Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2020ko martxoaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1643

AGINDUA, 2020ko martxoaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak eta egiten baita horietarako deialdia.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, zeinaren bidez ezartzen baita Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala.

Gure Artea sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta saria jasotzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lanaren ordaina izan nahi dute, bai eta euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpenaren aitorpena ere. Horretarako, batetik, sortzaileak saritzen dira, bai beren ibilbide profesionalagatik bai azken urteetan egindako jarduera sortzailearengatik, eta, bestetik, beste agente batzuk ere saritzen dira, arte plastiko eta ikusizkoen arloan izandako jarduera orokor edo zehatzarengatik.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitekoa da, besteak beste, arte plastiko eta ikusizkoak sustatzea. Sari-deialdi hau eta berari atxikia dagoen sari-ematea aipaturiko helburu hori lortzeko tresna bat dira, zeren eta sormenaren garapena bultzatzen baitute arte-sorkuntzarako pizgarrien eta aitorpenaren bidez, eta euskal arte garaikidearen hedapena errazten ere bai, bide batez beren lan sortzailea dela-eta edo arte plastiko eta ikusizkoen arloan izandako jarduera dela-eta gizartearen errekonozimendua bideratzen baitute.

Beraz, bere zeregina betetzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egoki deritzo arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak, hainbat modalitatetan, arautzeari eta horretarako deialdia egiteari.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.–- Agindu honen xedea da arautzea arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak, haien hiru modalitateetan, eta horretarako deialdia egitea:

a) Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, egindako lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideei egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzeko saria.

b) Sorkuntza-lana aitortzeko saria: azken urteak aintzat hartuta, bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzeko saria.

c) Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoen arloan egindako ekarpenagatik, alegia, kulturaren balio-katearen faseetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa) horiek sustatzeko jarduerak garatuz egindako lanagatik, nabarmendu diren pertsonak aitortzeko saria. Aintzakotzat hartu ahal izango da ibilbide osoa edo, bestela, azken urteotan egindako programa edo proiektu zehatzak.

2.– Guztira hiru sari emango dira, modalitate bakoitzean bat.

3.– Deialdi bakoitzeko sari bakarra lortu ahalko da.

2. artikulua.– Sarien diru-baliabideak eta zuzkidura.

Agindu honen xederako, 54.000 euro izango dira, 2020ko EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarrita dagoen aurrekontu-partidaren kargura. Sari bakoitzaren zenbatekoa 18.000 euro gordinekoa da.

3. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.

4. artikulua.– Betekizunak.

1.– Ibilbide artistikoa aitortzeko saria (a modalitatea) eta sorkuntza-lana aitortzeko saria (b modalitatea) jasotzeko hautagaiak Euskal Autonomia Erkidegoan jaio diren edo administrazio-egoitza duten pertsona fisiko guztiak izango dira, bai eta administrazio-egoitza hori hamar urtetik gora izan dutenak ere.

2.– Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria (c modalitatea) jasotzeko hautagaiak pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak nahiz pribatuak izango dira.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren mendeko erakunde autonomoren batek emandako izaera bereko laguntzaren baten esparruan itzultze- edo zigor-prozedurak abiarazi badira eta oraindik izapideak egiten ari badira, sarien esleipena eta, hala badagokio, sariak ematea delako prozedurak erabat amaitu arte baldintzatuta egongo dira.

4.– Ezingo dira saridun izan laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsonak, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenak ere. Halaber, ezingo dute saria jaso sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsonek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

5. artikulua.– Epea, hautagai-zerrendak eta dokumentazioa aurkeztea.

1.– Hautagaiak epaimahaiko kideek aurkeztuko dituzte arrazoitutako proposamenaren bidez eta hautagaien beraien aldez aurretiko onespen dokumentatua beharko dute.

2.– Epaimahaikideek beren hautagaitzak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara bideratuko dituzte. Zuzendaritza honi dagokio aurkeztutako hautagaitzei buruzko dokumentazioa aztertzea.

3.– Epaimahaikideek beren hautagaitzak aurkezteko honako bide hauek dituzte:

– Bide presentziala: hautagaitzak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako dependentzia eta organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: hautagaitzak aurkeztu ahalko dira euskadi.eus guneko ondorengo helbidean:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128205

Hautagaitza aurkezteko edo dokumentazioa gehitzeko bide horietako bat erabiltzeak –presentziala edo elektronikoa– ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen du-eta Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak.

4.– Tramitazioari buruzko argibideak eta ereduak, bide presentziala nahiz elektronikoan, artikulu honen 3. atalean jasotako helbide elektronikoan daude ikusgai.

5.– Hautagaitza aurkeztu ondorengo izapideak bide elektronikoa erabiliz, hemen egin behar dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Betekizunak konplitzeari dagozkion akreditazioak eta onespenari dagokion dokumentazioa, lehenago ekarri ez badira, Epaimahaiak akordioa lortzen duenean eskatuko dira. Hautagaiak bere onespena eman ezean edo eskatutako betekizunen bat konplitzen ez duela egiaztatuko balitz, edo horri dagokion akreditazioa aurkeztuko ez balitz, hautagaitza baztertuta dagoela ulertuko da. Horren ondorioz, Epaimahaiak deliberazioekin jarraitu beharko du beste akordio bat lortu arte. Hautagaitza proposatu duen pertsonari dagokio akreditazioak aurkeztea.

8.– Hautagaiaren jaiotze-lekua jasotzen duen nortasun agiria, pasaportea edo balio bereko dokumentu baten bitartez eta errolda agiriaren bitartez egiaztatuko da 4.1 artikuluan zehazten diren betekizunak betetzen direla.

6. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Epaimahai bati dagokio sarien epaia ematea. Epaimahaia aitortutako gaitasuna eta prestigioa duten bost kidek osatuko dute, eta horietako bat epaimahaiburua izango da. Epaimahaiak lehenengo bileran erabakiko du nor izango den lehendakaria.

2.– Epaimahaikideak abstenitu egingo dira, eta ezetsiak izan daitezke Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/1015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan. Halaber, batzordean parte hartzeagatik jasotako informazioa konfidentzialtasunez gordeko dute epaimahaikideek.

3.– Honako kideok osatuko dute 2020ko Gure Artea Sarien Epaimahaia: Lucía Agirre Lopez, Miren Arenzana Letamendi, Oier Etxeberria Bereziartua, Sahatsa Jauregi Azkarate eta Mikel Onandia Garate.

4.– Idazkari-lanetan, M. Jesus Cambra Contin, Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, arituko da, zeinek iritzia eman ahal izango baitu, baina botorik ez.

5.– Honako irizpide hauek erabiliko ditu Epaimahaiak erabakia hartzeko:

a) Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatea:

– Artistaren jardueraren kalitate artistikoa.

– Ibilbide eta bilakaera artistikoa.

– Euskal sorkuntza eta kultura garaikideari egiten dion ekarpena.

– Nazioarteko proiekzioa.

b) Sorkuntza-lana aitortzeko modalitatea:

– Artistaren lanaren kalitate artistikoa.

– Azken urteotako ibilbide eta bilakaera artistikoa.

– Euskal sorkuntza garaikideari egiten dion ekarpena.

c) Arte plastikoen eta ikusizkoen arloan egindako lana aitortzeko modalitatea:

– Saria jasotzeko hautagaitza arrazoitzen duen jardueraren edo jarduera-multzoaren kalitatea, eta haren garrantzi artistiko-kulturala.

– Saria jasotzeko entitatearen hautagaitza arrazoitzen duen jardueraren edo jarduera-multzoaren interesa, Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko lanagatik kulturaren balio-katearen edozein fasetan.

– Euskal artisten lana hedatzeko eta balioztatzeko ekimenak garatzea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko beste sektore sozial eta ekonomikoekin elkarreragiteko eta harremanetan jartzeko proiektuak garatzea, Euskal sortzaileen sorkuntza-lana balioztatzeari begira.

7. artikulua.– Epaimahaiaren erabakia.

1.– Epaimahaiak modalitate bakoitzeko sariak emateko proposamen arrazoitua egingo du, proposamen hori funtsatzen duten zergatiak azalduta. Epaimahaiaren erabakiek bertako kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko dute. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuaren botoak ebatziko du.

2.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agindu bidez izendatuko ditu, modalitate bakoitzean, Gure Artea saria irabazi dutenak. Agindua banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, agindu hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, hautagaitza ez dela onartu ulertuko da, 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da modalitate bakoitzean saritutako pertsonen zerrenda jasoko duen iragarkia, baina, horrez gain, hedabideetan egokitzat jotzen dituen zabalkunde-ekintzak egin ahal izango ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.

4.– Modalitate bakoitzean saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, baina, kasu horretan, erabaki hori hartzeko zertan oinarritu den azaldu beharko du epaimahaiak.

5.– Sari-ematea berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da.

8. artikulua.– Sarien ordainketa.

Saria ordainketa bakar batean emango da, behin saria ematen duen ebazpena hartutakoan eta gehienez hiru hilabeteko epean. Aurretik, saridunek onartu egin beharko dute saria. Horretarako, hamar eguneko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, saridunek ez badiote sariari berariaz eta idatziz uko egiten, saria onartu egiten dutela ulertuko da.

9. artikulua.– Bateragarritasuna.

Sari hauek bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin emandako beste laguntzekin.

10. artikulua.– Ez-betetzeak.

Baldin eta betetzen ez bada deialdi honetan zein aplikagarri den beste edozein xedapenetan finkatutako betebehar oro, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoari ekingo zaio, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio-Klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: Arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea Sariak ematea.

Lege-oinarria: beharrezko tratamendua, interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko (38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa – 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/dbao/0128205

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Berorren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 11.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala