Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

61. zk., 2020ko martxoaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1716

AGINDUA, 2020ko martxoaren 24koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira bai dirulaguntza itzulgarriak itzultzeko egutegiaren eta inbertitzeko eta enplegua sortzeko aldiaren aparteko geroratze-eskaera, Gauzatu Industria, Bideratu eta Bideratu Berria programen onuradunei dagokienez, eta bai Indartu programako ordainketa aurreratzeko neurriak, Covid-19aren inpaktu ekonomikoari aurre egiteko.

Covid-19aren hedapen bizkorrak alerta-egoera sanitario ezezagun bat ekarri du, gaixotu kopuru handiarekin, eta hedapenaren aurkako borroka etenik gabeko bati bide eman dio, pertsonen osasunean berebiziko eragina duenez.

Eusko Jaurlaritza egoeraren jarraipen etenik gabea ari da egiten, baita EAEn birusaren hedapena eta eragina mugatzeko neurriak, gomendioak eta betebeharrak ezartzen ere, Covid-19 koronabirusari aurre egiteko Jaurlaritzaren beraren eta gainerako erakundearteko foroen jarduerak koordinatzera bideratuta otsailaren 27an eratu zen Sailarteko Mahaiaren bitartez.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak Covid-19aren hedapen-mailari nazioarteko pandemia iritzi zion, mundu osora hedatu zenez.

2020ko martxoaren 13an, Segurtasuneko sailburuak, Osasuneko sailburuak eskatuta, Euskadiko Babes Zibileko Plana formalki aktibatu zuen, Covid-19aren hedapenetik eratorritako alerta-egoera sanitarioa zela eta.

Horiek horrela, Lehendakariak erakunde-funts baten sorrera iragarri zuen (300 milioi euroz hornitua), sistema sanitarioa indartzera bideratua, baita hezkuntza-sistema ere, eta familiei, enpresei eta enpleguari laguntzeko.

Bestalde, 2020ko martxoaren 14an, Espainiako gobernuak alarma-egoera ezartzea onartu zuen, Covid-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna Covid-19aren hedapena mugatzea eta pertsonen osasuna babestea bada ere, krisi horrek eragina du gure ekonomiako ekoizpen-sektoreetan, eta horietako bat da industria, hots, EAEko gizartearen enplegu- eta ongizate-iturrietako bat. Izan ere, barne-produktu gordinaren ia % 25 da, eta enpleguaren % 19.

Enpresak, langileen osasunarekin ere arduratuta, jarduerarik gabeko aldiak nozitzen ari dira, eta salmenten edo eskarien beherakada, edo hornidura-kateko etenak, eta horiek, besteak beste, likidezia-arazoak eragin ditzakete berehala eta datozen hiletan, enpreson funtzionamendu normala kolokan jarriz, baita zenbaitetan bideragarritasuna bera ere. Horiek guztiak salbuespen-egoeran gertatu dira, ezustean eta maila globalean.

Eusko Jaurlaritzak, Covid-19ak eragindako krisiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko prozesuan inplikatutako enpresaburuek eta langileek egindako ahaleginari lagundu asmoz, lehiakor izan litezkeen enpresak edo sektoreak sendotu nahi ditu, produktua eta merkatua edukita, salbuespen-egoera ezusteko eta global honen ondorioak nozitzen ari direlako.

Hala, garatu litezkeen likidezia-neurrien osagarri, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, enpresen inbertsioetarako eta berregituraketarako laguntza itzulgarrien zenbait programen kudeatzaile eta sustatzailea den aldetik, beharrezkoa deritzo Gauzatu Industria, Bideratu eta Bideratu Berria programen enpresa onuradunei aukera emateari, euren deialdia edozein dela ere, laguntza itzulgarrien itzulketaren eta laguntza emateko baldintza ziren inbertsio- eta enplegu-betekizunak betetzeko epearen aparteko geroratzea eskatu dezaten.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren aginduen bidez arautu ziren Gauzatu Industria programa, teknologia-oinarriko ETEak edo ETE berritzaileak sortu eta garatzea laguntzekoa, Bideratu eta Bideratu Berria, krisi-egoeran dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzena, eta aipatu aginduen bidez eman diren laguntzak aurrerakin itzulgarrien bidez gauzatu dira.

Arrazoi horiengatik guztiengatik,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Aparteko geroratzea.

1.– Salbuespenez, laguntzen eta aurrerakin itzulgarrien onuradunek, horiek Gauzatu Industria programa, oinarri teknologikoko ETE berritzaileak sortu eta garatzea bultzatzekoa; eta Bideratu eta Bideratu Berria programak, krisi-egoeran dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzekoak, arautzen dituzten aginduetan xedatzen denaren babesean emandakoak badira, deialdia edozein dela ere eta Ogasun eta Ekonomia Sailak onartutako zatikatze-ebazpen baten mende ez badaude, aukera izango dute itzulketen egutegia geroratzea eskatzeko, 2020ko ekitaldiko uztaileko kuotaren itzulketa atzeratzeko, eta ondorengo itzulketen egutegia egokitzeko, Agindu hau indarrean jartzen denetik hasita, Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz; izan ere, Covid-19ak eragindako krisiarengatik, onuradunek jarduera eten dute edo jarduera-etenaldiak dituzte, salmenta- edo eskari-bolumenaren jaitsierak edo etenaldiak hornidura-katean, eta ezin diete aurre egin aipatu programetan xedatzen diren itzulketa-betebeharrei, edo eragozpenak dituzte horretarako.

Eskaera onartzen den kasuetan, emateko ebazpenean adierazten den laguntza itzulgarrien itzulketa-egutegia egokituko da eta 2020ko uztaileko kuota hasiera batean emakidari lotutako borondatezko epea amaitu eta hurrengo urtera aldatuko da.

2.– Era berean, aipatu programon onuradunak emandako laguntzari loturiko inbertsio- eta enplegu-betebeharren fasean baleude, urteko deialdia onartzen duen aginduan xedatzen diren luzapenez gain, sei hileko luzapena eskatu ahalko lukete. Eskabide horrekin, onartzen bada, ordainketen egutegia egokituko beharko da, deialdia zein den. Hala, itzulketen aldia eta kasuan kasuko emakida-ebazpenean xedatzen den egutegia 6 hile geroratuko dira.

3.– Laguntzak erakunde laguntzaile baten bidez eman badira, erakunde kudeatzailearen bidez jakinaraziko dira geroratze-eskaera eta ebazpena, dagozkion neurriak hartu ahal izan daitezen.

2. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Geroratzeko eskabidea, betiere, borondatezko ordainketa-epemuga baino lehen aurkeztu beharko da, eta emateko ebazpena eman zuen organoak berak berariaz onartu beharko du.

2.– Bete behar den eskabidean, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura egiaztatua eta dokumentazio gehigarri hau aurkeztu beharko dira:

a) Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz, laguntza itzulgarria hurrengo epemugan itzultzeko zailtasuna zehazten den justifikazioaren eta arrazoien memoria. Memorian, gutxienez, alderdi hauek adierazi behar dira:

1) Balantzea eta egoeraren ustiapen-kontua, eskabidea egin aurreko hilekoak.

2) Azalpen-memoria, kualitatiboa eta kuantitatiboa, Covid-19aren krisiaren eragina zehaztuta, balorazio ekonomikoa eta finantzarioa barne.

3) Ondorio horiek arintzeko, hurrengo hiletarako aurreikusitako jarduera-plana.

4) Urteko kontu auditatuak edo 2019ko ekitaldiko Sozietateen Zerga.

b) Onuradunak, kasuan kasuko emakida-ebazpenean xedatzen denaren arabera inbertsioa gauzatzeko edo enplegua sortzeko aldian badago, hauek aurkeztu beharko ditu:

1) Egindako inbertsioen justifikazio-memoria, gutxienez, hauek jasota: egin diren inbertsioen eta gastuen taula, egin gabe daudenena, eta enpleguak ordura arte izandako bilakaerarena (ABEEE bat aplikatu bada, erantsi dokumentazioa).

2) Laguntza itzulgarria emateko ebazpenean kontuan hartutako inbertsio- eta enplegu-betekizunak deialdian zehaztutako epean betetzeko zailtasunen azalpen zehatza.

3.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta 2017, 2018 eta 2019ko deialdietan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera. Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

2012, 2013, 2014, 2015 eta 2016ko deialdiei loturiko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak deialdi bakoitzean aipatzen den erakundeari helaraziko zaizkio bide elektronikoz.

Eskabideak, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraikiz.

4.– Ez da geroratzerik baimenduko hipotesi hauetako gutxienez bat betetzen den kasuetan:

a) Nahikoa ez egiaztatzea krisiaren eragina (altxortegiko galera, kontratuak etetea, fakturazioa galtzea, ABEEE aplikatzea, etab.).

b) Onuradunak ez izatea ordainduta zerga-betebeharrak, ezta Gizarte Segurantzarekikoak ere, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna izatea. Organo kudeatzaileak zuzenean egiaztatuko du hori elkarreragingarritasun-bideen bidez, salbu eta eskatzaileak eskabidean horren aurka egiten badu; kasu horretan, bere kontura aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak eskaera egitean.

c) Zorraren muga-eguna ez-betetze edo uko-egite bati loturiko itzulketa baten ondorio izatea.

d) Enplegu-murrizketa ez bada justifikatu aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten bidez (ABEEE), formalki eskatuta, proiektatutako aginduak artikulatzen duen geroratze-eskaera egiteko unean.

3. artikulua.– Ordainketak aurreratzea Indartu programan.

Oro har, Indartu programaren arabera, ordainketa egin aurretik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren lurralde-ordezkaritzek adierazi diren inbertsioak ikuskatuko dituzte. Salbuespenez, agindu hau indarrean jarri ondorengo bi hileen barnean, onuradunek, dagokien ikuskapenak egin aurretik, egindako eta kasuan kasuko fakturak aurkeztuta justifikatutako inbertsioen adierazpenei loturiko ordainketa partzialak ordaintzeko eskatu ahalko dute. Faktura horiek ondoren egingo den ikuskapenean egiaztatuko dira.

4. artikulua.– Ebazteko epea.

1.– Prozedura ebazteko eta ebazpena erakunde eskatzaileei jakinarazteko gehieneko epea hilabetekoa izango da, eskaera aurkeztu denetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako ondorioetarako.

Eskatutako eskaera bat ebazteke egonik itzulketa-epea amaitzen bada, aipatutako epea eten egingo da dagokion ebazpena eman arte. Hala, ebazpena aldekoa bada, ebazpenak amaitutako itzulketa-epearen geroratzea jasoko du, eta kontrakoa bada, itzulketa egin dela egiaztatzeko beste epe bat adieraziko du, bestelako ondoriorik sortu gabe.

2.– Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo aurreko artikuluan zerrendatutako dokumenturen bat falta dela edo akatsen bat dagoela hautemanez gero, erakunde interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzendu edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkez ditzala 10 eguneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, Industriako sailburuak aurretiaz ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 24a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala