46. zk., 2020ko martxoaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (264 KB - 3 orri.)
- EPUB (221 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1395
123/2020 EBAZPENA, otsailaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariarena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian, izendapen askearen bidez datuen analisien eremuko atalburu lanpostu bat betetzeko deialdia egiten duena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian, Datuen Analisien eremuko atalburu lanpostua hutsik dago (Informatika eta Informazio Sistemetako zuzendariordetzan). Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Giza Baliabideen Zuzendaritza honek, honako atxikipena eta oinarrien arabera
OINARRIAK
1.– Lanpostuaren atxikipena eta eginkizunak.
Atxikipena: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia. Informatika eta Informazio Sistemetako zuzendariordetza. Lanaldi zatitua. (Euskarazko 3. hizkuntza-eskakizuna derrigortasun datarik gabe).
Eginkizunak:
– Egungo plataforma analitikoen bilakaeraren ondorioz sortutako proiektuak koordinatzea eta bultzatzea.
– Datuak gobernatzeko eredu bat ezartzea Osakidetzan.
– Ekimenak sutatu eta ezartzea analisi prediktiboaren testuinguruan.
– Erakundearen aginte-koadroen eta reporting sistema zehaztu, eguneratu eta mantentzea.
– Koordinazioa eta elkarrizketak EJIErekin, datuekin loturiko azpiegitura eta zerbitzuen zuzkidurarako.
– Kontratuak kudeatzea.
– Taldeak eta pertsonak kudeatzea.
2.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek
a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea eta plaza jabetzan edukitzea A1/A2 talde profesionalean.
b) Lan-esperientzia hau, gutxienez, edukitzea: 4 urte (A1/A2 talde profesionalean).
c) Titulazio Akademikoa: Informatikako Ingeniaria edo horren baliokidea.
d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako betebeharrak.
3.– Kontuan hartuko diren merituak.
– Erabiltzaile-kopuru handia duten plataforma kritikoak kudeatu izana ingurune sanitarioan.
– Esperientzia eta ezagutza edukitzea Osakidetzaren Business Intelligence eta datuen analitikarako plataformei dagokienez: Oracle Business Intelligence eta SAP Business Warehouse.
– Esperientzia eta ezagutza edukitzea Osakidetzaren negozio-arlo nagusietan: Asistentzia, Finantzak eta Giza Baliabideak.
– Jarduerari kostuak egozteko ereduak diseinatu izana, controlling eta aurrekontu-inguruneetan.
– Sektore publikoa eta osasungintza ezagutzea.
Era berean, lanpostu horretan aritzeko balioa eransten duten eta interesgarritzat jotzen diren merezimendu guztiak aurkez daitezke.
4.– Euskararen ezagutza.
Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, eta berau garatzen duten arauek, xedatutakoaren arabera baloratuko da.
5.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Zuzendaritza Nagusian, helbide honetan: Araba kalea, 45. Vitoria-Gasteiz. Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango dira.
Interesdunek eskabidea datu pertsonal guztiekin, eta dokumentatutako «curriculum vitae»-rekin batera, Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dute.
Honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
b) Funtzionario edo estutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.
c) Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
d) Kontuan hartzeko meritu guztien fotokopia konpultsatua.
Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazi den bezala egiaztatzea CV aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala egiaztatuta badaude, beti ere izangaiak eskabidean horrela dela adierazi baldin badu.
6.– Balorazio Batzordea.
Balorazio batzorde bat osatuko da, batzordeburu Giza Baliabideen zuzendaria edo hark eskuordetzen duena izanik, eta horretaz gain hauexek izango dira bertako partaideak: Informatika eta Informazio Sistemetako zuzendariordea, Informatika eta Informazio Sistemetako zuzendariordetzako Negozio eremuko zerbitzuburu korporatiboa, Giza Baliabideen Hautaketa eta Horniketako zuzendariordea, eta Giza Baliabideen Hautaketa zerbitzuburu korporatiboa (idazkari izango dena, ahots eta botoarekin).
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, proposamena osatuko da dagokion izendapena egiteko. Batzordeak lanpostua hutsik uztea erabaki dezake, aurretik arrazoitutako txostena osatuta, baldin eta hautagaiek eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak zerrendatuko dira, eta lanpostua beraietako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.
7.– Hautatzeko prozedura.
Inolaz ere ezingo dira baloratu deialdiaren Iragarkia EHAAn argitaratzen den egunean eduki ez diren merituak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala aurkeztu eta egiaztatu ez direnak ere.
8.– Prozedurari amaiera ematen dion Ebazpena.
Hemen hasitako prozeduraren amaiera (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariaren Ebazpenaren bitartez egingo da, eta Osakidetzako intraneten eta web-orrian argitaratuko da. Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 11.
Osakidetza-Euskal Osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendaria,
MARÍA PILAR URIARTE BRIZUELA.