. gehigarria:
Laborantza-errotazioa urtebetez luzatzea (Konpromiso baztertzailea lursailari dagokionez, bigarren mailakoa ustiapenari dagokionez). Konpromiso gehigarri hau 1. taldeari ezin zaio aplikatu.
Laborantza-errotazioa urtebetez luzatzea (3 urtetik 4ra). Dirulaguntza hauetara atxikitzen diren laborantza guztiei aplikatuko zaie nahitaez (indaba-alekoari izan ezik), eta uneren batean dirulaguntza hauetara atxikitzen diren lursail guztietan betetzen dela kontrolatuko da, onuraduna alde batera utzita.
3. gehigarria:
Berdean lurperatzeko laborantzaren nahitaezko konpromisoa handitzea, konprometitutako azaleraren % 25.