Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2020ko urtarrilaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
OSASUN SAILA
228

1/2020 DEKRETUA, urtarrilaren 14koa, Arnasa elkartea (Bizkaiko fibrosi kistikoaren elkartea) onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Horren babespean, Bizkaiko fibrosi kistikoaren Arnasa elkarteak deklarazio hori eskatu du; izan ere, uste du elkarteak merezi duela onura publikoaren deklarazioa izatea egiten dituen jarduerengatik, hau da, fibrosi kistikoa duten pertsonei eta euren senideei arreta integrala emateagatik.

Bizkaiko fibrosi kistikoaren Arnasa elkartea inskribatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, Justiziako sailburuordearen 1989ko maiatzaren 18ko Ebazpena dela eta.

AS/B/01516/1989 zenbakiaz inskribatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean.

Elkarteak Bizkaiko Lurralde Historikoaren eremuan jarduten du.

Sortu zenetik, Bizkaiko fibrosi kistikoaren Arnasa elkarteak bere helburu nagusia lortzeko behar diren jarduera guztiak egiten ditu; izan ere, helburu nagusi hori hau da: ukitutako pertsonen bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako ekintzen bidez, fibrosi kistikoaren ezagutzan, ikerketan, laguntzan eta asistentzian lan egitea.

Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– proposatuta. Agindu hori betetzeko, behar den espedientea izapidetu da, eta, ondoren, sailei eta erakundeei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Osasuneko sailburuak proposatuta, erakunde eta entitate interesdunek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko urtarrilaren 14an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Bizkaiko fibrosi kistikoaren Arnasa elkartea onura publikokoa dela deklaratzea uste baita bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela. Elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean dago inskribatuta AS/B/01516/1989 zenbakiarekin.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko urtarrilaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala