Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2020ko apirilaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1795

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 21ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita honako proiektu honi buruz: Suez Rr Iws Ibérica SLUk Goiain industrialdean (Legutio-Araba) sustatzen duen hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso, sailkatu eta multzokatzeko jardueran desortzio termiko bidez lohi hidrokarburodunak balorizatzera bideratutako prozesua txertatzeko eta aldi baterako biltegiratzeko proiektua.

AURREKARIAK

Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez, Sita Spe IbéricaSLUri ingurumen-baimen bateratua eman zitzaion Legutioko udalerrian (Araba) hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso, sailkatu eta multzokatzeko eta aldi baterako biltegiratzeko jarduerarako.

Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko azaroaren 24ko Ebazpenaren bidez zuzendu ziren instalazioari ingurumen-baimen bateratua ematen dion 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren akatsak.

2016ko martxoaren 21ean, Ingurumeneko sailburuordeak Sita Spe IbéricaSLUri jakinarazi zion isurketa-mugen aldaketa ez zela aldaketa funtsezkoa, eta isurketa-mugaren balio berriak adierazi zituen.

2018ko azaroaren 7an, Sita Spe IbéricaSLU ingurumen-baimen bateratuaren titular den sozietatearen izena aldatu zela jakinarazi zuen, eta aurrerantzean Suez Rr Iws Ibérica SLU izena izango zuela.

2018ko azaroaren 22an, Suez Rr Iws Ibérica SLUk ingurumen-baimen bateratuaren funtsezko aldaketa egiteko eskabidea osatu zuen, aldez aurretik, Legutioko (Araba) instalazioetan desortzio-termiko bidez lohi hidrokarburodunak balorizatzera bideratutako prozesua txertatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin ostean, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, ingurumen-baimen bateratuaren funtsezko aldaketa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko.

– Laburpen ez-teknikoa.

Aurkeztutako dokumentazioaren nahikotasuna egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2019ko urtarrilaren 28ko Ebazpenaren bidez, Suez Rr Iws Ibérica SLUk sustatutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri ziren 30 laneguneko epean, egoki irizten ziren alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hura, 2019ko otsailaren 6an. Era berean, espedientearen oinarrizko dokumentazioa herritarren eskura ere egon zen, epe horretan bertan Legutioko Udaletxean eta Ingurumen Sailburuordetzan. Jendaurrean jartzeko izapidea amaiturik, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zion, 2019ko apirilaren 9an, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Natura Ingurunearen Zuzendaritzari (guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak), Araba Garapen Agentziari, Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritzari eta Ingurumen Zuzendaritzari (biak Arabako Foru Aldundikoak), Ihoberi, Legutioko Udalari eta Arabako Ekologistak Martxan elkarteari. Emaitza txostenean jaso da.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan xedatuta dagoena aplikatzeko, Ingurumen Sailburuordetzak sustatzaileari jendaurrean jartzeko izapidearen eta administrazio ukituei eta pertsona interesdunei kontsultatzeko izapidearen emaitza igorri zion, 2019ko ekainaren 5ean.

2019ko ekainaren 24an, sustatzaileak argibide gehigarriak aurkeztu zituen, inplikatutako administrazio publikoei eta interesdunei eskainitako entzunaldi-izapidean jasotako txostenen edukia ikusita, eta horren berri eman zitzaien zegokien erakundeei.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen duenaren arabera, ingurumen-baimen bateratua behar da haren 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozeinetan aritzen diren instalazioak ustiatzeko.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, funtsezko aldaketa da Suez Rr Iws Ibérica SLUk sustatzen duen Legutioko (Araba) instalazioetan desortzio-termiko bidez lohi hidrokarburodunak balorizatzera bideratutako prozesua txertatzeko proiektua.

Era berean, Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1 artikuluan xedatua aplikatzeko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie I. eranskinean edo II. eranskinean zehaztutako proiektu baten ezaugarrien aldaketa orori, aldaketa horrek, bere kabuz, I. eranskinean ezarritako atalaseak betetzen baditu. Hizpide dugun proiektuan, aldaketari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaio, proiektu baimendu baten aldaketa delako, eta, bere kabuz, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen I. eranskinean ezarritako atalaseak gainditzen dituelako. (IB. eranskineko 4.2 epigrafea): «Hondakin arriskutsuak balorizatzeko industria-instalazio finkoak, olio erabilien kudeaketa barne, egunean 10 tona baino gehiagorako gaitasuna badute».

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen Ebaluazioko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak, organo substantibo gisa, beharrezkoa dena xedatu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko proiektu honi: Suez Rr Iws Ibérica SLUren instalazioak aldatzea, desortzio termiko bidez lohi hidrokarburodunak balorizatzera bideratutako prozesua txertatzeko Legutioko (Araba) instalazioetan. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa erantsi dio espedienteari, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.

Hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea proiektu honi buruz: Suez Rr Iws Ibérica SLUk Goiain industrialdean (Legutio-Araba) sustatzen duen hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso, sailkatu eta multzokatzeko jardueran desortzio termiko bidez lohi hidrokarburodunak balorizatzera bideratutako prozesua txertatzeko eta aldi baterako biltegiratzeko proiektua.

Jarduera Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren IB. eranskineko talde honetan dago: «Hondakin arriskutsuak balorizatzeko industria-instalazio finkoak, olio erabilien kudeaketa barne, egunean 10 tona baino gehiagorako gaitasuna badute».

Suez Rr Iws Ibérica SLUk hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen kudeaketa-eragiketak egiten ditu.

Suez Rr Iws Ibérica SLUren instalazioak Goiain industrialdean daude, Legutio udalerrian. 20.495 m2-ko lurzatia da, eta horietatik 4.652 m2 eraikita daude. Lurzorua hormigoiz zolatuta dago, eta 1.400 m2 daude zolatu gabe. Gaur egun, ingurumen-baimen bateratua du hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso, sailkatu eta multzokatzeko, bai eta aldi baterako biltegiratzeko ere. Baimendutako transferentzia-zentroaren funtzionamendu-baldintza espezifikoak ez dira aldatzen.

Funtsezko aldaketaren proiektua honetan datza: hidrokarburoekin kutsatutako lohiak desortzio termikoaren bidez tratatzeko planta bat instalatzea. Horretarako, 2.031 m2 eraikiko pabiloi bat beharko da; egungoaren 1.028 m2 erabiliko dira, 1.003 m2 gehiago eraiki. Tratamendu-plantaren helburua da ebazpen honetan onartzen diren hondakinen hidrokarburo- eta ur-kontzentrazioa ahalik eta gehien murriztea eta lehengai gisa berrerabil daitekeen azpiproduktu bat lortzea. Kudeaketa-eragiketak R4 eta R5 dira, eta lohiak balorizatzeko urteko gaitasuna 30.000 t/urte da.

Era berean, hondakin ontziratuak edo ontziratu gabeak biltegiratzeko, nahaste-protokolo baten bidez taldekatzeko eta egokitzeko eragiketak egiten dira instalazioan, bai eta ebazpen honetan dagokien apartatuan onartzen diren hondakin ontziratuak edo ontziratu gabeak transferitzeko eragiketak ere. Kudeaketa-eragiketak R12, R13 eta D15 dira. Kudeatzeko onartutako hondakin arriskutsuen kasuan, gehienez 880 t biltegiratu daitezke.

Instalazioan tratamendu-prozesu hauek egiten dira, nagusiki:

1. prozesua: Transferentzia-zentroa.

Kudeaketa-eragiketaren kodea: R12 eta R13/D15

Lerro horretan biltegiratzen dira hondakin ontziratuak edo ontziratu gabeak, nahaste-protokolo baten bidez taldekatu eta egokituta, bai eta ebazpen honetan dagokien apartatuan onartzen diren hondakin ontziratuak edo ontziratu gabeak transferitu ere. Kudeatzeko onargarriak diren hondakin arriskutsuen kasuan, gehieneko biltegiratze-edukiera 880 tonakoa da, honela banakatuta:

● 260 t: 2., 4., 9., 10. eta 11. eraikinak. Hondakin arriskutsu ontziratuak biltegiratzen diren edukiontzi mugikorren biltegia. Baimendutako kopuru hauen barne egongo dira olio-andelak (PKB dutenak eta ez dutenak):

– PKBak: 50 t, 25 m3-ko andela banatan. 2. eraikina PKBekin edo PKTekin kutsatuta dauden edo horiek osagai dituzten (C32 kodea) hondakin arriskutsuetara mugatuko da.

– Olioak: 25 t, 25 m3-ko andela batean.

● 420 t: 1. eraikina: ontziratu gabeko likidoak batzeko andelak; hiru 100 m3-ko andela eta bi 60 m3-ko andela (horietako bat zamak prestatzeko erabiltzen da).

● 200 t: 11. eraikina: kutsatutako lurren gordailua, bi gune eta estalkia dituena; gune bakoitzak 100 m3-ko edukiera dauka.

Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetarako (TEEH) 24 m2-ko eremu bat egokitu da, gehienez 24 tona TEEH biltegiratu daitezkeena. Kudeaketa-eragiketaren kodea: R1201/R1301.

2. prozesua: Lohi hidrokarburodunen desortzio-termikorako tratamendu-lerroa.

Kudeaketa-eragiketaren kodea: R4 eta R5.

Lerro horretan tratatuko dira hidrokarburoz kutsatutako lohiak, ebazpen honetan adieraziak. Urtean 30.000 tona balorizatu ahalko dira gehienez, eta 1.500 tona lohi gordin eta 1.000 tona tratatu biltegiratu, gehienez. Urtean 21.000 tona lohi tratatu sortzea espero da; amaierako balorizatzaileei igorriko zaizkie, lehengai gisa erabil ditzaten.

Prozesua honetan datza:

● Hidrokarburoz kutsatutako lohiak biltegiratzea.

Hirdrokarburoz kutsatutako lohiak lurrazaleko aletegietan biltegiratzen dira (lur erakoak badira), edo hobia (ore erakoak badira). Horretarako, lau aletegi jarriko dira; 65 m-2ko bat eta 105 m2-ko hiru (oro har, 1.260 m3 erabilgarri), eta 370 m3-ko hobi bat.

Jaso ondoren, bildutako lohiak aurrez nahastuko dira, testura eta hezetasun-ehunekoa homogeneo antzeko bat sortzeko.

● Desortzio termikoa.

Lohia lehorgailu termikoaren elikatze-sistemaren ahoan sartuko da orduko 7,88 bat tonako erritmoan. Materialak lehorgailuan aurrera egingo du danborrak birak eman ahala.

Lehorgailu termikotik lohi erabat lehorra aterako da, hidrokarburo-kontzentrazio oso txiki edo batere gabekoa. Tratatutako lohi horrek 400 şC-tik gorako tenperatura duenez, egokitu egin behar da biltegiratze-eremura bidali aurretik.

● Lohi tratatuak egokitzea.

Lohien egokitzaileak ur mikronizatuko fluxu bat jasotzen du, produktua hozteko eta aglomeratzeko, hala, hauts erakoa izatea eta lekualdatzean eta biltegiratzean partikulak aireratzea ekiditen da.

● Tratatutako lohiak biltegiratzea eta bidaltzea.

Lohi tratatuak pilatuko diren gunera eramaten dira; lau aletegi, oro har, 870 m3 erabilgarrirekin; hau da, 1.000 tonarentzako lekuarekin. Aletegiotatik kargatzen dira kamioiak, lohi tratatuak bidaltzeko. Produktua biltegiratzeko eta kargatzeko gunea nabe itxi batean dago, eta eragingailu azkarreko atea du.

Instalazioan energia-baliabide hauek erabiltzen dira: instalazioaren funtzionamendu orokorrean erabilitako energia elektrikoa, batez ere lohiak tratatzeko prozesuko motorrena (kontsumo estimatua: 624.024 kWh/urte), lehorgailu termikoan eta oxidatzaile termikoan erabilitako gas naturala (kontsumoa: 5.670.000 kWh/urte) eta gurpilak kargatzeko palan erabilitako gasolioa.

Prozesuetan kontsumitutako ura industrialdeko ur-saretik dator; lohi desorbatua egokitzeko erabiltzen da, erabilera sanitariorako eta garbiketarako Urtean 5.345,5 m3 kontsumitzea aurreikusten da.

Instalazioak drainatze-sarea du, isuriak estoldetara bideratzeko bilketa-sistema batez eta segurtasuneko gordailuz osatua. Drainatze-sareak industrialdeko kolektorera isurtzen ditu, ur sanitarioekin eta euri-ur garbiekin batera. Kutsatuta egon daitezkeen euri-urak biltodira bideratzen dira, hidrokarburoen bereizgailutik igaro ondoren.

Ez da espero instalazio berriak prozesuko urak sortzea. Hobian jasotzen diren lixibiatuak pilatutako lohi lurtsuak ureztatzeko erabiliko dira.

Instalazioak atmosferara igortzen duen foku konfinatu bat du. Gasak tratatzeko sistema gisa, instalazioak arazketa-sistema bat du, hiru etapaz osatua, desorbatzaile termikoaren irteeran zikloi bikoitza, oxidatzaile termiko bat eta mahuka-iragazki bat dituena.

Hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak sortzeko prozesuen jatorria, nagusiki, ekipamenduak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorra da.

Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresaren jardueran, teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, honako BREF txosten europarretan jasota daudenak:

– «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Waste Treatment» (2018).

– «Reference Document on Best Available Techniques on Emissions from Storage» (2016).

Proiektuak, besteak beste, neurri hauek biltzen ditu, zeinak teknika erabilgarri onenak direla pentsa baitaiteke:

– Ingurumena Kudeatzeko Sistema, ISO 14001 arauaren arabera ziurtatua.

– Hondakinen aurretiazko analisiak (harrera-eskaerak) eta sarrerako analisiak.

– Aurretiazko onarpen-prozedura bat ezartzea, eta beste bat hondakinaren sarreran eta harreran.

– Harrerako instalazioak ditu. Behargin nahikoak eta kualifikatuak laborategian, eta beharrezkoak diren baliabide teknikoak.

– Uren eta hondakinen kontrol analitikorako prozedura.

– Hondakinen tratamenduaren trazabilitatea bermatzeko sistema.

– Autobabeserako plana eta larrialdiei erantzuteko prozedura.

– Biltegiratze-teknikak: bereizitako biltegiak, andel estanko bidezko drainatze perimetrala dutenak. Emisio atmosferikoak arazteko sistemara konektatutako hondakinak biltegiratzeko andelak haizatzea.

– Euste-sistema iragazgaitzak eta higagaitzak. Iragazgaizte mota: epoxi pintura-inprimazio batez eta/edo polietileno-geruza batez indartutako hormigoizko lauza.

– Hondakin guztiak zolata iragazgaitzeko estalki batean azpian biltegiratuta daude, baita zisternak betetzeko gunea ere.

– Hondakin likidoen andelak haizatzea; gasen garbigailura konektatuta.

Halaber, desortzio termikoaren instalazioak teknika erabilgarri onenei buruzko «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Waste Treatment» (2018) agiriko ondorio hauek ditu: TEO1, TEO2, TEO3, TEO4, TEO5, TEO8, TEO11, TEO17, TEO18, TEO19, TEO21, TEO22, TEO40 eta TEO41.

Bigarrena.– -– Baldintza eta betekizun hauek ezartzea Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak Goiain industrialdean (Legutio, Araba) sustatzen duen lohi hidrokarburodunak balorizatzera bideratutako desortzio termikoaren instalazioa egokitzeko eta muntatzeko.

A) Proiektua gauzatzen hasteko epea.

Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorririk. Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua gauzatzen hastea.

B) Instalazioa egokitzeko eta muntatzeko baldintza orokorrak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

B.1.– Jarduketa-esparrua mugatzea.

a) Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan egingo dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

b) Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko erasanik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

B.2.– Urak eta lurzorua babesteko neurriak.

a) Drainatze-sare naturalera ahalik eta hondakin fin gutxien isuriz egingo dira lanak. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta, kasua horrela bada, gauzatu egingo dira, kutsa daitezkeen urak haietara biltzeko.

Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-garbiketako emultsioak ezingo dira, inola ere, ibilgura isuri. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honetako bigarren apartatuaren B.5 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

b) Obratako makinak gordetzeko eremua eta makinen mantentze-lanak egiteko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi egingo dira. Zola iragazgaitza eta jariakinak biltzeko sistema izango dute, olioa eta erregaiak direla-eta lurzorua eta ura kutsa ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

B.3.– Zaratak, dardarak eta horien eraginak gutxitzeko neurriak.

a) Egokitzapen-faseak iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obra-jardunbide egokien multzoa aplikatu beharko da, obra-makineriaren mantentze-lan orokorrei eta zarata gutxitzeari dagokienez.

b) Zaratari buruzko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak, azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duenak, 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituenak eta arau osagarriek ezarritakora.

B.4.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

a) Ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira obra-guneen irteeran.

b) Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

B.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta baliarazteko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

b) Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko du oinarrizko proiektuetan eta obra gauzatzeko proiektuetan; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gainera, kontratistak plan bat prestatuko du, eta, han, azalduko du nola beteko dituen obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

c) Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

Jardueraren soberakinak betelanetarako erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte betegarri horiek.

Soilik VIE-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

d) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte; ontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aipatutako edukigailuak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarreko araudiaren arabera.

e) Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuak ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da.

Erabilitako olioak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako biltegietan egingo da, horrela biltegi nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero olioa sakabanatzea saihesteko.

f) Hondakinen kudeaketari buruzko araudia betetzeko xedez, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

g) Aurrekoaren arabera, berariazko gune bat atonduko da eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) aldi baterako bilduko dituzten instalazio estaliak. Horiez gainera, eta bereiz, hondakin inerteak biltzeko berariazko edukiontziak jarri behar dira.

Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurtze edo lurruntze bidez edukirik ez galtzeko. Orobat, obrak egiten ari diren bitartean sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak eta abar) instalatu behar dira; elementuok hondakin moten arabera bereizi behar dira. Gero hondakinok aurrean aipatutako gune garbira eramango dira.

h) Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

B.6.– Hondeatze-lanetarako eta lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko hartuko diren neurriak.

Suez Rr Iws Ibérica SLUk proposatutako instalazioa ezarriko den lurzatian lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu dira (01058-00140). Kontuan hartuta lur-mugimenduak egingo direla (830 eta 890 m3 bitarteko indusketa egitea aurreikusten da) instalazioak egokitzeko, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.5 artikuluari jarraikiz, hondeatzekoak diren materialen karakterizazioa egingo da gaika hondeatzeko plan baten arabera. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

Aurrez aipatutakoa baztertu gabe, instalazioa ezarriko den lursailetik kanpora eramatea aurreikusten diren hondeatutako materialei dagokienez, ondoren adierazten diren neurri hauek hartu beharko dira, arau orokor gisa:

https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=945C8D73-130B-4E34-AC67-5AB96DFB55AE&Idioma=eu-ES

a) Hondeatu beharreko material guztiak hondakin gisa karakterizatu beharko dira, bi helbururekin: egon daitekeen kutsaduraren ondorioak prebenitzea, eta material horiek behar bezala kudeatzeko bideak zehaztea. Materialak modu egokian bereiztea kontuan hartuko da, kutsadura desberdinei lotutako geruzak nahas ez daitezen.

b) Materialak hondakindegietan biltegiratzea badago aurreikusita, karakterizazioa hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatua izango da. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaren 10.2.6 apartatuan (hondeatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren hondeatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

c) Aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH direlakoetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.

d) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalarekin pareka daitekeen substratu harritsu meteorizatua bada, atal honetan gainerako hondeaketa-materialetarako aurreikusitako neurri berak aplikatu ahal izango dira.

e) Aurreikusitako hondeaketa-prozesuan lurpeko ura dagoela detektatzen bada, berehala karakterizatu eta kudeatu edo isuri egin beharko da, eta kasu horretan tratamendu-kontratu egokia izan beharko da, edo, bestela, isurtzeko baimen egokia, eta kasu bakoitzean ezarritako eskakizunak bete egin beharko dira.

f) Hondeatze-lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko ere, ebazpen honen bigarren apartatuaren B.5 puntuan jasotako neurriak aplikatu beharko dira.

g) Langile guztien laneko segurtasuna eta osasuna bermatzeko, hondeaketa-lanetan zehar, erakundeak bete eta betearazi beharko ditu Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen xedapenak, bai eta indarrean dauden eta aplikagarriak diren bestelako xedapenak ere.

B.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa bete arren, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio horren berri Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritza Nagusiari; gero, berak erabakiko du zer neurri ezarri.

B.8.– Garbiketa eta obra-akabera.

Behin obra amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko.

B.9.– Jardunbide egokiak kontrolatzea obretan zehar.

Obren jardunbide egokien kontrola egingo da, eta bereziki kontuan hartuko dira honako alderdi hauek: hondakinen kudeaketa, hondeaketa-soberakinena ere aintzat hartuz, hauts- eta zarata-ekoizpena eta txosten honetan adierazitako bestelako alderdiak.

B.10.– Obra-amaierako txostena.

Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari; obrak egin bitartean izan diren gertaeren berri emango du bertan, eta Ebazpen honetan nahiz ingurumen-inpaktuaren azterlanean jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino betetzen diren azalduko du, eta ingurumen-organoak hondeaketa-materialak behar bezala kudeatzeko ezarritako neurrien berri ere emango du.

Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua gauzatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira aipatutako txostenean, eta ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu ere bai. Halaber, eraikuntza-fasean ingurumen-arloan eginiko behaketa-programaren emaitzak eta hondeaketa-materialen erabilera zehatza dokumentatu behar dira, material horien kuantifikazio eta ezaugarriei buruzko datuak barne hartuta.

Hirugarrena.– Baldintza eta betekizun hauek ezartzea Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak Goiain industrialdean (Legutio, Araba) sustatzen duen hondakin arriskutsu eta arriskugabeen kudeaketa-jarduera ustiatzeko eta uzteko:

A) Erantzukizun zibileko asegurua.

Erantzukizun zibileko aseguru bat egin beharko da gutxienez seiehun mila (600.000) euroko zenbatekoaz, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo haien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatutako ingurumena konpontzeko eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Fidantza.

Laurehun eta zortzi mila bostehun (408.500) euroko fidantza jartzea, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 20. artikuluaren 4.b) letran xedatutakoari jarraikiz. Fidantza horren zenbatekoa zehazten da, hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

Tratamendu-jarduerari ekin ahal izateko, aldez aurretik organo honen aurrean fidantza gehigarria edo berria (ezarritako zenbateko osokoa) aurkeztu beharko da.

Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak utzitako fidantza ez da itzuliko Ingurumen Sailburuordetza honek hondakin arriskutsuak kudeatzeko jardueraren bukaera baimendu arte edo bere egunean jarduera bukatzeko ezarritako baldintzak bete arte; baldintza horien artean betiere egon beharko dute lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezarri ahalko diren betekizunak.

C) Administrazioarekiko harremanen erantzule.

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik badago, Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak aldaketa horien berri emango du.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

D.1.– Hondakinak jaso, manipulatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Ebazpen honek ebazpen honetako Hirugarrena D.1.1 apartatuan zehazten diren kanpo-hondakinen kudeaketa-jarduera bakarrik hartzen du babespean. Suez Rr Iws Ibérica SLUk kasuan kasuko apartatuan identifikatuta dauden EHZ kodeei dagozkien hondakinak bakarrik kudeatu ahal izango ditu lehen aipatu diren tratamendu-prozesuetako bakoitzean.

Instalazioan ezin izango dira tratamendurako onartu ebazpen honetan adieraziez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, adieraziez bestelako hondakinak tratatzeko, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, ebazpen honetako Hirugarrena.H apartatuan ezartzen den aldaketa-araubidea betez.

D.1.1.– Hondakin onargarriak.

a) Baldin eta lantegian tratatzea aurreikusten bada, apartatu honetan zehaztutako hondakin onargarrien zerrendan jasotako hondakin mota berri bakoitzaren hasierako karakterizazioa egingo du Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak, tratatu daitekeen egiaztatzeko. Karakterizazio hori hondakinaren izaeraren eta jatorriaren arabera egingo da, eta kontuan hartuko dira ingurumen-arrazoiengatik edo bestelako arrazoiengatik tratamendua mugatzen duten parametroak.

b) Hondakin zehatz bat onartzeko aukera egiaztatu ostean, Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak hondakinak tratatzeko kontratua bidaliko dio hondakinaren titularrari, hondakinak onartuak izango direla eta behar bezala kudeatuko direla bermatzeko. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak. Halaber, hondakinen zehaztapenak, hondakinak lekuz aldatzeko baldintzak eta gorabeherak daudenean aldeek izango dituzten betebeharrak jasoko dira kontratuan.

Instalazioko langileak karakterizazioaren emaitzekin batera egindako tratamendu-kontratua bidali beharko du Ingurumen Sailburuordetzara, agiri hori balioetsi dezan.

Ingurumen-organoak balioesteko tratamendu-kontratu bat aurkeztu eta hamar egunera, ingurumen-organoak ez badu espresuki ezer adierazi, Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak onespenarekin eta proposatutako hondakinaren kudeaketa-prozesuarekin jarraitu ahal izango du.

c) Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko ditu une oro. Onarpena baldintzatzen duten parametroen zehaztapena beti eta partida guztietan egin beharko da homologatutako metodo baten bitartez eta laborategiko buru baten ikuskaritzarekin. Laborategiko burua zentroko langilea izango da eta goi-mailako tituludun espezializatua izan beharko da.

● 1. prozesua: Transferentzia-zentroa.

– Nolanahi ere, baimen honen eremutik kanpo geratzen dira hondakin leherkor eta infekziosoak (HP1 eta HP9 kodeekin identifikatutako arrisku-ezaugarriak dauzkatenak).

– Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak industrian sortutako etxeko zaborrak eta merkataritza-hondakinak kudeatu ahal izango ditu (20. taldeko EHZ kodea duten hondakinak), ebazpen honetan adierazi direnak, baldin eta dagozkion udal-ordenantzen arabera ez bada beharrezkoa hondakinok hondakinen kudeaketa-sistema publiko bati entregatzea.

– Hondakin arriskutsuak.

Suez Rr Iws Ibérica SLUk ebazpen honetako I.A eranskinean eta Europako Hondakinen Zerrendan jasota dauden hondakin arriskutsuen aldi baterako biltegiratze-lanak, zamalanak eta berrontziratze-lanak egin ahal izango ditu. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betez). Halaber, aipatutako erabakiaren arabera emango zaie hondakinei dagokien kodea eta sailkapena, baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera ere. Erregelamendu horrek ordezten du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina, zuzentarau jakin batzuk indargabetzen zituena.

– TEEHak.

Suez Rr Iws Ibérica SLUk ebazpen honetako I.B eranskinean jasotako TEEHen aldi baterako biltegiratze-lanak, zamalanak eta berrontziratze-lanak egin ahal izango ditu. Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak eta hodi fluoreszenteak kudeatuko dira Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko 110/2015 Errege Dekretuan, otsailaren 20koan, xedatutakoaren arabera.

– Hondakin ez-arriskutsuak.

Suez Rr Iws Ibérica SLUk aldi baterako biltegiratu ahalko ditu ebazpen honen I.C eranskinean eta Europako Hondakinen Zerrendan dagozkien kodeekin jasota dauden hondakin ez-arriskutsuak. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa).

Halaber, zamalanak baimentzen dira, eta, behar izanez gero, hondakin horien berrontziratze-eragiketak.

● 2. prozesua: Lohi hidrokarburodunen desortzio-termikoko tratamendua.

– Hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

D.1.2.– Hondakinen sarrera-kontrola.

a) Instalaziora kudeatzeko iristen diren hondakinen kontrol bat eraman beharko da, ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla bermatzeko.

b) Ebazpen honetan adierazi gabeko hondakinak ezin izango dira onartu. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honetako Hirugarrena.D.1.1 atalean ezartzen dena betetzea.

c) Instalazioan tratatzea aurreikusten den hondakin-jatorri bakoitzeko, eragileak hondakin horretarako onarpen-agiria bete beharko du, IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), non, hala badagokio, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena jasota egongo baita.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Suez Rr Iws Ibérica SLUk onarpenaren agiria bidaliko dio hondakinaren titularrari, non baldintzak eta, hondakina entregatzen ez bada, epemuga ezarriko baitira. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak.

Lohi-tratamenduaren prozesuan kudeatu behar diren hondakinen kasuan, hezetasuna, TPHa eta metal-edukia aztertuko dira.

e) Beste autonomia erkidego batzuetatik datozen hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua, martxoaren 13koa, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko da.

f) Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

g) Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen baitako hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioak aintzat hartuta, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoak betetzeko.

h) Birziklatu edo balorizatu daitezkeen hondakinak helburu horietara bideratuko dira, eta Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak betetako onarpen-agirietan jasoko da gertaera hori.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako onarpen-agiri baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du agiri hori. Ezingo da Suez Rr Iws Ibérica SLUk kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso aldez aurretik onespen-agiria organo honek baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 eguneko epean egin beharko da, agiria jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, ez bada izan posizionamendu berariazkorik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko onarpen-agirian, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen identifikazioa, eta iraungitze-data, baldin eta hondakinik ez bada entregatzen.

j) Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:

– Baztertzeko arrazoia.

– Beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea proposatzen den.

– Beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, nahitaezkoa izango da dagokion onarpen-agiria aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.

– Ekoizleari itzultzen bazaio, kontrol- eta jarraipen-agiriko gorabeheren atalean jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.

k) Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

l) Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak ekipamendu erabilgarrien zerrenda bat aurkeztu beharko du, horiek kalibratzeko metodoei buruzko informazioa barne. Era berean, hondakinak onartzeko parametro bakoitzerako, erabilitako analisi-metodoak eta neurketaren doitasuna aurkeztu beharko dira.

m) Baimendutako EHZ kodea duen hondakin bat onartzerik ez badago, ezezko onarpen-agiria egin beharko da, hondakin hori kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

n) Kudeatzaile baimenduekin akordioak egingo dira TEEH hondakinak prestatzeko eta berrerabiltzeko.

D.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta, orobat, beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Plantan hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da kontrolik gabeko igorpenik edo igorpen lausorik ez egoteko, edo, bestela, igorpen horiek ahalik eta txikienak izan daitezen. Alde horretatik, ekipamenduen estankotasuna funtsezkoa da.

c) Hondakin arriskutsuen zamalanak egitean, gai arriskutsuak manipulatzeko eskatutako segurtasun-baldintzak bete beharko dira.

d) TEEH hondakinak jasotzeko eta garraiatzeko baldintzek TEEH hondakinak eta horien osagaiak prestatzea eta berrerabiltzea ahalbidetu behar dute, eta ez dira apurtu behar, ezta gehiegi pilatu ere, substantziarik isuri edo materialik galdu behar, eta oliorik eta likidorik isuri behar. Behar bezala beteko dira horiek jaso eta garraiatzeko baldintza espezifikoak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VII. eranskinean jasotzen direnak.

e) Aurrez manipulatu diren, hondatuta dauden edo osagai guztiak ez dituzten TEEH hondakinak jasotzen badira, gertakari hori behar bezala jakinarazi beharko da Hirugarrena.D.1.5. apartatuan aipatzen den artxibo kronologikoan.

D.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinen gehieneko biltegiratze-epea bi urtekoa izango da hondakinak arriskugabeak badira, eta sei hilekoa arriskutsuak badira.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta izan litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

c) Hondakin arriskutsuak biltegiratzetik eratorritako arriskuak murrizte aldera, Suez Rr Iws Ibérica SLUk hondakinok gune bereizi batean biltegiratu beharko ditu. Gune hori estalita egongo da eta lurzoru estankoak izan beharko ditu.

d) Plantan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

e) Hautsezko hondakinak eta soltean jasotakoak pabiloiaren barruan gorde beharko dira, multzotan edo/eta gelaxketan, harik eta tratatzen diren arte.

f) Ontziek etiketatuta egon beharko dute. Etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du eta etiketan gutxienez ontziek dauzkaten hondakinen identifikazio kodea, ontziratze-eguna eta hondakin horiek dakartzaten arrisku motak adierazi beharko dira.

g) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko ontzi edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

h) Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumen Sailburuordetzari bai Legutioko Udalari.

i) Aurrekoez gain, TEEH hondakinen kasuan honako hauek bete beharko dira:

– Instalazioak hondakinak pisatzeko baskula izango du.

– TEEH hondakinak bereizita bildu beharko dira, gutxienez, 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskineko 1. taulan aurreikusten diren zatikiak kontuan hartuta: «GEEen kategorien, TEEHen bilketa-frakzioen eta EHZ-TEEH kodeen arteko baliokidetasunak»

– Halaber, TEEHak biltegiratzeko eremu berezi bat sortu beharko da, berrerabiltzeko prestatzeaz arduratzen diren eragileek ikuskatzeko baldintza egokiekin.

D.1.5.– Kudeatutako hondakinen datuen erregistroa.

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak harrera-eskaerak, onarpen-agiriak eta kontrol- zein segimendu-agiriak edota agiri ofizial baliokideak artxibatu beharko ditu gutxienez 3 urteko epean, non jasoko den, hurrenkera kronologikoan, hondakinen kopurua, izaera, jatorria, destinoa eta hondakinak kudeatzeko metodoa, eta, aplikatzekoa den kasuan, garraio-modua eta bilketa-maiztasuna. Aipatutako fitxategi kronologikoan sartuko da, orobat, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa, eta bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira:

– Onartutako hondakinen jatorria (jatorria eta prozesua, enpresa sortzailea eta enpresa garraiolaria).

– Hondakin horien kantitateak, izaera, konposizioa eta identifikazio-kodea.

– Hondakin-sail bakoitzaren onarpen- eta harrera-data, eta, hala dagokionean, entregan sortutako kontrol- zein segimendu-agiria.

– Onartu ez diren hondakin sortei buruzko datuak (jatorria, kopurua, enpresa garraiolaria, ez onartzeko arrazoiak eta beste norako bat, ordezko aukera gisa).

– Biltegiratutako hondakinak instalazioko zer tokitan dauden.

– Hondakin sortak aurretik egokitzeko edo multzokatzeko, edo tratatzeko eragiketak, datak, parametroak eta partida horiei buruzko datuak, hondakinen ondorengo helmuga eta sorta bakoitzari emandako EHZ kodea.

– Instalazioko kudeaketa-lanen datak edo azken kudeatzaile baimenduari bidalketa egin zaionekoa eta kudeatzaile horren identifikazio-datuak, eta, hala badagokio, sortutako kontrol- eta jarraipen-agiriarenak.

– Bereizitako hondakin arriskutsuen mota bakoitzaren izaera eta pisuarekiko zatikia.

Ebazpen honetako Hirugarrena.D.1.2. apartatuan aipatutako kontrolen emaitzak atal honetan arautzen den erregistroan jasoko dira, baita Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak gauzatu ditzakeen egiaztapenenak ere.

Artxibo kronologiko hori gutxienez hiru urtez gordeko da, eta urtero bidaliko da Ingurumen Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan, betiere Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz.

Halaber, hondakin arriskutsuen kasuan, jardueren urteroko memoria aurkeztu beharko da urte bakoitzeko martxoaren 1a baino lehen, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

TEEH hondakinak kudeatzeko, artxibo kronologikoak bat etorri beharko du 110/2015 Errege Dekretuaren XI. eranskinarekin, eta hiru urtez gordeko da gutxienez. Era berean, urteko memoria sortuko da. Hark otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren XII. eranskineko gutxieneko edukiari erantzun beharko dio, eta ingurumena zaintzeko programaren barruan aurkeztu beharko da.

Artxibo kronologikoa eta jasotako TEEH hondakinei buruzko urteko memoria plataforma elektronikoan kargatuko dira erabilgarri dagoenean, otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan ezarritako terminoetan. Plataforma elektroniko horren bitartez, artxibo kronologikoari eta urteko memoriaren lanketari dagozkion obligazioak bete ahal izango dira.

Aipatutako plataforma elektroniko hori martxan jarri bitartean, TEEHen artxibo kronologikoa eta horien urteko memoria Ingurumen Sailburuordetza honi igorriko zaizkio urtero, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Halaber, pilen eta metagailuen hondakinak otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatu beharko dira (pilen eta metagailuen hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko Errege Dekretua).

D.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen Lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

TEEHen kudeatzaileei dagokienez, TEEH horiek Europar Batasuneko herrialdeetara nahiz Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetara lekualdatzeari buruzko informazioa kargatuko da otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aipatzen den plataforma elektronikoan.

Horrez gain, aurreikusten bada hondakindegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen destinoko instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

D.2.– Instalazioan kudeatzen diren hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

D.2.1.– Transferentzia-zentroa (1. prozesua).

a) Aldi baterako biltegiratze-jardueraren barruan honako hauek sartuko dira: multzokatzea, lantegian horretarako gaitutako tokian 880 t inguruko ahalmenarekin, hondakin arriskutsuen kasuan, baita horien zamalanak eta, behar izanez gero, berrontziratzea ere, eta ez da ontzien barruko aldearen edo ontzietan gordetzen diren hondakinen gainean eragina daukan bestelako manipulaziorik aintzat hartzen.

b) Ontziratu gabeko hondakinei dagokienez, homogeneoekin batera beren izaeraren eta konposizioaren arabera soilik biltegiratu ahal dira, eta aldez aurretik karakterizazioa egin beharko da elkarrekin biltegiratzeak ez duela arriskua areagotzen, ezta haren azken kudeaketa zailtzen ere ziurtatzeko.

c) Halaber, nahitaez bete beharko dira hondakin arriskutsuak ontziratu eta etiketatzeari buruzko jarraibideak, indarreko araudian jasotakoak.

d) Halaber, Europako Hondakinen Zerrendan –Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaz onartutakoan– ezarri kodearen arabera identifikatu beharko dira hondakinak. Erabaki horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz.

e) Aldi baterako biltegiratzeko instalazioak behar diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak izango ditu, isuriok kutxatila itsurantz edo bilketa-putzurantz bideratzeko. Gainera, aurreikus daitezkeen hondakin arriskutsuen balizko isurien adinako edukiera izango dute.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratutako hondakin arriskutsuek likido sukoiak eta erregaiak eta likido korrosiboak biltegiratzearen inguruan indarrean dagoen arautegian ezartzen diren exijentziak bete beharko dituzte, baita suteen prebentzio- eta babes-arauak ere, eta behar bezala identifikatu beharko dira ezagutu eta bereizi ahal izateko.

g) Isuriak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuak kubeta independenteetan biltegiratuko dira, eta, betiere, elkarrekin bateragarriak diren hondakinak dituzten ontzietara bideratuko da kubeta bakoitza. Isuriak biltzeko kubetek zoru eta horma iragazgaitzak izango dituzte, erabat estankoak direnak. Kutxatila horietan jasotako efluenteak kudeatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio.

h) Baimen honi loturiko hondakin arriskutsu ontziratuak gune bereizietan biltegiratuko dira, motaren arabera identifikatuta.

i) Aldi baterako biltegiratzeko jardueran sortutako efluente oro, ur beltzak izan ezik, bereizita jaso beharko da, eta haren ezaugarrien arabera behar bezala kudeatu, eta ezin izango da sarera isuri.

j) Indarraldiaren arabera, Suez Rr Iws Ibérica SLUk eta enpresak igorritako hondakin arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean hitzartutako onarpen-kontratu edo -gutunen indarraldia aldizka egiaztatu beharko da Ingurumen Sailburuordetzaren aurrean. Hondakinak hartuko dituzten kudeatzaileak ez badaude Espainiako Estatuan kokatuak, mugaz haraindiko lekualdatzeak arautzen dituen araudi komunitarioa bete beharko da.

i) Gehienez ere 24 tona TEEH biltegiratuko dira, betiere tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz.

l) Berrerabilera barne hartuko duten akordioak sinatuko dira. Horretarako, TEEHak norako horretarako berrikusiko dira, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren IX.A eranskineko irizpideekin bat etorriz.

D.2.2.– Desortzio termikoaren tratamendua (2. prozesua).

a) Desortzio termikoaren tratamenduaren prozesuan, Hirugarrena.D.1.1. apartatuan tratamendu horretarako adierazitako hondakinak bakarrik onartu ahal izango dira. Ebazpen honetako 2. prozesua, gehienez, 30.000 t/urte.

b) Hondakin oretsuak eskaeran adierazitako hobian bakarrik gorde ahalko dira, eta pilatutako hondakinek lixibiatuak edo usainak sortzea eta barreiatzea ekidingo da.

c) Desortzio-instalazioa garbitu beharko da, eta, hala badagokio, hondakinen biltegia, tratamendu-eragiketak aldatzen diren aldiro (R4 eta R5). Hala, metalezko materialen arteko kutsadura gurutzatua ekidingo da bestelako material inorganikoen ekoizpenean, eta alderantziz.

d) Halaber, tratamendu-eragiketa bakoitzaren (R4 eta R5) ondoriozko materialak zein bere aldetik gordeko dira aletegietan, sortu diren materialak kutsatzea ekiditeko.

e) Hondakinen kudeaketaren erregistroan bereizita jasoko dira hondakin arriskutsuak eta jasotako hondakinak, Europako Hondakinen Zerrendan –Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaz onartutakoan– xedatzen denaren arabera identifikatuta. Erabaki horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz.

D.3.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.3.1.– Baldintza orokorrak.

Suez Rr Iws Ibérica SLUren lantegiaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira atmosferara egingo diren emisioek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara igortzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko emisioak egiteko probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren arabera sortzen diren aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, Ingurumen Sailburuordetzari epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

D.3.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Suez Rr Iws Ibérica SLUren instalazioak, 100/2011 Errege Dekretuaren, urtarrilaren 28koaren, eranskinaren arabera A 09 10 09 01 kodea duen jarduerari (hondakin arriskutsuen balorizazioa, egunean 10 tonako baino gehiagoko ahalmenarekin) eta B 09 10 09 50 kodea duen jarduerari dagozkionak (biltegiratzea edo manipulazio-eragiketak gauzatzea, tartean, hondakin ez-metalezkoak edo metalezko hondakin hautsezkoak nahastea, bereiztea, sailkatzea, garraiatzea edo txikiagotzea, eta material horien gaineko manipulazio-ahalmena >= 500 t/egun-ekoa izango da, eta hondakin arriskutsuena >= 10 t/egun-ekoa), honako foku hauek ditu, atmosfera babesteko indarreko araudiari jarraikiz:

(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematikoetakoren bat, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, emisio-foku gisa araupetu beharko da.

D.3.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren igorpenetan, ez dira gaindituko igorpenen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

Balio horiek ondorengo baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Igorpenen muga-balio horiek izanda ere, igorpen-fokuen eragin-eremuko immisio mailek ezin izango dituzte inoiz balio onargarriak gainditu.

Goian ezarritako emisio-mugak betetzat jotzen dira kasu hauetan:

1.– Neurketa etenen kasuan, igorpen-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9.1 artikuluak ezartzen duena beteko da.

2.– Etengabe neurtutako parametroen kasuan finkatutako igorpenen muga-balioak betetzat jotzen dira, baldin eta neurrien emaitzen ebaluazioak adierazten badu –urte baterako funtzionamendu-orduetarako– guztiz bete direla honako baldintza hauek (9.2 artikulua):

a) Urtean baliozkotutako orduko batezbesteko balioen % 95ek ez gainditzea ezarrita dagoen gehieneko emisio-balioa.

b) Baliozkotutako orduko batezbesteko batek ere ez gainditzea emisioen muga-balioa, 1,5etik gorako faktorean.

Baliozkotutako orduko batezbesteko balioak benetako ustiapen-epean zehaztuko dira, baliozko orduko batezbesteko balioak oinarri hartuta, eta aurretik zehaztutako konfiantza-tartearen balioa kendu ondoren.

Orduaren eta egunaren arabera neurtutako baliozkotutako balioak ustiapen-epe eraginkorrean zehaztuko dira (abiatzeko eta gelditzeko epeak izan ezik), baliozkotutako orduko batezbesteko balioak erabilita; balio horiek arestian zehaztutako konfiantza-tartearen balioa eskuratzean neurtzen dira.

D.3.4.– Gasak biltzeko eta husteko sistemak.

Fokuetako hondar-gasak husteko tximiniak ez dira egongo Hirugarrena.D.3.2 apartatuan ezarritako kotatik behera. Sekzioek eta lagin-puntuen kokapenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan xedatua bete beharko dute. Agindu horretan, jarraibide teknikoak eman ziren dekretu hau garatzeko: 278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituena.

Gainera, emisioak hartzeko, kanporatzeko eta arazteko sistema guztien mantentze-lan zuzena egingo da, eta instalazioak garbitzeko lanak egunero eta astero egingo dira. Era berean, jardunbide egokien sistema bat jarriko da, kanpoko ateak itxita edukitzea eta eremuen arteko isolamendu ona izatea ziurtatuko duena, bai eta emisio lausoak gutxituko dituzten beste jardunbide batzuk ere.

D.4.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

D.4.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: Hondakin arriskutsuak multzokatzeko eta igarotzeko, eta lohiak balorizatzeko zentroak.

(Ikus .PDF)

D.4.2.– Isurketaren muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten diren isurketen parametroak Arabako Garapen Agentzia SAren Goiaingo industrialdeko isuriak arautzen dituen erregelamenduan ezarritakoak izango dira, instalazioa horretara isurtzen denez. Jarraian zehaztuko dira, parametro bakoitzaren gehieneko balioa adierazita:

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketaren muga-balioak lortzeko.

D.4.3.– Arazketa- eta ebakuazio-instalazioak.

Kutsatuta egon daitezkeen euri-urak ur-kolektorera isurtzen dira, hidrokarburoen bereizgailutik igaro ondoren.

D.5.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

D.5.1.– Hondakin guztientzako baldintza orokorrak.

a) Instalazioetan sortutako hondakin guztiak 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzkoa, eta aplikatzekoak diren berariazko araudietan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

b) Espresuki debekatuta dago sortzen diren hondakin mota ezberdinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz jariakin batzuekin nahastea; hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketarik ez gertatzeko.

c) Hondakin-kudeaketaren hierarkia-printzipioei jarraituz, aurrea hartzea sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne hartuta. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

d) Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan, hondakin jakin batzuk tratatzeko instalazio baimenduak badaude, halako hondakinak lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

e) Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatu egingo dira, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakian xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.

f) Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Ezertan eragotzi gabe Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

g) Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek zola estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

h) Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumen Sailburuordetzari bai Legutioko Udalari.

i) Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua, martxoaren 13koa, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

j) Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak 25.2 artikuluan dionaren arabera.

k) Estatutik kanpora esportatzen badira hondakinak, Hondakinen lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

D.5.2.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaizkio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Honako hauek zehazten dituzte: zer hondakin mota den eta nolako osagai arriskutsuak dituen (zehaztasunez jasota daude osagai horiek ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean). Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020 aldirako Ingurumen Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi eta arriskutsuago bihurtu daitezkeen edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Indarreko araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek, eta itxita egon beharko dute kudeatzaile baimendu bati eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Aurreko puntuan aipatutako ontziak argi, irakurgarri eta ezin ezabatzeko moduan etiketatu beharko dira, eta, betiere, indarreko araudiaren arabera.

e) Hondakin arriskutsuak gordetzeko denbora ezingo da 6 hilabetetik gorakoa izan.

f) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da dokumentu bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan, hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

g) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik, eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da.

h) Egiaztatu egin beharko da ezen, baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak honako betekizunak betetzen dituela: halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutakoak.

i) Suez Rr Iws Ibérica SLUk industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

j) Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– kudeatuko dira Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinei dagokienez, otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan (Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa) xedatutakoa bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

k) Suez Rr Iws Ibérica SLUk poliklorobifeniloak (PKB) dituzten edo izan ditzaketen aparatuak dauzkan bitartean, haiek behar bezala kudeatzeko, bete egin beharko ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan –polikrorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten aparatuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen dekretuan– azaltzen diren baldintzak (dekretu hori otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuak aldatu zuen).

l) Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE zenbakiko Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu, horiek berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

m) Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko –hau da, hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea–, urtean 10 tona hondakin arriskutsu baino gehiago sortuz gero, Suez Rr Iws Ibérica SLUk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta Lege horren garapenerako araubideak ez badu hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen Suez Rr Iws Ibérica SLU.

o) Baldin eta Suez Rr Iws Ibérica SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, Suez Rr Iws Ibérica ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuak, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzekoak, xedatzen duenari jarraituz, Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira f) eta g) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta n) eta o) letretan aipatutakoak, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

q) Baldin eta hondakin arriskutsuak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

r) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Suez Rr Iws Ibérica SLUk bete egin beharko ditu Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) ezarritako eskakizunak. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

D.5.3.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera eman beharko dira.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebetetik gora biltegiratu. Hondakinen azken helburua balorizatzea denean, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.

c) Oro har, hondakinak hustu aurretik, baimendutako kudeatzaile baten onarpen-agiria izan beharko dute, eta bertan zehaztuta agertu behar dira onarpenerako baldintzak. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

d) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeari buruzko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraikiz.

e) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

f) Baldin eta Suez Rr Iws Ibérica SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, Suez Rr Iws Ibérica ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

g) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko dira kontrol-erregistro horren kopia bat eta ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa.

h) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko den irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, apartatu honetako d) eta e) apartatuetan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta f) apartatuan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

i) Baldin eta hondakin arriskugabeak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren hondakinen lekualdaketei buruzko 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

D.6.– Lurzorua babesteko baldintzak.

a) Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak ezohiko jarduneko prebentzioari eta esku-hartzeari buruz ebazpen honen Hirugarrena F.4. apartatuan jasotako neurriak, eta hondakinak biltegiratzeari eta horien zamalanei buruzko Hirugarrena D.5 apartatuan jasotako neurriak hartuko ditu.

b) Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Suez Rr Iws Ibérica SLUk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

c) Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko Legegintzako Errege Dekretuan lurzorua babesteari buruz ezartzen diren betekizunak betetzearren, sustatzaileak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduan aipatzen diren instalazioei buruzko dokumentazioa entregatu beharko du. Agindu horren bidez onartu zen Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatzen dena interpretatu eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten egin beharrari dagokionez.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako dokumentuak aldatu edo dokumentu berriak eman behar balira, lurzoruen dokumentu berri bakar bat bidaliko da.

d) Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

– Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuan ebazten duenarekin bat etorriz, jardueraren sustatzaileak hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, etab.) karakterizatu beharko ditu, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

– Hondeaketa horretan hondeatutako materialek 500 m3 gainditzen badituzte, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du; planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plan hori, betetzen hasi aurretik.

– Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, informazio hau eman beharko da aldaketaren jakinarazpenean: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

– Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu ondoren.

– Oro har, ondorengo irizpide hauek beteko dira: https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=945C8D73-130B-4E34-AC67-5AB96DFB55AE&Idioma=eu-ES

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaren 10.2.6 apartatuan (hondeatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren hondeatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta lehengoratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH direlakoetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren pareko den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketa egitea instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

D.7.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen behar diren neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezkoa den garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Instalazioak, funtzionamenduan, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun modu bat baldin badago, jardun modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-tan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.

c) Lohi hidrokarburodunak desortzio termiko bidez balorizatzeko prozesu berriarekin lotuta dauden zarata-iturri berrietarako, Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak beharrezko diren neurriak hartuko ditu, instalazioak EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak transmititu ez ditzan kanpoaldera, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.

Eremu akustiko mota – Zarata-indizeak.

(Ikus .PDF)

(1) Muga-balio horiek aplikagarriak dira orobat inongo eremu akustikotan kokatuta ez dauden bizitegi-erabilerako eraikinetarako, baliook eraikinaren garaiera orotan leihodun fatxada guztietara iristen den soinuari dagozkiola, are eraikin horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo egonda ere.

Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta leihodun fatxaden kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla ulertuko da baldin eta, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, baldintza hauek betetzen badituzte ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean:

– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan ezarritako balioak.

– Eguneko ezein baliok ez ditu 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan ezarritako balioak.

– Lkeq, Ti indizean neurtutako ezein baliok ez ditu 5 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.

Aipatu muga-balioak betetzen direla egiaztatzeko, aldaketa honen (lohi hidrokarburodunak desortzio termiko bidez balorizatzeko prozesua txertatzearen) xede diren jarduketei loturiko zarata-iturri berrien banakako modelizazioa aurkeztu beharko da eta, hala dagokionean, baita beharrezkoak diren neurketa egokiak egin ere.

Sustatzaileak ezarritako muga-balioak gainditzen badira, hilabeteko epean aurkeztu beharko da ekintza-plan bat, balizko balio-gainditzeak zuzentzera bideratutako zuzenketa-neurriak jasotzen dituena. Neurri horietako bakoitzaren jarduketa-egutegia proposatu beharko du, betearaztearen arduraduna izendatuta.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumen-zaintzako programa:

E.1.– Emisio atmosferikoen kontrola.

E.1.1.– Kanpo-kontrolak.

a) Prozesuaren egonkortasuna bermatzearren, desortzio-labeko aire-emariaren, erregai-elikaduraren eta tenperatuaren gaineko segimendua egin beharko du Suez Rr Iws Ibérica SLUk, eta erregaia/airea erlazioa kontrolatzeko, periodikoki gainbegiratu beharko da errekuntza-gasen oxigenozko edukia. Halaber, emisioak honako informazio honen arabera kontrolatuko dira:

(Ikus .PDF)

b) Martxan jarri eta bi hilabetera, dioxinen, furanoen, metalen (As, Co, Ni, Cd, Se, Cr (VI), Sb, Pb, Cr (III), Cu, Mn, V, Sn), PAH-en eta hidrogeno fluoruroaren hasierako neurketa egingo da, eta emaitzak zein diren, kontrol-neurri gehigarriak hartu beharko dira.

c) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaileren batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan jartzen duen bezala; eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek, berriz, organoak ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

d) Halaber, a) apartatuan azaldutako igorpen-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, igorpen bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, isurketaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, urte egokikoan, justifikatu beharko da.

e) Neurketa jarraitua:

Suez Rr Iws Ibérica SLUk a) apartatuan adierazitako parametroen neurketa jarraitua egin beharko du 2. fokuan, «Desortzio termikorako labea». Oxigenoaren edukiari, tenperaturari eta presioari, eta errekuntzako gas-hondarraren ur-lurrunaren edukiari dagozkion ustiapen-prozesuaren parametroak barne izango dituzte neurketek. Emisioak aztertu aurretik hondar-gasaren lagina lehortzen denean, ez da beharrezkoa izango uraren lurruna etengabe neurtzea.

Emisioak modu jarraituan neurtzeko sistema Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sarera konektatu beharko da.

Instalazioen titularrek izango dute EENSaren datuak eskuratzeko, tratatzeko eta jakinarazteko ardura, eta EENSak erregistratutako datuak gutxienez 10 urtez gorde beharko dira.

2. emisio-fokurako («desortzio termikorako labea»), neurketarako ekipamenduen erabilgarritasuna, hau da, baliozko datuak lortzeko aldien ehunekoa, gutxienez urteko benetako jardunaren % 90ekoa izango da, Ingurumen Sailburuordetza honek bestelako baimenik ematen ez badu behintzat.

EENSa 15 egun jarraian baino gehiagotan ondo ez badabil, Ingurumen Lankidetzako Erakunde batek aldizkako kontrolak (hamabostean behin) egin beharko ditu, gertaera hasi denetik emisioak etengabe neurtzeko sistema behar bezala ibili arte.

Instalazioen titularrak EENSaren funtzionamenduari buruzko urteko txosten bat igorri beharko du, betiere ingurumen-arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoaren arabera.

E.1.2.– – Txostenak eta kontrolen erregistroak.

E.1.1. puntuan eskatutako parametro guztien neurketen txostenak bidali beharko dira. Kanpoko kontrolen txostenetan jarraibide teknikoetan ezarritako gutxieneko edukia jaso beharko da. 2. fokuari dagokionez, neurketei buruzko txostena aurkeztu beharko da, funtzionamenduaren hasieratik harako sei hilabeteko epean.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

E.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da puntu honetako a) letran ezarritako kontrol-parametro guztiek Hirugarrena D.4.2 atalean ezarritako mugak betetzen dituztenean.

E.3.– Lurzorua eta lurpeko urak kontrolatzea.

a) Ebazpen honen hirugarrena D.6 puntuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri baten aukera hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren jazoerak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurraren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– bai eta larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Tresneria eta azalerak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, jakinarazitako baldintzen analisian zehazten diren kontrolen kalterik gabe, 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarenari, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa onartzen duenari dagokionez, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta. Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak, gainera, lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egingo du, gutxienez bi zundaketa eginez honako hauetarako: urak karakterizatzeko, ateratako lur-zutabea karakterizatzeko eta piezometro bana gaitzeko. Horiek lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko erabiliko dira. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

E.4.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urterik behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen ingurumeneko erakunde laguntzaile batek egin beharko ditu. Dena dela, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazioak egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

E.5.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

E.6.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko dira bakarrik, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarri diren baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik, gertatutakoaren berri izan ondoren, bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Sailburuordetzari helbide elektroniko hau erabilita: ippc@euskadi.eus.

Kontrola egiten duten urteari dagokion programaren barruan baino ez dituzte igorriko, gainera, urtebete baino periodikotasun handiagoko kontrolak.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako jazoera nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

E.7.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko ezarritako neurrien eta mekanismoen efikazia egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

F.– Ohiz kanpoko egoeretan funtzionatzeko prebentzio-neurriak eta baldintzak.

F.1.– Instalazioa geldiarazteko eta martxan jartzeko eragiketak eta mantentze-lanen eragiketa programatuak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, Hirugarrena D.5.1 apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz. «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak» jarraitu beharko da, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

F.2.– Jarduera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen Hirugarrena D.5 apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

F.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Suez Rr Iws Ibérica SLUk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen bateratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

F.4.– Funtzionamendu bereziko kasuetarako prebentzio-neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzioko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentzioko mantentze-lanak.

Mantentze-lan prebentiboen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Jarioak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (irazgaitzak), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), egon daitezkeen jarioak antzemateko neurriak edo gehiegi bete direneko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako isuriak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez egin behar badira «by-pass» bidez isurketak, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, eta segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztu. «By-pass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidalita (atal honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako jazoerak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, jariakinen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan gordeko dira.

g) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta efikaziaz esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta norbera babesteko ekipamendu bereziak.

h) Kubeten hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatua eduki beharko dute. Bertan, araztegiaren eraginkortasunari eragin diezaioketen isuriak hara joatea saihestu beharko da.

i) Gorabeheraren bat gertatuz gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gertakari mota.

– Jatorria eta zergatiak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jarduketak, halakorik balego.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiaki eta Legutioko Udalari jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, hurrengo datu hauek agertuko dira:

– Gertakari mota.

– Istripua non, zergatik eta zer ordutan gertatu zen.

– Gertakariaren iraunaldia.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Muga-balioak gaindituz gero, emisioen datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

j) Aurreko letran ezarritakoari kalterik egin gabe, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako mantentze-lan prebentiboak ere, betiere ahalik eta aurrerapen handienarekin.

k) Larrialdi-egoeretan babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

G) EPTR jakinarazpena.

Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, Suez Rr Iws Ibérica SLU enpresak aurreko urtean atmosferara egindako igorpenei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakundeentzako bertsioaren bidez transmitituko da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri); hau da, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

H) Instalazioan aldaketak egitea.

Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan.

Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daiteke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, betiere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluan xedatua.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 21a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala