Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2020ko urtarrilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
204

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita Mutrikuko San Mikolla 7 (Villa Dioni) lursailaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruz.

GERTAKARIAK

2019ko uztailaren 5ean, Mutrikuko Udalak eskabide bat bete zuen, Mutrikuko San Mikolla 7 (Villa Dioni) lursailaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2019ko urriaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Mutrikuko Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Halako planen artean dago Mutrikuko San Mikolla 7 (Villa Dioni) lursailaren Antolamenduko Plan Berezia.

Aztertuta geratu dira Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Mutrikuko San Mikolla 7 (Villa Dioni) lursailaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruz, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak. Eremuaren deskribapena:

Helburuak eta jarduketak.

Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren helburua da beharrezkoak diren hirigintza-parametroak zehaztea, ondoren Mutrikuko San Mikolla 7 (Villa Dioni) lursailean etxebizitza-bloke bat eraikitzeko proiektua idazteko. Hain zuzen ere, zehaztu beharra dago eraikinaren lerrokadurak eta sestrak, eraikinaren altuera eta haren eraikigarritasun fisikoa, betiere ezarritako egiturazko antolamendua aldatu gabe.

Lursailean, bizitoki-eraikin bat egingo da, bai eta espazio libreak eta komunikazio-sistemak ere. Gehieneko lerrokadura honela finkatuta dago: 3 m-ko atzerapena finka mugakideekiko, eta ondoko eraikinen fatxaden bi aurrealdeak lotzen dituen irudizko lerroa. Eraikinak 4 solairu eta erdisotoa izango ditu, eta azken horrek lursail osoa hartuko du eta partez hegian lurperatuta egongo da.

Hiri-zerbitzuen azpiegiturak lursailean bertan daude, eta, beraz, eraikinerako egokitu besterik ez da egin behar.

Hiri Antolamenduko Plan Bereziak esparrua ezartzen du, hain zuzen ere etxebizitza-bloke bat eraikitzeko proiektua gauzatzeko hektarea bat baino gutxiagoko (408,30 m2) azalera duen hiri-lurzoruko eremu batean.

Eremua.

Mutrikuko San Mikolla kaleko 7 zenbakian dago HAPBren lursaila, hirigunearen iparraldean. Hiri-lursail bat da, eta, garai batean, Villa Dioni zegoen han. Etxe hori aurri-egoeran zegoela deklaratu zuen Mutrikuko Udalak, eta, ondoren, eraitsi zen; hortaz, ez dago eraikinik han.

Hiri-lurzoru finkatua da, 408,30 m2-ko azalera duena, eta han ez dago ingurumen-balio nabarmenik.

B) Planaren ezaugarriak aztertuta eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, xedatu egin da planak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera.

C) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

Ildo horretatik, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan zehaztutako abifaunaren babes-eremuaren barruan dagoenez eremua, aintzat hartu beharko dira agindu horretan ezarritako neurriak. Agindu horren bidez mugatzen dira arriskuan dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen dira –non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira (Kosta-Urola-Garate sektorea).

Era berean, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin –jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko–, Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua.

Bestalde, eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek segurtasun-arauak beteko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan (Eusko Jaurlaritza, 2015eko abendua) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Mutrikuko San Mikolla 7 (Villa Dioni) lursailaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izango ez duela zehaztea, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiz, eta horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egingo.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Mutrikuko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Mutrikuko San Mikolla 7 (Villa Dioni) lursailaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala