Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2020ko urtarrilaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
331

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 16koa, Finantza Politikako zuzendariarena, zeinaren bidez betetzen baita Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2019ko abenduaren 26ko Aginduaren 8.5 artikuluan xedatzen dena. Agindu horretan, aseguru-jarduerarik egiten ez duten araubide bereziko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bereizi gabeen araudia garatzen da, erakundeok erabili beharreko hilkortasun- eta biziraupen-taulei dagokienez.

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloan egun indarrean den araudiak zehazten du zer betekizun bete behar dituzten BGAE-ek erabili beharreko biziraupen- eta hilkortasun-taulek. Taula horiek tratamendu estatistiko-aktuarialetara doitutako esperientzian oinarritu behar dira; islatzen diren hilkortasun- eta biziraupen-tasak esperientzian oro har onartutako konfiantza-bitarteen barnean egon behar dira, eta, Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen jarduera jakin batzuk arautzeko maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 8.4 artikuluarekin bat, behar bezala eguneratuta.

Apartatu horretan jasotakoaren arabera, kolektiboaren beraren esperientzian oinarritutako taulak ere erabili ahalko dira, baldin eta haren eboluzioari egokituak direla egiaztatzen bada. Ogasun eta Ekonomia sailburuaren 2019ko abenduaren 26ko Aginduak, aseguru-jarduerarik egiten ez duten araubide bereziko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bereizi gabeen araudia garatzen baitu, 8.5 artikuluan xedatzen du hau: aseguru-jarduerarik ez duten BGAE bereizi gabeen hornidura teknikoen kalkuluak egiteko erabiliko diren taula biometrikoek ofizialak behar dute izan, eta behar bezala eguneraturik egon behar dute gainera. Era berean, kolektiboaren esperientzian oinarritutako taulak ere erabili daitezke, kolektiboaren eboluzioarekin bat datozela egiaztatuta badago. Taula horiek argitaratu egin beharko dira, eta Eusko Jaurlaritzan erakundeen arloko eskumena duen zuzendaritzak onargarri direla adierazi beharko du, dagokion administrazio-ebazpenaren bidez.

EAEko Aktuarioen Elkargoak hilkortasun- eta biziraupen-taula batzuk osatu ditu, «Heriotza-arloko BGAE-en hilkortasun-taulak, 2018» izenekoak, EAEko heriotza-arloko BGAE-en biztanlerian oinarrituta.

Taula horiek beharrezkoak dira bi arrazoirengatik: batetik, ez dago antzeko taularik EAEn, ezta Espainiako estatuan ere, eta bestetik, hilkortasun-taulak EAEko heriotza-arloko BGAE-en arriskuari egokitu behar zaizkio. Horrenbestez, erabili ohi diren PASEM 2010 hilkortasun-tasak ordeztu behar dira nahitaez, hornidura teknikoak nabarmen gainbaloratzea dakarte eta.

Taula horiek egiteko, Bizkaiko eta Gipuzkoako eremu geografiko jakin batzuetako heriotza-arloko hamabost BGAEren informazioa bildu da (lagin oso adierazgarria). Lagin horrek 2016., 2017. eta 2018. urteetako informazioa erakusten du, hain zuzen. Hildakoen kopuruari buruzko informazioa egutegi-urte horietakoa da, eta heriotza-adin aktuarialaren arabera zenbatu da. Arriskupean dagoen biztanleriaren gaineko informazioa aipatu egutegi-urte horietako bakoitzaren urtarrilaren lehenekoa da.

Sortu den datu-basean 219.883 pertsonaren datuak bildu dira: generoka, 113.387 emakumezko eta 106.496 gizonezko. Hildakoen kopurua: 1.230 emakume eta 1.465 gizon dira. Hildako gehienen banaketak adin-tarte hau hartzen du gehienbat: gutxi gorabehera 40tik eta 95era bitartean.

Heriotza gertakaria, jokabide ohikoa denez, banaketa binomial motakoa dela ezarri da. Hala, betebehar estatistiko-aktuarialak direla eta, hildako pertsonen zenbatekoak gutxienez bost izan behar du. Egiaztatu denaren arabera, 40 bat urte baino gutxiagorekin hil direnak, bi generoetan, ez dira kopuru hori adina, eta, horrenbestez, adin-tarte bakoitzean lortzen den maiztasun erlatiboak ez du bermerik ematen hilkortasun-zenbatesle edo -estimatzailea doitzeko prozesuan.

Informazioa osatzeko, adin gutxiagokoen kasuan, taula estandar bat erabili da. Ohiko jokabidea da datu aski ez dagoen kolektiboekin lan egitean. Esaterako, pentsio-planetan, asegurudun talde txikietan, etab. Simulazio askoren ondoren, Human Morbility Database-n argitaratutako Espainiako hilkortasun-taulak aukeratu dira (2016koak).

Datu-basea osatuta, doikuntza-eredu matematikoa aukeratu behar zen. Horretarako, kontuan hartu dira heriotza kopuruaren maiztasun erlatiboa, urte hasieran heriotza-arriskupean dauden pertsonen aldean, lagineko adin-tarte guztietarako, eta lantaldeko kideek taula horien osaeran duten esperientzia. Hala, Heligman-ek eta Pollard-ek garatu eredu matematikoa aukeratu zen.

Beraz, Eusko Jaurlaritzako Finantza Politikako Zuzendaritzak hau ebazten du:

1.– Argitara ematea, ebazpen honen eranskinean jasota, «Heriotza-arloko BGAE-en hilkortasun-taulak, 2018», behar bezala eguneratuta daudelako, EAEko heriotza-arloko BGAE bereizi gabeen bazkideen kolektiboaren beraren esperientzian oinarrituta daudelako eta haren bilakaerari doitzen zaizkiola egiaztatu delako.

2.– Onargarritzat hartzea, aseguru-jarduerarik ez duten heriotza-arloko BGAE bereizi gabeetan heriotza-estaldurari loturiko magnitude aktuarialak kalkulatzeko, aipatu eranskinean jasotako «Heriotza-arloko BGAE-en hilkortasun-taulak, 2018». Izan ere, erabiltzeko modukoak dira, behar bezala eguneratuta daudelako, EAEko heriotza-arloko BGAE bereizi gabeen bazkideen kolektiboaren beraren esperientzian oinarrituta daudelako eta haren bilakaerari doitzen zaizkiola egiaztatu delako.

3.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 16a.

Finantza Politikako zuzendaria,

FRANCISCO JAVIER ARNAEZ ARRECIGOR.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala