Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2020ko martxoaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1556

AGINDUA, 2020ko martxoaren 4koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez aldi baterako premiazko neurriak ezartzen baitzaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile eta ekoizle jakin batzuei, Bizkaiko Zaldibarko udal-mugartean, Verter Recycling 2002 SL enpresaren titulartasunekoa den hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako gertakari larriaren ondorioz.

GERTAKARIAK

1.– 2020ko otsailaren 6an, luizi larria gertatu zen Verter Recycling 2002 SL enpresak ustiatutako hondakin ez-arriskutsuen zabortegian. Gertakari horren ondorioz, besteak beste, zabortegi hori erabat desgaituta geratu da urtero 500.000 tona hondakin inguru zabortegian uzteko etorkizunean.

2.– Gertakarien larritasuna aintzat hartuta, Ingurumeneko sailburuordeak lehen ebazpen bat eman zuen 2020ko otsailaren 10ean, zeinaren bidez premiazko neurriak ezarri baitziren gertakariarekin zerikusia duten administrazio publikoentzat, batez ere.

3.– Data horretan bertan, Ingurumeneko sailburuordeak beste ebazpen bat eman zuen, zeinaren bidez, Verter Recycling 2002 SL enpresari agindu baitzitzaion urgentziaz zenbait jarduera egiteko zabortegian izandako luiziarekin lotuta.

4.– 2020ko otsailaren 13an, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak agindu bat eman zuen, Zaldibarko udal-mugarteko zabortegian izandako luiziaren inguruko premiazko neurriak hartzeko. Agindu horretan ebazten da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, zabortegiaren titularraren kontura, premiazko neurri guztiak zuzenean hartzea egoera kontrolatzeko eta ingurumenean eta pertsonen osasunean sortutako eraginak arintzeko.

5.– 2020ko otsailaren 29an, Cespa Conten SA enpresaren zabortegia itxi zen, Gipuzkoako Mutiloako udal-mugartean, hondakinak onartzeko zena. Horrenbestez, Verter zabortegira urtean bidaltzen ziren 500.000 tona hondakinei eta Mutiloako zabortegian biltegiratuta ezabatzen ziren urteko 350.000 tona hondakinei helmuga-irtenbidea bilatu behar zaie. Behar hori hondakin ez-arriskutsuen urteko kudeaketaren esparruan bete behar da. Hondakin horiek EAEn kontrolatutako zabortegietan biltegiratuta ezabatzen dira, 2,2 milioi tona guztira.

6.– 2020ko otsailaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Industria Sailburuordetzek lan-mahai baterako deialdia egin zieten EAEko zabortegi publiko eta pribatuetako titularrei, lehen Verter eta Mutiloako zabortegietan kudeatutako 850.000 tona hondakinentzako berehalako helmuga-irtenbideak bilatzeko. Mahai horretara, bi zabortegien itxierak gehien eragindako ekoizpen-sektoreak gonbidatu ziren: CLUSPAP-Euskadiko Paperaren Kluster Elkartea, AFV-Asoc. Fundidores País Vasco y Navarra, eta Siderex-Asociación Cluster de Siderurgia, erakunde horietako bazkideek sortutako hondakinen kopurua handia baita. Mahai horretan, agerian geratu zen EAEn gaur egun ez dagoela gaitasunik hondakinak isurtzen jarraitzeko orain arte egiten zen kopuru eta moduan. Gainera, funtzionatzen ari diren zabortegien titularrei eskatu zitzaien kalkula zezatela gaur egungo benetako isurketa-ahalmena eta ahalegin berezia egin zezatela aipatutako biltegiratze-instalazioetan kudeatzen ziren hondakinak onartzeko, baldin eta ez badute balorizatzeko berehalako alternatibarik, Hondakinen eta Kutsatutako Lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako hondakinen kudeaketako autosufizientzia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraikiz.

7.– 2020ko otsailaren 20an, 26an eta 27an, aipatutako lan-mahaian hartutako konpromisoei erantzunez, zabortegi guztiek azaldu zuten zein den beren egungo egoera eta zein diren epe labur eta ertainerako soberako hondakin-kopuruak onartzeko aukerak. Horiek aztertu ondoren esan daiteke urtean 440.000 tonako ahalmen gehigarria dagoela, itxi beharreko bi zabortegiek urtean 850.000 tona eskaintzen zituzten arren.

8.– 2020ko otsailaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Industria Sailburuordetzek lan-mahai baterako deia egin zieten EAEko zementua ekoizteko hiru instalazioetako ordezkariei, zabortegira bideratutako hondakin-korronte nagusien balorizazio material eta energetikorako gehieneko gaitasunak eskatzeko, balorizazioa maximizatzeko eta isurketa minimizatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak ezarritako kudeaketa-eragiketen hierarkiarekin bat. Era berean, instalazio horiek adierazi zituzten maximizaziorako dauden oztopoak eta hondakinek bete beharko lituzketen baldintza teknikoak, haien instalazioetan balorizazio materiala eta energetikoa egin ahal izateko.

9.– Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planen baitan, EAEko ingurumen-organoak intentsiboki landu eta babestu du industria-hondakinen lehentasunezko korronte batzuen balorizazio-irteeren bilaketa. Honako hauek dira hondakin-korronte horiek, besteak beste: altzairugintzako zepa zuriak eta beltzak (EHZ kodeak: 100201, 100202), eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EHZ kodeak: 170101, 170102, 170103, 170107, 170904), hiriko hondakin-uren araztegiko lohiak (EHZ kodea: 190805), kraft orearen ekoizpeneko kareharrizko lohiak (EHZ kodea: 030309), papera ekoizteko tinta-kentzearen lohiak (EHZ kodea: 030305), uren arazketako lohiak (EHZ kodea: 030311), hondakin-papera baztertzea (EHZ kodea: 030307), burdinazko galdaketako hareak eta xehekiak (berdez moldekatzea) (EHZ kodeak: 100906, 100908, 100910) eta ibilgailuen zatiketaren frakzio arina (EHZ kodea: 191004).

Korronte horiek balorizatzeko gaur egungo aukerei dagokienez, honako hau zehazten da:

Altzairugintzako zepa zuri eta beltzak (EHZ kodeak: 100201, 100202): gaur egun, nahikoa gaitasun dago EAEn ekoizten diren altzairu arrunt eta bereziko zepa zuri eta beltz guztiak tratatzeko.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) (EHZ kodeak: 170101, 170102, 170103, 170107, 170904): gaur egun, tratamendu-instalazio finkoetan nahikoa gaitasun dago EAEn sortzen diren EEH guztiak balorizatzeko.

Hiriko hondakin-uren araztegiko lohiak (EHZ kodea: 190805): gaur egun, tratamendu-instalazioetan nahikoa gaitasun dago EAEn sortzen diren hiriko hondakin-uren araztegiko ia lohi guztiak balorizatzeko.

Kraft orearen ekoizpeneko kareharrizko lohiak (EHZ kodea: 030309): kareharrizko lohiak autokudeatu daitezke, zementu-fabrikan materialki balorizatu, edo kareharrizko medeagarriak ekoizteko erabili.

Papera ekoizteko tinta-kentzearen lohiak (EHZ kodea: 030305), uren arazketako lohiak (EHZ kodea: 030311) eta hondakin-papera baztertzea (EHZ kodea: 030307): hiru korronte horiek batera balorizatzeko aukera dute, tinta-kentze eta araztegiko lohiak kiskaltzea eta hondakin-papera baztertzearen energia-aprobetxamendua dakarren ad hoc prozesu batean, gas-prozesu baten bidez edo balorizazio energetikoaren bidez errausketa-instalazioetan. Era berean, tinta-kentzearen lohiak zeramika-industrian balorizatzeko aukera dago, eta arazketako lohiak nekazaritza-erabileretan erabil daitezke, baldin eta horiek aplikatzeko indarrean dagoen araudian ezarritako kalitate-irizpideak betetzen badituzte.

Burdinazko galdaketako hareak eta xehekiak (berdez moldekatzea) (EHZ kodeak: 100906, 100908, 100910): korronte horrek ad hoc prozesu batean birsortzeko aukera du (gaur egun EAEn ez dago eskuragarri Ecofond SA enpresaren instalazioa itxi ondoren). Era berean, galdaketako hareak eta xehekiak (berdez moldekatzea) baloriza daitezke zementu-fabriketan, klinkerra ekoizteko; hala ere, EAEko hiru zementu-instalazioek duten gehieneko edukiera erabiliz gero, ez litzaioke erantzunik emango sortutako korronte gehienari.

Fluff-ligth (zatikatze-frakzio arina) (EHZ kodea: 191004): fluff-ligth desmetalizatzeko lehen eta bigarren mailako tratamendu-ahalmena nahikoa da EAEko fluff-ligth produkzio osorako. Gainera, plastikoak kloroarekin bereizteko eta, ondoren, ondoriozko hondakinaren balorizazio energetikoa egiteko nolabaiteko gaitasuna dago, hau da, hondakinaren urteko ekoizpenaren % 5 inguru.

Aipatu behar da zatikatzearen ondoriozko ia hondakin guztiak zabortegian ezabatzen direla, eta, 2019an, 300.000 tona baino gehiago lortu direla.

Arestian aipatutako guztiak agerian uzten du EAEn baimendutako zabortegietan industria-hondakinen isurketa minimizatzeko premia larria, balorizatzeko bide posible guztiak agortuz, eta horrek justifikatzen du kudeaketa-hierarkian lehentasunezko beste aukera batzuk dituzten korronteen isurketak berariaz mugatzea.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 76. artikuluan, honako hauek sartzen dira ingurumen-organoaren eskumen gisa:

1) Hondakin arriskutsuetan eta gainerako hondakin-motetan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari dagokio hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-jarduerak baimentzea, ikuskatzea eta zehatzea, hargatik eragotzi gabe indarreko legeriaren arabera toki-erakundeei dagozkien eskumenak.

2) Era berean, honako hau dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari:

a) Ingurumena babesteko estandar handiak bermatuko dituzten hondakin-kudeaketako azpiegiturak kokatzeko, ezartzeko eta ustiatzeko eskakizun teknikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko esparruko irizpide-batasuna definitzea.

2.– Hondakinen eta Kutsatutako Lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 12.4 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoei dagokie hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-jarduerak baimentzea, zaintzea, ikuskatzea eta zehatzea, baita hondakinak prebenitzeko programa autonomikoak eta hondakinak kudeatzeko plan autonomikoak egitea ere.

3.– Alde horretatik, Hondakinen eta Kutsatutako Lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan (Hondakinen hierarkia) xedatutakoaren arabera: Administrazio eskudunek, hondakinen prebentzioaren eta kudeaketaren arloko politikak eta legeria garatzean, hondakinen hierarkia aplikatuko dute, ingurumen-emaitza global onena lortzeko, honako lehentasun-ordena honen arabera:

a) Prebentzioa.

b) Berrerabiltzeko prestatzea.

c) Birziklatzea.

d) Bestelako balorizazio-motak, balorizazio energetikoa barne.

e) Ezabatzea.

4.– Gainera, aipatutako 22/2011 Legearen 7., 8. eta 9. artikuluetan, hondakinen politikaren eta administrazio-eskumenen lehen hiru printzipioak islatzen dira: «Giza osasunaren eta ingurumenaren babesa», «Hondakinen hierarkia» eta «autosufizientzia eta hurbiltasuna». Beraz, EAEko ingurumen-organoak, bere eskumenak exekutatzean, printzipio horiek betetzen direla zaindu beharko du. Horretarako, «hondakinak hurbilen dauden instalazio egokietan kudeatzea lehenetsiko du, ingurumenaren eta osasun publikoaren babes-maila handia ziurtatzeko teknologia eta metodo egokienak erabiliz».

5.– 22/2011 Legearen 23.1 artikuluan honako hau jasotzen da: «Hondakinak ezabatu aurretik tratatu egin beharko dira, salbu eta teknikoki bideragarria ez bada edo giza osasuna eta ingurumena babesteko arrazoiengatik justifikatuta ez badago». Horregatik, eta batez ere 5. gertakarian aipatzen den EAEn isurtzeko gaitasun nahikorik ez dagoela kontuan hartuta, ingurumen-organoak behar diren neurriak ezarri beharko ditu EAEn sortutako hondakinak tratatzeko bide guztiak agortzeko, zabortegian ezabatu ondoren.

6.– Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 6.h) artikuluan eta 2.e) eranskinean, baloriza daitezkeen eta zabortegian utzi ezin diren hondakinen lehen zerrenda bat jasotzen da. Zerrenda horretan honako hauek daude:

– Paper-kartoia.

– Metalak.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

– Beira.

– Zura.

– Ontziak.

– Ekipo elektrikoak eta elektronikoak.

– Toner- eta tinta-kartutxoak.

6.h) artikuluak ezartzen duenez, «zerrenda hori erregelamendu bidez handituko da, hondakin berriak balorizatzeko kudeatzaile baimenduak sortzen diren neurrian».

7.– Aurreko atalean azaldutakoa kontuan hartuta argitaratu zen apirilaren 9ko 64/2019 Dekretua, arku elektrikoko labeetako altzairugintzako zepa beltzak balorizatzeko jardueretarako araubide juridiko aplikagarriari buruzkoa. Dekretu horren azken xedapenetako lehenengoan, 49/2009 Dekretuaren 6.h) artikuluan jasotako hondakin balorizagarrien zerrenda zabaltzen da, eta zerrenda horri gehitzen zaizkio «baloriza daitezkeen arku elektrikoko labeetako altzairugintzatik eratorritako zepa beltzak».

8.– Une honetan, EAEn industria-jatorriko hondakin ez-arriskutsuen kudeaketaren arloan dagoen premiazko egoera kontuan hartuta, egokia da agindu bat ematea, aldi baterako premiazko neurriak ezartzeko tartean dauden operadoreei. Neurri horiek indarrean egon beharko dute lortu nahi diren helburuak lortzeko behar beste denboraz. Epe hori 12 hilabetekoa izango dela aurreikusten da, eta epe hori luza daiteke.

9.– Kasu zehatz horretarako urgentzia dagoela eta premiazkoa dela egiaztatu ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan azaldutako arrazoiak daude agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinarazteko, bereziki kontuan hartuta interesdun asko daudela jakinarazpena egin behar zaienak, eta, beraz, argi dago ez dela nahikoa guztiei jakinarazpena bermatzea.

10.– Organo honek eskumena du agindu hau emateko, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Hondakinen eta Kutsatutako Lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 Legea; Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.

Honako hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Hondakinen eta Kutsatutako Lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 Legea; Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta gainerako araudi orokorra. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– EAEko hondakinen balorizatzaile guztiei errekeritzea beharrezko neurriak har ditzatela baimendutako gaitasunik handiena lortzeko eta EAEtik datozen hondakin-korronteak lehentasunez onartzeko.

Ildo horretatik, Ingurumen eta Industria Sailburuordetzei berehala helarazi beharko dizkiete atal honetan errekeritutakoa zaildu dezaketen gogoeta orokorrak, halakorik balego. Hori guztia, organo horiek konponbideak ahal den neurrian eta beharrezkoa den lekuetan eman ditzaten.

Bigarrena.– Vitoria-Gasteizko Udalari, Arabako isurketa-azpiegitura publikoaren titular den aldetik, eskatzea onar dezala lurralde-eremu horretan sortzen diren, berehala balorizatu ezin diren eta baimenaren barruan dauden industria-hondakin guztien ahalik eta kopuru handiena, hondakin horien jomuga-zabortegia orain arte edozein izanik ere.

Hirugarrena.– Ondoren aipatzen diren isurketak mugatzeko neurriak ezartzea EAEko hondakin ez-arriskutsuen zabortegi baimenduen titularrei eta hondakin ez-arriskutsu hauen ekoizleei:

a) Beste eremu geografiko batzuetatik datozen hondakinak:

Larrialdiaren egoera koiunturala eta EAEn dagoen isurketa-ahalmenaren defizita kontuan hartuta, ingurumen-organoaren berariazko onarpena beharko da zabortegian onartzeko EAEn ezabatu nahi diren beste eremu geografiko batzuetako hondakinak, zuzenean edo zeharka, % 51tik beherako pisuko balorizazio-tasekin tratatu ondoren. Horretarako, laugarren atalean adierazitako edukia jasotzen duen kontsulta egin beharko da aurretiaz.

b) Altzairugintzako zepa zuriak eta beltzak (EHZ kodeak: 100201, 100202):

Baimendutako balorizazio-instalazioetatik datozen hondakin horien baztertze-zatiak baino ez dira onartuko zabortegian.

Salbuespen gisa, eta altzairu herdoilgaitzen zepen kasuan, zabortegian ezabatzeko baimena emateko, ingurumen-organoaren berariazko onarpena beharko da. Horretarako, laugarren atalean adierazitako edukia jasotzen duen kontsulta egin beharko da aurretiaz.

Zabortegiek ezin izango dituzte horrelako hondakinak onartu, ezta eraikuntza-helburuetarako ere; horretarako, baimendutako balorizazio-instalazioetatik datozen bigarren mailako agregakinak erabili beharko dituzte.

c) Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EHZ kodeak: 170101, 170102, 170103, 170107, 170904):

Baimendutako balorizazio-instalazio finkoetatik datozen hondakin horien baztertze-zatiak baino ez dira onartuko zabortegian.

Hondakin horietan dauden baliabideen aprobetxamendua optimizatzeko eta isurketa minimizatzeko, baimendutako instalazio mugikorretatik datozen baztertzeak lehen aipatutako instalazio finkoetara bideratu beharko dira; beraz, ezin da zuzenean onartu zabortegian instalazio mugikorretatik datorren baztertze-zatia.

Zabortegiek ezingo dituzte eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak onartu, ezta eraikuntza-helburuetarako ere; horretarako, baimendutako balorizazio-instalazio finkoetatik datozen bigarren mailako agregakinak erabili beharko dituzte.

d) Hiriko hondakin-uren araztegiko lohiak (HUA) (EHZ kodea: 190805):

Horrelako hondakin ia guztiak baloriza daitezke. Beraz, hondakin horiek zabortegian onartzeko, ingurumen-organoaren berariazko onarpena beharko da. Horretarako, laugarren atalean adierazitako edukia jasotzen duen kontsulta egin beharko da aurretiaz.

e) Kraft orearen ekoizpeneko kareharrizko lohiak (EHZ kodea: 030309), papera ekoizteko tinta-kentzearen lohiak (EHZ kodea: 030305), efluenteen arazketako lohiak (EHZ kodea: 030311) eta hondakin-papera baztertzea (EHZ kodea: 030307):

Gaur egun, hondakin-korronte horietarako isurketa-mugak ezin dira hain zorrotzak izan; izan ere, EAEn ez dago balorizatzeko adinako ahalmenik, eta ezinbestekoa da hondakin asko ezabatzen dituzten (epigrafe honetako hondakinen batuketa >10.000 t/urte) eta autokudeaketa-instalaziorik ez duten ekoizleei eskatzea hondakinen arazoari premiazko konponbidea emateko.

Hondakin horiek zabortegian onartzeko, ingurumen-organoaren berariazko onarpena beharko da. Horretarako, laugarren atalean adierazitako edukia jasotzen duen kontsulta egin beharko da aurretiaz.

f) Burdinazko galdaketako hareak eta xehekiak (berdez moldekatzea) (EHZ kodeak: 100906, 100908, 100910):

Gaur egun, hondakin-korronte horietarako isurketa-mugak ezin dira hain zorrotzak izan; izan ere, EAEn ez dago balorizatzeko adinako ahalmenik, eta ezinbestekoa da hondakin asko ezabatzen dituzten (epigrafe honetako hondakinen batuketa >10.000 t/urte) eta autokudeaketa-instalaziorik ez duten ekoizleei eskatzea hondakinen arazoari premiazko konponbidea emateko.

Hondakin horiek zabortegian onartzeko, ingurumen-organoaren berariazko onarpena beharko da. Horretarako, laugarren atalean adierazitako edukia jasotzen duen kontsulta egin beharko da aurretiaz.

g) Ibilgailuen zatiketaren frakzio arina (EHZ kodea: 191004):

Baimendutako bigarren mailako desmetalizazio-instalazioetatik datozen hondakin horien baztertze-zatiak baino ez dira onartuko zabortegian.

Gaur egun, hondakin-korronte horietarako isurketa-mugak ezin dira hain zorrotzak izan; izan ere, EAEn ez dago balorizatzeko adinako ahalmenik, eta ezinbestekoa da hondakin asko ezabatzen dituzten (epigrafe honetako hondakinen batuketa >10.000 t/urte) eta autokudeaketa-instalaziorik ez duten ekoizleei eskatzea hondakinen arazoari premiazko konponbidea emateko.

Hondakin horiek zabortegian onartzeko, ingurumen-organoaren berariazko onarpena beharko da. Horretarako, laugarren atalean adierazitako edukia jasotzen duen kontsulta egin beharko da aurretiaz.

Laugarrena.– Lehen aipatutako hondakinen ekoizle orok ingurumen-organoari igorri beharreko aurretiazko kontsultek, gutxienez, honako eduki hau izango dute: ezabatuko den hondakin-kantitatea, hondakinaren helmuga eta balorizazioa eragozten duten arrazoi teknikoak (a atalaren kasuan), balorizazioaren % 51ra iristea eragozten dutenak.

Gainera, a), e), f) eta g) epigrafeetan identifikatutako ekoizleek, zabortegian hondakin asko ezabatzen dituztenez, konponbide tekniko bat planteatu beharko dute hondakina balorizatu ahal izateko, baita kronograma bat ere, benetan ezarri ahal izateko, baldin eta konponbide hori gaur egun eskuragarri ez badago. Kronograma horrek epe laburrean (sei hile baino gutxiagoan) ezarpen hori hasteko aukera emango du.

Ingurumen-organoak, gehienez ere hamabost eguneko epean, aurretiazko kontsulta jasotzen duenetik aurrera, berariazko erabakia emango du, eta, aldekoa bada, zabortegian kontsultatutako hondakina kudeatzeko baldintzak eta kudeaketa-bide hori onartzen den aldi zehatza adieraziko ditu. Epe hori igarota, beste kontsulta bat egin beharko da.

Bosgarrena.– Hilero hondakinen erregistro kronologikoa ingurumen-organo honetara bidaltzeko errekeritzea, Ingurunet bidez, honako interesdun hauei:

– Baimendutako hondakin ez-arriskutsuen zabortegiak.

– Agindu honetan adierazten diren hondakinen balorizatzaile baimenduak.

– EAEtik kanpo ezabatzen ari diren hondakin ez-arriskutsuen ekoizleak.

– Agindu honetan zehazten diren eta EAEtik kanpo balorizatzen ari diren hondakin ez-arriskutsuen ekoizleak.

Seigarrena.– Agindu honen bidez ezarritako neurrien indarraldia 12 hilabetekoa izango da, hain zuzen, epe hori aurreikusten baita aurreikusitako helburuak betetzeko.

Epe hori luzatu ahal izango da, justifikatutako arrazoiengatik, eta, nolanahi ere, ingurumen-organo honek ebazpen espresu eta arrazoitua eman beharko du, interesdunei entzun ondoren.

Zazpigarrena.– Halaber, zabortegi batera iristen badira agindu honen hirugarren apartatuan edo Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 2.e) eranskineko zerrendan aipatutako hondakinak, zabortegiaren titularrak baztertu egin beharko ditu. Ildo horretatik, berehala eman beharko dio ingurumen-organoari gorabehera horren berri, eta honako hauei buruzko informazioa eman beharko dio: zer hondakin mota den eta zenbat, zer pertsona fisiko edo juridiko den hondakin horren titularra, eta garraiolariaren identifikazio-datuak.

Zortzigarrena.– Baldin eta agindu honen aurkakoak, kontrakoak edo bateraezinak badira organo honek lehenago emandako ebazpenetako xedapenak, administrazio-egintza honetan xedatutakoari lotuko zaizkio, indarrean dagoen bitartean.

Bederatzigarrena.– Agindu hau jakinaraztea aipatutako korronteak ekoizten dituzten hainbat enpresa biltzen dituzten sektoreko enpresa-elkarteei edo klusterrei.

Hamargarrena.– Agindu hau jakinaraztea hirugarren atalean aipatzen diren eta aurreko atalean aipatutako elkarte edo klusterretako kide ez diren korronteen ekoizleei, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizleei izan ezik.

Hamaikagarrena.– Agindu hau jakinaraztea EAEko hondakin ez-arriskutsuen zabortegi baimenduen titularrei.

Hamabigarrena.– Agindu hau jakinaraztea agindu honetan aipatzen diren hondakin-korronteak balorizatzeko instalazioen titularrei.

Hamahirugarrena.– Agindu hau jakinaraztea Aclima-Basque Environment Cluster eta APRREUS erakundeei.

Hamalaugarrena.– Agindu hau jakinaraztea Adegi, Cebek, Confebask eta SEA erakundeei.

Hamabosgarrena.– Agindu hau jakinaraztea Arabako Foru Aldundiari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Hamaseigarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratzeko agintzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

ERREKURTSOAK

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 4a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala