Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2020ko apirilaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1771

AGINDUA, 2020ko martxoaren 31koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira alokairu-erregimeneko etxebizitza babestuen arloan Covid-19 birusaren inpaktu ekonomikoari erantzuna emateko hartu beharreko neurriak.

Covid-19 birusaren hedapen azkarra aurrekaririk gabeko osasun-alerta eragiten ari da. Herritar asko horren kalteak jasotzen ari dira, eta gizartea etengabe ari da birus horren hedapenaren aurka borrokatzen, pertsonen osasunean ondorio nabarmena baitu.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna Covid-19 birusaren hedapena mugatzea eta pertsonen osasuna babestea bada ere, krisi honen ondorioak osasun-arlokoak ez diren beste eremu batzuetara ere heltzen ari da.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak 300 milioi euroko funts instituzional bat sortu du, osasun-sistema eta hezkuntza-sistema indartzeko, bai eta familiei, enpresei eta enpleguari laguntzeko ere.

Covid-19 Funtsa izeneko programa berri hau Estatuak bere eskumenen esparruan har ditzakeen neurri ekonomikoak osatzera bideratuta dago, gure eskumen propioen esparruan.

Funtsa xedearen araberako hiru jarduera-arlotan egituratzen da: horien artean, pertsonei eta familiei zuzendutako bat dago, eta etxebizitza babestuaren esparruan hartu beharreko neurriak barne hartzen ditu.

Eremu horretan egokientzat jo diren neurriak honako hauek dira: Hiri Errentamenduen Legetik eratorritako kaleratze judizialak aldi baterako etetea; alokairu babestuko EAEko parke publikoetan egoera ekonomiko kalteberan dauden errentariak alokairua eta komunitate-gastuak ordaintzetik aldi baterako salbuestea; eta, Gaztelagun Programako laguntzak osatzea egoera berean dauden pertsonentzat.

Neurri horietako lehenengoak, Sailak berak ofizioz hasitako prozedurak direnez, ez du formaltasun gehiago eskatzen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak berak erabakia hartzea baino.

Hurrengoek, ordea, eskatzen dute ebazpen bat ematea, zer kasutan aplikatzen den identifikatzen duen eta hura aplikatzeko bideak gaitzen dituena.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak emandako eskumena baliatuz eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak ezarritakoa betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hartu beharreko neurriak arautzea, Covid-19 birusak etxebizitza-eremuan alokairu babestuko parke publikoan bizi diren pertsonentzat eta familientzat duen inpaktu ekonomikoari erantzuna emateko.

Era berean, neurri horiek alokairu babestuko beste etxebizitza-parke batzuetara hedatu ahal izateko mekanismoak ere ezartzen dira.

2. artikulua.– Alokairuak ordaintzetik salbuestea.

Agindu honen bidez, alokairu babestuko parke publikoan egoera ekonomiko kalteberan dauden errentariak alokairua eta komunitate-gastuak ordaintzetik ezohiko eta aldi baterako salbuestea arautzen da. Hori alokairu babestuko beste etxebizitza-parke batzuetara ere hedatzen da.

3. artikulua.– Salbuespenaren ezaugarriak.

1.– Salbuespen horren onuradun izan ahalko dira EAEko etxebizitza-parke publikoetako etxebizitza baten errentamendu-kontratu baten titular diren pertsona guztiak, norberaren izenean edo errentakide gisa, baldin eta «kalteberatasun ekonomikoko» egoeran badaude. Horretaz gain, egoera berean dauden zuzkidura-bizitokien emakidaren onuradunek ere baliatu ahal izango dute salbuespen hori.

2.– Salbuetsita dauden alokairu babestuko parke publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoak, Alokabide SA sozietate publikoarenak eta Bizigune programaren esparruan alokatutakoak dira.

3.– Apirileko, maiatzeko eta ekaineko errentei hilabete osoz aplikatuko zaie salbuespena.

4. artikulua.– Kalteberatasun ekonomikoa ezaugarritzat duen egoera.

1.– Agindu honen ondorioetarako, besteren konturako langileak kalteberatasun ekonomikoa ezaugarritzat duen egoeran egongo dira osasun-larrialdiak eragindako krisiaren ondorioz errentarien edo emakidadunen bat langabezian geratu bada.

2.– Langile autonomoen edo enpresaburuen kasuan, kalteberatasun ekonomikotzat jotzen da diru-sarreren galera edo salmenten % 40ko beherakada edo handiagoa jasaten duten egoera.

3.– Bi kasuetan, kalteberatasun ekonomikoa ezaugarritzat duen egoera gertatzen dela jotzeko, gainera, eskatzen da ordaindu beharreko errentaren zenbatekoa gehi komunitate-gastuak handiagoak izatea pertsonaren edo bizikidetza-unitate errentariaren urteko diru-sarrera haztatuen % 30 baino, babes ofizialeko etxebizitzei buruzko araudiaren arabera kalkulatuta.

5. artikulua.– Betekizunak.

1.– Salbuespenaz baliatu ahal izateko, errentamendu-kontratuek edo zuzkidura-bizitokien emakidek indarrean egon behar dute eta 2020ko martxoaren 14a baino lehen formalizatuta egon behar dute, egun horretan indarrean jarri baita martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baita Covid-19 birusak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera.

2.– Besteren konturako langileen kasuan, langabezia-egoera data horren ondoren hasi behar da, eta behar bezala egiaztatu behar da osasun-larrialdiak eragindako krisiaren ondorioz hasi dela.

Ondorio horietarako, hala egin dela ulertuko da aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean edo beste enplegu-espediente batzuetan jasotako kontratu-eteteak direnean, ezinbesteko kausengatik edo bi kasuetan Covid-19 birusarekin lotutako arrazoi ekonomiko, tekniko, antolamenduko eta ekoizpenekoengatik.

Era berean, epea amaitzeagatik kontratuak azkentzen direnean eta aldi baterako kontratuak berritzen ez direnean, langabezia-egoera osasun-larrialdiak eragindako krisiaren ondorio dela ulertuko da, baldin eta eskatzaileek beren jarduera gauzatzen badute martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera jendearentzako irekiera etenda daukaten jardueren zerrendan sartutako sektoreren batean.

Aurreko kasuak aplikagarriak ez direnean, egiaztatu ahal izango da zuzeneko lotura dagoela langabezia-egoeraren eta osasun-larrialdiak eragindako krisiaren artean, zuzenbidean onartutako edozein frogabideren bidez.

3.– Langile autonomoen edo enpresaburuen kasuan, diru-sarreren galera edo salmenten beherakada kalkulatzeko, 2020ko apirileko eta maiatzeko diru-sarrerak edo salmentak hartuko dira erreferentziatzat, alarma-egoera deklaratu aurreko seihileko naturalean egindako batez bestekoarekin alderatuta.

Hala ere, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera jendearentzako irekiera etenda daukaten jardueren zerrendan jasotako sektoreren batean lan egiten duten pertsonen kasuan, kalteberatasun ekonomikoaren egoera aurrez halakotzat jotzen da, eta ez da egiaztatu beharko diru-sarreren galera edo salmenten beherakada hori.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea zabalik egongo da agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2020ko maiatzaren 31ra arte, edo, hala badagokio, alarma-egoera amaitu eta hilabetera arte, data hori 2020ko maiatzaren 31 baino geroagokoa bada.

2.– Eskabideak telematikoki aurkeztu ahal izango dira www.euskadi.eus/servicios/11022401 webgunean, edo aurrez aurre Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako organoetako edozeinetan, bai eta Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan eta Alokabide SA sozietate publikoak www.alokabide.euskadi.eus webgunean dituen kanalen bidez ere.

7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, www.euskadi.eus/servicios/11022401 webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Bertan adierazi beharko da bete egiten direla agindu honetan araututako salbuespenaren onuradun izateko eskatzen diren baldintzak.

Eskabidean berariaz adierazi beharko dira familia-unitateko kide guztien diru-sarrerak, 2019ko abenduari eta 2020ko urtarrilari eta otsailari dagozkienak, bai eta eskabidea aurkeztu den hilabeteari dagozkionak ere.

Besteren konturako langileek honako hauek adierazi beharko dituzte eskabidean: zer enpresatan lan egiten duten, enpresa horri dagokion jarduera ekonomikoaren sektorea eta langabezia-egoera zer egunetan hasi den.

Langile autonomoek edo enpresaburuek erantzukizunpeko adierazpenean adierazi beharko dute zer jarduera ekonomikotan ari diren.

2.– Salbuespenaren onuradunak salbuetsita daude zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzetik, bai eta laguntzak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharragatiko ordainketak egunean dituztela egiaztatzetik ere.

3.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ofizioz egiaztatuko du Lan eta Justizia Sailarekin edo lan-agintaritza eskudunarekin besteren konturako langileen langabezia-egoera aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten edo beste enplegu-espediente mota batzuen ondoriozkoa dela, Covid-19 birusak eragindako osasun-krisiaren ondorioz.

Era berean, langabeziagatiko prestazioak kudeatzen dituen erakundearekin ofizioz egiaztatuko du langabezia-egoera zein egunetan hasi den eta langabezia-prestazioen kontzeptuan jasotako hileko zenbatekoa.

4.– Langile autonomoak edo enpresaburuak izanez gero, Sailak egiaztatuko du eskatzailea alta emanda dagoela eskabidean adierazitako jarduera-sektorean, eta sektore hori sartuta dagoela martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera jendearentzako irekiera etenda daukaten jardueren zerrendan.

Halaber, sektorea aipatutako errege-dekretuan sartuta ez badago, foru-ogasun eskudunak edo, hala badagokio, Zerga Agentziak dituen datuekin erkatuz egiaztatuko du eskabidean aitortutako diru-sarrerak galdu direla edo salmentetan behera egin dutela.

5.– Aurreko daturen bat egiaztatzea ezinezkoa bada, edo eskatzailea Sailak administrazio publiko eskudunetatik datu horiek jasotzearen kontra badago, organo kudeatzaileek behar diren dokumentazio-eskaerak egingo dituzte.

8. artikulua.– Kudeaketa eta ebazpena.

Alokabide SA sozietate publikoari dagokio salbuesteko eskabideak kudeatzea. Sozietate hori arduratuko da eskabideak jasotzeaz eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeaz, eta dagokion ebazpen-proposamena egingo du, bai eta behar diren aldaketak ere.

Ebazpenak Etxebizitzako lurralde-ordezkariek emango dituzte.

Ebazpena hiru hilabeteko epean jakinarazi beharko da, eskaera egiten den egunetik hasita, eta administrazio-isiltasuna baieslea izango da.

Laguntzak ez dira EHAAn argitaratuko. Hala ere, programa amaitzean, Eusko Jaurlaritzaren gardentasunaren atarian eta Alokabide SA sozietatearen webgunean emandako laguntzen kopurua eta zenbateko osoa argitaratuko dira, lurralde historikoaren eta onuradunen sexuaren arabera bereizita.

9. artikulua.– Gaztelagun Programaren ezohiko laguntzak

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko abenduaren 18ko Aginduan araututako Gaztelagun laguntza-programaren onuradunek, agindu honen arabera errentak ordaintzetik salbuesteko eskubidea ematen duten egoeretan badaude, aldi baterako eta salbuespenezko laguntza osagarria jaso ahal izango dute, agindu horren 2. artikuluan aitortuta zeukaten dirulaguntza osatu ahal izateko, ezarritako etxebizitzaren hileko errentaren mugetara iritsi arte. Laguntza horrek apirileko, maiatzeko eta ekaineko hilekoak hartuko ditu, agindu honen 3. artikuluan araututakoaren arabera.

Laguntza horiek izapidetzeko, behar den aldaketa-eskaera aurkeztuko da onuradun bakoitzak egoitza elektronikoan/Nire karpeta atalean irekita daukan laguntzaren espedientean.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko abenduaren 18ko Aginduan ezarritako erregulazio orokorra aplikatuko da prozeduraren ondorioetarako.

10. artikulua.– Bateraezintasuna.

Agindu honetan araututako laguntzak bateraezinak dira etxebizitzako prestazio ekonomikoarekin, etxebizitzako prestazio osagarriarekin eta beste edozein administrazio publikok edo erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako eman ditzakeenekin. Ondorio horietarako, eskatzaileak adierazi beharko du ez duela egin agindu honetan araututako laguntzen pareko eskaerarik.

11. artikulua.– Araudi osagarri aplikagarria.

Agindu honetan berariaz arautu ez den guztirako, eta bidegabeki jasotako laguntzak iraungitzeko eta itzultzeko prozeduraren ondorioetarako, dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den araudi orokorra aplikatuko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Salbuesteko neurri hauek Etxebizitza eta Lurra SA – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra EAk (Visesa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien titular diren beste eragile publiko eta pribatu batzuek aplikatu ahal izango dituzte, baldin eta indarrean dauden babes-formuletako edozeinetan alokairuan lagata badauzkate. Kasu horietan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak salbuetsi izana egiaztatzen duten errenten zenbatekoak ordainduko dizkie aukera hori hautatu duten erakundeei, Covid-19 Funtsaren kargura. Horretarako, 2020ko uztailaren 31 baino lehen, ordaindu ez den zenbateko osoa jasotzen duen ziurtagiria bidaliko dute.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

ASAP Merkatu Libreko Etxebizitzak Alokatzeko Bitartekaritza Programako errentariek ere jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako salbuespenak. Ondorio horietarako, programa honetan sartutako etxebizitzen errentariek, agindu honen 4. artikuluan araututako kalteberatasun ekonomikoaren egoeran badaude, salbuespen-eskaera aurkeztu ahal izango diote kontratua sinatu zuten agente laguntzaile homologatuari.

Programa hau kudeatzeko homologatutako agente laguntzaileek, errentatzailearen eta errentariaren arteko errentamendu-harremana egokia izan dadin laguntzeko bitartekaritza-lanean, baldintza horiek betetzen direla egiaztatu beharko dute, eta ASAP programaren kudeaketaz arduratzen den organoari bidali beharko diote salbuestea aitortzeko proposamena. Organo horrek dagozkion likidazioak ebatzi eta egingo ditu.

Salbuetsitako errentari dagokion zenbatekoaren ordainketa zuzenean ordainduko zaie jabeei; horretarako, agente laguntzaile homologatuek bidali beharko dituzte ordainketa egin ahal izateko behar diren datuak, salbuestea aitortzeko proposamenarekin batera.

ASAP programa kudeatzeaz arduratzen den organoak aitortuko du salbuestea, agente laguntzaile homologatuek bidalitako eskaerak jaso eta gehienez ere hiru hilabeteko epean.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honi 2.500.000 euroko aurrekontu-zuzkidura dagokio.

Kopuru hori handitu ahal izango da «Covid-19 birusak eragindako krisiaren aurkako neurriak» berariazko aurrekontu-programaren guztizko kopurua ere halakoa den heinean, Gobernu Kontseiluak 2020ko martxoaren 17ko bilkuran adostutakoaren arabera.

Eman beharreko laguntzen bolumen osoak ez du kopuru hori gaindituko. Beraz, zenbateko hori agortutakoan, ez da beste laguntzarik emango, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Etxebizitzako sailburuordearen ebazpen baten bidez argitaratuko da kreditua agortu egin dela.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian. Horretarako, epea bi hilabetekoa da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 31.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala