Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

16. zk., 2020ko urtarrilaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
326

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 7koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburura luzatzeko eraikuntza-proiektua. 2. fasea. Lan zibila» proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda eta titularrei deialdia egiten baitzaie okupazioaren aurreko aktak egingo diren ekitaldirako.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2019ko urriaren 25eko Ebazpenaren bidez, «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburura luzatzeko eraikuntza-proiektua. 2. fasea. Lan zibila» proiektua onetsi zen.

Proiektu horren abiapuntuko oinarria eta geroagoko garapena oraingo tranbia-zerbitzua Vitoria-Gasteizko ekialderantz zabaltzeko beharraren barruan kokatuta daude, hiriaren erdigunetik abiatzen den eta Salburua auzoaren iparraldean amaitzen den trazatu baten proposamenaren bidez.

Proiektuak tranbia-plataforma 2.575 metroz luzatzea aurreikusten du, zabalera metrikoko bide bikoitzean. Luzapen hori Floridan aurreikusitako geltokian hasiko da, eta Salburua auzoko iparraldean kokatutako geltoki berrian amaituko da, Juan Carlos I.aren hiribidean.

Lurzoruak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzen eranskinean lurzatien zerrenda eta planoak azaltzen ditu.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2019ko urriaren 25eko Ebazpenaren bidez, proiektua burutzeko behar ziren ondasunak eta eskubideak jabeei nahitaez kentzeko prozedura abiaraztea eta desjabetzeei buruzko eranskina jendaurrera ateratzea erabaki zen. Interesdunei jakinarazi zitzaien eta zenbait lekutan argitaratu zen 2019ko azaroaren 8an: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta Diario de Noticias de Álava eta El Correo egunkarietan. Era berean, aipatutako ondasunen eta eskubideen zerrenda Vitoria-Gasteizko udaletxeko iragarki-oholean jarri zen.

Tramite horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloan jarduerak betearazteko beharrezko desjabetze-espedienteak tramitatzeko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1 c) artikuluak xedatzen duenaren arabera. Dekretu horrek indarrean dirau Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoarekin bat (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ziren eta horren egitekoak eta jardun-arloak finkatu ziren).

Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten oinarrizko proiektuak edo trenbide-lineak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin dakar onura publikoaren edo gizarte-intereseko deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea ere, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, eta horrek ahalmena ematen dio administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako jardunbidera jotzeko eta, hortaz, proiektuaren eraginpeko lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; horretarako, lehenbizi, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztu, titularrak identifikatu eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasoko dira aktan, eta perituak ezarritako diru kopurua, ordaindu edo okupatu aurretiko gordailu gisa utzi beharko da, eta, bidezko bada, premiazkotasunak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko zaie.

Beraz, eta ikusita aurrekariak, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta haren Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoa, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainontzekoak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburura luzatzeko eraikuntza-proiektua. 2. fasea. Lan zibila» proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda onartzea, eta lehenbailehen okupatu beharrekotzat jotzea, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren ondasunen eta eskubideen titularrei dei egitea, bertan adierazitako egunean eta orduan Vitoria-Gasteizko Udaletxera ager daitezen ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, eta, hala badagokio, ondasun eta eskubide horiek formalki okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, eta interesdunak hala eskatzen badu, lur eremura bertara joateko aukera ere izango da.

Ekintza horretara interesdunek berek edo haien izenean jokatzeko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek joan beharko dute, eta ondasunen titular direla egiaztatzen duten agiri-paperak (eskritura publikoak, Jabegoaren Erregistroko ziurtagiria edo informazio-oharrak, etab.) eta eskubideak egiaztatzen dituzten beste edozein agiri-paper aurkeztu beharko dute. Nahi izanez gero, perituak eta notarioa ere eraman ahal izango dituzte, beren kontura.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedaturikoari jarraituz, interesdunek zerrendako okerrak zuzentzeko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte aktak egiteko egunera arte. Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Eta hala jakinarazten da, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 7a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.

ERANSKINA
VITORIA-GASTEIZKO UDALERRIAN
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala