66. zk., 2020ko apirilaren 3a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (340 KB - 8 orri.)
- EPUB (292 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LAN ETA JUSTIZIA SAILA
1793
AGINDUA, 2020ko martxoaren 15ekoa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren funtsezko zerbitzuei buruzkoa.
2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak igoarazi zuen Covid-19 birusak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoeraren maila, nazioarteko pandemia izendatuta. Gertaerek Estatuan eta nazioartean izan duten eboluzio azkarrak neurri eraginkorrak berehala hartzea eskatzen du, egoera horri aurre egiteko.
Lurralde- eta mundu-mailako osasun-alerta berriek agerian utzi dute ezohiko eta premiazko neurriak hartu behar direla Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan Covid-19 birusaren hedapenari eusten laguntzeko, larrialdi-egoerei berehala erantzun ahal izate aldera.
Covid-19ren hedapenak eragindako osasun-alertaren aurrean, Gobernu Kontseiluak, 2020ko martxoaren 13an egindako ezohiko bileran, Larrialdiei Aurre egiteko Bidea-Labi Euskadiko Babes Zibileko Plana formalki aktibatzeko erabakia hartu zuen. Martxoaren 13ko 6/2020 Dekretuaren bidez, lehendakariak bere gain hartu zuen Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-Labi Euskadiko Babes Zibileko Plana zuzentzeko ardura, Planean jasotako larrialdiko jardueren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa bereganatuz.
Alarma-, salbuespen- eta setio-egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoaren laugarren artikuluaren b) apartatuak Gobernua gaitzen du, Konstituzioaren 116.2 artikuluak esleitzen dizkion ahalmenak baliatuz, alarma-egoera deklaratzeko, nazio-lurralde osoan edo zati batean, ohiko bizimoduaren aldaketa larriak eragiten dituzten osasun-krisiak gertatzen direnean. Gaikuntza hori baliatuz eman da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, Covid-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena.
Agindu honi dagokionez, batetik, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 4.3 artikuluak ezartzen du bertan ordezko agintari eskudun moduan izendatutako ministroek ahalmena izango dutela beharrezkoak diren aginduak, ebazpenak, xedapenak eta interpretazio-jarraibideak emateko, ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoaren 11. artikuluan aurreikusitako edozein neurri hartuta, beren jardunaren eremu espezifikoan pertsonak, ondasunak eta tokiak babeste aldera ohiko edo ezohiko zerbitzu guztiak ematen direla bermatzeko. Egintza, xedapen eta neurri horiek ofizioz edo autonomia-erkidegoko eta tokiko agintari eskudunek arrazoituta eskaturik hartu ahal izango dira, kasu bakoitzean aplikatu beharreko legeriarekin bat etorriz, eta pertsona kalteberei arreta eskaini beharko zaie. Horretarako, ez da beharrezkoa izango inolako administrazio-prozedurarik izapidetzea.
Bestalde, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak berretsi egiten ditu autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako agintari eskudunek COVID-19 koronabirusa dela-eta aldez aurretik hartutako xedapen eta neurri guztiak, eta indarrean jarraituko dute, eta haietan aurreikusitako ondorioak izango dituzte, Errege-Dekretuarekin bateragarriak badira.
Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-Labi Euskadiko Babes Zibileko Plana aktibatzearekin, eta Covid-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuarekin bat etorriz, Justiziako zerbitzu publikoak eskatzen du herritarrei zerbitzu jakin batzuk ezinbestez ematea, eta zerbitzu horiek erabat bermatu behar dira.
Horregatik, agindu honen bidez, jarduteko arau batzuk ezartzen dira, zerbitzu hori Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan benetan ematen dela bermatzeko; koordinaturik betiere Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, Estatuko Fiskaltza Nagusiari eta Justizia Ministerioari dagozkien arauekin.
Agindu honetan aurreikusitako neurriek bateratu eta ziurtatu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren lurralde-eremuan zerbitzuak ematen dituzten pertsonen osasunaren beharrezko babesa, eta, aldi berean, Justizia Administrazioaren etenik gabeko jarduera bermatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuak. Batez ere, zerbitzu horiek geldiarazteak kalte konponezina ekar badezake herritarren eskubide eta interesentzat: bai babes jurisdikzionala atzeraezin bihurtzeagatik; bai herritarrek auzitegietan egin beharreko jarduketan segurtasun juridikoaren printzipioaren aurkako egoera bat sortzeagatik. Izan ere, bi kasu horiek erabat kaltegarriak izango lirateke benetako babes judizialerako eskubidea bermatzeko, Konstituzioaren 24. artikuluak ezartzen duen eran.
Hori guztia, gainera, ulertu behar da epaile, magistratu, justizia-administrazioaren letradu edo fiskalei dagozkien ebazpenei kalterik egin gabe, bakoitzak bere eskumenen esparruan.
Horregatik, bereziki sustatuko da bideokonferentzia edo soinu eta irudiaren bi noranzkoko komunikazio segurua ahalbidetzen duen beste edozein gailu edo aplikazio informatiko erabiltzea, baita atxilotutako pertsonak eta presoak egoitza judizialetara lekualdatzea saihesteko ere, ahal den neurrian, horiekin egin beharreko eginbideak gauzatzeko.
Aurreko guztia kontuan hartuta, Lan eta Justiziako sailburu honek erabaki du, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren eta Justizia Ministerioaren ebazpenekin bat etorriz, autonomia-erkidego honetako Justizia Administrazioan beti operatibo mantendu behar diren funtsezko zerbitzuak finkatzea, honelaxe:
Lehenengoa.– Honako hauek jotzen dira funtsezko zerbitzutzat, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Covid-19k sortutako egoeraren aurrean zerbitzu publiko judiziala emateari buruz emandako jarraibideen arabera:
1.– Egiten ez bada, kalte konponezinak eragin ditzakeen edozein jarduketa judizial.
2.– PZLaren 763. artikuluko presazko barneratzeak.
3.– Kautelazko neurriak edo atzeraezinak diren beste jarduketa batzuk, hala nola adingabeak babesteko neurriak (KZaren 158. artikulua).
4.– Erregistro Zibila: ehorzketa-lizentziak ematea; ezkontzak in articulo mortis egitea; eta jaiotza-inskripzioak presako epean egitea.
5.– Guardia-zerbitzuak, soilik atxilotuen eta gorabeheren ondorioetarako.
6.– Atxilotuekiko jarduerak eta atzeraezinak diren beste batzuekin jardutea; hala nola, premiazko kautelazko neurriak hartzea, gorpuak altxatzea, sarrerak eta erregistroak, etab.
7.– Presoekin edo atxilotuekin izandako edozein jarduketa.
8.– Emakumeen eta adingabeen aurkako indarkeriaren arloko babes-aginduak eta kautelazko edozein neurri.
9.– Espetxe-zaintzaren arloko presako jarduketak.
10.– Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzio-ordenean, osasun-sarrerak, presazkoak eta atzeraezinak baimentzea, premiazko kautela-neurriak eta hauteskunde-auzien errekurtsoak ebaztea premiazkoa duten oinarrizko eskubideak.
Era berean, agintari sanitarioek osasun publikorako premiazkotzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten eta askatasuna edo beste oinarrizko eskubide bat kentzea edo murriztea dakarten neurriak baimentzeko edo epaileak berresteko prozedurak.
11.– Jurisdikzio-ordena sozialean, legeak presakotzat jotzen dituen epaiketak eta presako eta lehentasunezko kautela-neurriak egitea.
12.– Oro har, oinarrizko eskubideak urratu direla alegatzen duten eta premiazkoak diren prozesuak (hau da, atzeratzeak erreklamatutako babes judiziala lortzea eragotziko edo oso astun egingo luketenak).
Bigarrena.– Funtsezko zerbitzu horiek emango direla bermatzeko, zerbitzu horiek emango dituzten gutxieneko langileak zehaztu behar dira. Hona hemen langile horien zehaztapena:
– Guardia-zerbitzuan dauden epaitegiek eta fiskaltzek zerbitzua behar bezala emateko guardia-zerbitzuko behar beste langile izan beharko dituzte. Guardia-zerbitzua plantilla osoak ematen badu, funtzionarioen erdiak guardiako epaitegiaren bulegoetan egongo dira, eta beste erdiak dagokion epaitegiaren bulegoetan, kide guztiak kutsatzea saihesteko.
– Gainerako organo judizialetan, fiskaletan eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundean, organo bakoitzaren izaera eta premiak hartuko dira kontuan. Funtsezko zerbitzuen barruan dauden funtzionarioen kopurua eta kidegoa zehazteko, organo edo organo-multzo bakoitzari legez esleitutako eginkizun edo gai zehatzak hartuko dira kontuan, bai eta agindu honetan bertan identifikatutako funtsezko zerbitzuekin duten zuzeneko eta berehalako harremana ere.
Inguruabarrak direla-eta titularrek ezin badituzte oinarrizko zerbitzuak eman, ordezkapen-txandetara jo beharko da.
Funtsezko zerbitzuak ematen ari ez diren langileak beren organoaren esku daude, eta bertako arduradunari telefono mugikorraren zenbakia emango diote, edozein gorabehera gertatuz gero plantilla osatu behar bada ere.
Irizpide horiek kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan funtsezko zerbitzuak emango dituzten langileak honako hauek izango dira, gutxienez:
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia:
(Ikus .PDF)
Probintzia-Auzitegiak (PA):
(Ikus .PDF)
Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiak:
(Ikus .PDF)
Lehen auzialdiko epaitegiak (merkataritza, familia, barneratzeak):
(Ikus .PDF)
Lan-arloko epaitegiak:
(Ikus .PDF)
Administrazioarekiko auzien epaitegiak:
(Ikus .PDF)
Emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako epaitegiak:
(Ikus .PDF)
Instrukzioko epaitegiak:
(Ikus .PDF)
Zigor-arloko epaitegiak:
(Ikus .PDF)
Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra:
(Ikus .PDF)
Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpenekoa:
(Ikus .PDF)
Betearazpeneko Zerbitzu Erkidea:
(Ikus .PDF)
● Fiskaltza-organoetan:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusia:
• Kudeaketa PA kidegoko edo Izapidetze PA Kidegoko funtzionario 1.
– Arabako Probintzia-Fiskaltza:
• Kudeaketa PA kidegoko funtzionario 1.
• Izapidetze PA Kidegoko funtzionario 1.
• Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario 1.
– Bizkaiko Probintzia Fiskaltza:
• Kudeaketa PA kidegoko 2 funtzionario.
• Izapidetze PA Kidegoko 6 funtzionario.
•Laguntza Judizialeko Kidegoko 3 funtzionario.
– Gipuzkoako Probintzia Fiskaltza:
• Kudeaketa PA kidegoko 2 funtzionario.
• Izapidetze PA Kidegoko 2 funtzionario.
• Laguntza Judizialeko Kidegoko 2 funtzionario.
● Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua:
– Arabako Zuzendariordetza: 3 auzitegi-mediku, Kudeaketa PA kidegoko edo Izapidetze PA Kidegoko funtzionario 1.
– Bizkaiko Zuzendariordetza: 3 auzitegi-mediku, Kudeaketa PA kidegoko edo Izapidetze PA Kidegoko funtzionario 1.
– Gipuzkoako Zuzendariordetza: 3 auzitegi-mediku, Kudeaketa PA kidegoko edo Izapidetze PA Kidegoko funtzionario 1.
Hirugarrena.– Bigarren puntuan adierazitako zerbitzuak txandaka beteko dituzte funtzionarioek. Txandak, ahal dela, bolondresekin beteko dira.
Funtsezko zerbitzu jakin batzuk emateko borondatezko funtzionariorik ez badago, Justizia Administrazioaren letraduek izendatuko dituzte funtsezko zerbitzuak eman behar dituzten langileak, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 452.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuz. Fiskaltzaren kasuan, fiskal nagusiak eta probintziako fiskalburuek izango dute izendapen horien ardura, eta, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren kasuan, zuzendaria eta Lurralde Historiko bakoitzaren zuzendariordeak izango dira arduradunak.
Txanda horiek ezarri eta gutxienekoak betetzeko behar diren ordezkapenak finkatzeko, kontuan hartuko da txanda horietatik kanpo daudela erantzukizunpeko adierazpenaren bidez nahitaezko betebehar bat betetzeagatik baimena eskatu duten funtzionarioak.
Une oro bermatuko da ezarritako funtsezko zerbitzuen presentzia, eta, beraz, izendapena aldatu ahal izango da gerora sortutako eta justifikatutako arrazoiengatik, funtsezko zerbitzuen eraginpeko langileak ordezkatzeko.
Laugarrena.– Ezertan eragotzi gabe ezinbestean bete behar diren zerbitzuak zehaztea, honako hauek hartuko dira kontuan zerbitzu horiek ematera egoitza judizialetara joan behar duten langileentzat:
1.– Zorrotz garbitu eta desinfektatuko dira instalazioak.
2.– Maskarak, disoluzio alkoholikoak, eskularruak eta erabili eta botatzeko papera banatuko dira egoitza judizialetan, eta, zehazki, eraikinetarako sarbideetan, ikustaldi-aretoetan eta gainerako bulego judizialetan, bereziki atxilotuen geletan eta guardiako bulegoetan.
3.– Arnas gaixotasunetatik banakako babesa izateko neurri orokorrak hartzea gomendatzen da, hala nola:
– Eskuak maiz garbitzea (urarekin eta xaboiarekin edo alkoholarekin), bereziki gaixoekin edo haien inguruarekin kontaktu zuzena izan ondoren.
– Saihestu kontaktu estua izatea arnas afekzioaren zantzuak (eztula edo doministikuak) dituzten pertsonekin.
– Arnas infekzioren baten sintoma larriak dituzten pertsonekiko metro bateko distantzia mantentzea, gutxi gorabehera.
– Ahoa eta sudurra estali eztul edo doministiku egitean, eta eskuak garbitzean.
Bosgarrena.– Profesionalei eta herritarrei egoitza judizialetarako sarbidea mugatuko zaie, ezinbesteko izapide atzeraezinetarako eta zitazioa duten jarduketa judizialetara joateko izan ezik. Kasu horietan, azaldutako prebentzio-neurriak hartu beharko dira. Funtsezkoa ez den beste edozein kudeaketa edo izapide JustiziaSIP bidez egin beharko da, telematikoki edo telefonoz. Horretarako, esteka hau ematen da, Euskal Autonomia Erkidegoko organo judizialen direktorioa jasotzen duena: https://www.justizia.eus/biblioteca/telefonos-y-direcciones-2
Agindu honek sinatzen den unetik aurrera izango ditu ondorioak. Nolanahi ere, agindu honi aldaketak eta eguneraketak egin ahal izango zaizkio osasun-krisiaren bilakaeraren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 15a.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.