52. zk., 2020ko martxoaren 14a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- PDF (268 KB - 4 orri.)
- EPUB (223 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
1575
AGINDUA, 2020ko martxoaren 13koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan, Covid-19 / koronabirusaren egoera eta bilakaera dela eta.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak 12.1 artikuluan dioenez, «Euskadiko sistema sanitarioaren zuzendaritza, planifikazioa eta programazioa Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, eta Euskadiko Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko organo aginpidedunen bidez exekutatzen da.»
2. apartatuaren arabera, egiteko hauek hartuko ditu barnean, besteak beste: a) Aginteaz baliatzea eskatzen duten interbentzioak, osasun publikoaren tutela orokorra garantizatzeko beharrezkoak direnak.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, Osasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio:
Osasun-plangintza eta -antolamendua.
Osasun publikoa eta elikadura-higienea.
Zaintza epidemiologikoa.
Farmazia-antolamendua.
Droga-mendekotasunak.
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak, 4 artikuluan, Osasuneko sailburuari esleitzen dio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumena, baita Osasun Sailari dagozkion funtzioen eta jardun-arloen eremuan indarrean dagoen legediak esleitzen dizkionak ere.
Aipaturiko dekretu horren 9.1.q) artikuluak, bestalde, osasun publikoaren eremuko alerta-egoera ororen aurrean jarduketa sanitarioak koordinatzeko eginkizuna esleitzen dio Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari; eta 9.1.l) artikuluak, berriz, agintari sanitario gisa, indarreko legedian xedatzen diren administrazio-eskumenak erabiltzea, hauek guztiak gauzatu ahal izateko: kontrol sanitarioa eta erregistroa, arriskuen ebaluazioa eta esku-hartze publikoa elikadura-higienean eta -segurtasunean, edateko uren kalitatean, ingurumenaren osasungarritasunean, bioziden arloan, hondakin sanitarioen kudeaketan, eta osasun publikoaren babesarekin zerikusia duten gainerako jardueretan.
Martxoaren 12ko Ebazpenaren bidez, Osasuneko sailburuordeak bere gain hartu du Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari agintari sanitario gisa esleitutako ahalmenak baliatzea, hau da, jarduera sanitario guztiak koordinatzea osasun publikoaren arloko alerta-egoera guztien aurrean.
Osasun arloko azken alertek, bai lurraldean bai mundu osoan, agerian utzi dute aparteko eta premiazko neurriak hartu behar direla Euskal Autonomia Erkidegoan Covid-19 gaitzaren edo herri mailan koronabirus deitutako birusaren hedapena geldiarazteko, larrialdi-egoerei berehala erantzun ahal izateko.
Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren lehenengo artikuluak dioenez, administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, osasun publikoa babesteko eta hura galtzeari edo hondatzeari aurrea hartzeko, lege horretan aurreikusitako neurriak hartu ahal izango dituzte, urgentziazko edo premiazko osasun-arrazoiek hala eskatzen dutenean.
Bigarren artikuluak dioenaren arabera, «osasun-agintaritza eskudunek osasun-azterketak, tratamenduak, ospitaleratzeak edo kontrolerako neurriak hartu ahal izango dituzte, baldin eta arrazoizko zantzuak ikusten badituzte biztanleriaren osasunerako arriskua dagoela pentsatzeko, pertsona edo pertsona-talde baten osasun-egoera jakin bat dela medio edo jarduera baten osasun-baldintzak direla medio».
Hirugarren artikuluak xedatzen duenez, «gaixotasun transmitigarriak kontrolatzeko, osasun-agintaritzak, prebentzio-ekintza orokorrak egiteaz gain, neurri egokiak hartu ahal izango ditu, gaixoak, haiekin kontaktuan dauden edo egon diren pertsonak eta haien hurbileko ingurunea kontrolatzeko, bai eta arrisku transmitigarrien kasuan beharrezkotzat jotzen direnak kontrolatzeko ere».
Osasunaren apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 26. artikuluak honela dio: «1.– Osasunerako berehalako eta aparteko arriskua badago edo hori pentsatzeko nahikoa susmoa badago, osasun-agintariek egoki iritzitako prebentzio-neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatzea edo ibilgetzea, jarduerak etetea, enpresak edo instalazioak ixtea, baliabide material eta pertsonaletan esku hartzea, eta osasunaren aldetik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak.
2.– Aurreko apartatuan aipatzen diren neurrien iraupenak, kasuan-kasuan ezarriko baitira, ez du gaindituko neurriok justifikatu dituen berehalako eta aparteko arrisku-egoerak eskatzen duena, hargatik eragotzi gabe ebazpen arrazoituen bidez erabakitzen diren ondoz ondoko luzapenak».
Osasun Publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan eta Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitako neurriak eragotzi gabe, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54. artikuluan aurreikusten duenez, salbuespen gisa eta aparteko larritasun- edo urgentzia-arrazoiek hala eskatzen dutenean, autonomia-erkidegoetako agintaritza eskudunak jarduerak etetea erabaki dezake, besteak beste, ebazpen arrazoituaren bidez.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 34. artikuluak, bestalde, honela dio:
«1.– Ikerketa eta kontrol-jarduketen ondorioz, Euskal Administrazio Sanitarioaren organo eskumendunek kautelazko neurriak hartu ahal izango dituzte lege honen esparruan, osasunaren babesean efektibitatea ziurtatzeko, baldin eta pertsonen osasunarentzat hurre-hurreko arrisku larria badago nahiz arrisku horren arrazoizko susmoa badago.
2.– Kautelazko neurriek osasun publikoaren urraketak prebenitzeko edo konpontzeko jarduketak bildu ahalko dituzte; dena dela, neurriok arrisku hurbil-hurbil eta larritzat jotako egoerak exigitzen dituen ekintzen araberakoak izango dira; hori guztia dela-eta, ondorio hauetarako agindua eman daiteke: edozein ondasun edo produktu ibilgetu, merkatutik behin-behinean kendu edo erabilera debekatzeko; modu berean, jarduerak aldi baterako gelditzeko nahiz debekatzeko, eta zentro, zerbitzu eta establezimenduak ixteko, osasun kolektiboak horrela egitea eskatzen duelako edo instalatzeko eta funtzionatzeko bete beharreko baldintzak betetzen ez direlako.
3.– Kautelazko neurri guztiak egokituta egon beharko dira lortu nahi diren helburuekiko proportzionalitate-printzipio mugatzaileetara, eta bizitzarako arriskutsuak diren neurriak baztertu egin beharko dira; bestalde, pertsonen eta ondasunen zirkulazio libreari, enpresa-askatasunari edo eragindako beste edozein eskubideri ahalik eta kalte gutxiena egiten dieten neurriek lehentasuna izango dute. Halaber, neurriaren iraupena islatuko da beti, bakoitzari dagokiona. Neurria behin eta berriz luzatzea erabaki ahalko da, ebazpen motibatuaren bidez, baina neurriaren guztizko iraupenak eta luzapenek ezin gaindituko dute justifikatu duen arrisku hurbil-hurbil eta larriaren egoerak exigitutakoa.»
Horregatik guztiagatik, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak 2020ko martxoaren 9an erabakitako neurriak betez, eta herritarren osasunerako berehalako eta aparteko arriskuak bere horretan jarraitzeagatik beste neurri osagarri batzuk hartu behar direnez, Osasuneko sailburuordeak proposatuta, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 140. artikuluarekin eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4. artikuluarekin bat, organo honek bere gain hartzen ditu osasun publikoaren arloan osasun-agintaritza gisa Osasun Saileko organoei dagozkien eskumenak, betiere Osasun Sailaren gaietan ebazpenak emateko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak aitortzen dizkion eskumenak baliatuz, eta hau.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Prebentzio-neurriak.
Prebentzio-neurri hauek hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan:
1.– Garraioari dagokionez, ibilgailuen eta pasabideen edo egonaldien eguneroko garbiketa areagotzea.
2.– Kirol-ekitaldi guztiak, profesionalak eta ez-profesionalak, ateak itxita egingo dira.
Horien barnean hartuko dira: futboleko lehen eta bigarren mailetako partidak, saskibaloiko baliokideak, baita Europako ligakoak ere, eta zaletu asko mugiarazi ohi dituzten guztiak.
3.– Bertan behera geratuko dira espazio itxietan egiten diren eta 500 lagunetik gora biltzen duten talde-jarduerak. 500 lagunetik beherakoetan, edukiera osoaren heren bat baino betetzen ez bada eta bertaratutakoen artean metro eta erdi baino gehiagoko distantzia hartzen bada, egin ahal izango dira jarduera horiek. Aisia- eta kultura-ekitaldiei eta antzekoei ezarriko zaizkie neurri hauek.
4.– Bertan behera geratuko da aurrez aurreko prestakuntza-jarduera oro maila guztietako prestakuntza- eta irakaskuntza-entitate publiko eta pribatuetan, baita unibertsitatean ere.
Bigarrena.– Indarraldia.
Agindu honetan aurreikusitako prebentzio-neurriek hamabost egun naturaleko indarraldia izango dute, ondoren adosten diren luzapenak alde batera utzi gabe.
Hirugarrena.– Berrespen judiziala.
Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 19.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu hau Zerbitzu Juridiko Nagusiari jakinaraztea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusitako berrespen judiziala eskatzeko.
Laugarrena.– Argitalpena eta ondoreak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 13a.
Osasuneko sailburua,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.