66. zk., 2020ko apirilaren 3a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (218 KB - 2 orri.)
- EPUB (193 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LAN ETA JUSTIZIA SAILA
1794
AGINDUA, 2020ko martxoaren 24koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren funtsezko zerbitzuei buruz sailburu berak eman zuen 2020ko martxoaren 15eko Agindua aldatzen duena.
Covid-19 birusak eragindako osasun publikoko larrialdiak sortutako egoera dela eta, Lan eta Justiziako sailburuak, 2020ko martxoaren 15eko Aginduaren bidez, funtsezko zerbitzuak ezarri zituen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren lurralde-eremuan zerbitzuak ematen dituzten pertsonen osasunaren beharrezko babesa eta eman beharreko ezinbesteko zerbitzuak harmonizatzeko. Ezinbesteko zerbitzu horiek nahiko izan beharko dira Justizia Administrazioaren etenik gabeko jarduera bermatzeko, baldin eta zerbitzu horiek geldiarazteak kalte konponezina ekar badiezaieke herritarren eskubide eta interesei.
Era berean, Agindu hori indarrean sartu eta astebetera, eta kontuan hartuta bulego judizialen arteko antolaketa-aldeak, bai lurralde historikoka, bai jurisdikzioka, ikusi da komeni dela Agindu hura aldatzea, une honetako egoera berrietara egokitutzeko.
Aurrekoa kontuan hartuta eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren eta Justizia Ministerioaren ebazpenekin bat etorriz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Aldatzea Lan eta Justiziako sailburuaren martxoaren 15eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtsezko zerbitzuei buruzkoa, honako alderdi hauei dagokienez:
a) Bulego judizial bati atxikitako langileen zirkunstantziek (ABE, familia- eta lan-bizitza uztartzearekin lotutako nahitaezko betebeharra, arrisku-taldea, etab.) funtsezko zerbitzuak betetzeko ezarritako gutxieneko zuzkidura bermatzen ez badute, edo horiek txandaka ematen ez badira, eta, gainera, horrek langileei gehiegizko esposizioa eragiten badie, dotazio hori jurisdikzio-ordena bereko eta barruti judizial bereko beste epaitegietako funtzionarioekin osatzea erabaki ahal izango da. Ahal dela, txanda horiek borondatez sortuko dira, eta, akordiorik lortu ezean, Probintziako Idazkari Koordinatzaileak izendatuko ditu pertsona zehatzak funtsezko zerbitzuak emateko.
Horretarako, bada, pertsonak beren jurisdikzioko lehen zenbakiko epaitegitik hasita eta abizenaren hurrenkera alfabetikoaren arabera izendatuko dira.
b) Justizia Administrazioaren letraduek kasuan kasuko Probintziako Idazkari Koordinatzaileari proposatu ahal izango diote oinarrizko zerbitzuak emateko ezarritako gutxieneko plantilla murriztea, eta hark, ados egonez gero, Justizia Administrazioko zuzendariari proposamen arrazoitua aurkeztuko dio, hura kontuan har dezan; hala ere, bermatu beharko da funtsezko zerbitzu horiek barruti judizial horretako plantillaren % 10ak gutxienez artatzen dituela.
c) Bilboko barruti judizialeko lan-arloko, administrazioarekiko auzietako eta arlo zibileko epaitegietan zerbitzuak ematen dituzten Laguntza Judizialeko funtzionarioak Epaitegi Dekanoari atxikiko zaizkio, eta organo horretako funtsezko zerbitzuez arduratu behar duten langileak zazpi funtzionario izango dira: Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko bat edo Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoko bat, eta Laguntza Judizialeko kidegoko sei funtzionario.
d) Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen Bizkaiko Zuzendariordetzan, auzitegiko 5 medikuk eta Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko edo Prozesu edo Administrazio Izapidetzako Kidegoko funtzionario batek beteko dituzte funtsezko zerbitzuak.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusian, funtsezko zerbitzuak Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko edo Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario batek beteko ditu.
Bigarrena.– Oinarrizko zerbitzuetan ez dauden funtzionario guztiek aurkitzeko moduan egon beharko dute, eta beren unitatera itzultzeko moduan, ohiko lanaldian eta ordutegian, hala eskatzen bazaie. Horretarako, berehala komunikatzeko bide bat emango diete arduradunei, eta lanaldian zehar irekita egongo da komunikazio bide hori.
Hirugarrena.– Ezarritako funtsezko zerbitzuak ezin badira jurisdikzioko langileekin bete, edo txandaka betetzeko adina langilerik ez badago, Probintziako Idazkari Koordinatzaileek Justizia Administrazioko zuzendariari proposatuko diote aldi baterako funtzionarioak jurisdikzio batetik bestera bideratzea, funtsezko zerbitzu horiei behar bezala erantzuteko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Justizia Administrazioko zuzendariari ahalmena ematen zaio agindu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu hau sinatzen den unean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 24a.
Lan eta Justiziako sailburua,
María Jesús Carmen San José López.