Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2020ko apirilaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1757

45/2020 DEKRETUA, martxoaren 24koa, nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzei buruzkoa.

Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legeak 3. artikuluan ezartzen duenez, gizarte-zerbitzuen sistema botere publikoen ardura da, eta, beraz, botere publikoek sustatu beharko dituzte zerbitzu horiek bultzatzeko baliabideak (giza baliabideak, finantzarioak eta teknikoak). Halaber, artikulu horren arabera, gizarte-zerbitzuak emateko, botere publikoek kontuan hartu behar dute ekimen pribatua, ekimen publikoari laguntzeko. Horregatik, botere publikoei dagokie irabazi-asmorik gabeko ekimen pribatuaren parte-hartzea sustatzea gizarte-zerbitzuen arloan. Legeak adierazten duenez, gizarte-zerbitzuek, lehentasunez, prebenituko dituzte bazterkeria sortzen duten edo bizimodu autonomoaren garapena mugatzen duten kausak.

Agindu hori betez, Sasoikako Lanaren Arretarako I. Plan Integrala (2004-2007) onartu zen, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila buru zuen Sasoikako Lanaren Erakunde Arteko Mahaiak onetsia, eta plan hori egikaritzeko esparru juridiko egokia egin zen, zeinak zehazten baitzituen landa-udalerrietan garatu beharreko ekintzak, bizi-kalitatea hobetzeko zerbitzuekin lotuta. Garrantzi berezia eman zitzaion aldi baterako biztanleria honen bizi-kalitatea –Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan sasoiko zerbitzuak ematen dituzte– eta udalerrietako biztanleriak duen bizi-kalitatea berdintzeko beharrari, bai eta landa-eremuaren birgaitze sozial eta ekonomikoa lortzeari ere, eta, zehazki, bizi-kalitatea hobetzeari.

Planaren helburuak, besteak beste, hauek ziren: jarduerak hastea sasoikako langileen ostatu-sarea handitu eta hobetzeko eta lan- eta ostatu-baldintza duinak bermatzeko, sasoikako langileak gurean dauden artean errazago integra daitezen, eta laguntzak eta dirulaguntzak emateko aukera ezartzea sasoikako langileentzako ostatuak sortzeko arloan.

Testuinguru horretan argitaratu zen 62/2007 Dekretua, apirilaren 17koa, nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituena. Dekretu horrek arautzen du EAEko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan sasoiko zerbitzuak ematen dituzten langileentzako ostatuak eraiki, egokitu edo hobetzeko dirulaguntzen programa, ostatu-baldintza duinak lortzeko, sasoikako langileak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden artean errazago integra daitezen.

I. plan horren ostean, honako hauek etorri ziren: Sasoikako Lanaren Arretarako II. Plan Integrala, 2008-2012 aldirako, 2007ko abenduaren 19an onetsia, eta 2013-2016 aldirako III. Plana, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila buru zuen Erakunde Arteko Mahaiak 2013ko apirilaren 17an prestatu eta onetsia.

III. Planaren indarraldia bukatuta eta gauzatutako ekintzei buruzko ebaluazioa eginda, Plan horretan jasotako ekintza askori jarraipena emateko, egiteko geratu ziren ekintza batzuei ekiteko eta ekimen berriak sartzeko beharrizana ikusi zen.

Testuinguru horretan, Sasoikako Lanaren Arretarako IV. Plan Integrala (2017-2020) onetsi zen 2017ko uztailaren 10ean. Horren helburu nagusia da modu koherente eta koordinatuan planifikatzea sasoikako lanaren inguruan sortu diren beharrizanei erantzuteko ekintzak; adibidez: erabilitako higiezinek eskatzen diren gutxieneko betekizunak betetzea, eta plaza-kopuru nahikoa izatea bizigarritasun- eta duintasun-baldintza egokiekin.

Horrez gain, IV. Planean planteatu zen nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko zerbitzuak ematen dituzten langileentzako ostatuetarako laguntza-deialdiarekin jarraitzeko beharra, eskainitako ostatuen bizigarritasun-baldintzak hobetzeko; era horretan, erraztu egingo da EAEko higiezinen eta ekipamenduen erregistroan inskribatzea, eta eskumena duen agintaritzak kontrolatu ahal izango ditu.

I. planetik gaur egungora arte, jasota dago Eusko Jaurlaritzak bermatu egin behar dituela Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten sasoikako langileen bizi- eta ostatu-baldintzak. Horrez gain, beste behar hauek ere mantentzen dira: jarduerak egiten jarraitzea sasoikako langileen ostatu-sarea –ostatu kolektibo publiko eta pribatuak– handitu eta hobetzeko, eta lan- eta ostatu-baldintza duinak bermatzeko, sasoikako langileak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden artean errazago integra daitezen. Horretarako, beharrezkoa da ostatu horiei laguntzak ematen jarraitzea.

Lehenengo planean hartutako printzipio orokorrak gaur egunera arte mantendu badira ere, beharrizan batzuk aldatu egin dira 10 urtetik gorako aldi honetan, nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko zerbitzuak ematen dituzten langileentzako ostatuetarako laguntzekin lotuta –beharrizan haiei erantzuteko onartu zen apirilaren 17ko 62/2007 Dekretua–.

Alde batetik, laguntzak mantendu behar dira, eta, beste batetik, ostatuen arloko egungo laguntza-beharrizanetara egokitu behar dira. Horregatik, aipatutako dekretua indargabetu behar da, eta beste dekretu berri batez ordeztu. Gainera, dekretu berrian, dirulaguntzen araubidea egokituko da laguntzak eta dirulaguntzak emateko arloan eta administrazio-prozeduraren arloan aplikatu behar diren arauetara.

Aintzat hartu da Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak xedatzen dutena.

Arau honek 23 artikulu, xedapen iragankor 1, xedapen indargabetzaile 1 eta 2 azken xedapen ditu.

Nekazaritzaren eta landa-garapenaren alorrean eskumena duen sailak egin du dekretu hau, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura artekoetan xedatutakoa kontuan hartuta.

Dekretu hau egiteko, sektoreko erakunderik adierazgarrienak kontsultatu dira eta nahitaezko txosten guztiak ere baliatu dira.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko martxoaren 24an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea da nekazaritza-ustiategietan sasoiko zerbitzuak ematen dituzten pertsonentzako ostatuetarako laguntzen araubidea arautzea.

2.– Dekretu honen dirulaguntzak «de minimis laguntzak» dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzak nekazaritza-sektorean aplikatzeko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan –edo horren ordezkoan– ezarritakoaren arabera.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz lagundu ahal izango dira honako helburu hauek dituzten proiektu edo jarduerak: sasoikako langileentzako ostatu-sarea handitu eta hobetzea, eta ostatu-baldintza duinak bermatzea, sasoikako langileak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden artean errazago integra daitezen. Horrek barnean har dezake ostatuak eraikitzea edo, hala badagokio, eskuratzea, eta horiek gaitzea, eraberritzea, handitzea, egokitzea, hobetzea eta ekipatzea, erregistratutako ostatua izateko eskatzen den araudia bete ahal izateko.

3. artikulua.– Onuradunak.

Honako hauek izan daitezke dekretu honetan arautzen diren laguntzen onuradunak:

1.– Pertsona fisiko edo juridikoak, horien forma juridikoa edozein dela ere –publikoak edo pribatuak–. Pertsona fisiko edo juridiko pribatuen kasuan, betiere nekazaritza-ustiategi baten titularrak edo titularkideak badira.

2.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteak eta ondasun-erkidegoak, baldin eta nekazaritza-ustiategi baten titularrak edo titularkideak badira. Bertan parte hartzen duten pertsona guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte dekretu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 44. artikuluak, 32.m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren menpe egongo dira diruz lagundu daitezkeen kostuak. Diruz lagundu daitezkeen kostutzat hartuko dira kontzeptu hauei dagozkien inbertsioak edo gastuak:

a) Sasoikako langileentzako ostatu izateko higiezinak eraiki edo, hala badagokio, eskuratzea. Azken kasu horretan, higiezinak ezin dira egon inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoan sasoikako langileak hartzeko higiezinen eta ekipamenduen erregistroan, ezta laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko bost urteetan inskribatuta egon ere. Kostu horretarako laguntzaren gehieneko zenbatekoa urtero ezarriko da, 8. artikuluan aurreikusitako deialdiaren aginduan.

b) Ondasun higiezinak birgaitzea, eraberritzea edo egokitzea sasoikako langileentzako ostatu gisa erabiltzeko, eta ondasun higiezinak birgaitzea, eraberritzea edo egokitzea, baldin eta dagoeneko sasoikako langileei ostatu emateko badira eta dagokien erregistroan inskribatuta badaude.

c) Arkitekturako, ingeniaritzako edo beste adar tekniko bateko profesionalen zerbitzu-sarien gastuak, aurreko paragrafoan adierazitako inbertsio edo gastuekin lotutakoak, gehienez ere diruz lagundu daitekeen kostuaren % 10eraino.

d) Altzariak eta ekipamendua.

2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean –horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora– kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntzaren aurretik ez den egin gastua.

Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua (justifikazioan, edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira eskaintzak) efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.

3.– Ez dira diruz lagunduko merkatukoak baino balio handiagoa duten gastuak, ez eta diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat ez datozenak edo jarduera garatzeko behar-beharrezkoak ez direnak ere. Sasoikako langileentzako ostatuetan bete beharreko gutxieneko baldintzak arautzen dituen azaroaren 28ko 248/2006 Dekretuan xedatutakoa beteko da betiere.

5. artikulua.– Finantzaketa.

1.– Arau honetan agertzen diren diruz laguntzeko moduko jardueren barruko proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira.

2.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko deialdiaren aginduan urtero ezartzen den haren finantzaketara zuzendutako gehieneko zuzkidura globala, ezta haren eguneratzetik lortzen den kopurua ere, kreditu-loturaren araubidearen arabera.

Eskatzen diren laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen, zenbatekoa handitu daiteke, aurrekonturik geratzen bada nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren alorrean eskumena duen sailak beste laguntza-programa batzuk emateko programak gauzatutakoan. Horrelakorik gertatzen bada, nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren alorrean eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

6. artikulua.– Onuradun izateko betekizun orokorrak.

Dekretu honetan araututako laguntzen onuradun izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako betekizunak eta beste hauek bete behar dira:

1.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan jasotakoak:

a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

b) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

c) Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez.

d) EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

e) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zigor- edo administrazio-arloko epai irmorik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

f) Konkurtso-deklaraziorik ez du eskatu, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez dago, konkurtsoan deklaratuta ez dago, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez dago edo desgaitua ez dago Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

g) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

h) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

i) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

j) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

k) Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

l) Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoez gain, beste betekizun hauek ere bete beharko dira:

a) Dirulaguntza jaso dezaketen inbertsioak edo gastuak egiten dituzten ostatuek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan egon beharko dute.

b) 200.000 eurotik gorako «de minimis laguntzarik» jaso ez izana dirulaguntzaren eskabidea aurkeztu aurretiko bi zerga-ekitaldietan, ez eta eskabidea aurkezten den zerga-ekitaldian ere, abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa betez.

c) Enpresa ez dagoela krisialdian, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01)

d) Nekazaritzaren arloan diharduten elkarte edo erakunde profesionalen, enpresarialen, sindikalen edo bestelakoen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa bete beharko da.

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaio laguntza-eskabidea.

2.– Eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira, pertsona fisikoen kasuan izan ezik, zeinek modu presentzialean zein elektronikoki aurkeztu ahal izango baitituzte. Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

3.– Eskabideak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak deialdiaren urteko aginduan adieraziko dira.

4.– Eskabideak aurkezteko epea irekita egongo da deialdiaren urteko aginduak ezartzen duen hasiera-egunetik funtsak guztiz agortu arte, dekretu honen 13. artikuluak xedatzen duen moduan, edo deialdi-aginduan zehazten den egunera arte; azken hori ezin izango da izan eskabidea egiten den urteko azaroaren 1a baino lehenagokoa. Nolanahi ere, eskabideak aurkezteko epea ezingo da izan hilabetetik beherakoa, deialdia hasten denetik kontatzen hasita.

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza.

6.– Landa-garapenaren arloko sail eskuduneko titularrak onartuko du eskabide-orrien eredua, dekretu honen 8. artikuluak aipatzen duen deialdiaren urteko aginduan. Eskabide-ereduak, gutxienez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritakoaz gain, hauek jaso beharko ditu: eskatzailearen izena eta sexua –pertsona fisikoa bada–, zuzendaritza-organoen osaera sexuaren arabera bereizita –pertsona juridikoa bada–, proiektuaren deskribapena (kokapena eta hasiera- eta amaiera-datak barnean direla), proiektua egiteko behar den laguntza publikoa eta diruz lagundu daitezkeen kostuen zerrenda.

7.– Eskabide-orriarekin batera, eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Hirugarrenen alta.

b) Pertsona juridikoek, eratzeko eskrituraren kopia bat eta estatutuen kopia bat (dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita).

c) Pertsona juridikoa izanez gero, zuzendaritza-organoen osaera egiaztatzen duen ziurtagiria.

d) Erakunde publikoen kasuan izan ezik, nekazaritza-ustiategiaren titularra edo titularkidea izatearen egiaztagiria.

e) Ondasun higiezina ostatu gisa egokitzeko erabiltzeko baimena ematen duen tituluaren kopia, hura jabetza osoan edo partekatuan, errentamenduan, gozamenean edo prekarioan eduki.

f) Pertsona fisikoen edo nortasun juridikorik gabeko pertsona juridiko pribatuen elkarteak edo ondasun-erkidegoak direnean, eskabideek berariaz adierazi behar dituzte, eskaerari erantsitako dokumentu batean, elkarteko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak, eta bakoitzak egikaritu beharreko aurrekontu-zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Betiere, ordezkari edo ahaldun bat izendatu behar dute elkarteek, elkarteari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Taldea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

g) Egin beharreko inbertsioa edo gastua deskribatzen duen memoria. Bertan, aurreikusitako egikaritze-epeak, kokalekua, finantzaketa nahiz aurrekontua adierazi beharko dira, behar beste xehatuta, eta/edo proformako fakturak.

h) Nahitaezko kasuetan, ostatuei buruz indarrean dauden xedapen espezifikoetara egokitzen den proiektu teknikoa, bai eta hura gauzatzeko behar diren baimen eta lizentziak ere, edo, bestela, haiek eskuratzeko eskabidea.

i) Hala badagokio, Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoikako lanaren programari atxikita dagoela adierazten duen «konpromisoaren» kopia.

j) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauei dagokienez: dekretu honetan eskatutako betekizunak betetzen dituela; aurkeztu dituen dokumentuak egiazkoak direla; dekretu honen 6. artikuluaren 4. paragrafotik 15.era bitartean ezarritako betekizunak betetzen dituela; hori egiaztatzen duen dokumentazioa baduela, eta administrazioaren esku jarriko duela horrela eskatzen zaionean; eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eta unekoan jasotako beste edozein «de minimis» laguntzaren edukiaren gaineko erantzukizunpeko adierazpena.

k) Azken bi urteetako kontu ikuskatuen kopia, sozietateen zerga edo PFEZaren aitorpena.

8.– Landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK, eta eskatzaileak dagozkion zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketa-betebeharrak egunean dituen. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

9.– Artikulu honen 7. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. paragrafoaren 28. artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan aurkeztu diren eta zein unetan aurkeztu diren. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

10.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

11.– Eskaerak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, hirugarrenen altaren kasuan izan ezik, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko titularrak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

12.– Landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunak, edonola ere, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

13.– Dekretu honen 3. artikuluaren 2. paragrafoan zehaztutako onuradunen kasuan, artikulu honen 7. apartatuan adierazitako agiri horiek proiektuan parte hartzen duten enpresa edo erakunde bakoitzari buruzkoak izango dira.

8. artikulua.– Epea eta deialdia.

1.– Dekretu honetan araututako laguntzak deialdi-agindu baten bidez iragarriko dira.

2.– Deialdi horretan, besteak beste, honako hauek adierazi beharko dira:

a) Eskabideak aurkezteko epearen hasiera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren aipatutako laguntzei erantzuteko gehieneko zuzkidura globala.

c) Eskabidea aurkezteko ereduak onartzea.

d) Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak.

e) Higiezinak eraikitzeko eta, hala badagokio, eskuratzeko laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

f) Baloraziorako azpi-irizpideei esleitutako puntuazioen baremazioa eta horren baliokidetasuna laguntza-ehunekoan, 10. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoaren arabera.

g) Inbertsioak eta gastuak egiteko epea.

h) Deialdi bakoitzean erabiltzen diren irizpide objektiboen arabera, diruz laguntzen den ekintza mota bakoitzerako laguntzak eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak.

i) Hala behar izanez gero, deialdian ordainketa partzialak egiteko aukera.

9. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala hirugarrenei azpikontratatu ahal izango die onuradunak, baldin eta hirugarren horiek ez badira onuradun. Proiektua gauzatzeko azpikontratazioa diruz lagunduko den jardueraren % 100ekoa izan daiteke.

2.– Baldin eta hirugarrenekin itundutako jardueraren ordainketak dirulaguntzaren zenbatekoa % 20 gainditzen badu, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik, idatzizko kontratua egin beharko da, zeina landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.

3.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. zenbakiko betekizunak bete beharrik ez izateko helburuz.

4.– Kontratistek onuradunarekiko bakarrik dituzte betebeharrak, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa, landa-garapenaren arloko sail eskudunaren aurrean.

5.– Aurreko atalean jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie dirulaguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer itunduz gero, beste horrek ere dekretu honek ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 46. artikuluan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

a) 6. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

c) Bitartekari edo aholkulariak, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin bat badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsonak edo erakundeak, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:

1) Organo emailearen berariazko baimena eskuratzea aurretik.

2) Zenbateko diruz lagungarria ez izatea atxikitako entitateak egindako kostua baino handiagoa. Onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza beretan justifikatuta egiaztatuko da kostua.

e) Deialdi eta programa berean laguntza eskatu duten, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.

10. artikulua.– Balorazio-irizpide orokorrak.

1.– Eskabideak aztertzeko eta dekretu honetan aurreikusitako laguntzen zenbatekoa zehazteko, irizpide objektibo hauek hartuko dira kontuan: kokapena, sustatzailea eta proiektua. Hauek dira azpi-irizpideen banakapena eta bakoitzari esleitutako gehieneko puntuazioa:

A) Kokapena (20 puntu):

1) Landatartasun-maila (10 puntu).

2) Lehentasunezko eskualdea (10 puntu).

B) Sustatzailea (40 puntu):

– Erakunde publikoen kasuan:

Indarrean dagoen Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoikako lanaren programari atxikita egotea (Bai: 40 puntu / Ez: 0 puntu).

– Erakunde pribatuen kasuan:

1) Indarrean dagoen Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoikako lanaren programari atxikita egotea (Bai: 15 puntu / Ez: 0 puntu).

2) Jarduera nagusia nekazaritza izatea (Bai: 5 puntu / Ez: 0 puntu).

3) Nekazaritzako ustiategi bateko emakume nekazari titularra edo titularkidea izatea, edo, pertsona juridikoa bada, emakumeen esku dagoen ehunekoa edo partaidetza sozialak gutxienez % 50 izatea kideak bi badira; edo gutxienez orekatua, gainerako kasuetan (Bai: 15 puntu / Ez: 0 puntu).

C) Proiektua (40 puntu):

1) Ostaturako jarritako plaza kopurua (20 puntu).

2) Kostuaren eta plazen arteko erlazioa (20 puntu).

2.– Dekretu honen 8. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezarriko da A eta C irizpideei dagozkien azpi-irizpideei esleitutako puntuazioen baremazioa.

3.– Proiektuek, hautatuak izateko, gutxienez 60 puntu lortu behar dituzte.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuak lortutako puntuazioaren arabera kalkulatuko da, ehuneko modura. Dekretu honen 8. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezarriko da puntuazioen eta laguntza-ehunekoen arteko baliokidetasuna. Onuradunei eman beharreko laguntzaren zenbatekoa ezin izango da izan, oro har, diruz lagundu daitekeen inbertsio edo gastuaren % 60 baino handiagoa. Halere, kasu hauetan ehuneko hori handitu egingo da:

a) Onuraduna nekazari gaztea bada instalatu eta hurrengo bost urteetan, ehuneko hori % 10 gehiago handituko da.

b) Kasu hauetan, ehuneko hori % 15 gehiago handituko da: onuraduna emakume nekazaria izatea, edo, onuraduna pertsona juridikoa bada, emakumeen esku dagoen ehunekoa edo partaidetza sozialak gutxienez % 50 izatea, kideak bi badira; edo gutxienez orekatua izatea, gainerako kasuetan.

c) Erakunde publikoak direnean, aipatutako ehunekoa % 20 gehiago handituko da.

2.– Kasu guztietan errespetatuko da Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga, betiere onuradun bakoitzak hiru zerga-ekitaldiko epealdian ez badu gainditzen 200.000 euroko zenbatekoa.

3.– Beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek dekretu honetan ezarritako xede bererako ematen dituzten laguntzak bateragarriak izango dira, baldin eta guztira dekretu honen 22. artikuluan ezarritako mugak gainditzen ez badituzte.

4.– Gainera, «de minimis laguntza» ezingo zaio pilatu diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokien laguntzari, pilaketa horrek kategoriakako salbuespen-erregelamenduan edo Batzordeak hartutako ebazpenean kasu bakoitzaren inguruabar zehatzetarako ezarritakotik gorako laguntza-pilaketa badakar.

12. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena izango du landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunak.

2.– Landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute dekretu honetan eta deialdi-aginduetan ezarritako betekizunak betetzen diren, eta berariaz jasota utziko dute hori.

3.– Eskabide bakoitza ebaluatuko dute aipatutako zuzendaritzako zerbitzu teknikoek. Proiektua eta ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila baloratuko dituzte, eta, horietan eta horien haztapenean oinarrituta, proiektu bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoari buruzko proposamena egingo dute; dekretu honen 14. artikuluak aipatzen duen edukia jasoko dute proposamen horretan.

13. artikulua.– Laguntzak esleitzeko eta zenbatekoak finkatzeko prozedura.

1.– Dekretu honetan araututako laguntzak adjudikatzeko erabiliko den prozedura ondoz ondoko konkurrentzia izango da. Laguntza modu ordenatuan adjudikatuko da, eskabide-orria eta eskatutako dokumentazio osoa aurkeztu diren dataren arabera, deialdiaren aginduan urtero jasotzen diren funtsak guztiz agortu arte.

2.– Aurkeztutako proiektu bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazteko orduan, eskabideak baloratuko dira. Horiei balorazio-irizpide objektiboak eta dagokien baremazioa aplikatuko zaizkie, dekretu honen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera. Deialdi-aginduan ezartzen diren azpi-irizpideen baremazioa ere aplikatuko da.

3.– Laguntzetara bideraturiko aurrekontua agortuz gero, egoeraren berri emango da landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko titularraren ebazpen baten bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

4.– Dagoeneko osorik aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskaerak, esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortzeagatik erantzun ezin direnak, ukatu egingo dira arrazoi hori dela-eta, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko titularraren ebazpen baten bidez.

14. artikulua.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta errekurtsoak.

1.– Dekretu honen 12. artikuluan aurreikusitako proposamena jaso ostean, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko titularrak ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, eskatutako laguntza eman edo ukatuko zaio eskatzaileari.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Baietsitako eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izena edo sozietate-izena.

2) Diruz lagundutako proiektuaren izena eta kokapena.

3) Diruz lagundu daitezkeen inbertsioa eta gastuak, lortutako puntuazioa eta laguntzaren ehunekoa.

4) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5) Proiektua egikaritzeko gehieneko epea.

6) Laguntzaren de minimis izaera adieraztea eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren aipamen zehatza egitea (2013ko abenduaren 24ko EBAO, 352. Zenbakia) -edo horren ordezkoa–.

B) Ezetsitako eskabideei dagokienez:

1) Eskatzaileen izena edo sozietate-izena.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

4.– Ebazpena banaka eman eta jakinaraziko da, gehienez ere lau hileko epean eskabidea eta dokumentazio osoa aurkezten direnetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpen espresurik ez badago, eskabideak baietsi egin direla ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek landa-garapenaren arloko sailburuordetza eskuduneko titularrari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

6.– Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko titularraren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da emandako dirulaguntzen eta laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda, baita diruz lagundutako proiektuak eta horiei dagozkien zenbatekoak ere, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Dekretu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradunek artikulu honetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte. Artikulu honek honako hauetan adierazitako betebeharrak jasotzen ditu: Dirulaguntzei buruzko 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluko betebeharrak eta laguntza ezberdinen betebehar espezifikoak; hauek dira horiek guztiak:

1) Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera; deialdiaren urtean hasi behar dira inbertsioa edo gastua.

2) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.

3) Emandako dirulaguntza onartu behar dute. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

4) Ondasun higiezinak eraiki edo birgaitzeari dagokionez, gutxienez 5 urtez eutsi beharko zaie dirulaguntzaren helburu diren inbertsioei, bai eta gainerako ondasunei dagokienez ere; epe horretan, ezin izango dira besterendu, ezta amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu baterako erabili. Sasoikako langileentzako ostaturako erabiltzeaz gain, higiezinak beste xede batzuetarako ere erabiltzen badira, nekazaritza-kanpainetan lehentasuna emango zaio sasoikako langileentzako ostatuaren erabilerari.

5) Higiezina sasoikako langileei ostatu emateko egokitzat jotzen duen baimena lortzea, azaroaren 28ko 248/2006 Dekretua aplikatuta –248/2006 Dekretua, azaroaren 28koa, sasoikako langileentzako ostatuetan bete beharreko gutxieneko baldintza materialak eta funtzionalak eta haien baimentzea, erregistroa eta egiaztapena arautzen dituena–, bai eta dagokion erregistroan inskribatzea ere.

6) Landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunari jakinarazi behar diote proiektu osoa edo zati bat egin dutela, eta haren esku utzi behar dituzte proiektuak gauzatu dituztela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

7) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunari.

8) Landa-garapenaren arloko sail eskudunari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

9) Dekretu honen 6. artikuluko 5. paragrafoak xedatzen duena alde batera utzi gabe, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati xede bera finantzatzeko, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost eguneko epean.

10) Diruz lagundutako proiektuei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla proiektuok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.

11) Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

12) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke; bost urtez gorde beharko dira, inbertsioen amaiera-datatik aurrera.

16. artikulua.– Ekintzak gauzatzeko gehieneko epeak.

1.– Laguntzei dagozkien inbertsioak edo gastuak urtean edo hainbat urtetan gauzatu ahal izango dira. Laguntzen onuradunek deialdia ebazten den ekitaldian bertan hasi behar dituzte diruz lagundu daitezkeen ekintzak.

2.– Urteko proiektuak gauzatzeko epea dirulaguntza emateko ebazpena eman den ekitaldiko abenduaren 31n amaituko da, baina epe hori luzatu ahal izango da, dekretu honen 19. artikuluaren 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Nolanahi ere, luzatu diren urteko proiektuak gauzatzeko gehieneko epea deialdia ebatzi eta hurrengo urteko abenduaren 31 izango da.

Hainbat urtetarako proiektuak burutzeko gehieneko epea dirulaguntza emateko ebazpena eman eta hurrengo urteko abenduaren 31 izango da. Dena den, luzatu egin ahal izango da epe hori, dekretu honen 19. artikuluaren 4. paragrafoan xedatutakoarekin bat; epea luzatuz gero, proiektuak burutzeko gehieneko epea deialdiaren ebazpena eman eta hurrengo bigarren urteko abenduaren 31 izango da.

17. artikulua.– Inbertsioaren edo gastuaren justifikazioa.

1.– Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikulua betez, dirulaguntza jaso duen inbertsio- edo gastu-proiektuaren gauzatzea eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunari:

a) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.

b) Fakturak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere (azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretua), eta dagokien ordainketa-frogagiria.

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

d) Behar izanez gero, dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzeari dagokionez, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunak egiaztatuko du automatikoki eta ofizioz. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

3.– Landa-garapenaren alorrean eskumena duten zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera horrek arrazoitua izan beharko du.

4.– Aurreko paragrafoetan aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo dute landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko langileek, eta proiektuak berarekin soilik inbertsioa edo soilik gastua badakar, edo inbertsioa eta gastua elkarrekin, proiektua gauzatu dela adierazten duen azken ziurtagiria egingo dute.

5.– Kudeaketa egokia eta laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, laguntza emateko ebazpenean ezarritako inbertsioa edo gastua amaitzeko azken egunetik edo luzapenaren azken egunetik aurrera.

18. artikulua.– Ordainketa.

1.– Ordainketak honela egingo dira:

a) Aurreko artikuluan ezarritako baldintzetan laguntza justifikatu ondoren egingo dira ordainketak, eta landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko langile teknikoek ziurtatu ostean; azken ordainketa egin baino lehen, erakunde onuradunak aurkeztu beharko ditu higiezina sasoikako langileentzako ostatu izan dadin beharrezkoa den baimena eta dagokion erregistroa, azaroaren 28ko 248/2006 Dekretuaren arabera.

b) Inbertsioa partzialki edo osorik egin dela jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean egin beharko da ordainketa.

c) Ekitaldi bakoitzeko bi ordainketa partzial egin ahal izango dira, interesdunak hala eskatuta, aurreko puntuan aipatzen diren ziurtagiriak, alegia, proiektuaren zati bat gauzatu dela egiaztatzekoak, aurkeztu ondoren. Proiektuak hainbat urtetan gauzatzekoak badira, ekitaldi bakoitzean egingo da urte bakoitzean egindako inbertsioen edo gastuen ordainketa, Euskadiko aurrekontu-araubidearen alorrean indarrean dauden eta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioei eta partzuergoei aplika dakiekeen aurrekontu-araubidea arautzen duten legezko xedapenen Testu Bateginaren 111. artikuluaren 5. zenbakian ezarritakoaren arabera.

2.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzulketa-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik. Hala dagokionean, dirulaguntza hauek onuradunei ordaintzeko, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izan beharko dira.

3.– Inbertsioak ez badira egiten gehieneko epeen barruan, ezta epeen luzapenean ere, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira aurkezten epe barruan, onuradunek dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, dekretu honen 21. artikuluko itzulketa-prozedura jarriko da abian.

4.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.

19. artikulua.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea eta inbertsioa edo gastuak burutzeko epeak luzatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat (edo bestelako diru-sarrera edo baliabideren bat) jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, dekretu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea bete behar izango dira. Horretarako, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunaren aurrean.

Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten diren funtsezko aldaketak onartu egin beharko dira, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko titularraren ebazpen baten bidez. Honako hauek hartuko dira funtsezko aldaketatzat:

a) Aldaketa esanguratsuak egitea edo proiektuan hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.

b) Proiektua gauzatzeko egutegia aldatzea.

c) Proiektua gauzatzeko ezarritako faseren bat deuseztatzea.

d) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.

e) Proiektuan parte hartzen duten agenteetatik bateren bat ordeztu edo kentzea.

Aldaketak direla-eta ez da inoiz emandako laguntza handituko. Aldaketak funtsezkoak ez direnean, aldaketa horiek ez dira onartu beharko landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko titularraren ebazpen baten bidez.

3.– Baldin eta eginiko gastu edo inbertsioaren behin betiko kostu erreala txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskuduneko titularraren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

4.– Landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako titularrak, ebazpen baten bidez, proiektua gauzatzeko epea atzeratu ahal izango du. Horretarako, onuradunak eskatu eta justifikatu egin beharko du, proiektu-gauzatzea bukatu behar den eguna baino 30 egun lehenago, beranduenez. Proiektuak gauzatzeko gehieneko epea inola ere ez da izango 16. artikuluak xedatzen duena baino luzeagoa.

20. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko dio landa-garapenaren arloko zuzendari eskudunari, idatziz, eta, hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egiteko eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

2.– Onuradunek laguntzei uko egin ahal izango diete, laguntza onartu ondoren ere –dekretu honen 15. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek–, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko dio landa-garapenaren arloko zuzendari eskudunari, idatziz, eta, hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

21. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Dekretu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatu itzulketa-kausaren bat denean.

2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta 2003ko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

22. artikulua.– Bateragarritasunak.

Dekretu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez badu proiektuaren guztizko kostua. Muga hori gainditzen bada, murriztu egingo da, eman baino lehen, gaindikinari dagokion zenbatekoan.

23. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Salbuespen gisa, 2020ko deialdian diruz lagundu ahal izango dira 2019ko ekitaldian hasitako proiektuak. 2019ko ekitaldi horretako eskabideak 2020ko ekitaldikoekin batera izapidetuko dira, dekretu honetan ezarritako prozeduraren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 62/2007 Dekretua, apirilaren 17koa, nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituena. Indargabetuta geratzen dira, baita ere, dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren edo hemen xedatutakoarekin bat ez datozen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Garatzeko ahalmena.

Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailburuak ahalmena dauka, bere eskumenen barruan, dekretu honetan xedatutako guztia aplikatzeko eta garatzeko beharrezko administrazio-egintza guztiak emateko, baita aplikatzekoa den Europar Batasuneko araudian aldaketak egin direla-eta egin beharrekoak diren egokitze eta eraldatze teknikoak egiteko ere, baldin eta ez badute eragingo aldaketarik dekretu honetako funtsezko baldintzetan.

AZKEN XEDAPENENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko martxoaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala