Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

61. zk., 2020ko martxoaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1719

EBAZPENA, 2020ko martxoaren 11koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumen-baimen integratua berrikusteko zenbait proiektu.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean (ekainaren 11ko 5/2013 Legeak aldatua) ezarritakoarekin bat eginda, xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitzea eta kontrolatzea, kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko sistema bateratu bat ezarriz; helburua da ingurumen guztia ondo babestea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean (ekainaren 11ko 5/2013 Legeak aldatua) xedatutakoa aplikatu beharrekoa denez, ingurumen-baimen integratua behar da I. eranskinean aipatutako jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. Izan ere, ingurumen-baimen integratuaren helburua hau da: behar diren baldintza guztiak ezartzea berma dadin araua bete behar duten instalazioek arauaren xedea beteko dutela. Eta, horretarako, prozedura bat gauzatuko da, non bermatuko baita baimen hori ematen parte hartu behar duten administrazio publiko guztien koordinazioa, izapideak arintzearren eta partikularren karga administratiboak gutxitzearren.

Bestalde, arauaren 25. artikuluan dago ezarrita zer baldintza behar diren baimena berrikusteko. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion teknika erabilgarri onenen (TEO) inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak bermatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusiko direla eta, beharrezkoa bada, egokitu egingo direla, baita instalazioak erreferentziazko TEO agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela ere.

2016ko ekainaren 30ean, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko exekuzio-erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, metal ez-ferrosoen industrietarako Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2016/1032/EB Erabakia).

Ebazpen honen eranskinean zerrendatutako enpresak teknika erabilgarri onenen ondorioen dokumentuen aplikazio-esparruan daude.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean (ekainaren 11ko 5/2013 Legeak aldatua) aurreikusitakoaren arabera, jendaurreko informazio-aldia ireki behar da Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan ingurumen-baimen integratua berrikusteko sustatutako proiektuen kasuan, zeinak ebazpen honen eranskinean zerrendatuta baitaude.

Ikusi dira: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko Lege Orokorra; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako araudi orokorrak eta berariazkoak, eta, horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Arabako Aldizkari Ofizialean eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eranskinean zerrendatutako zenbait proiektu, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eta egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

2. artikulua.– Alegazioak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztu behar dira (Donostia kalea 1, bigarren solairua, Vitoria-Gasteiz).

3. artikulua.– Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetze aldera, proiektu horiek eskuragarri egongo dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren egoitzan (Donostia kalea 1, bigarren solairua, Vitoria-Gasteiz), eta, herritarrei aipatutako dokumentazioa eskuratzeko erraztasunak emate aldera, proiektu horiek udaletara bidaliko dira, jendaurrean ikusgai egon daitezen.

Jendaurrean jarritako dokumentuak eskuragarri daude, halaber, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren taulan (https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) eta Ingurumen Sailburuordetzaren Jendaurreko Informazioan (https://euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/kutsaduraren-prebentzioa-ingurumenaren-ikuskaritza-kontrola/).

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 11.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.

ERANSKINA
INGURUMEN-BAIMEN INTEGRATUA BERRIKUSTEA
(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala