56. zk., 2020ko martxoaren 20a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (255 KB - 2 orri.)
- EPUB (221 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
1642
EBAZPENA, 2020ko martxoaren 5ekoa, Farmaziako zuzendariarena, Hernaniko udalerrian (Gipuzkoa) farmazia-bulego bat sortzeko baimena ematen diona.
Hernaniko udalerrian (Gipuzkoa) farmazia-bulego bat sortzeko, María del Carmen Saborido Rodríguez andreak egin duen baimen-eskaera aztertu da, eta honako aurrekari hauek ikusi:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Osasuneko sailburuaren 2018ko maiatzaren 22ko Aginduaren bidez iragarri zen Hernaniko farmazia-eskualdean farmazia-bulego berri bat sortzeko prozeduraren hasiera.
Bigarrena.– Farmazia-bulego horren titulartasuna eskuratzeko Merezimenduak Balioesteko Batzordeko kideak izendatu eta egin beharreko legezko izapideak egin ondoren, onartutako lehiakideen behin betiko zerrenda onartu zen puntuazioaren hurrenkerari jarraituz, batzorde horrek 2019ko otsailaren 13an hartutako Erabakia betez; Erabakia 2019ko otsailaren 25eko EHAAn argitaratu zen (39. zk.). Zerrenda horretan, Gloria Sarria Quiroga andrea zen puntuazio handiena lortu zuen lehiakidea.
Hirugarrena.– Erabaki hori irmo bihurtu zen 2019ko martxoaren 25ean.
Laugarrena.– 2019ko irailaren 25ean Farmaziako zuzendariaren ofizioa helarazi zitzaion María del Carmen Saborido Rodríguez andreari. Bertan jakinarazten zitzaion Gloria Sarria Quiroga andreak –Agurain, Durango eta Hernaniko farmazia-eskualdeetan farmazia-bulegoak sortzeko prozeduren zerrendetan puntuazio handiena zuen lehiakidea bera– Aguraingo udalerrian farmazia-bulego bat sortzeko baimena eskatu zuela 2019ko uztailaren 10ean, eta, horren ondorioz, Itziar Sarria Quiroga andrea bilakatu zela Durango eta Hernaniko farmazia-eskualdeetan deitutako farmazia-bulegoen titulartasunera heltzeko lehiakideen zerrendetan puntuazio handiena zuen lehiakide.
Halaber, 2019ko irailaren 23an, Saborido andreari jakinarazi zitzaion Itziar Sarria Quiroga andreak Durangoko farmazia-eskualdean farmazia-bulegoa sortzeko eskabidea aurkeztu zuela, zeinaren ondorioz ulertu baitzen uko egin zuela Hernaniko farmazia-eskualdeari zegokion prozeduran, eta, beraz, Saborido andrea bilakatu zela puntuazio handiena zuen lehiakide. Hori dela eta, 338/1995 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako prozedurari ekin behar zion (338/1995 Dekretua, ekainaren 27koa, farmazia-bulegoak sortu, lekuz aldatu, itxi eta jardunean jartzeko prozedurak arautzekoa), eta ohartarazi ezen, xedapen horretan ezarritako epean eskatutako dokumentu guztiak aurkezten ez bazituen, deialdian parte hartzeari uko egiten ziola esan nahiko zuela.
Bosgarrena.– 2020ko urtarrilaren 31n, María del Carmen Saborido Rodríguez andreak baimena eskatu zuen Hernaniko udalerrian farmazia-bulego bat sortzeko, 338/1995 Dekretuaren babesean, eta, eskabide horrekin batera, dekretu horren 5. artikuluan eskatzen den dokumentazioa aurkeztu zuen.
Aurkeztutako dokumentuetan ikusten denez, farmazia-bulego berria helbide honetan dagoen lokalean jarri nahi da: Mañe i Flaquer kalea 6, Hernaniko farmazia-eremuko 3.5.08 osasun-aldea.
Seigarrena.– 2020ko otsailaren 6an, Farmaziako zuzendariaren ofizio bidez, espediente honetan interesdun izan daitezkeenei aukera eman zitzaien pertsonatzeko eta egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Hala egin zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Zazpigarrena.– Azkenik, 2020ko martxoaren 4an, Farmazia-arloa antolatzeko buruak aldeko txostena egin zuen María del Carmen Saborido Rodríguez andreak aurkeztutako dokumentazioari buruz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Farmaziako zuzendariarena da espediente honi buruz ebazpena emateko eskumena; hala ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazia Antolamenduko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 34. artikuluan eta Osasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 15. artikuluan.
Bigarrena.– Batetik, Gloria Sarria Quirogak eta Itziar Sarria Quirogak hurrenez hurren uko egin ondoren alegatu diren merezimenduak baloratuta, María del Carmen Saborido Rodríguez andreak lortu du puntuazio handiena, eta, bestetik, farmaziak sortzeko ezarritako prozedurari dagokionez, 11/1994 Legearen 34. artikuluan ezarritako eta 338/1995 Dekretuan garatutako xedapenak bete dira; azkenik, dekretu horren 5. artikuluaren arabera, egiaztatu da lehiakideak dokumentu guztiak aurkeztu dituela eskatutako epean. Horrenbestez, bidezkoa da interesdunari baimena ematea farmazia-bulegoa sortzeko.
Edonola ere, emandako baimenak eragina izan dezan, nahitaezkoa izango da funtzionamendu-baimena eskuratzea, 338/1995 Dekretuaren 6. artikuluaren 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.
Horregatik guztiagatik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– María del Carmen Saborido Rodríguez andreari baimena ematea farmazia bat irekitzeko Hernaniko Mañe i Flaquer 6 kalean, interesdunak aurkeztutako dokumentazioarekin bat.
Bigarrena.– Baimen honek indarra izan dezan, María del Carmen Saborido Rodríguez andreak funtzionamendu-baimena lortu behar du aurretiaz. Baimen hori eskatzeko, lau hileko epea izango du, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere 338/1995 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Hirugarrena.– Ebazpen honen berri eman behar zaie interesdunei, eta jakinarazi, era berean, honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari eta, ebazpen honen aurka, egoki iritzitako bestelako errekurtsoez gain, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dutela zuzendaritza honetan edo Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioaren sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 5a.
Farmaziako zuzendaria,
JON IÑAKI BETOLAZA SAN MIGUEL.