Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

244. zk., 2019ko abenduaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5870

ERABAKIA, 2019ko abenduaren 12koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, onartzeko 2019ko lan eskaintza publikoa administrazio eta zerbitzuetako langileentzat, bai 2017rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legeak eta 2018rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko 6/2018 Legeak baimendutako tasa gehigarriei dagokiena, bai 2019rako birjartze tasari dagokiona, baita barne promozioa ere.

Euskal funtzio publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 legearen 23. artikuluak (azaroaren 7ko 16/1997 legeak eragindako aldaketaren arabera) aurreikusten du administrazio publiko bakoitzean diren giza baliabideekin bete ezin litezkeen giza premiak, aurrekontu esleipenik dutenak, lan eskaintza publikoen bidez beteko direla. Artikulu beraren arabera, administrazio horrek adieraziko du zer postu huts bete behar den, bai langile funtzionarioen kasuan bai lan kontratudunen kasuan.

Bestetik, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuen 59. artikuluak eta hurrengoek adierazten dutenez, Unibertsitateak, bere autonomiaz baliatuz, administrazio eta zerbitzuetako langileak aukeratuko ditu, funtzionarioak edo lan kontratudunak, bere lan eskaintza publikoaren arabera.

Estatuaren aurrekontu orokorren legeek murrizketak ezarri zizkioten enplegu publikoari 2013. urtetik aurrera.

Edonork ikus dezake administrazio publikoetan urte askoan lan eskaintza publikorik egin ezin izateak duen ondorio nagusia. Izan ere, bajak, lanpostu hutsak edo premia berriak aldi baterako lan harremanaren bidez bete behar izan dira eta horrek bereziki eragin die UPV/EHUren Estatutuetan aipatutako erreferentziako plantillaren gehitzeei, behar-beharrezkotzat hartzen direnak aspalditik unibertsitateak AZPko langileen alorrean daukan defizitarekin bukatzeko apurka-apurka.

Aldi baterako lan harremanen kopuruak gora egiten segi ez dezan eta lanpostu estrukturalez osatutako plantillak izatera heldu ahal izateko, ekainaren 27ko 3/2017 Legeak, Estatuaren 2017rako Aurrekontu Orokorrenak, 19.bat.6 artikuluan dio tasa gehigarri bat egongo dela aldi baterako enplegua egonkortzeko esparru eta arlo batzuetan, besteak beste unibertsitateko langile guztiei dagokienean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuko laugarren xedapen iragankorrean zehaztutako moduan.

Bestalde, uztailaren 3ko 6/2018 Legeak, Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorrenak, honako hau xedatzen du 19. artikuluan:

“2. Aurreko ekitaldian aurrekontu egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak eta gastu araua bete dituzten administrazio publikoek ehuneko 100eko birjarpen tasa izango dute...

9.– Estatuaren 2017rako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19.bat.6 artikuluan ezarritakoaz gain, aldi baterako enplegua egonkortzeko tasa gehigarri bat baimentzen da, 2017ko abenduaren 31 baino lehenagoko hiru urteetan gutxienez aldi baterako eta etenik gabe okupatuta egon eta aurrekontu zuzkidura izan duten egiturazko lanpostuak barne izango dituena, honako sektore eta kolektibo hauetan: administrazioa eta zerbitzu orokorretako pertsonala, ikerketakoak, osasun publikokoak eta ikuskaritza medikoa, bai eta beste zerbitzu publiko batzuk ere. Unibertsitate publikoetan, administrazio eta zerbitzuetako pertsonala besterik ez da sartuko. Egonkortze prozesu horiek egituratuko dituzten lan eskaintzak 2018tik 2020ra arteko ekitaldietan argitaratu beharko dira kasuan kasuko aldizkari ofizialetan eta kasuan kasuko ministerioko sail eskudunek koordinatuko dituzte. Egonkortze prozesuetan sartuta dauden lanpostuen aldi baterako betetze tasa ehuneko 8tik beherakoa izan beharko da eremu bakoitzean, aldiaren amaieran. Nolanahi ere, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betetzen direla bermatuko duten hautaketa prozesu horien artikulazioa Estatuaren Administrazio Orokorraren, autonomia erkidegoen eta toki erakundeen lurralde eremu bakoitzean negoziatu ahal izango da eta, horiek garatzean, administrazioen arteko koordinazioa ahalbidetuko duten neurriak antolatu ahal izango dira. Prozesu hauen ondorioz ezingo da, inola ere, gasturik edo langilerik gehitu eta, horietan eskainiko diren plazak behin-behineko langileek betetako lanpostu estrukturalak izan beharko dira nahitaez.

(...)

3/2017 legean eta 6/2018 legean aurreikusitako kontsolidazio prozesuak artikulatzen dituzten enplegu eskaintzak hurrengo hiru ekitaldietako epean onartu eta argitaratu behar dira, hau da, 3/2017 legetik eratorritako eskaintza 2017tik 2019ra bitarteko ekitaldien eta 6/2018 legetik 2018 eta 2020 arteko ekitaldien artean artikulatu behar da.

Estatuaren 2018ko Aurrekontu Orokorrak automatikoki luzatu dira, Konstituzioaren 134.4 artikuluan eta Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 lege orokorraren 38.1 artikuluan jasotako aurreikuspena aplikatuz.

Lan eskaintza publikoko prozesu horien deialdien bidez, bai Estatuaren 2017. eta 2018. urteetako Aurrekontu Orokorren lege horietan aurreikusitako aldi baterako enplegua finkatzeko tasa gehigarrien bidez, bai birjarpen tasaren bidez, Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legearen laugarren xedapen iragankorrean jasotako aurreikuspenak bultzatzen dira eta haien garapena berme handienekin bermatzen da.

Enplegu publikoaren eskaintza honek, beraz, Estatuaren Aurrekontu Orokorren aipatutako legeek baimendutako tasa gehigarria eta 2019. urteari dagokion birjarpen tasa jasotzen ditu eta horrek aukera emango du aldi baterako edo bitarteko lotura duten langileen egungo ehunekoa murrizteko, plantillen eta langile egituren plangintza eta erregularizazio egokian aurrera egiteko, bai eta kudeaketa prozesu arrunten normalizazioan ere.

Hautaketa prozesuen kudeaketaren ekonomia, eraginkortasun eta efizientzia arrazoiak direla eta, 2018ko eskaintza publikoa eta 2019ko eskaintza publikoa prozesu bateratu bakar batean gauzatuko dira, Gobernu Kontseiluaren 2018ko abenduaren 20ko erabakian ezarritakoaren arabera, non eta onartzen baitzen 2018ko administrazio eta zerbitzuetako pertsonalerako Lan Eskaintza Publikoa. (EHAA, 250. zk., abenduaren 31koa).

Prozesu bakar hori gauzatzeko, administrazio eta zerbitzuetako langileen esparru edo kolektibo bakoitzari aplikagarri zaion heinean, AZPko Negoziazio Mahaien 2016ko ekainaren 9ko eta 2016ko ekainaren 30eko Akordio Bateratuetan eta AZP funtzionarioaren Negoziazio Mahaiaren 2018ko abenduaren 3ko Akordioan jasotako irizpideei jarraituko zaie.

Akordio honetan, aintzat ere hartzen da desgaituentzako gorde beharreko plazen erreserba, nahiz eta eskala, kategoria eta espezialitate bakoitzeko ezarri beharreko portzentajea zein den bere deialdian zehaztuko den.

Era berean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 14. artikuluan aitortutako funtzionario publikoen barne-sustapenerako eskubidea bermatze aldera, barne-sustapeneko prozesuen bidez deitu beharreko lanpostuak ere sartzen dira.

Aparteko gogoeta egin behar zaie lan kontratuko langileei, indarrean dagoen Hitzarmen Kolektiboak berak 15. artikuluko 6. puntuan xedatzen baitu, lanpostu hutsak betetzeari buruzkoan, bertan baitio "Lanpostu hutsak betetzeko lehenengo lehiaketa orokorra (hurrengo artikuluan jasotzen den promozioaren aurrekoa) burutu eta ondorengo lan eskaintza publikoa egin ostean, lan kontratudun langile finkoen artean beharrezko prozedurak ezarriko dira, eta bermatuko da lanpostu huts bakoitzeko deialdi bat egongo dela gutxienez, lanpostu hori beste edozein prozesutan eskaini aurretik."

Bestalde, 16. artikuluko 6. puntuak, lanbide-sustapenari buruzkoak, hau ezartzen du: "Promoziorako lehenengo prozesua behin amaitu ondoren, aurreko artikuluko prozesuak bete eta gero, beharrezko prozedurak ezarriko dira lan kontratudun langile finkoen artean, eta bermatuko da lanpostu huts bakoitzeko deialdi bat egongo dela gutxienez, lanpostu hori lan eskaintza publikoan sartu aurretik”.

Beraz, indarrean dagoen Hitzarmen Kolektiboak ezartzen du, aldez aurretik, lanpostuak betetzeko eta lanbide sustapenerako prozesu bat egin behar dela, prozedura horien bidez gutxienez behin deitu ez diren lanpostu hutsak betetzeko.

Era berean, ezin da alde batera utzi administrazio eta zerbitzuetako langile lan-kontratudunen III. Hitzarmen Kolektiboaren Laugarren Xedapen Iragankorrean xedatutakoa. Horren arabera, lanpostuak betetzeko, sustatzeko eta lan eskaintza publikoa egiteko prozesuak amaitu ondoren eta bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoa kontuan hartuta, talde bikoitzera irekitako lanpostuen lanbide sailkapena behin betiko antolatuko da, eta goi mailako taldean geratuko da.

Argi dago eskaintza honek interesa piztuko diola espektatiba eta interes legitimoak dauzkaten pertsona askori. Hala ere, kontuan hartu behar da pertsona kopuru handia dagoela unibertsitatean denbora luzea daramatenak lanean bitarteko funtzionario moduan. Errealitate hori jasota dago Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 Legeko laugarren xedapen iragankorrean, aukera ematen baitu oposizio faseko puntuen 45% lortzeko, gehienera, lehiaketa fasean, UPV/EHUn emandako zerbitzuen bidez; bai eta lanean jarraitzeko bermea ematen ere, xedapenean bertan zehaztutako moduan. Neurriok ez dira hartu behar, berez, salbuespentzat, beste administrazio publiko askotan erabiliak izan baitira erakunde horien interesa ebazteko bidea ematen dutelako ahalik eta kalte gutxien eginez; salbuespena zen erakunde horietan ziharduten langile askoren egoera behin-behinekoa zela eta denbora luzea zeramatela egoera horretan.

Hori dela eta, hautagai litezkeen gainontzeko pertsona guztien legezko eskubideak ezertan ere ukitu eta kaltetu gabe, eskaintza honen ondorioz sortuko liratekeen deialdiak aipatutako legearen xedapenei lotuko zaizkie.

Horregatik, kontuan hartuta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan (urriaren 30eko 5/2015 Errege Dekretuak emandako idazkera) eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 23. artikuluan xedatutakoa, bat etorrita UPV/EHUren Estatutuetako 59. artikuluarekin, eta gerenteak hala proposatuta, sindikatuekin negoziatu ondoren AZPko funtzionarioen eta lan kontratudunen negoziazio mahaiek azaroaren 13, 20 eta 27an eta abenduaren 3an egindako bileretan, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea 2019rako Enplegu Publikoaren Eskaintza, bai Estatuaren 2017rako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legeak eta Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko 6/2018 Legeak baimendutako tasa gehigarrien ondoriozkoa, bai 2019rako birjarpen tasaren ondoriozkoa, bai barne-sustapena, I. eta II. eranskinetan jasotako baldintzetan.

Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Leioa, 2019ko abenduaren 12a.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.

I. ERANSKINA

Lehenengoa.– Onartzea 2019. urteko lan eskaintza publikoa.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 legearen 23. artikuluak xedaturikoarekin bat etorrita, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileentzako lan publikoaren eskaintza onartzen da 2019. urterako, erabaki honetan zehaztutako baldintzen arabera.

Era berean, funtzionarioen eskaletan barne-sustapeneko prozeduraren bidez deitu beharreko plazak ere sartzen dira.

Bigarrena.– Lan eskaintza publikoaren kuantifikazioa.

1.– II. eranskinean honako hauek jaso dira:

1.1.– 2019ko birjarpen tasari dagozkion aurrekontu zuzkidura duten plaza hutsak.

1.2.– Pertsonal funtzionarioen barne-sustapenerako lanpostuak. Plaza horiek ez dira zenbatzen langileen birjartze tasaren ondoriozko plazen gehieneko mugaren barruan.

1.3.– Epai judizial irmo bidez finkoak ez diren lan kontratu mugagabeko langileen lanpostuak, bai eta aldi baterako enplegua egonkortzeko tasa osagarriari dagozkionak ere, hurrenez hurren Estatuaren 2017rako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19. artikuluan eta Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko 6/2018 Legearen 19. artikuluan ezarritakoak.

Aldi baterako enplegua egonkortzeko hautaketa prozesuen deialdiak birjartze tasari dagozkion hautaketa prozesuei dagozkien deialdiekiko modu bateratuan edo independentean egin ahal izango dira.

Deialdi horietan adierazi beharko da eskainitako plazak aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuaren bidez deitzen direla.

2.– Hautaketa prozesuen kudeaketaren ekonomia, eraginkortasun eta efizientzia arrazoiak direla eta, eskaintza hori prozesu bakar batean metatuko da 2018rako onartutako Lan Eskaintza Publikoarekin eta, baterako prozesu hori gauzatzeko, AZPko Negoziazio Mahaien 2016ko ekainaren 9ko eta 2016ko ekainaren 30eko Akordio Bateratuetan eta ezarritako irizpideekin bat etorrita, bai eta AZP funtzionarioaren Negoziazio Mahaiaren 2018ko abenduaren 3ko erabakian ere, administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren eremu edo kolektibo bakoitzari aplikagarri zaion neurrian.

3.– Deialdietako oinarriak AZPko Negoziazio Mahaietan negoziatuko dira. Ondoren Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaizkio eta, behin onartuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango dira argitara, aurreko atalean jaso diren moduan.

Hirugarrena.– 2018ko Lan Eskaintza Publikotik eta 2019ko Lan Eskaintza Publikotik eratorritako hautaketa prozesu bakarrean aplikatzeko irizpide orokorrak.

2018ko birjarpen tasari dagokion Enplegu Publikoaren Eskaintzatik eta Enplegu Publikoaren Eskaintza honetatik eratorritako hautaketa prozesu bakarra, Estatuaren 2017ko eta 2018ko Aurrekontu Orokorren Legeetan aurreikusitako tasa gehigarrietatik, 2019ko birjarpen tasatik eta barne-sustapenetik eratorritakoa, AZPko Negoziazio Mahaien ekainaren 9ko eta 2016ko ekainaren 30eko akordio bateratuetan jasotako irizpideen arabera arautuko da, eta AZP funtzionarioaren Negoziazio Mahaiaren 2018ko abenduaren 3ko akordioaren bidez ere, haren eremuak eragindako kolektiboaren arabera.

Era berean, UPV/EHUren premietara egokien moldatuko diren profil profesionalak dituzten gurakoak balioetsi eta hautatzeko xedea izango dute eta, honetara, deialdia guztiak, langileak hautatzeko prozesuetan nagusi diren berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak erabat errespetatzen direlarik, Euskal Unibertsitate Sistemaren legearen laugarren xedapen iragankorrean ezarritako baldintzen arabera edo, hala badagokio, horren ondoriozko hobekuntzetan ezarritakoaren arabera definitutako oposizio-lehiaketen bidez artikulatuko dira. Aurretik aipatutako indarreko legeria aplikagarria edo epai judizial irmoak aldatzean, irizpide hauek bete beharko dira:

a) Hautaketarako programa eta probak bete beharreko lanpostuei lotutako trebetasunak eta gaitasunak ebaluatu eta izangaiak hautatu ahal izateko modukoak izango dira.

b) Lehiaketa fasearen baremoan jasoko da gehiago baloratuko dela antzeko eginkizunak aldi batean zein behin-behineko moduan bete dituzten hautagaien esperientzia.

c) Hautapen probetarako hautapen batzorde edo epaimahairen osaketa gizon eta emakumeen arteko parekotasunaren irizpideari eta inpartzialtasun eta profesionaltasun irizpideei lotuko zaie.

d) Hautapen batzorde edo epaimahaien osaketari dagokionean, desgaituen parte hartzea sustatuko da, desgaituentzako txanda duten probetan.

e) Pertsonaleko Gerenteordetzaren webgunean helbide bat jarriko da hautaketa prozesuetarako, eta bertan agertuko dira deialdi guztiak eta horietatik eratorritako egintzak.

Laugarrena.– Desgaitasuna duten pertsonak.

1.– Deialdietan ez da baztertzerik eginen ezintasun psikiko edo/eta fisikoengatik, egin beharreko ataza edo eginkizunak egiteko bateraezintasunak betiere ezertan ukitu barik, unean uneko deialdia argitaratzen denean indarrean dagoen arau aplikagarrietara betiere moldatuta.

Bai administrazioak bai epaimahaiek laguntza eskatuko ahal izango diete organo tekniko eskudunei horretarako. Era berean, txostena eskatu ahal izango diote administrazio organo eskudunari, deialdiaren helburu diren lanpostuetan egin ohi diren jardueretan aritzeko hautagaiak daukan gaitasunari buruzkoa.

2.– Eskaintza hau osatzen duten lanpostu guztien ehuneko zazpi, gutxienez, gordeko dira, hautaketa probetarako deialdian, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek bete ditzaten. Desgaitasuna duten pertsonatzat joko dira Desgaitasuna daukaten pertsonen eskubideei eta haien inklusio sozialari buruzko Lege Orokorraren testu bateratuan hala definitutakoak (4. artikulua, 2. atala). Gutxieneko ehuneko zazpi (7) hori erreserbatzeko orduan, eskainitako plazen ehuneko bi (2) gutxienez gordeko dira desgaitasun intelektuala egiaztatzen duten pertsonentzat, eta gainerakoa, berriz, bestelako desgaitasuna egiaztatzen dutenentzat. Hori guztia betetzeko Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bateratuak 59. artikuluan dioena.

Desgaituei gordetako plazen artean, hutsik geratuko liratekeenak txanda libreari gehituko ahal zaizkio.

3.– Hautaketa prozesuetan, denbora eta bitartekoei dagokienez, egin beharreko egokitzapenak egingo dira, halakorik eskatuko luketen desgaituentzat, pertsona horien eta gainerako hautagaien arteko baldintza berdintasuna bermatzeko.

Bosgarrena.– Barne sustapena.

Barne sustapeneko prozesuak arautzen dituen legeriaren esparruan, funtzionarioen eskaletarako plazen deialdia egiten da.

Barne sustapeneko hautaketa prozesu horietarako deialdiak ohiko deialdi berriekin batera edo deialdi independente baten bidez egin ahal izango dira.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoek zehaztuko dute zein kolektibok parte hartu ahal izango duten eta zein diren deialdiaren ezaugarriak eta baldintzak.

Seigarrena.– Eskaintza gauzatzea.

Enplegu publikoaren eskaintza honen xede diren plazen deialdia dagokion aldizkari ofizialean argitaratu beharko da, hiru urtetako epe ordainezinean, lan eskaintza publiko hau argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erabaki honetan aurreikusi ez eta, kasuan kasu, lanean berehalakoan hasteko plantea litezkeen pertsonal premiak enplegu publikoaren eskaintza gehigarri batean zehaztuko ahal dira.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala