28. zk., 2020ko otsailaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (289 KB - 5 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
701
EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Gernikako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2019ko uztailaren 16an, Gernika-Lumoko Udalak eskabide bat bete zuen, Gernika-Lumoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko, bizitegi-eremuak finkatzeari dagokionez. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2019ko urriaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, 2019ko urriaren 28an, Gernika-Lumoko Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 30. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Gernika-Lumoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa, bizitegi-eremuak finkatzea, kasu horietako bat da.
Aztertuta geratu dira plan orokorraren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren dokumentazio teknikoa eta espedienteko txostenak, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Gernika-Lumoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren (aurrerantzean, HAPOaren aldaketa) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, bizitegi-eremuak finkatzeari buruzkoa, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak. Eremuaren deskribapena:
Helburuak eta jarduketak
Gernika-Lumoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa, bizitegi-eremuak finkatzea, Gernika-Lumo udalerriko bizitegitarako hiri-lurzoruaren kategorizazioa aldatzean datza. Behar ziren hirigintza-eragiketak idatzi, izapidetu, onartu eta, hala dagokienean, gauzatu ondoren hiri-eremu finkatu kategorian sartu diren hiri-lurzoruko eremuak eta azpieremuak identifikatu eta zehaztu dira.
Gernika-Lumoko bizitegi-eremuak aztertu dira (etxe-uharteak, eraikin irekiak, ilarako etxeak eta etxe familiabakarrak), birgaikuntza-, berritze-, sendotze-, kontserbazio-, apainketa- eta ordezkapen-obrak egin behar diren orube eraikiak identifikatzeko eta oinplano berriko eraikuntza-obrak dagozkien orube eraikigabeak identifikatzeko. Hirigintza-parametroak bere horretan geratuko dira; eraiki daitezkeen oinplano berriko etxebizitzen kopurua handituko da zertxobait, hirigintza-eraikigarritasunari eutsita.
Eremua
Gernika-Lumoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketak eragindako eremua lurzoru jada eraldatuz osatuta dago; hiri-bilbean daude, eta hiri-lurzoru gisa sailkatuta.
Urdaibai Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Gida Planaren arabera (irailaren 27ko 139/2016 Dekretuak onartu zuen), hiri-plangintzak antolatu beharreko eremuko lurzoruak dira.
B) Planaren ezaugarriak aztertuta eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, xedatu egin da planak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera.
C) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.
Kultura-ondarea babesteko, kontuan hartu behar da finkatu diren eremuetako higiezin batzuk Kultura Ondasun Kalifikatuen urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuak babestuta daudela (monumentu multzoaren kategorian, EAEko Donejakue bidea –Zalloko Santa Luziaren ermita–) eta beste batzuk toki-babesa dutela proposatuta (Villa Argentina eta Santa Luziako probalekua). Plan orokorraren aldaketan horiek identifikatu eta dagozkien zehaztapen lotesleak (babestuta daudenentzat) nahiz gomendioak (toki-babesa proposatuta dutenentzat) barnean hartzea aholkatzen da, hirigintzako garapen-tresnek edo etorkizuneko proiektuek elementuok zuzen identifikatu eta, hala, izendapenaren araberako esku-hartzeak finkatzeko. Horietan egiten diren obren baldintzatzaileek haien bolumetria, kanpoko itxura eta oinarrizko banaketa tipologikoa nahiz egiturazkoa errespetatzea gomendatzen da, egituraren material generikoari eutsiz, esku-hartzeen honako kategoria hauek erreferentziatzat hartuta: Sendotzea eta Apaintzea, Ondare Urbanizatu eta Eraikia Birgaitzeko Jarduketa Babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren 1. eranskinean («Birgaitzeko esku-hartzeak») definitutakoari jarraikiz.
Bestalde, espediente honetan finkatzen diren azpieremuez kanpo egon arren, kontuan hartu behar da Donejakue bidearen ibilbidea, eta hiri-lurzorua zeharkatzen duenean aplikatu behar zaion araudia (2/2012 Dekretuaren 15. artikulua), finkatuko diren azpieremuetatik oso gertu dagoelako.
Azkenik, arkeologia-usteko gisa sailkatuta dauden eremuetan (Santa Luzia ermita), EAEko kultura-ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluan jasotako zehaztapen lotesleak hartu behar dira kontuan. Eremu horietan esku hartu nahi izanez gero, kontuan hartu beharko da aipatu artikuluan xedatua: azterlan arkeologikoa aurkeztu beharko da, eta, hala badagokio, arkeologia-proiektua.
Era berean, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin –jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko–, Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua.
Bestalde, eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek segurtasun-arauak beteko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).
Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan (Eusko Jaurlaritza, 2015eko abendua) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea, bildutako zehaztapenei jarraikiz eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, ez dela aurreikusten Gernika-Lumoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak, bizitegi-eremuak finkatzekoak, eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Gernika-Lumoko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Gernika-Lumoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa, bizitegi-eremuak finkatzekoa, onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 10a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.