Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2020ko urtarrilaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
96

126/2019 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena nahasmendu mental larria duten pertsonen arreta soziosanitariorako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena nahasmendu mental larria duten pertsonen arreta soziosanitariorako. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 26a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 26KO 126/2019 EBAZPENARENA
BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, NAHASMENDU MENTAL LARRIA DUTEN PERTSONEN ARRETA SOZIOSANITARIORAKO

Bilbao, 2019ko abenduaren 17a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Unai Rementeria Maiz, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari gisa, Gobernu Kontseiluaren 2019ko urriaren 17ko erabakiaren bidez hitzarmen hau formalizatzeko ahalmena duena, eta

Bestetik, Miren Nekane Murga Eizagaechevarria, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Gobernu Batzordearen 2019ko maiatzaren 14ko erabakiaren bidez egintza honetarako eskumena duena.

Alderdiek beharrezko gaitasun juridikoa aitortzen diote elkarri hitzarmen hau sinatzeko, eta horren arabera,

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, 46.1 artikuluan, honela definitzen du arreta soziosanitarioa: osasun-arazo larriak direla-eta, edo eginkizunen arloko mugak direla-eta, eta/edo gizartetik bazterturik geratzeko arriskua dela-eta, pertsona batzuek behar dituzten zainketek osatzen dute arreta soziosanitarioa, osasun-arreta eta gizarte-arreta aldi berean biltzen dituena, koordinatua eta egonkorra, arreta jarraituaren printzipioarekin bat datorrena.

Bigarrena.– Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 6. eta 7. artikuluek hauxe ezartzen dute: lehenengoei osasun-laguntzarekin zerikusia duten gaien eskumen esklusiboa dagokie; bigarrenei, beren lurraldearen barruan, gizarte-laguntzaren arloko Erakunde Erkideen legedia gauzatzea.

Euskadiko osasun antolamenduari buruzko 8/1997 Legeak ezarritakoaren arabera, euskal osasun administrazioari dagokio osasun publikoa oro har babestea, prebentzio-neurrien bidez, osasuna sustatzea, banakako osasun-prestazioak ematea eta prestazio horiek emateko baliabide egokiak bermatzea.

Bestalde, gizarte-zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen arabera, gizarte-zerbitzuen euskal sistemaren zerbitzuen zorroei buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretu bidez garatutakoa, Foru Aldundiei dagokie bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuak ematea. Zerbitzu horiek, bazterkeria, mendekotasun eta babesgabetasun egoeren ondoriozko gizarte-premiak asetzen dituzte.

Hirugarrena.– Arreta soziosanitarioari dagokionez, 12/2008 Legearen 56.3 artikuluak, finantza-lankidetzako formulen artean, arreta soziosanitarioko finantzazioa xede horretarako erabakitzen dituzten hitzarmenen bidez egin daitekeela ezartzen du, administrazio publikoak elkarrekin arituz.

Halaber, 56. artikuluko 5. atalean ezartzen da euskal administrazio publikoek euren artean eta beste erakunde publikoekin izandako lankidetza besteak beste lankidetza-hitzarmenen bidez gauzatuko dela.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzak eta foru erakundeek, sektore eta erakundeen arteko lankidetza-mekanismoak indartu behar direla jakitun izanda, eta aldez aurretik esperientziak daudela aprobetxatuz, erakundeen arten lehen lankidetza-akordioa sinatu zuten 2003ko urtarrilaren 30ean, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Erakundeen eta EUDELen artean, Euskadin arreta soziosanitarioa garatzeko.

Hitzarmen hori bi arrazoirengatik da garrantzitsua: alde batetik, sinatzean, erakundeek gizarte eta osasun beharren arreta koordinatua eman nahi dutela agertzen dutelako; bestetik, gaur egun indarrean dagoen koordinazio-ereduaren ikuspegia finkatzen duelako. Horrela, parte hartutako erakundeen kudeaketa-autonomia errespetatzen da, adostasunak bilatzen laguntzen da eta osaera paritarioa duen antolaketa-egitura bat sortzen da. Horri esker, autonomia mailan, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua eta koordinatzaile soziosanitario bat sortu dira. Bestalde, lurralde mailan, Arreta Soziosanitarioko Lurraldeko Kontseiluak (bat, lurralde historiko bakoitzeko), Kontseilu bakoitzaren barruan sortutako Batzorde Teknikoek lagunduta, eta hiru koordinatzaile.

Bi urte geroago, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoan Arreta Soziosanitarioa Garatzeko 2005-2008 Plan Estrategikoa onartu zuen. Horren ondoren, esparru agiria egin zuten, EAEn arreta soziosanitarioaren zuzentarauak egiteko, 2011. urtean onartu zuten. Horrek, indarrean dagoen arreta soziosanitarioaren ereduari buruzko balorazioa egiteko premia aldeztu zuen, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak Arreta Soziosanitariorako 2013-2016 urteetarako Lerro Estrategikoak Euskadin izeneko lerroen bidez definitu zuena.

Azkenik, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren Euskadiko Arreta Soziosanitarioko 2017-2020 Lehentasun Estrategikoak ezarri ziren.

Bosgarrena.– Gizarte Zerbitzuen Legearen 46.2. atalak, arreta soziosanitarioaren esparruan bereziki arta daitezkeen taldeen artean, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak jasotzen ditu, gaixotasun mental larri eta kronifikatuta duten pertsonak eta droga-mendekotasun arazoak dituzten pertsonak bereziki.

Euskadiko 2010eko osasun mentaleko estrategiak, erkidegoko eredua erreferentetzat hartzen duena nahasmen mental larria duten pertsonen arretan, gaixo horientzat baliabide soziosanitarioak sortzea gomendatzen du, egonaldi luzeko ospitale psikiatrikotan ez ospitaleratzeko aukera gisa.

Horrenbestez, goian zehaztutakoarekin bat, bi alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta hitzarmenak honako klausulak izango ditu.

HIZPAKETAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea lankidetzan aritzea da, osasun-prestazioa duten gizarte-zerbitzuak garatzeko osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen, eta bereziki gaixotasun mental larri eta kronifikatua duten pertsonen arretaz arduratzen diren gizarte-zerbitzuen sistemako zentroetan, edozein baldintza edo titulu juridikoaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiaren mende badaude, Euskadiko gizarte-zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22. artikuluan jasotzen diren zerbitzu eta prestazioen katalogoaren barruan.

Gizarte-zerbitzu horiek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 5eko 185/2015 Dekretuaren barruan garatuko dira, eta Foru Aldundiei eskumen osagarriak eta osasun-eskumenak emango zaizkie gizarte-zerbitzuak emateko.

Zerbitzu horiek, toki hauetan emango dira:

Eguneko arreta-zentroak, gizarteratzeko zerbitzu bat ematen dutenak, balio anitzekoa, denboran arreta iraunkorra ematen dutenak, erabiltzaileak beraien ohiko ingurunearekin lotuta jarrai dezaten, eta gizarteratzeko ibilbidean laguntza indibidualizatua eskainiz. Horretarako, ikuspegi integrala erabiltzen dute, okupazio, hezkuntza, terapia eta gizarteratze eta laneratze esku-hartzeak eginez.

Egonaldi luzeko etxebizitzak, gabezia psikosozialak eta gaixotasun mental larri eta kronikoa dituzten pertsonen erkidegoan bizitzeko aukera ematen dutenak. Intentsitate ertaineko hezkuntza-laguntza eta laguntza psikosoziala dute.

Egonaldi luzeko egoitza-zentroak, egoera kronikoan dauden eta gaixotasun mental larri eta kronikoa duten pertsonentzat. Egonaldi luzeko zerbitzua ematen zaie, gizarteratzeko helburua duena. Esku-hartzearen erritmoa lasaia da.

Bigarrena.– Hartzaileak.

Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak izango dira hartzaileak, gaixotasun mental larri eta kronifikatua dutenak bereziki, Osakidetzak, Euskal Osasun Zerbitzuak egindako gaixotasun mental kroniko edo nahasmendu mental larri eta iraunkorreko diagnostikoa dutenak, edo gaixotasun horrek eragindako mendekotasuna aitortuta dutenak, dagokion foru saileko Balorazio eta Orientazio Zerbitzuak baloratutakoa (gutxienez, I. gradua).

Hala ere, zerbitzu motaren edukia eta egonaldi luzeko etxebizitzen erabiltzaileen profila direla eta, haietara sartzeko eta behar I. graduko gutxieneko balorazioa, baizik eta % 33ko desgaitasuna. Hala ere, eskatzaile guztiek mendekotasuna baloratuta izan beharko dute.

Hirugarrena.– Sarbidea.

Hitzarmen honetan barne hartzen diren zentroetara sartzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren arautegian ezarritakoari jarraituko zaio, gaixotasun mentaleko pertsonentzako egoitza-zerbitzu eta eguneko zentroetara sartzeko sistema orokorra arautzen baitu.

Laugarrena.– Alderdien betebeharrak.

a) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren betebeharrak eta erantzukizunak.

1.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari dagokio seigarren klausulan ezarritako kopurua ordaintzeko betebeharra, han adierazitako moduan.

2.– Osasun-laguntza arrunta emateko, hitzarmenaren aplikazio-esparruan barne hartzen diren gizarte-zerbitzuetan emandakoaz kanpo, egoitza-zentro bakoitzaren erabiltzaileen osasun-txartel indibidual (OTI) guztiak barne hartuko dira, mediku baten erantzukizunpean, betiere antolaketari begira posible bada, eta interesdunak horren aurka ez badira agertzen, askatasunez hautatzeko eskubidea erabiliz.

3.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasun-sistema publiko osorako ezarritako jarduera klinikoaren gidak eta protokoloak jarriko ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren eskura, zentroetan egiten den osasun arloko laguntza-prestazioan aplika ditzan.

b) Bizkaiko Foru Aldundiaren betebeharrak eta erantzukizunak.

1.– Bizkaiko Foru Aldundiak 783 plaza eskainiko dizkie jasotzaileei lehen hizpaketa deskribatutako baliabideetan, honela banatuta: 435, eguneko arretarako zentroetan; 348, egonaldi luzeetarako etxebizitzetan eta egoitzetan.

2.– Bizkaiko Foru Aldundiari baliabide horiek kudeatzea eta antolatzea dagokio; baita erakunde laguntzaileekin kudeatzea ere.

3.– Bizkaiko Foru Aldundiak, legez ezarritako prozedura izapidetu aurretik, plaza esleitzeko eta prezio publikoa emateko foru agindua emango du, dagokion foru dekretu arautzailean ezarritako baldintzen arabera.

4.– Bizkaiko Foru Aldundiak urtero jarduera-memoria bat aurkeztu beharko du, hartzailearen eskura jarritako gizarte-zerbitzuen baliabideen zerrenda jasoko duena. Horrez gain, zazpigarren hizpaketan ezarritako Jarraipen Batzorde Mistoan erabakitzen den beste edozein informazio ere jasoko du.

5.– Gizarte-zerbitzuen zentroek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 5eko 185/2015 Dekretuaren II. eta III. eranskinetan ezartzen den zentro bakoitzerako osasun-langileak izango dituzte.

6.– Edonola ere, zentroetan egiten den osasun arloko laguntza-prestazioak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sistemak osasun-sistema publiko osorako ezarritako praktika klinikoaren gida eta protokoloei jarraituko die.

7.– Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzua ikuskatu, kontrolatu, jarraipena egin eta etengabe ebaluatuko du, haren kalitatea bermatzeko eta aurreikusitako helburuak lortzeko.

8.– Osasun-laguntza ematen duten gizarte-zerbitzuen zentroek dagokien osasun baimena izango dute, abian jartzeko eta ibiltzeko.

c) Laguntzeko betebeharra.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Osasun Sailak bi sareetako profesionalen arteko lankidetza eraginkorra eta koordinazio egokia susta dadin lan egingo dute, osasun-esparruan hitzarmenaren aplikazio-eremuan barne hartzen diren erabiltzaileentzat ezartzen diren interes bereziko programa eta jardueretan.

Bosgarrena.– Bizkaiko Lurralde Batzorde Soziosanitarioaren osasun mentaleko azpibatzordea.

Bi administrazioek osasun mentalean aditua den azpibatzorde bat sortzea bultzatuko dute, Bizkaiko Lurralde Batzorde Soziosanitarioaren mendekoa dena, Bizkaiko Foru Aldundiaren urriaren 16ko 133/2018 Foru Dekretuaren 1. eta 4. artikuluen babespean.

Seigarrena.– Finantza-lankidetza.

Osasun Sailak zenbateko hauek bideratuko ditu 2019-2022 ekitaldietan hitzarmen honen xedea garatzeko:

(Ikus .PDF)

Urtero zenbateko bereko bi ordainketa egingo ditu, maiatzean eta azaroan. Salbuespen modura, 2019ko ekitaldiari dagokion lehen ordainketa hitzarmena formalizatu ondoren egingo da.

Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

Batzorde Misto bat sortu da, paritarioa, lankidetza-hitzarmen hau garatzean koordinazio egokia egiteaz eta gauzatzea kontrolatzeaz arduratuko dena.

Batzorde hau sei pertsonaz osatuta egongo da. Horietatik, hiru, alderdi bakoitzak izendatuko ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Saileko titularrak egingo ditu izendatzeak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik, osasun arloan eskumena duen Saileko titularrak egingo ditu izendatzeak.

Batzordearen erabakiak alderdien arteko adostasunez hartuko dira.

Batzordea urtean behin gutxienez bilduko da, eta hauek izango dira bere eginkizun orokorrak:

a) Hitzarmena interpretatzea eta betetzen dela bermatzea, baita egon daitezkeen ez-betetzeen mailakatzea zehazteko irizpideak ezartzea ere.

b) Bere funtzionamenduaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta egokitzat jotzen dituzten aldaketa-proposamenak egitea.

c) Urteko jardueraren txostena eta likidazioa onartzea. Hitzarmena aplikatu eta hurrengo urteko lehen seihilekoan aurkeztu beharko da. Txosten horretan behar besteko informazioa jaso beharko da plaza-kopuruari dagokionez hitzarmenean ezarritako betebeharrak bete direla egiaztatzeko, eta hitzarmena gauzatzeak eragindako gastuen eta sarreren datu zehatzak jasoko dira.

Kideek egoki baderitzote, hitzarmenean barne hartzen diren gizarte edo osasun zerbitzuetako edo beste erakunde batzuetako ordezkariak sartu ahalko dira, kontsulta-eginkizunetarako. Beraz, hitza izango dute, baina botorik ez.

Edozein alderdik proposatzen badu, batzordea bilduko da, eta, hitzarmen honetan ezarrita ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoko 40/2015 Legearen arabera arautuko da.

Zortzigarrena.– Ez-betetzea.

Alderdi batek betetzen ez baditu hitzarmen honetan jasotako preskripzioak, ez-betetzea dagoela adierazten duen alderdiak modu fede-emailean emango dio horren berri beste alderdiari.

Ez-betetzea Bizkaiko Foru Aldundiari egotzi ahal bazaio edo Aldundiak formulatzen badu salaketa, Aldundiak itzuli egin beharko ditu ez-betetzea gertatzen den ekitaldiari dagozkion kopuru guztiak edo haien zati bat, eta, hala badagokio, galduko da jaso gabe dauden kopuruak kobratzeko eskubidea. Itzulketa partzial bat zehazteko, beharrezkoa da betetzea neurri esanguratsu batean guztizko betetzetik hurbil egotea, eta Aldundiak egiaztatzea jardueraren joera zalantzarik gabe konpromisoak betetzea dela. Zazpigarren klausulan aurreikusten den Batzorde Mistoan errekerimendua egin aurretik aurkeztuko dira ez-betetze posibleak mailakatzeko irizpideak.

Bederatzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Sinatzen duten alderdiek hitzarmen honen baldintzak alda ditzakete edozein unetan, ados badaude, eranskin bat sinatuz.

Hamargarrena.– Indarraldia eta luzapena.

Hitzarmen hau alde biek sinatutakoan jarriko da indarrean, eta 2019ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean biek hartutako betebeharrak betetzeko ondorioekin, alde bietako batek, edozeinek, beren-beregi eta modu fidagarrian salatzen ez badu, gutxienez 3 hilabete lehenago. Alde bien adostasunez luzatu ahal izango da, beren-beregi, baina ezin izango da gainditu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean zehazten den gehieneko iraupena.

Hamaikagarrena.– Iraungitzeko arrazoiak.

Hitzarmen honen iraungitzea, ebazpena, ondorioak eta han berariaz arautzen ez den guztian, sektore publikoarne araubide juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko Tituluaren VI. kapituluan ezarritakoa aplikatuko da.

Hamabigarrena.– Datuen babesa.

Hitzarmen hau betetzearen ondorioz ikusten diren informazioa eta datu pertsonalak pertsona fisikoen babesari buruzko 2016ko apirilaren 27ko Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren 2016/679 Arautegian ezarritakoak babestuko ditu, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari (DPBAO) dagokienez, datu pertsonalen babesari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, eta aplikatzekoak diren eskubide digitalen eta gainerako arautegiaren berme gisa. Tratatzen diren datu pertsonalak hitzarmen honen xederako bakarrik erabiliko ditu, eta ez ditu inola ere erabiliko bereak diren beste helburu batzuetarako.

Eta aurretik azaldutako guztiarekin ados egonda, hitzarmen honen bi kopia sinatzen dituzte, goian adierazitako tokian eta egunean.

Bizkaiko ahaldun nagusia,

UNAI REMENTERIA MAIZ.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua,

MIREN NEKAnE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala