12. zk., 2020ko urtarrilaren 20a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (251 KB - 2 orri.)
- EPUB (217 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
237
ERABAKIA honakoa zuzentzeko dena: Erabakia, 2019ko uztailaren 23koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena. Horren bidez arautzen dira kudeaketa klinikoko unitateen eraketa, egitura eta funtzionamendua, kudeaketa klinikoko kontratuak, erreferentziako unitateak eta kudeaketa klinikoko erabakiak.
AURREKARIAK
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren administrazio-kontseiluak 2019ko uztailaren 23ko hartutako erabakiaren bitartez aldatu zen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren administrazio-kontseiluak 2012ko maiatzaren 23an hartutako erabakia, kudeaketa klinikoko unitateen arauketari, eraketari, egiturari eta funtzionamenduari buruzkoa.
Egiaztatu da aipatu aktan bi huts daudela:
a) Batetik, 3. artikuluaren 2. puntua falta da. Zuzenduta, honela geratuko da idatzita:
«3. artikulua.– Kudeaketa klinikoko unitateen eraketa.
1.– Zerbitzu-erakunde bakar bati eragingo dioten kudeaketa klinikoko unitateak erakunde bereko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eratuko dira.
Zerbitzu-erakunde bati baino gehiagori eragiten badiote, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eratuko dira kudeaketa klinikoko unitateak, tartean dauden zerbitzu-erakundeetako zuzendari kudeatzaileak hala proposatuta.
2.– Eratzeko ekimena bultzatu ahalko dute profesional interesdunek beraiek edo zerbitzu-erakunde interesduneko zuzendari kudeatzaileak berak.
3.– Kudeaketa klinikoko unitateak eratzeko proposamenak honako hau hartu beharko du barnean nahitaez:
– Proposatzen den zerbitzu-zorroa.
– Barne hartutako asistentzia-prozesuen zerrenda.
– Unitatean aurreikusitako paziente/jarduera bolumena.
– Pazienteentzako abantailak eta desabantailak.
– Eraginpeko zerbitzu-erakunderako abantailak eta desabantailak.
– Proposatzen den unitate-antolaketa.
– Martxan jartzearen ondoriozko kostuak.
– Jarraipena egiteko eta ebaluatzeko aukera emango duen informazio-sistema.
4.– Kudeaketa klinikoko unitateak dagokien zerbitzu-erakundearen zuzendari kudeatzailearen mendekoak izango dira, maila organikoari eta funtzionalari dagokienez. Unitateak zerbitzu-erakunde bat baino gehiagoren baliabideak hartzen baditu, unitatea eratzeko ebazpenean jasoko da zer zerbitzu-erakunderen mendeko izango den organikoki eta funtzionalki.
5.– Kudeaketa klinikoko unitateak formalki eratuta geratuko dira kudeaketa klinikoko lehen hitzarmena formalizatzen denean».
b) Bestetik, aldaketa-proposamena Osasuneko sailburuordearen aldetik etorri zen, eta ez Osakidetzako zuzendari nagusiaren aldetik, akta hala jasota egon arren. Horrenbestez, paragrafo akastuna zuzenduta, honela geratu da idatzita:
«Hori ikusita eta Osasuneko sailburuordeak proposatuta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren administrazio-kontseiluak, hau».
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko, administrazio publikoek ofizioz zuzendu ditzakete beren egintzetako huts materialak, egitatezko hutsak zein huts aritmetikoak, betiere ez bada igaro preskripzio-epea.
Hori horrela, administrazio-kontseilu honek hau
ERABAKITZEN DU:
Lehenengoa.– 2019ko uztailaren 23ko Erabakian, hutsa zuzentzea; eta, 2012ko maiatzaren 23ko Erabakian, 3. artikuluaren 2. puntua sartzea (erabaki horren bidez arautzen da kudeaketa klinikoko unitateen eraketa, egitura eta funtzionamendua); horrenbestez, aurrekari bakarraren a) apartatuan kakotx artean jasota dagoen bezala idatzita geratuko da 3. artikulu hori.
Bigarrena.– 2019ko uztailaren 23ko Erabakian, hutsa zuzentzea; eta, aldaketa-proposamena Osasuneko sailburuordearen ekimena izan dela adieraztea, paragrafo hori aurrekari bakarraren b) apartatuan bezala idatzita.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 23a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko presidentea,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.