61. zk., 2020ko martxoaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (250 KB - 3 orri.)
- EPUB (196 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OSASUN SAILA
1717
AGINDUA, 2020ko martxoaren 24koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko asistentzia-jarduerari dagokionez eta koronabirusak (Covid-19) eragindako egoeraren eta bilakaeraren ondorioz.
Koronabirus bidezko pandemiak Osasun Saila behartu du Osasun Publikoaren larrialdi-egoera deklaratzera, eta Euskadiko Babes Zibileko Plana (LABI) aktibatu da, hain zuzen ere, Covid-19ren pandemiagatik eta Euskadiko morbimortalitatean izaten ari den eraginagatik.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3. artikuluak honela dio: «Euskal Administrazio Sanitarioari dagokio osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, prebentzio-neurrien, osasuna sustatzeko neurrien eta prestazio sanitario indibidualen bidez. Era berean, baliabide egokiak bermatu beharko ditu izaera publikoarekin aseguratutako prestazioak hornitzeko, batez ere titulartasun publikoko baliabideak zuzkituz, mantenduz eta hobetuz».
Era berean, 14. artikuluak, prebentziozko arretari eta osasunaren sustapenari buruzkoak, honela dio: «Izen horren barruan sartzen dira oinarrizko osasun-legeriak egiten dituen esparru-zerrendaren arabera garatzen diren jarduketak, osasunaren babesari, sustapenari eta gaixotasunen prebentzioari dagokienez, bai eta ordenamendu juridikoak banakako eta taldeko osasunari dagokionez aitortzen dituen esku-hartze publikoko ahalak baliatzeari dagokionez ere.»
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 12. artikuluak eginkizun hauek eta jardun-arlo hauek esleitzen dizkio Osasun Sailari:
a) Osasun-plangintza eta -antolamendua.
b) Osasun publikoa eta elikagaien higienea.
c) Zaintza epidemiologikoa.
d) Ordenazio farmazeutikoa.
e) Drogamendekotasunak.
f) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluak xedatzen du Osasuneko sailburuari dagokiola baliatzea Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak, bai eta Osasun Sailari dagozkion eginkizunen eta jardun-arloen esparruan indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkion eskumenak ere.
Covid-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak (2020ko martxoaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, 67. zk.) alarma-egoera deklaratzen du Estatuko lurralde osoan, Covid-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko. Hori guztia, Alarma -, salbuespen -eta setio-egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoaren laugarren artikuluaren b) eta d) letretan xedatutakoaren babesean.
12. artikuluak honela dio: «1. Lurralde nazionaleko administrazio publikoetako osasun-arloko agintari zibil guztiak, bai eta horien zerbitzura dauden gainerako funtzionarioak eta langileak ere, Osasuneko ministroaren zuzeneko agindupean geratuko dira, pertsonak, ondasunak eta tokiak babesteko beharrezkoa den neurrian, eta aparteko zerbitzuak ezarri ahal izango zaizkie, iraupenagatik edo izaeragatik.»
Martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduak, Covid-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko giza baliabideen eta baliabideen arloko neurriak hartzen dituenak, honela dio:
«Zortzigarrena. Autonomia-erkidegoen esku jartzea beste administrazio publiko batzuen eta osasun-zentro eta -establezimendu pribatuen bitartekoak eta baliabide sanitarioak.
Covid-19 izurritearen hedapena edo eragina dela-eta ezin bada behar bezala artatu biztanleriaren osasun-laguntza autonomia-erkidego bakoitzari atxikitako baliabide materialekin eta giza baliabideekin, autonomia-erkidegoek eskura izango dituzte osasun-zentro eta -establezimendu pribatuak, bai eta haien langileak eta lan-istripuen mutualitateak ere».
Agindu beraren hamabigarren ebazpenean ezartzen denez, «Autonomia-erkidego bakoitzeko osasun-agintaritza eskudunei dagokie agindu honetan xedatutakoaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren ebazpenak, xedapenak eta interpretazio-jarraibideak ematea, beren jardunaren eremu espezifikoan».
Covid-19 gaixotasuna maila kezkagarrietara iritsi da gure ingurunean, eta, inondik ere, haren progresioak jarraitu egingo du. Gaur egun, martxoaren 22a itxiera-eguntzat hartuta, Euskadin guztira 2.421 pertsonak eman dute positibo, eta 7.047 laguni egin zaie proba analitikoa.
Gainera, 1.005 pertsona ditugu ospitalizatuta, eta horietatik 89 zainketa intentsiboetan daude. Detektatutako kasuen eta ospitalizatutako pertsonen progresioak gora egiten du, progresio esponentzial bati jarraituz. Orain arte, 120 pertsona hil dira, duela astebete 22 ziren, eta igoera esponentziala izan da. Asistentzia-kargak beharrezko ditu eskura daitezkeen baliabide guztiak. Gainera, ezinbestekoak ez diren zerbitzu jakin batzuek gaixotasuna transmititzeko arriskua handitzea ekar dezakete.
Egoera honengatik, zentro pribatuetako osasun-laguntzaren arloko neurriak hartu behar dira, eta baliteke Covid-19k sortutako asistentziari hobeto erantzuteko zentro horien baliabide materialetara eta giza baliabideetara jotzea.
Osasuneko sailburua, egoeraren bilakaera ikusita eta izurritea kontrolatzeko beharra kontuan hartuta, osasun-agintaritzan aritzean, apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 26.1 eta 29.3 artikuluetan eta Covid-19k eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko giza baliabideen arloko neurriak hartzen dituen martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren hamabigarren artikuluan araututakoarekin bat etorriz, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluarekin lotuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Asistentzia-jarduera atzeragarria etetea.
Etenda geratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasun pribatuko osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetan aldez aurretik programatutako asistentzia-jarduera atzeragarri guztiak.
Bigarrena.– Ospitaleko asistentzia-jarduera etetea.
Ospitaleen eremuan, zentroetara edozein unetan irits daitekeen premiazko arreta bermatu behar da, eta, gainera, programatutako ospitaleratze guztiak eteten dira, irizpide klinikoengatik atzeratu ezin den tratamendu aktibo medikoan edo kirurgikoan dauden pazienteenak izan ezik.
Hirugarrena.– Proba diagnostikoak eta kanpo-kontsultak etetea.
Proba diagnostikoei eta kanpo-kontsultei dagokienez, programatutako jarduera eten egingo da, irizpide klinikoen arabera atzeratu ezin denean izan ezik.
Kanpo-kontsulten esparruan, ahal den neurrian, telefono bidezko laguntza erabiliko da oro har, berrikuspenen kasuan.
Laugarrena.– Premiazkoa ez den etxez etxeko asistentzia etetea.
Eten egingo da etxez etxeko asistentzia, salbu eta urgentziazkoa bada edo irizpide klinikoen arabera tratamendu mediko edo kirurgiko bat behar badu, eta tratamendu hori ezin bada atzeratu, edo eten ezin bada.
Bosgarrena.– Erakunde pribatuei atxikitako baliabide materialak eta giza baliabideak izatea.
Oro har, osasun-arloko profesional guztiak prest egongo dira, eta edozein unetan deitu ahal izango zaie, osasun-krisi honen kudeaketan agerian geratzen diren beharren arabera.
Covid-19ren epidemiaren hedapena edo eragina dela-eta herritarren osasun-asistentziari behar bezala erantzun ezin bazaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari atxikitako baliabide materialekin eta giza baliabideekin, osasun-agintaritzaren esku jarriko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan titulartasun pribatuko osasun-zentroei, -zerbitzuei eta -establezimenduei eta eremuko lan-istripuen mutuei atxikitako baliabide materialak eta giza baliabideak.
Seigarrena.– Osasun Sailaren jarraibideen jarraipena.
Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimendu pribatuek gauzatuko dituzte Osasun Sailak emandako jarraibideen araberako asistentzia -eta antolaketa-protokoloak eta -prozedurak.
Zazpigarrena.– Indarraldia.
Agindu honetan aurreikusitako neurriak alarma-egoerak eta haren luzapenek dirauten bitartean aplikatuko dira.
Zortzigarrena.– Argitalpena eta ondorioak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta onartzen den egunetik aurrera eta Covid-19aren pandemiak eragindako osasun-larrialdia bukatu arte izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 24a.
Osasuneko sailburua,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.