Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2020ko urtarrilaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
87

AGINDUA, 2019ko abenduaren 5ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, helduen euskalduntzearen esparruan HABEk onartzen dituen prestakuntza-planen ezaugarriak arautzeko eta prestakuntza-jardueren homologazio-betekizunak ezartzeko ematen dena.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu eta euskaltegiak araupetzekoak, erakunde horri agintzen dio helduen euskalduntzearen sustapena, eta horretarako, hainbat eginkizun egozteaz gain, helduen euskalduntzean dihardutenen prestakuntzaz eta eguneratzeaz arduratzen du erakundea bere 12. artikuluan.

Era berean, HABEren arau organikoak onartzen dituen 34/1996 Dekretuan, otsailaren 13koan, azaroaren 25eko 29/1983 Legean aurreikusitakoen ildotik, HABEren Erregistroan bildutako edo bilduko diren euskaltegietako irakasleak eguneratu eta etenik gabe hezteko egitasmoen lanketa egozten dio erakundeari, Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuaren bitartez.

HABEren sorreratik arreta berezia eskaini zaio Helduen euskalduntzean diharduten langileen prestakuntzari. Prestakuntza-erregistroa 1993-1994 ikastaroan abian jarri zenetik 1.024 jarduera jaso dira. Eta ikasturte hori baino lehenago ere beste hainbat eta hainbat prestakuntza-jarduera burutu ziren. Era berean, glotodidaktika gai nagusia izanik, liburutegi espezializatua kudeatzen da HABEn eta hiru argitalpen plazaratzen dira prestakuntzari begira: Itzulpen Saila; Hizpide on line; eta, IFB (Irakasleen Formaziorako Bideo-saila).

Geroztik, helduen prestakuntzaren ildotik, urriaren 10eko 1/2013 Legeak ere, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzkoak, euskal herritar orok bizialdi osoan ikasteko eta lanbideari begira prestatzeko duen eskubidea ezartzen du. Honela irakur daiteke zioen azalpenean: «Horretarako, lege honetan bizialdi osoko ikaskuntza euskal herritar guztien eskubidetzat hartzen da, eta prestakuntzako eskaintza zabal baten bidez gauzatuko da, bai euskara bai gaztelaniaz...», eta HABEri egozten dio eskumena euskarako ezagupenak eskuratzeko eremuan garatu beharreko jarduerek bete behar dituzten baldintzak ezartzeko, Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei esleitzen zaizkien eskumenak kaltetu gabe; hala, Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoetako langileen prestakuntza planifikatu eta antolatzeko irizpideei buruz Eusko Jaurlaritzak onartu zuen otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuak esleitutakoak.

Harrez gero, indarrean dagoen Euskararen Agenda Estrategikoak ere, zehaztuta dituen lan-ildo, ekimen eta ekintzen artean jasotzen du helduen euskalduntzearen esparruan dihardutenen prestakuntza beharra; hain zuzen ere, hala dio: «Euskara irakasle-tutoreen berariazko formazioa behar eta metodologia berrietara egokitu eta hedatzea».

Testuinguru honetan beharrezko eta egokitzat jotzen da helduen euskalduntzegintzaren esparruko prestakuntza-planak eta ekitaldien xedea, hartzaileak, irizpide eta jarraibidea arautzea.

Horrenbestez,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aginduaren xedea.

Agindu honek xede du HABEren prestakuntza-planen araubidea ezarri eta HABEren homologazioa jasotzeko, helduen euskalduntze-arloko prestakuntza-jarduerek izan behar dituzten ezaugarriak eta bete behar dituzten jarraibideak arautzea.

2. artikulua.– Prestakuntza-planen xedea.

HABEk helduen euskalduntzearen esparruan onartuko dituen prestakuntza-planen xedea da erakunde honek azaroaren 25eko 29/1983 Legeak eta lege hori garatzeko onartu diren xedapenetan ezarritakoaren babesean garatu behar duen Prestakuntza-arloko jardueraren lerro estrategikoak zehaztea, eta urtez urteko Prestakuntza-jarduerak antolatzeko gidalerroak aurreikustea.

3. artikulua.– Prestakuntza-jardueren esparrua.

HABEk berariaz antolatuko dituen prestakuntza-jardueren jakintza-alor nagusiak Erakundearen eskumen-eremukoak izango dira, hain zuzen ere, hizkuntzen irakas-ikastearen esparrukoak: Pedagogia, Euskal Filologia, Soziolinguistika, Psikolinguistika, Kudeaketa akademikoa, IKTak, nagusiki.

4. artikulua.– Hartzaileak.

Agindu honetan araututako prestakuntza-planetatik eratorritako prestakuntza-jardueren hartzaileak izango dira HABEren Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegietako eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetan euskarazko eskolak ematearekin lotura zuzena zein zeharbidezkoa duten langileak, eta, oro har, helduen euskalduntzearen esparruan lanean dihardutenak eta adituak direnak. Halaber, hala dagokienean, enplegatu publikoei eman beharreko agiria 7.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera emango zaie.

Prestakuntza-planetatik eratorritako prestakuntza-ekintzen hartzaile gisa HABEko langileak edota Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioetako langileak aurreikusita daudenean, programaren aldez aurreko homologazioa eskatuko dio HABEk IVAPi, indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera.

5. artikulua.– Irakasleak eta ikastaro-emaileak.

Prestakuntza-jarduera bakoitzaren ardura zuzena HABEko teknikariek hartuko dute. Jakintza-arloa nahiz langaia teknikarion ezagutza-esparrutik at izan, edota kalitate egiaztatua duten adituen ekarpena bildu nahi denean, programatutako jarduera horiek antolatu ahal izateko, kanpoko irakasle eta ikastaro-emaileak kontratatuko ditu HABEk.

6. artikulua.– Prestakuntza-planen eta prestakuntza-jardueren onarpena.

HABEren Zuzendaritza Batzordeak onartuko ditu prestakuntza-planak, lau urtetarako, HABEren zuzendari nagusiaren proposamenez, Erakundeko Batzorde Akademikoa entzun ondoren.

HABEk, dagokion prestakuntza-planaren egituraren baitan, antolatutako prestakuntza-jarduerak urtero onartuko ditu HABEren zuzendariak Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuaren proposamenez.

7. artikulua.– Prestakuntza-jardueren ziurtagiriak.

1.– HABEren prestakuntza-planen araberako ikastaroak egin dituzten partaideei HABEren zuzendariak izenpetutako agiria luzatuko zaie, HABEren Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuaren proposamenez. Bi agiri mota luza daitezke:

a) Bertaratze-agiria luzatuko da irakasleak ebaluatzeko probarik aurreikusten ez denean, irakastorduen % 80ko asistentzia duten partaideentzat.

b) Aprobetxamendu-agiria luzatuko zaie jarritako proba gainditzen duten partaideei, edo programatutako ariketak burutu eta prestakuntza-jardueraren helburuak lortu dituztenei, prestakuntza-emaileak hala egiaztatzen badu.

2.– HABEren prestakuntza-plan honen araberako ikastaroak eman dituzten irakasleei HABEren zuzendariak izenpetutako agiria luzatuko die, HABEren Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuaren proposamenez.

3.– Artikulu honetan araututako agiriek, gutxienez, ikastaroaren izenburua, data eta lekua, ikasteredua, iraupena egunetan eta ordutan, eta ebaluazio-era bilduko ditu bere baitara.

4.– Agindu honen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, IVAPek homologatutako prestakuntza-ekintzen kasuan, homologazio hori islatuko da HABEk Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako enplegatuei luzatutako agirietan.

5.– HABEren Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuak eramango du HABEren Prestakuntza-planen garapenean emandako ikastaroen ondoriozko ziurtagirien erregistroa.

8. artikulua.– Gizarte-eragileek antolatutako prestakuntza-ekitaldien homologazioa.

Helduen euskalduntzegintzan diharduten erakunde eta gizarte-eragileek antolatutako prestakuntza-ekitaldiek HABEren homologazioa jaso dezakete, horretarako Agindu honetako 9. artikuluan aurreikusten diren baldintzak betetzen badituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako pertsonalari zuzenduta Administrazio horretako organoek antolatutakoak salbu. Azkeneko hauei indarrean dagoen berariazko araudia aplikatuko zaie.

9. artikulua.– Prestakuntza-ekitaldien homologaziorako baldintzak.

HABEren homologazioa jasotzeko, prestakuntza-ekitaldiek ondoren zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Prestakuntza-ekitaldiak HABEren prestakuntza-planeko gidalerroen baitan egituratuta egon beharko dira.

b) Prestakuntza-ekitaldiak HABEren prestakuntza-planean aurreikusitako irizpideetara bildu beharko dira.

HABEri atxikita dagoen Euskaltegien Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek HEOCaren argitan landutako Euskaltegiko Curriculum Proiektuan jaso ditzakete prestakuntza-ekitaldiok.

10. artikulua.– Homologazio-eskaerak.

HABEren homologazio-eskaerak HABEren zuzendari nagusiaren aurrean aurkeztuko dira, gutxienez prestakuntza-ekitaldia hasteko aurreikusita dagoen data baino bi hilabete lehenago, prestakuntza-ekitaldiaren alde hauek zehaztuz:

– Helburua.

– Edukiak.

– Ebaluazio-irizpideak.

– Hartzaileak.

– Irakasleak.

– Iraupena.

11. artikulua.– Ebazpena eta errekurtsoak.

HABEren Zuzendaritza Nagusiak ebatziko ditu homologazio-eskaerak, erakunde horren Batzorde Akademikoaren irizpidea entzun ondoren.

Ez dira homologatuko asistentziaren kontrola eta ekitaldian izandako errendimenduaren ebaluazioa bermatzen ez dituzten ekitaldiak. Kontrol hori gauzatzeko erabiliko diren baliabideak zehaztuko dira.

Homologazioa aitortu edota ezesten duen Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke interesdunak Kultura eta Hizkuntza Politikaren sailburuari, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. eta ondorengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.– Ziurtagiriak.

HABEk homologatutako prestakuntza-ekitaldiak burutu izanaren ziurtagiriak ekitaldien antolatzaileak emango ditu. Ziurtagirian, ezinbestez, ekitaldiaren informazio hau adieraziko da:

– Izenburua.

– Iraupena, egunetan eta ordutan.

– Antolatzailea.

– HABEren homologazioa.

– Asistentziari edo errendimenduari buruzko aipamena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu hau indarrean sartu ondorengo hiru hilabeteko epean, 2019-2022 lau urterako Prestakuntza-plana onartuko du HABEk.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ahalmena ematen zaio HABEren zuzendari nagusiari, berari dagozkion eskumenen eremuan, Agindu honetan ezarritakoa gauzatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 5a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala