Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2020ko martxoaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA SAILA
1394

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 18koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, zeinaren bidez deialdi bat egiten baita izendapen-askeko sistemaren bidez lanpostu hauek betetzeko: Hezkuntza Sailaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko integratuetako zuzendari-lanpostuak.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 11. artikuluko 5. puntuan ezartzen duenez, administrazio eskudunak izendatuko ditu hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko lanbide-heziketako ikastetxe integratuetako zuzendariak, izendapen askeko sistemaren bidez, irakasle funtzionario publikoen artean, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioei jarraituz eta, aurretik, ikastetxeko kide anitzeko organoei galdetuta.

Ildo berekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 16. artikuluko 1. paragrafoa; han azpimarratzen denez, lanbide-heziketaren arloan esperientzia egiaztatua duten pertsonen artean izendatuko dira titulartasun publikoko ikastetxe integratuen zuzendariak, betiere izendapen askearen bitartez.

Dekretu horretan adierazten da, halaber, hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko ikastetxe integratuen kasuan irakasle funtzionarioen artean egingo dela izendapen hori, zehazki abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluan adierazten diren irakasle funtzionarioen artean (1558/2005 Errege Dekretua, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuen oinarrizko baldintzak arautzen dituena). Horretaz gain, adierazten da Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan lan-kontratudun irakasle finkoak ere izendatu ahal izango direla, baldin eta sail horren mendekoak badira eta irakasle funtzionarioen eginkizun edo lanpostuak betetzen badituzte, eta, betiere, lan-kontratudun irakasleak ikastetxeko irakasle guztien ehuneko berrogeita hamar badira gutxienez; hori guztia Euskal Eskola Publikoaren Legea bigarren aldiz aldatzen duen ekainaren 13ko 3/2008 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

2018ko uztailaren 5ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea argitaratu zen eta, haren bidez, berrikuntza gisa, LHko eredu konbinatu bat sartzen da Lanbide Heziketan. Eredu horrek Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutako Lanbide Heziketa integratua hartzen du barnean, baina baita berrikuntza aplikatuko ikaskuntzak eta ekintzailetza aktiboa ere.

Gainera, Gobernu Kontseiluak Lanbide Heziketako V. Euskal Plana onartu zuen, 2019ko otsailaren 12an. Plan horrek giza garapen jasangarria du helburutzat, eta, xede hori erdiesteko, gizakien talentua sustatzen du, zenbait gaitasun eta kualifikazio txertatuz, ekoizpen-ingurune berri batetik datozen erronkei aurre egiteko. Plan hori zazpi eremu estrategikotan zehaztuta dago, eta, haietan, epe ertainean erdietsi beharreko helburu espezifiko eta jarduera-ildoak definitzen dira. Eremu horietan zehaztuta dago, halaber, zer esparruk arautuko dituen lanbide-heziketaren arloan egiten diren jarduketak, ezarritako epealdian gauzatu behar direnak.

Adierazitako arauak oinarri hartuta, 2016ko maiatzaren 16ko Ebazpenaren bidez, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuen zuzendariak izendatu ziren, 4 urterako, hau da, 2016ko uztailaren 1etik 2020ko ekainaren 30era.

Hori dela eta, 2020-2021 ikasturtearen hasierarako, izendatuta behar dute Hezkuntza Sailaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko integratuetako zuzendariek.

Deialdia egin behar da zuzendari-lanpostu horiek izendapen askeko sistemaren bidez bete daitezen, ikastetxeetan irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako irakasle funtzionarioen artean hautatuta, edo lan-kontratudun irakasleen artean, baldin eta azken horiek ikastetxeetako irakasle guztien ehuneko berrogeita hamar badira.

Adierazitakoagatik, eta apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 16. artikuluak Lanbide Heziketako sailburuordeari ematen dizkion eskumenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Hezkuntza Sailaren mendeko lanbide-heziketako ikastetxe publiko integratuetako zuzendariak izendapen askeko sistemaren bidez izendatzea.

Bigarrena.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Izangaiek, deialdi honetan onartuak izateko, honako baldintza hau bete beharko dute eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

– Karrerako funtzionario izatea, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegoetan, eta, lehentasunez, eskatutako lanpostuari dagokion ikastetxean irakasle-lana betetzea.

2.– Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan, lan-kontratudun irakasle finkoek ere parte hartu ahal izango dute deialdian, baldin eta ikastetxe horietan gutxienez irakasle guztien ehuneko berrogeita hamar badira eta eskatutako lanpostuari dagokion ikastetxean irakasle funtzionarioen eginkizun edo lanpostuak betetzen badituzte.

3.– Izangaiek zuzendaritza-proiektu bat aurkeztu beharko dute, 10 orritik 15era bitartekoa, honako alderdi hauek jasoko dituena:

a) Zer dakiten ikastetxeaz, ekoizpen-sareak eta ingurune sozialak dituzten premiez eta aukerez eta ikastetxean duten eraginaz.

b) Plan estrategiko bat zehaztu behar dute, Lanbide Heziketako V. Euskal Planarekin lerratuko dena, jarduera-ildoak deskribatuta, eta helburuak betetzeko beharko dituzten baliabideen aurreikuspena eginda. Gutxienez, honako eremu hauek hartuko ditu barnean plan estrategiko horrek:

– Errendimendu handiko zikloak.

– Irakasleen eta zuzendaritza-taldeen gaitasunak sendotzea.

– Berrikuntza aplikatua eta haren kudeaketa.

– Lanbide Heziketako eredu konbinatuari bultzada ematea.

– Informazio eta orientazio profesionala.

– Bioekonomia, jasangarritasuna eta efizientzia.

– Nazioartekotzea.

– Konplexutasuna kudeatzea (informazioa, ezagutza, berrikuntza, aldaketa eta konfiantza kudeatzea).

– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea.

– Ikastetxearen emaitzak hobetzea.

– Prestakuntza Duala.

Hirugarrena.– Parte hartzeko eskabideak.

1.– Eskabide bat aurkeztu beharko dute prozedura honetan parte hartu nahi duten izangaiek, eta, han, ikastetxe bat baino ezingo dute eskatu deialdi honetako eranskinean zerrendatutakoen artean.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2020ko apirilaren 30ean amaituko da.

3.– Lanbide Heziketako sailburuordeari zuzenduta aurkeztuko dira eskabideak. Gainerako agiriekin batera aurkeztuko dira, ahal dela Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzen erregistroetan, lanpostua eskatu den ikastetxeari dagokion hartan, edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehazten diren tokietan eta eran (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Eskabidea eta gainerako agiriak posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako funtzionarioek, ziurtatu baino lehen, data eta zigilua jar diezaioten eskabide-orriari. Hala egin ezean, aurreko paragrafoan ezarritako tokietan sarrera eman zaion egunean aurkeztu dela joko da.

Laugarrena.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Agiri hauek aurkeztu behar dituzte izangaiek:

a) Curriculum vitaea, eta lanbide-heziketaren arloko esperientzia justifikatzeko ziurtagiriak edo fotokopia konpultsatuak. Ez dira kontuan hartuko adierazitako merezimendu akademiko eta profesionalak, agiri bidez justifikatzen ez badira, ez eta aurretik adierazitako datuak ez dauzkaten agiriak ere.

Administrazioak edozein momentutan eska diezaieke interesdunei zalantzak edo kexak eragiten dituzten merezimenduak justifikatzeko.

b) Ebazpen honetako bigarren apartatuan adierazitako zuzendaritza-proiektuaren ale bat.

c) Lanbide Heziketako ikastetxe integratuko irakasleen klaustroak izangaiak aztertzeko egindako batzarraren aktaren laburpena, idazkariak ziurtatua.

c) Lanbide Heziketako ikastetxe integratuko gizarte-kontseiluak izangaiak aztertzeko egindako batzarraren aktaren laburpena, idazkariak ziurtatua.

2.– Ikastetxeetako zuzendariek behar den epean egingo dute kide anitzeko organo horien ezohiko batzarretarako deialdia, hain zuzen ere denek aukera izan dezaten aurkeztutako izangaiak ezagutzeko.

Bosgarrena.– Lanpostuak esleitzea eta izendapenak egitea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Lanbide Heziketako sailburuordeak gehienez hilabeteko epean ebatziko ditu izendapenak, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Banan-banan jakinaraziko zaie ebazpena izendatutako interesdunei, eta Euskadiko Lanbide Heziketaren web-orrian argitaratuko da.

2.– Izendapenak ebatzi ondoren, hautatutakoek zuzendaritza-taldeko gainerako kideen izendapena proposatuko diote Lanbide Heziketako sailburuordeari. Horretarako, aurretik ikastetxearen kide anitzeko organoari jakinaraziko diote proposamenaren berri, lehenago egin ez badute.

Seigarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, dagokion epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 18a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JORGE ARÉVALO TURRILLAS.


Azterketa dokumentala