Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2020ko martxoaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1593

AGINDUA, 2020ko martxoaren 4koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2020. urtean ikus-entzunezko proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan bildutako xedapenekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte eta kultura mailako jarduerak sustatu, finkatu edota hedatzeko eskumenak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politikaren Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Aipatutako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki irizten dio ikus-entzunezko proiektuak garatzeko laguntzen berariazko lerro bat ezartzeari. Deialdi horren bidez, ikus-entzunezko produkzioaren aurreko jarduerak sustatuko dira, eta jarduera horien artean nabarmentzekoa da gidoiaren garapena, ikus-entzunezko sektoreak ekoizten dituen obrek kalitate eta bideragarritasun handiagoa izan dezaten.

Halaber, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2018-2020 urteetarako dirulaguntza-plan estrategikoaren barruan dago sartuta. Plan hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bitartez onartu zen.

Kultura arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudiaren barruan, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri zen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietako bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. apartatuan agertzen diren eta notifikazio beharrik ez duten estatu-dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Kategorien artean daude ondare eta kultura arloko dirulaguntzak, eta, zehatzago, ikus-entzunezkoenak.

Beraz, Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz.

Horiek horrela, hau,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2020ko ekitaldian zinemarako, telebistarako edota multimediarako proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta horretarako baldintzak ezartzea. Honako hau hartuko da «proiektuen garapen» gisa: ikus-entzunezko edota multimedia ekoizpen baten prestaketa eta diseinua, produkzio-fasearen beraren aurretik egin behar diren operazioetan zentratua eta 2020. eta 2021. urteetan zehar egingo direnak.

2.– Hautatuak izateko, proiektuek honako generoetako batean sailkatuta egon behar dute eta horien guztizko iraupenak ezingo du adierazten dena baino gutxiago izan.

– Zinema edota telebistarako lanak:

a) Fikziozkoak (proiektu indibidualak eta sailak): 50 minutu.

b) Animaziozkoak (proiektu indibidualak eta sailak): 50 minutu proiektu indibidualetan eta 25 minutu sailetan.

c) Sorkuntzako dokumentalak (proiektu indibidualak eta sailak): 50 minutu proiektu indibidualetan eta 25 minutu sailetan.

– Multimedia-lanak: eduki artistiko eta kulturaleko proiektuak. Proiektu mota honek ez du gutxieneko iraupenik.

3.– Film laburrak deialdi honetatik kanpo geratuko dira. Era berean, kanpoan geratzen dira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren gidoi zinematografikoak sortzeko 2020rako laguntza-deialdira aurkezten diren proiektuak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Dirulaguntza hauetarako, guztira 300.000 euro daude jarrita. Halere, kopuru hori handiagoa ere izan liteke, lehenengo xedapen gehigarriak agindutakoaren arabera.

3. artikulua.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Laguntza hauek eskuratzeko, honako baldintza hauek bete behar dira: pertsona fisiko edota juridiko independenteak izatea, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izatea, eta, laguntza jasoz gero, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea edo izateko konpromisoa hartzea.

2.– Pertsona fisiko edota juridiko independentetzat hartuko dira Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluko n) apartatuaren definizioan horrela agertzen dena.

3.– Pertsona fisiko edota juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluak zer dioen hartuko da aintzakotzat.

4.– Dirulaguntza koprodukzio batentzat eskatzen denean, eskatzaileak ikus-entzunezko produkzioaren % 20ko titulartasuna izan beharko du gutxienez.

5.– Ezin izango dira onuradun izan dena delako enpresak, laguntzaren bat itzultzeko agindua jaso badute, aldez aurretik Europako Batzordeak hala erabaki duelako, laguntza hori legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela iritzita; beste horrenbeste gertatutako da krisian dauden enpresekin ere, hain zuzen ere krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C249, 2014-07-31).

6.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga eta Gizarte Segurantzarekiko eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak egunean izatea. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, dirulaguntza ematerakoan eta ordainketak egiterakoan baldintza hori betetzen ote den egiaztatuko da.

7.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera.

8.– Halaber, pertsona onuradunek, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako gainerako baldintzak bete beharko dituzte.

9.– Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du. Orobat, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea borondatezko ordaintze epea bukatzean.

10.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio dirulaguntza emango, 14. artikuluko 8 apartatuan jasotzen den moduan.

11.– Proiektu bera dirulaguntza agindu honetara gehienez bi deialditan aurkeztu ahal izango da.

12.– Onuradun izateko baldintza guztiak bete beharko dira aldi osoan, emandako laguntza likidatu arte.

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko denez, soilik finkatu diren irizpideetara ondoen egokitzen diren eskabideek jasoko dute laguntza, eta ezarri den gehieneko dirulaguntzaren barruan.

5. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek bide elektronikoak edo aurrez aurrekoak erabili ahal dituzte, deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –aurrez aurrekoa edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen baitu Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak.

– Aurrez aurreko bidea: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuaren bulegoetan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimenduetan.

– Bide elektronikoa: eskabideak euskadi.eus helbidean edota artikulu honen 4. atalean aipatzen diren helbideetan aurkeztuko dira edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.

3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta bideratuko dituzte deialdi honetako izapideak.

4.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre zein elektronikoki tramitatzeko moduari buruzko argibideak administrazio-egoitzetan eta euskadi.eus-eko helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276306

Eskaera elektronikoki egin osteko izapideak hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, euskararen erabilera arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

6.– Eskaerarekin batera 7. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztuko dira.

Edozein bide erabilita ere –aurrez aurrekoa zein elektronikoa–, aurkeztuko diren dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izango dituzte:

a) Deskargatzeko moduko ereduak erabiliko dira, holakoak daudenean; eta ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa, ahal bada, PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektronikoaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Bideoak aurkezteko, web helbide bat eman beharko da dagokion agirian, bideo horiek kontsultatu ahal izateko.

7.– Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak aukera izango du laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena emateko dokumentazioaren zati bat ofizioz eskuratu edo egiaztatu dezan (identitateari eta bizilekuari buruzko datuak), bai aurrez aurreko bidea erabiltzen bada, bai bide telematikoa aukeratzen bada, hartara eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenak.

8.– Dena den, eskatzaileek baimena izango dute administrazio publikoak dagoeneko bere esku dituen datuak edo agiriak ez aurkezteko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek eta, datu pertsonalak tartean badaude, kontsulta egin ahal izateko berariazko onespena.

9.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartzen direla.

7. artikulua.– Betekizunen akreditazioa eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerarekin aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:

1.– Eskatzaileari dagokionez:

1.1.– Identitateari buruzko datuak: eskaera sinatzen duenaren identitatearen egiaztagiria.

1.2.– Pertsona juridikoak izanez gero: administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateek eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez da beharrezkoa izango horren inguruko egiaztagiririk aurkeztea.

Beste administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateek sortze-eskritura eta estatutuak aurkeztu beharko dituzte, bai eta erregistro publikoetan izena emanda daudela egiaztatzen duen agiria, legezko ordezkariaren identitatea, eta ordezkari horren ordezkaritza-ahalmena ere.

1.3.– Zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, dirulaguntza eskatu duen pertsonak edo entitateak baldintza hauek betetzen dituela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz ukatu dezake egiaztapena egiteko baimena, baina, kasu horretan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du. Pertsona edo entitate interesdunak Nafarroako Ogasunean ordaintzen baditu zergak, zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatu beharko du dagokion egiaztagiriaren bitartez.

1.4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egindakoak diren dokumentuak. Horrela, Administrazioak kontsultatu edo eskuratu ahal izango ditu dokumentu horiek, interesdunak aurka egin ezean.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa:

a) Proiektu berarentzat eskatu eta lortu diren beste laguntzen gaineko adierazpena eta haien zenbatekoa, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

b) Proiektuaren azalpen-memoria, non jasoko baita proiektuaren garapenean aurreikusten diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta egutegia, bai eta proiektuaren hasiera eta bukaeraren data zehatzak ere.

c) Gidoiaren sinopsia.

d) Gidoia edo, bestela, gidoiaren tratamendua (gehienez 35 orri). Telesailen kasuan, kapitulu baten gidoi osoa eta gainerako kapituluen gidoien sinopsia.

e) Gidoiaren gaineko eta, hala badagokio, lehendik dagoen obraren gaineko jabetza intelektualeko eskubideak dituela egiaztatzea, edo, halakorik ezean, eskubideak lagatzeko aukeraren eta etorkizuneko kontratuaren baldintzak itunduta dituela egiaztatzea.

f) Proiektuaren aurrekontua, partidaka banatuta eta xehatuta, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

g) Produkzioaren aurrekontu orientagarri orokorra eta finantzaketa-plana.

h) Zuzendariaren eta gidoilariaren historia artistiko profesionala.

i) Zuzendariak ez badu inoiz film luzerik egin, baina bai aldiz film laburrak, aurretik egindako film labur horien guztien kopia bat.

j) Gidoilariarekin edota zuzendariarekin sinatutako akordioa garapen-lanak egiteko.

k) Proiektuen garapenean parte hartzen duten arduradun artistikoek, zuzendariek, gidoilariek eta abarrek sinatutako erantzukizunpeko aitorpenak edo intereseko itunak.

l) Produkzio-etxearen azken bost urteotako historia profesionala eta datozen bi urteotako ekoizpen-aurreikuspenak, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu beteginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskaerarekin barera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen bidez, honako betebehar hauek egiaztatutako dira:

– Eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion inongo zehapen administratibo edo penalen menpe, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea egoitza egonkorra, edo egoitza irekitzeko konpromisoa hartzea laguntza jasoz gero.

– Eskatzailea pertsona pribatu independentea izatea, Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluko n) apartatuak xedatutakoaren arabera.

– Eskatzailea ez izatea krisian dagoen enpresa bat, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C249, 2014-07-31).

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ikusten bada zerbait falta dela edo errakuntzak daudela, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo falta diren dokumentuak aurkezteko, eta horretarako hamar eguneko epea emango zaio, dagokion jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Eskabidea elektronikoki aurkeztera behartuta dagoen norbaitek aurrez aurreko bidea erabiliz aurkezten badu, eskatuko zaio egoera hori zuzentzeko, eskabidea elektronikoki aurkeztuta. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da:

2.– Batzordeko kideak hauek izango dira:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria. Hura falta denean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

– Bokalak: 4 bokal, Kulturako sailburuordeak izendatutakoak agindu honen xede den gaiaren arloko adituen artean.

– Idazkaria: batzordeetako idazkari gisa, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendatuta. Idazkariari dagokio batzordearen jokabidearen legalitate formalaz eta materialaz arduratzea.

Aldi berean, bertaratutako gehienek onartzen dituzten eta jorratu beharreko gaiari buruzko ezagutza zehatzak dituzten pertsonek balorazio-batzordeen bileretan parte har dezakete gai zehatzak aztertzeko, eta, eta hitz egin bai baina botorik ezin izango dute eman.

3.– Balorazio-batzordeen behin betiko osaera Kulturako sailburuordearen ebazpenaren bitartez argitaratuko da EHAAn, eratu aurretik interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

4.– Balorazio-batzordeetako kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legearen 3.7 kapituluan xedatutakoa beteko da.

5.– Batzorde horrek botoen gehiengoaren bidez erabakiko du eskabidea onartzeko/ez onartzeko proposamena, eta, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, dirulaguntza emateko/ez emateko proposamena erabakiko du, eta Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dizkio.

Proposamen horietan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek deialdi honetan zehaztutako baldintzei uko egitea edo horiek ez bete edo ez onartzea. Gorabehera horietakoren bat suertatuz gero, ordezkoak jasoko duen dirulaguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari ordaindu gabe geratzen dena izango da, baina eskatutako kopuruaren barruan. Deialdiko baldintzei uko egin edo horiek onartu ez edo betetzen ez dituen onuradunak ordaindu zaion dirulaguntzaren zatia itzuli beharko dio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari.

6.– Balorazio-batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki baloratze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.

7.– Balorazio-batzorde horietarako izendatutako aditu profesionalek erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honakoak frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren batean sartuta ez daudela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kulturako sailburuordeak eman eta ebatziko ditu, balorazio-batzordeek aurkeztutako proposamena ikusi ondoren. Horretarako epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia egiteko agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, denen jakingarri.

2.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Administrazio-egintzak edozein motatako hautaketa-prozesu edo norgehiagoka-prozeduretako egintzak direnean, beti argitaratu beharko dira, eta horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, horrela baitago xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat, aipatutako 39/2015 Legearen 41.7 arabera.

3.– Ebazpen hauek ez dute administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, horrela baitago xedatuta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

4.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du. Orobat, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea borondatezko ordaintze epea bukatzean.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona/erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Dirulaguntzari dagokion xede zehatzerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari behar duten informazio guztia ematea, dirulaguntzen fiskalizazio-lanetara.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Funtsezko aldaketak, adibidez diruz lagunduko diren gastuei buruzko 13. artikuluan aipatutako jardueraren bat ez egitea, hasieran onartutako proiektuaren barruan egon arren, edo onartutako garapenaren aurrekontuan jasotako atalen batean % 20tik gorako aldaketak egitea, idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari, eta honek jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost egun balioduneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da. Inola ere ezingo da aldaketa horien bidez dirulaguntzaren kopurua igo.

e) Berariaz aipatzea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa, katalogoetan, programetan, iragarki-karteletan, argazkietan eta gainerako material grafikoetan. Material hori euskaraz editatuko da, hartara eragotzi gabe beste hizkuntza batzuk erabiltzea.

f) Laguntza ematen duen organoari jakinaraztea beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso direla xede bererako, Estatuko nahiz nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emanda.

g) Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan aurkeztea editatutako promozio-material guztien ale bana.

h) Laguntza emateko ebazpenaren berri izaten duenetik, onuradunak gehienez hamabi hilabeteko epea izango du proiektuaren jarduera-txostena eta 16.b artikuluan aipatutako gainerako agiriak aurkezteko, betiere 2021eko abenduaren 31 baino lehenago.

i) Onuradunak proiektua garatzeko aurrekontuaren % 32, gutxienez, erabili beharko du Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza edo establezimendua duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanetarako. Koprodukzioen kasuan, aipaturiko % 32 hori aplikatuko zaio onuradunak ikus-entzunezko ekoizpenean duen partaidetza-kuotari.

2.– Halaber, onuradunek, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte.

13. artikulua.– Diruz lagunduko diren gastuak.

Hauek dira diruz lagunduko diren gastuak:

– Obraren egilearen eskubideak eskuratzea.

– Gidoiaren garapena. Berridazketa edo egokitzapena, kanpoko aholkularitza, itzulpena.

– Promozio-materiala diseinatzea eta lantzea: material inprimatua, teaserra, trailerra, programa pilotua, story board-a, web orria.

– Marketin- eta banaketa-plana garatzea.

– Azoketara eta koprodukzio-foroetara joatea. Bidaia-gastuak, ostatua eta akreditazioak.

– Castinga egitea eta kokapenak bilatzea.

– Ikerketa dokumentala, grafikoa (animaziozko proiektuetan) eta artxiboak bilatzea.

– Garapena kudeatzeko langile-gastua (gehienez, aurrekontuaren % 15).

– Aholkularitza juridikoa eta fiskala aurkeztutako proiekturako. Koprodukzio-kontratuen aholkularitza eta idazketa, obraren eskubideak, proiektuan parte hartuko duten profesionalekin egindako kontratuak.

