Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2020ko martxoaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1352

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Hondarribiko (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 5.13.1 Madalenaren Kuboa lurzatiaren xehetasun-azterketaren gainean.

AURREKARIAK

2019ko urriaren 18an, Hondarribiko Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Hondarribiko (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 5.13.1 Madalenaren Kuboa lurzatiaren xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2019ko urriaren 10etik azaroaren 13ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; emaitza espedientean sartu da. Era berean, Hondarribiko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Hondarribiko (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 5.13.1 Madalenaren Kuboa lurzatiaren xehetasun-azterketa (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Hondarribiko (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 5.13.1 Madalenaren Kuboa lurzatiaren xehetasun-azterketaren gainean, Hondarribiko Udalak sustatuta, jarraian adierazitako zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (2016) arau partikularretan xedatzen du 5.13.1 «Madalenaren Kuboa» jarduera-eremuaren antolamendu xehatua; finka pribatuz osaturiko hiru multzo eten; 5.13.1.a, 5.13.1.b eta 5.13.1.c exekuzio-unitateak.

Xehetasun-azterketaren xedea da 5.13.1.b exekuzio-unitatearen eraikigarritasuna aldatzea. Hondarribiko HAPOan ezarritakoaz gain, beste bolumen bat eraiki nahi da.

HAPOko arau partikularretan Madalenaren Kuboaren eremuari esleitzen zaion gehieneko eraikigarritasuna ez da arau partikularreko fitxan ezartzen den geometrizazioaren ondoriozko azalera adinakoa. HAPOan ezartzen den gehieneko eraikigarritasunera iristeko, xehetasun-azterketak eraikinaren solairu guztien azalera aldatzen du, eraikuntza-parametro hauek aldatuta:

a) Fatxadaren altuerak (beheko solairuan eta goiko solairuetan) handitu egingo dira. Beheko solairuan, fatxada-altuera 4,00 m izatetik 4,18 m izatera igaroko da; eta goiko solairuetan, 12,00 m izatetik 12,60 m izatera.

b) Teilatupeak eraikitzeko aukera egongo da.

Aztergai den eremua 654,5 m2-ko lurzati laukizuzena da, Hondarribiko alde zaharraren mugan kokatua, hiri-lurzoru finkatugabean. Gaur egun, lurzatian, antolamenduz kanpoko bi eraikin (eraitsi egingo dira) eta horien arteko espazio librea daude.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Xehetasun-azterketan aldatu egingo da HAPOan xedatzen eraikinaren bolumetria, onartu zen eraikigarritasuna agortzeko. Planaren eremua bi esku-hartze eremu gehiago barnean hartzen dituen exekuzio-unitate eten batean dago. Bi eremu horiek jarduera hirigileko programa baten eta horri loturiko urbanizazio- edo eraikuntza-proiektuen bitartez garatuko dira Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, xehetasun-azterketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Hondarribiko HAPOak «EU. 5.13.1 Madalenaren Kuboa» eremuan xedatzen dituen arau partikularren arabera, eraikuntza-baldintza partikularra izango da proposatzen den exekuzioa nahitaez egin beharreko esku-hartze arkeologikoaren emaitzaren araberakoa izango dela.

c) Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Xehetasun-azterketa garatuko duen eraikuntza-proiektuak energiaren efizientziako irizpideei jarraituko die, kontsumo eta inpaktu txikiko argiztapen-sistemak eta ura aurrezteko eta berrerabiltzeko neurriak baliatuta. Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko alderdiak integratzeko.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Xehetasun-azterketak HAPOko antolamendu xehatuan proposatzen dituen aldaketen ondoriozko erasanei bakarrik erreparatzen badiegu, fatxadan zarata-maila zertxobait aldatzea besterik ez liteke espero behar.

Edonola ere, aipatu behar da planaren garapena eta, zehazki, aurreikusitako eraikinaren eraikuntza, esparru horri buruz HAPOko arau partikularrak dioena kontuan hartuta eta Kultura Ondarea babestu eta kontserbatzeko araudia aplikatuta, nahitaez egin beharreko esku-hartze arkeologikoaren emaitzaren mende dagoela.

Aurrekoaren kalterik gabe, funtzionamendu-fasean, inpaktu adierazgarriena zarata izango da.

Obra-fasean eraikuntza-lanen berezko inpaktuak sortuko lirateke: lur-mugimenduak, makinen joan-etorriak, lurzoruaren okupazioa, ustekabeko isuriak, hondakinen sorrera, soinu-mailen igoera, giza habitataren kalitatea behin-behinean murriztea, zaratak eta hautsak direla eta.

e) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, hain zuzen ere, kultura-ondarearen, zarataren, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen eta biodibertsitatearen arloetakoak.

2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Xehetasun-azterketaren xede den eremua hiri-lurzoru finkatugabea da; Hondarribiko alde zaharraren mugan dago, ingurune garatu eta urbanizatuan. Ez da espero fauna eta flora interesgarririk kaltetzea, ezta eremu babestu eta Batasunaren intereseko eremurik ere, eta ez dago ingurumen-arriskurik.

Planaren eragin-eremuaren ezaugarriei erreparatuta, egin nahi diren jardueren baldintzatzaile esanguratsuenak kultura-ondareko ondasunek nozitu ditzaketen eraginak eta eremuaren egoera akustikoa dira.

Inguruan, zarata-iturri nagusia Sabin Arana kalea da, zirkulazio handikoa denez; lurzatiaren aurrealdetik igarotzen da. Inpaktu akustikoaren ikerlan bat atxiki da, eta horren arabera, ez dira beteko kalitate akustikoaren helburuak antolamenduaren xede den eremuan, ez gaur egun, ez etorkizunean.

Xehetasun-azterketaren xede den eremua Hondarribiko Hirigune Historikoko Monumentu Multzoaren barnean dago. Halaber, Hondarribiko Hirigune Historikoko Esparru Arkeologikoko Monumentu Multzoaren barnean dago zati batean, eta Donejakue bideak lurzatiaren atzealdetik igarotzen da. Planaren xedeko lurzatiaren zati bat, zehazki, Javier Ugarte kaleko 4 zenbakiko eraikina (eraitsi egingo da) eta alboko ordubearen zati bat, Esparru Arkeologikoaren Monumentu Multzoaren barnean dago, kontserbazioko babes-mailarekin sailkatuta. Esan den bezala, indarrean den HAPOko fitxa partikularrak 5.13.1 jarduera-eremuan xedatzen duenaren arabera, «proposatzen den eraikinaren eraikuntza nahitaez egin behar den esku-hartze arkeologikoaren emaitzaren mende egongo da».

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean jasota dagoenaren arabera, aurretiazkoa kontsulten izapidean dokumentazio eta kartografia historikoak jasota, baita planaren inguruan egindako esku-hartze arkeologikoak ere, esan daiteke zorupean Madalenaren Kuboaren eta gerora atxiki zitzaion Medinaren Bastioiaren aurriak agertuko direla.

Ondasun izendatu horien babes-araudian eta araudi aplikagarrian ezarritako betekizunak kontuan hartuta (espedientean jasota dagoen Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena eta HAPOaren arau partikularrak), ezinbestekoa da azterketa arkeologiko bat egitea aipatu proiektua baino lehen (alde zaharreko esparru arkeologikoaren barnean dagoen lurzati zatiaren hedadurazko indusketa), egon daitezkeen aurriak ezagutu eta horiek kontserbatu behar diren edo ez erabakitzeko (garrantziaren arabera). Beraz, proposatzen den exekuzioa nahitaez egin beharreko esku-hartze arkeologikoaren emaitzak baldintzatuta egongo da.

Hori guztia kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako baldintza eta neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero planean aurreikusitako eraikigarritasuna handitzeak inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, jarduketa hauek nabarmendu ditzakegu:

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

a) 63/2000 Dekretuan, apirilaren 4koan, Hondarribiko (Gipuzkoa) Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa sailkatzeko denean xedatzen den babes-araudia aplikatuta, hala nola 2/2001 Dekretua, Hondarribiko (Gipuzkoa) Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa sailkatzeko dena, eta 6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, EAEko Kultura Ondarearena, azterketa arkeologiko bat egin beharko da hedadurazko indusketa bitartez Hirigune Historikoko Esparru Arkeologikoaren eremuan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak onetsi beharko du aipatu azterketa hori, indusketaren emaitzak baloratuta arau horietan xedatzen diren babes-zehaztapenen arabera.

Beraz, proposatzen den antolamenduaren araberako jarduerak nahitaez egin beharreko esku-hartze arkeologikoaren emaitzak baldintzatuta egongo dira.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak iritzia eman du horren gainean, eragindako administrazio publikoei kontsultatzeko izapidean; ondorioztatu du ezinbestekoa dela xehetasun-azterketa sustatzen duen erakundeak xehetasun-azterketa eta geroagoko edozein hirigintza-izapide egin aurretik azterketa arkeologiko bat egitea hedadurazko indusketa bidez Hirigune Historikoko Esparru Arkeologikoaren eremuaren barne dagoen zatian, kontserbatu eta ondoren integratu daitezkeen aurriak aurrez ezagutzeko, garrantzia baloratuta.

b) Bestalde, Donejakue bidearen ibilbidea (Monumentu Multzoaren izendapena du EAEn) Javier Ugarte kaletik igarotzen da, planaren xede den lurzatiarekiko paraleloan. Obra-fasean behin-behineko eraginak gerta daitezke, lurzatiarekin muga egiten duen espaloia okupatzen bada. Beharrezkoak badira, neurri zuzentzaileak hartuko dira, Bidea ez mozteko.

Zaratari buruzko neurriak.

a) Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aipatu dekretuaren 43. artikuluan xedatuarekin bat, ezingo da eman lizentziarik etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, lizentzia emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

b) Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Bestalde, hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, Planaren aldaketa gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurzoruaren okupazioan, landarediaren babesean, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, airearen kalitatearen babesean eta kalitate akustikoaren babesean hartu beharrekoak, tartean, hauek:

a) Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

b) Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak. Amiantoa duen hondakinik sortzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzeko denak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira.

Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakindegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

c) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

d) Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpenean gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Hondarribiko (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 5.13.1 Madalenaren Kuboa lurzatiaren xehetasun-azterketak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Hondarribiko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 5.13.1 Madalenaren Kuboa lurzatiaren xehetasun-azterketa gehienez ere lau urteko epean onartzen ez bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala