28. zk., 2020ko otsailaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (276 KB - 4 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
702
EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Maruri-Jatabeko bizitegi exekuzioko unitatearen (BEU-4) xehetasun-azterketaren aldaketaren gainean.
AURREKARIAK
2019ko abuztuaren 1ean, Maruri-Jatabeko Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Maruri-Jatabeko bizitegi exekuzioko unitatearen (BEU-4) xehetasun-azterketaren aldaketari dagokion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2019ko urriaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Maruri-Jatabeko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Maruri-Jatabeko bizitegi exekuzioko unitatearen (BEU-4) xehetasun-azterketaren aldaketa kasu horietarik bat da.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Aztertuta geratu dira xehetasun-azterketaren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak xehetasun-azterketaren aldaketaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Maruri-Jatabeko bizitegi exekuzioko unitatearen (BEU-4) xehetasun-azterketaren aldaketari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, baldintza hauen pean:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
2003 urtean onartu ziren Maruri-Jatabeko arau subsidiarioen arabera, obra-lizentzia eman aurretik, BEU-4ren xehetasun-azterketa onartuta egon behar da ezinbestean. BEU-4 eremuaren xehetasun-azterketa 2007 urtean onartu zen eta bi familiako etxebizitzara eta familia bakarreko etxebizitzara bideratutako lurzatien behin betiko birpartzelazioa xedatzen zuen, eraikinaren antolamendua eta bideen sestrak zehaztuta. Azterketa honetan, aipatu arau subsidiarioekin bat, ezin zitekeen aldatu etxebizitza kolektiboa kokatu nahi zen bi lurzatien antolamendua, ezta bideetarako eta espazio libreetarako eremuak txikiagotu ere. Ondoren, 2012 urtean, zegokion urbanizazio-proiektua onartu zen.
Xehetasun-azterketaren aldaketaren helburua da exekuzio-unitatearen ondorio diren lurzatien gehieneko lerrokadura berria ezartzea. Hala, mugetarako tartea 4 metrora jaitsiko da, eraiki gabeko lurzatiak aprobetxatzeko; izan erre, egungo morfologia dela eta, nekez gauzatu daiteke eraikigarritasun esleitu osoa.
Ez da aldatu, beraz, lurzoruaren erabilera, ezta hirigintza-eraikigarritasuna ere. Bideak edo zuzkidura publikoak ere ez dira gutxituko.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: planaren xedea da hiri-lurzoruko eremu txiki bateko antolamendu xehatua aldatzea. Beraz, ez da hauteman bateraezintasunik dagoenik sektore- eta lurralde-antolamendu aplikagarriekin.
c) Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: planarekin, ez da artifizialdu gabeko lurzorurik okupatuko, egungo hiri-garapenei erasango baitzaie. Horrenbestez, esan liteke planak ingurumen-irizpideak txertatu dituela, lurzoru-okupazioa optimizatu nahi duelako, era efizientean erabilita.
Aurkeztu den dokumentazioaren arabera, energia-aurrezkia eta energiaren efizientzia lortzeko ingurumen-jardunbide egokiak baliatu eta energia berriztagarriak erabiliko dira.
d) Planaren ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarriak: atzemandako arazo nagusia da planaren xedeko eremuko zati txiki batean 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua dagoela, eta horrek, indarreko araudiari jarraikiz, ezarri beharreko erabilerak edo instalazioak baldintzatzen ditu, bizitegi-erabilerak barne. Alabaina, errepidearen hegoaldean dagoen eremu horretan ez da eraikinik aurreikusten.
Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko bestelako ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.
2) Ondorioen eta eragina nozitu dezakeen eremuaren ezaugarriak.
Ergoien auzoan dago, Maruri-Jatabe udaletxearen eta udal-igerilekuen iparraldean. Bizitegi-erabilerako hiri-lurzorua da, ingurune antropizatuan kokatua, askotariko eraikin motaz inguratua.
Eremuko sare hidrologikoa, planaren eremutik kanpo kokatua, pare bat errekaz osatuta dago (ekialdean, Atzerreka, 50 bat metrora; mendebaldean, erreka izengabea, 150 bat metrora). Aztergai den eremuan ez dago ur-punturik batere.
Eremuaren erdialdean, Batasunaren intereseko 6510 habitata dago (altuera baxuetako sega-belardi elkorrak). Bertan zuhaizti mistoaren orban batzuk daude, landaredia erruderal nitrofiloa dela nagusi. Bestela, eremuan ez dago natura-intereseko eremurik, ezta fauna nahiz flora mehatxaturik ere. Bestelako baldintzatzailerik ere ez dago, ez baitago eremu higagarririk, ez onura publikoko mendirik, ez akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasunik.
BEU-4ren hegoaldean, 500 urteko errepikatze-denboran urpean gera daitekeen zerrenda bat dago. Eremu hori, ordea, eraikuntza-eremutik kanpo dago, bidearen beste aldean.
Zaratari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak zarata-iturri hauek zehazten ditu: BI-2120 foru-errepidea eta eremua inguratzen duten hiri-bideak. Bi-biek eragin akustikoa izango dute etorkizunean garatuko den exekuzio-unitatean. BI-2120 errepidearen zortasun akustikoari dagokionez, BEU-4 eremuak ez du eraginik nozituko. Emaitzen arabera, bai gaur egun, bai etorkizunean, kalitate akustikoko helburuak betetzen dira.
Ingurumen-eragin nagusiak aldi baterako izango dira, plana gauzatu artekoak, eta obrari lotuta egongo dira: lur-mugimenduen ondorioz soberakinak sortzea, hiri-hondakinen eta hondakin arriskutsuen antzeko hondakin geldoak sortzea obran eta makinen mantentze-lanetan, hautsa eta zarata sortzea, herritarrei eragozpenak sortzea, etab. Kontuan hartu behar da eremutik hurbil etxebizitzak daudela.
Ingurumen-ondorioak baloratuko dira indarrean dagoen xehetasun-azterketan xedatutako egoerarekin alderatuta. Kontuan hartu behar da plana indarreko plangintzan finkatuta dagoen xehetasun-azterketa aldatzera mugatzen dela, eta lur zati oso txikian. Beraz, ez da espero jarduketa horiek aurreikusiez bestelako inpaktu nabarmenik izatea ingurumenean.
3) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.
Bigarrena.– Zehaztea, bildutako zehaztapenei jarraikiz eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, ez dela aurreikusten Maruri-Jatabeko bizitegi exekuzioko unitatearen (BEU-4) xehetasun-azterketaren aldaketak eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Maruri-Jatabeko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Maruri-Jatabeko bizitegi exekuzioko unitatearen (BEU-4) xehetasun-azterketaren aldaketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 17a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.