– Gastu orokorrak (gehienez, aurrekontuaren % 5).

– Programa diseinatzea (tratamendua), oinarrizko elementu grafikoak sortzea, programak behar bezala funtzionatzeko beharrezko materiala programatu eta integratzea, nabigazio-mapa eta demoa egitea (multimedia proiektuetan).

14. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Balorazio fasean puntuazio onena jasotzen duten proiektuek dirulaguntza jasoko dute, ondoko puntuetan ezarritako mugak errespetatuta, puntuazio-hurrenkeraren arabera eta diru-zuzkidura osoa agortu arte.

2.– Puntuazio onena lortzen duen proiektuari eskatutako kopurua emango zaio. Gainerakoei proportzionalki murriztuko zaie kopurua lortutako puntuazioaren arabera.

3.– Laguntza jasotzeko, nahitaez lortu behar da puntuazioaren % 50 balorazio-fasean.

4.– Agindu honetan ezarritako irizpideen arabera, proiektu zehatz bati zuzendutako kopuruak ezingo ditu jarraian aipatzen diren mugetako bat bera ere gainditu:

a) Hogeita bost mila (25.000,00) euro.

b) Proiektua garatzeko aurrekontuan jasotzen diren gastuen % 50. Gastu horiek 13. artikuluan daude zehaztuta (gastuok ez dute produkzioari dagokion aurrekontu osoaren % 20 gaindituko).

5.– Gutxienez, jasotako zenbatekoaren % 45 gidoia garatzeko erabiliko da. Langile-gastuek eta gastu orokorrek ezin izango dute aurrekontuaren % 15 eta % 5 gainditu, hurrenez hurren.

6.– Laguntza koprodukzio baterako eskatzen bada, dirulaguntza ez da produktore eskatzaileak duen partaidetza errealaren % 50 baino gehiago izango.

7.– Beste laguntza publiko batzuk lortzen badira, laguntza guztien zenbatekoak, deialdi honen kargura ematen direnak barne, ezin du izan proiektuaren garapenaren kostuaren % 50 baino gehiago.

8.– Hartara eragotzi gabe produkzio-etxe bakoitzak modalitate honetarako eskabide bat baino gehiago aurkezteko aukera, laguntza bakarra baino ezingo da eman pertsona onuradun bakoitzeko. Kasu horretan, balorazio onena lortzen duen eskabideari emango zaio eta gainerakoak ezetsi egingo dira. Hortaz, beste eskatzaileen proiektu batzuei ere laguntzak eman ahal izango zaizkie, nahiz eta proiektuok beste onuradun baten bigarren eskabideak eta hurrengoek baino balorazio baxuagoa lortu.

15. artikulua.– Balorazio irizpideak.

Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen den baremoaren arabera ondoren zehazten diren alderdiak baloratuko ditu:

a) Proiektuaren bideragarritasuna (% 30). Bereziki honakoak izango dira kontuan:

– Aurrekontuaren bat ote datorren proposatutako garapenarekin (% 10).

– Produkzio-aurrekontu balioetsia eta finantzaketa-plana bat ote datozen (% 10).

– Proiektuak potentzialtasuna izatea Estatu edota nazioarte mailako koprodukzioa egiteko eta Estatu edota nazioarte mailan hedatzeko (% 10).

b) Gidoiaren kalitatea (% 30). Honakoak izango dira kontuan:

– Proposamenaren originaltasuna eta sormena.

– Pertsonaien definizioa (fikzioa) / diseinua (animazioa).

– Egitura eta garapena.

c) Ekoizlearen, gidoilariaren eta zuzendariaren ibilbidea (% 15): aurretik egindako lanak kontuan hartuko dira eta egindako proiektuak ez ezik, jendaurrean izandako eragina eta balorazioa eta komunikabide espezializatuetan agertzen diren kritikak baloratuko dira.

d) Proiektuaren interesa (% 10). Kontuan hartuko dira ekimen artistiko berriak eskaintzeko ematen dituen aukerak, eta Euskadik edota bertako biztanleek bizi duten errealitate kultural, sozial edo linguistikoarekin, nahiz beste arlo batekoarekin, duen erlazioa.

e) Jatorrizko bertsioa euskaraz izatea (% 10).

f) Proiektuaren ibilbidea (% 2). Kontuan hartuko da ikus-entzunezko proiektuak laguntza jaso izana Eusko Jaurlaritzak gidoiak sortzeko modalitatean egin izan dituen deialdietan. Ibilbidea kontuan hartzeko, aipatutako laguntza amaituta egon behar da, eta dagokion deialdiaren araudiaren arabera behar bezala justifikatuta.

g) Emakumearen parte-hartzea Zuzendaritzan, gidoigintzan edo produkzio exekutiboan (% 3).

16. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Ematen diren laguntzen ordainketa honela tramitatuko da:

a) Laguntza emateko unean % 50 ordainduko da.

b) Gainerako % 50, ondoren adierazitako agiriak jasotzean, eta egiaztatzen denean agiri horiek bat datozela agindu honek zenbatekoari eta xedeari buruz ezarritakoarekin. Edonola ere, ordainketa 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera egingo da, baina urte horretako abenduaren 31 baino lehen:

– Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea egiaztatzen duen agiria.

– Proiektuaren jarduera eta lortutako emaitzen txostena.

– Behin betiko aurrekontua, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Garapen-gastuen zerrenda sailkatua, BEZik gabe. Zerrendak honako datu hauek jasoko ditu: hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa, kopurua, jaulkipen-data eta, ahal bada, ordainketa-data, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Egin diren gastuak behar bezala frogatzea, jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuen bitartez eta ordainketa egiaztatzen duten agirien bitartez.

– Gidoia osorik eta zuzenduta.

– Gidoilariarekin edo gidoilariekin sinatutako eskubideen lagapen-kontratua, gutxienez bi urterako, edo garatzeko dagoen lanaren eskubideak erosteko aukera eskaintzen duen kontratua, gutxienez bi urterako.

– Lanerako plana berriro banakatzea eta produkzioaren behin-behineko aurrekontu berria.

– Filmaketa egingo den lekuei buruzko agiriak.

– Castingak egiteko behin-behineko proposamenak.

– Finantzaketa-plan zehatza.

– Marketin- eta banaketa-plan zehatza.

– Proiektuaren promozio-materialaren ale bat.

Agiri horiek aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztu ahalko dira https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean, pertsona fisikoen kasuan. Pertsona juridikoak direnean, soilik bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko da, aipatutako helbide elektronikoaren bidez.

17. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetakoren bat aldatu bada, baldin eta laguntzaren xedea bete bada eta, hala badagokio, aldi berean beste edozein entitate publiko eta pribatuk emandako laguntzak eta dirulaguntzak jaso badira, aldatu egingo da laguntzak emateko ebazpena. Ondorio horietarako, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, eta, horrenbestez, esleitutako laguntzen zenbatekoak berregokituko dira.

18. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Honelakoak izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.

d) Aurkeztutako proiektuan Kulturako sailburuordeak baimendu gabeko aldaketaren bat egitea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluaren b), c), d), e), f) eta g) ataletan aurreikusitako ez-betetzeak.

2.– Horrelako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako dirua eta dirulaguntzen alorrean aplikagarriak diren berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzak Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotena bete ondoren eta horien arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

2. artikuluan jaso diren zenbatekoak gehitu egin litezke, eskatutako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa dirulaguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aldatuz gero, horren berri eman beharko du Kulturako sailburuordeak, ebazpen baten bitartez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 01 80 00. Web orria: http://euskadi.eus

Helburua: 2020.urteko ikus-entzunezkoen proiektuak garatzeko prozesuetarako dirulaguntza-eskabideak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorra, azaroaren 17koa, eta 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazioa gehiago: http://www.euskadi.eus/dbao/0276306

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 4a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala