Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2020ko urtarrilaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
330

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 18koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ebazten baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko ekainaren 25eko Aginduak egin zuen deialdia. Agindu hartan, dirulaguntza batzuetarako deialdia egin zen, garapen jasangarriko ekintzak gauzatzen dituzten udal, mankomunitate eta beste toki-entitate eta tokiko erakunde autonomo, toki-garapenerako agentzia eta tokiko merkataritza-sozietateetarako; era berean, deialdiaren oinarri arautzaileak ere ezarri ziren.

Egitateak: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko ekainaren 25eko Aginduaren bidez, 2019. urterako dirulaguntza batzuetarako deialdia egin zen, garapen jasangarriko ekintzak gauzatzen dituzten udal, mankomunitate, beste toki-entitate eta tokiko erakunde autonomo, toki-garapenerako agentzia eta tokiko merkataritza-sozietateetarako. Aipatutako agindu hori 2019ko uztailaren 5eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (127. zenbakia) argitaratu zen.

Egitateak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, aginduaren 9. artikuluan eskabideak aurkezteko emandako epea egun baliogabe batean amaitzen zenez, epea hurrengo egun baliodunera arte luzatu zen.

Egitateak: Eskabideak aurkezteko epea 2019ko irailaren 16an amaitu zen, eta guztira 153 eskari iritsi ziren Ingurumen Sailburuordetzako egoitza elektronikora.

Kontuan hartu beharrekoak: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko ekainaren 25eko Aginduaren 11. artikuluan ezarrita dagoen bezala –han daude arauturik dirulaguntzak–, ekarri beharreko agiriak ekartzeko esan zaie 10. artikuluan zehazturik dauden dokumentu guztiak aurkeztu ez dituztenei edo 2.2 artikuluko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ez dutenei edo aginduan eskatzen zen beste edozer falta zutenei. Dokumentazio-errekerimenduei erantzuteko epea amaitu da, eta eskabide guztiak behar bezala osatu dira.

Kontuan hartu beharrekoak: Organo ebaluatzaileak, 2019ko ekainaren 25eko Aginduaren 14. artikuluaren arabera betiere, aztertu eta balioetsi ditu dirulaguntza eskariak eta egin du zegokion ebazpen-proposamena (berariaz horretarako osatu zen). Ebazpen horretan dago zehazturik, esleipen-irizpideak betez eta aurrekontu-mugak gainditu gabe, aginduaren arabera zer proiektu diren dirulaguntza jasotzeko modukoak eta dirulaguntzen zenbatekoa, eta zer proiektu ezetsi diren eta zergatik.

Kontuan hartu beharrekoak: 2019ko ekainaren 25eko Aginduko 3.2 artikuluan jartzen du ezen, nahikoa eskari aurkeztu ez dela-eta edo aurkeztuek baldintzak betetzen ez dituztela-eta jarduera-lerroren baterako gordetako diru guztia ez bada agortzen, beste jarduera-lerro baterako jasota dagoen kopurura batu ahal izango dela, betiere organo ebaluatzaileak horretarako egiten duen proposamenarekin bat.

Kontuan hartu beharrekoak: Ekonomia zirkularreko lerroan, ez da agortu hasieran aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura, eta, ondorioz, organo ebaluatzaileak erabaki du gerakin hori erabiltzea beste lerroen aurrekontu-zuzkidura handitzeko.

Kontuan hartu beharrekoak: xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, diru-kopuruak handitu egin daitezke, deialdia ebatzi aurretik, baldin eta aurrekontu erabilgarri nahikoa badago.

Kontuan hartu beharrekoak: Ingurumeneko sailburuordearen 2019ko azaroaren 27ko Ebazpenaren bidez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko ekainaren 25eko Aginduko aurrekontu-zuzkidura handitu egiten da. Agindu hartan, dirulaguntza batzuetarako deia egin zen, garapen jasangarriko ekintzak gauzatzen dituzten udal, mankomunitate eta beste toki-entitate eta tokiko erakunde autonomo, toki-garapenerako agentzia eta tokiko merkataritza-sozietateetarako. Era berean, deialdiaren oinarri arautzaileak ere ezarri ziren.

Kontuan hartu beharrekoak: Aurrekontu-zuzkidura doitu ostean, aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago 50 puntu edo gehiago lortu dituzten proiektu guztien zenbatekoa diruz laguntzeko.

Kontuan hartu beharrekoak: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko ekainaren 25eko Aginduko 11. artikuluan ezarrita dagoen bezala –han daude arauturik dirulaguntzak–, ekarri beharreko agiriak ekartzeko esan zaie 10. artikuluan zehazturik dauden dokumentu guztiak aurkeztu ez dituztenei edo 2.2 artikuluko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ez dutenei edo aginduan eskatzen zen beste edozer falta zutenei. Dokumentazio-errekerimenduei erantzuteko epea amaitu da, eta eskabide guztiak behar bezala osatu dira.

Kontuan hartu beharrekoak: Ingurumeneko sailburuordeak du eskumena behin betiko erabakitzeko nori eman dirulaguntza eta zenbat, betiere 2019ko ekainaren 25eko Aginduko 17. artikuluan xedaturik dagoen moduan.

Kontuan hartu beharrekoak: Deialdia egiten duen Aginduaren 16. artikuluaren arabera, bertan araututako laguntzak, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerrokoak salbu, lehia-prozeduraren bidez esleituko dira, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan.

Honako arau hauek aztertu dira: 2019ko ekainaren 25eko Agindua, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez 2019ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia egiten baita garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten udalentzat, mankomunitateentzat, beste toki-erakunde batzuentzat, toki-erakunde autonomoentzat, tokiko garapen-agentzientzat eta tokiko merkataritza-sozietateentzat; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 24/2019 Dekretua, azaroaren 26koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatu beharreko gainerako arauak. Horiek guztiak azterturik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honetako I. eranskinean zehazturik dauden entitateei dirulaguntza ematea. Hor bertan dago zehazturik zer proiektutarako eta zenbat.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko ekainaren 25eko Aginduko 23. artikuluan xedaturik dagoen bezala ordainduko dira dirulaguntzak.

Bigarrena.– Ebazpen honetako II. eranskinean zehaztu ditugun entitateei ez ematea dirulaguntzarik, betiere Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko ekainaren 25eko Aginduan erabakitakoaren arabera. Arrazoiak ere eranskin horretan datoz.

Hirugarrena.– Agintzea ordain dakiela, I. eranskinean zehazturik dauden entitateei, ebazpen honen bidez emandako dirulaguntzen lehen zatia.

Hurrengo dirulaguntza-zatiak ordaintzekotan, aurretiaz, badira agiri batzuk onuradunek aurkeztu beharrekoak. Hala dakar Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko ekainaren 25eko Aginduaren 22. eta 23. artikuluetan.

Agindu horretako 19. artikuluan datozen betebeharrak ere bete beharko dituzte onuradunek.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea, interesdunei jakitera ematearren –hala egin behar baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko ekainaren 25eko Aginduaren 17.1 artikuluaren arabera–, eta publikotasun-printzipioa betetzearren, hala behar baita egin dirulaguntzak emateko prozedura orotan.

Bosgarrena.– Baldintza-orriak banan-banan denei jakinaraz dakiela agintzea, diruz lagundutako proiektuak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko ekainaren 25eko Aginduaren 18. artikuluaren arabera gauza daitezen.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten den egunetik kontatzen hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 18a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala