Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2020ko urtarrilaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
HEZKUNTZA SAILA
99

AGINDUA, 2019ko azaroaren 25ekoa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, eta Hezkuntzako sailburuarena. Haren bitartez «Salesianos Deusto-Marķa Auxiliadora-San Juan Bosco» titulartasun pribatuko ikastetxeari baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoan titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua izateko.

1988ko ekainaren 16ko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren Aginduaren bidez baimena ematen zaie Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako ikastetxe pribatuei erdi- edo goi-mailako Lanbide Heziketako prestakuntza zikloak emateko (EHAA 1998ko uztailaren 3a).

Koalifikazioen eta Lanbide-heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Lanbide-heziketako 3 sistemak bateratzeko oinarria jarri zuen: Hezkuntza-sistemaren Lanbide Heziketa, lanerako Lanbide Heziketa eta etengabeko prestakuntza, azken bi hauek enplegurako Lanbide Heziketaren sisteman txertatuta.

Bateratzeko baliabide berri gisa, legeak 11. artikuluan aurreikusten du Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak sortzea. Ikastetxe integratuak tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko heziketa-ekaintza guztiak eskaintzen dituzten ikastetxeak dira, administrazioek dituzten eskumenen eremuan sortu eta baimendu ditzaketenak, beti ere, legeak ezartzen dituen baldintza eta betekizunekin.

Abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuak, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuen oinarrizko baldintzak arautzen dituenak, Koalifikazioen eta Lanbide-heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 11. artikuluan ezarritakoa garatzen du eta 5. eta 6. artikuluan hurrenez hurren, zehazten ditu ikastetxe integratuen xedeak eta funtzioak.

Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezartzen da ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak eman ditzaketen ikastetxeak beren beregi aipatuz 2.a) puntuan Lanbide-heziketako Ikastetxe Integratuak.

46/2014 Dekretuak, apirilaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide-Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituenak, ezartzen ditu Lanbide Heziketako ikastetxe integratuek bete behar dituzten baldintzak eta 8. artikuluan xedatzen du hezkuntzaren eta enpleguaren alorrean eskumena duten sailek, batera emango duten agindu baten bidez, eta ikastetxe pribatuaren titularraren eskariz, Lanbide Heziketako ikastetxe pribatu integratuak baimen ditzaketela, dekretu honetan eta aplikagarri diren arauetan ezarritako baldintzen arabera.

Bigarren Hezkuntzako Salesianos Deusto-Marķa Auxiliadora-San Juan Bosco Ikastetxe pribatuaren eskariz, Lanbide-Heziketako Ikastetxe Integratua izateko baimen-espedienteari hasiera eman zaio. Espedientea izapidetuta, baieztatu eta egiaztatu ondoren, 2017ko martxoaren 14ko Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren, eta Hezkuntza sailburuaren Aginduak ezartzen dituen baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoan titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxeko ikastetxe integratuak baimentzeko,

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Titulartasun pribatuko Lanbide-heziketako Ikastetxe Integratua baimentzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide-heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Salesianos Deusto-Marķa Auxiliadora-San Juan Bosco bigarren hezkuntzako ikastetxe pribatua Lanbide-heziketako ikastetxe integratua bilakatzen da, ondorengo datuekin:

a) Izen generikoa: Lanbide-heziketako Ikastetxe Integratua.

b) Izen espezifikoa: «Salesianos Deusto-Marķa Auxiliadora-San Juan Bosco».

c) Kode zenbakia: 48002535.

d) Titularra: «Padres Salesianos».

e) Helbidea: Agirre Lehendakariaren etorbidea, 75.

f) Herria: Bilbao.

g) Udala: Bilbao.

h) Lurralde historikoa: Bizkaia.

«Salesianos Deusto-Marķa Auxiliadora-San Juan Bosco» Lanbide-Heziketako Ikastetxe Integratua, hasierako Lanbide-heziketaren irakaskuntzei dagokienez, Hezkuntza sailaren menpeko ikastetxe publiko integratu bati atxikituko zaio.

2. artikulua.– Heziketa eskaintza eta ikasleak.

1.– Ikastetxeak bere prestakuntza-jardueretan sartuko dituen irakaskuntzak hauek izango dira: hasierako Lanbide Heziketari dagozkionak, enplegua hobetzeko ekintzei dagozkienak, eta bizialdi osoko irakaskuntzari dagozkionak, lanean dabilen langileriarentzat direnak. Jarduera hauek lan-ingurunearen premiei erantzun behar diete, beti ere sailen eta organo eskudunen baimena izanik.

2.– Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. puntuan adierazitakoaren arabera, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuek, baimenduta dituzten lanbide-familia edo -arloei dagozkien prestakuntza-eskaintzaz gain, lanbide-informazio eta -orientazioko zerbitzuak ere eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, berariazko araudian zehazten denaren arabera, baita beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez edo lan-eskarmentuaren bidez –koalifikazioen eta Lanbide Heziketaren sistema nazionalaren esparruan– lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak eta kalitatezko prestakuntza, enplegagarritasuna, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen duten beste zerbitzu batzuk ere.

3. artikulua.– Hezkuntza administrazioak baimendutako irakaskuntzak.

1.– Lanbide-arloa: Merkataritza eta Marketina.

a) «Merkataritza-zerbitzuak», oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

2.– Lanbide-arloa: Elektrizitatea eta elektronika.

a) «Instalazio elektrikoak eta automatikoak», erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

b) «Automatizazioa eta robotika industriala», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

c) «Mantentze-lan elektronikoak», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

d) «Sistema elektrotekniko eta automatizatuak», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

e) «Telekomunikazio- eta informatika-sistemak», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

3.– Lanbide-arloa: Fabrikazio mekanikoa.

a) «Elementu metalikoen fabrikazioa», oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

b) «Mekanizazioa» erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

c) «Fabrikazio mekanikoko diseinua», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

d) «Fabrikazio mekanikoko produkzioa programatzea», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

4. artikulua.– Lanbide-administrazioak baimendutako irakaskuntzak.

1.– Lanbide-arloa: Elektrizitatea eta elektronika.

a) «Telekomunikazio-azpiegituren eta ahots- eta datu-sareen proiektuak eraikin-inguruetan garatzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

b) «Eraikinetan instalazio elektroteknikoak eta telekomunikazioetakoak muntatzeko eragiketa osagarriak», profesionaltasun-ziurtagiria.

c) «Behe-tentsioko instalazio elektrikoak muntatzea eta mantentzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

d) «Datu-sare lokaletako telefonia-sistemak eta azpiegitura muntatzea eta mantentzea».

e) «Eraikinetan telekomunikazio-azpiegiturak muntatzea eta mantentzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

f) «Ekipo elektriko eta elektronikoen muntatzeko eta mantentzeko lanetako eragiketa lagungarriak», profesionaltasun-ziurtagiria.

2.– Lanbide-arloa: Energia eta ura.

a) «Eguzki-instalazio fotovoltaikoak muntatzea eta mantentzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

3.– Lanbide-arloa: Fabrikazio mekanikoa.

a) «Fabrikazio mekanikoko produktuen diseinua», profesionaltasun-ziurtagiria.

b) «Mekanizazio, konformazio eta muntaketa mekanikoko produkzioa», profesionaltasun-ziurtagiria.

c) «Txiribil-harroketa bidezko mekanizazioa», profesionaltasun-ziurtagiria.

d) «Urraduraren, elektrohigaduraren eta prozedura berezien bidezko mekanizazioa», profesionaltasun-ziurtagiria.

e) «Fabrikazio mekanikoko tratamendu termikoak», profesionaltasun-ziurtagiria.

4.– Lanbide arloa: Irudia eta soinua.

a) «Zinemako, bideoko eta telebistako kamelaria», profesionaltasun-ziurtagiria.

b) «Ikus-entzunezkoen muntaketa eta produkzioa», profesionaltasun-ziurtagiria.

5. artikulua.– Gobernu-partaidetza eta koordinazio-organoak.

1.– Titulartasun pribatuko Lanbide-Heziketako Ikastetxe Integratuak, gutxienez, pertsona bakarreko gobernu-organo hauek izango ditu: zuzendaria, ikasketa-burua eta idazkaria.

2.– Era berean, kide anitzeko partaidetza-organo hauek izango ditu: gizarte kontseilua eta irakasleen klaustroa.

6. artikulua.– Aldatzea edo baliogabetzea.

Baimena aldatzeko edo baliogabetzeko, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuko 8.5 artikuluan eta 2017ko martxoaren 14ko Aginduko 10. artikuluan xedatutakoa jarraituko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gizarte Kontseilua eratzea.

Irakasleen klaustroa eratu ondoren, ikastetxearen Zuzendaritzaren ekimenez, Gizarte Kontseilua osatu eta martxan jartzeko behar diren jarduera guztiak egin beharko dira Ikastetxea Integratua izan eta gehienez urtebeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu hau indarrean jarriko da 2020-2021 ikasturte hasieran.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aukeztu ahal izango diote Hezkuntza sailburuari edo Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari hilabeteko epean, ala administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien salan bi hilabeteko epean. Errekurtsoak aukezteko epea Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 25a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala