244. zk., 2019ko abenduaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (410 KB - 20 orri.)
- EPUB (234 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5867
ERABAKIA, 2019ko azaroaren 27koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez onartzen baitira lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren prozeduretarako oinarriak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoan oinarrizko destinoak betetzeko.
Osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoa onartzen duen abenduaren 16ko 55/2003 Legearen (abenduaren 17ko BOE, 301. zk.) 29. artikuluan xedatzen du pertsonal estatutarioaren destinoak langile-hautaketako, barne-sustapeneko eta mugikortasuneko sistemen bidez hornituko direla, edota zerbitzu-aktiboan berriro sartuz, osasun-zerbitzu bakoitzak ezartzen dituen kasuetan eta horietan aurreikusitako prozedurei jarraikiz.
Mugikortasun boluntarioko prozedurak, aipatutako legearen 37. artikuluak dioenaren arabera, aldizkakoak izango dira, kategoria bereko gainerako osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioei irekita egongo dira, eta deialdi publiko gisa deitutako lehiaketa bidez ebatziko dira, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioei jarraikiz.
Bestalde, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak honako hau dio 81.1 artikuluan: «Administrazio publikoetako bakoitzak, giza baliabideak orokorrean planifikatzeko esparruaren barruan, funtzionarioek mugigarritasunerako duten eskubideari kalterik egin gabe, arauak ezarri ahal izango ditu funtzionario publikoen borondatezko mugigarritasuna antolatzeko, giza baliabideen beharrizan jakinak ikusita, jardun publikoan lehentasuna duten sektoreak daudela irizten badio».
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan, azken urteotan, ikusi da mugikortasun boluntarioko prozeduretarako beste oinarri batzuk arautzeko beharra dagoela: destinoak esleitzeko periodikotasuna handiagoa izan behar da. Oinarri berri horiek, hain zuzen ere, aurretik adierazitako printzipio gidariak errespetatuko dituzte, eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren atalari jarraikiz, lan- eta familia-bizitza hobeto bateratzen lagunduko diete profesionalei; izan ere, beste destino batzuk lortzeko aukera emango diete, modu errazean, epeekiko loturarik gabe eta bitarteko telematikoen bidez.
Ildo horretatik, euskal osasun-sistema osatzen duten erakundeetan lanpostuak hornitzeko lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrerako esparrua ezartzea da erabaki honen helburua, eta, horretarako, funtsezko alderdi batzuk homogeneoki ezarri nahi dira lanpostu horietan guztietan; esaterako, periodikotasuna, aplikazio-esparrua, parte hartzeko eskakizunak, deialdiaren gutxieneko edukia, balorazio-batzordeen edo merezimenduen baremoaren osaera eta funtzioak, parte hartzeko prozedura eta destinoen esleipena.
Erabaki honen aplikazio-esparrua hauetara mugatzen da: estatutupeko langile finko, karrerako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko izaera duten Osakidetzako langileak eta Osasun Sistema Nazionaleko estatutupeko langile finkoak, baldin eta lehiatzen diren kategoria/espezialitate berean jabetzako izendapena badute.
Azaldutako arau-aurrekarien arabera, profesionalen mugikortasun boluntarioa errazteko, lan- eta familia-bizitza hobeto bateratzeko eta garapen profesionala hobetzea lortzeko helburuaz, Administrazio Kontseilu honek, Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuen egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren (1997ko azaroaren 14ko EHAA, 219. zk.) 8.5 artikuluak ematen dizkion eskumenak baliatuz, Osasuneko Mahai Sektorialarekin negoziatu eta SATSE, SME eta UGT erakunde sindikalek onartu ostean,
ERABAKI DU:
Artikulu bakarra.– Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren prozedura ezartzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren esparruko oinarrizko destinoak hornitzeko, eta haren oinarriak onartzea (erabaki honen eranskinean daude).
Horniketa-sistema ireki eta iraunkor hori progresiboki egin ahalko da, Osakidetzako plantilla osatzen duten lanpostuetako kategoriei eta espezialitateei eragiten dieten egoeren arabera. Nolanahi ere, 2021eko amaierarako, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko sistema hau kategoria / lanpostu funtzional guztietan egin ahal izatea da helburua.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Euskal Herriko tasei, salneurriei eta ordainarazpen erregulatzaileei buruzko abenduaren 9ko 6/2003 Legearen 23.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, doakoak izango dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko gastu-zentroek Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrean parte hartzen duten Osakidetzako langileei emandako konpultsa eta ziurtagiri guztiak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Erabaki honen garapenean, eskumena ematen zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari erabakia Ente Publikoaren zerbitzu-erakunde guztietan modu egoki eta zuzenean aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak edo instrukzioak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Erabaki hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta, administrazio-bidea agortzen duen horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio organo horri hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da dagokion Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hileko epean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 27a.
Administrazio Kontseiluko presidentea,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.
ERANSKINA
LEKUALDATZE-LEHIAKETA IREKI ETA IRAUNKORRAREN OINARRIAK OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN
I. KAPITULUA
IZAERA OROKORREKO LEHIAKETA IREKI ETA IRAUNKORRA
Lehenengoa.– Lehiaketaren periodikotasuna.
1.1.– Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrak deialdi bakarra izango du; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; indarrean egongo da lehen deialditik aurrera, eta destinoen eskaintza eta esleipena sei hilean behin egingo dira.
1.2.– Sei hilean behingo esleipen-zikloa urte natural bereko apirilaren 15ean eta urriaren 15ean hasiko da, hurrenez hurren, eta destinoen esleipenaren behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean amaituko da.
Hala ere, lehenbiziko deialdia ezohikoa izango da, eta oinarriak ezartzeko balioko du; horregatik, 2019ko azaroaren 30ean egingo da beranduenez.
Ziklo bakoitzerako adierazitako datetan, aintzat hartuko dira interesdunek eskakizunak betetzen ote dituzten, alegatutako merezimenduak eta egindako destino-hautapena.
Bigarrena.– Parte hartzeko eskakizunak.
2.1.– Lekualdatze-lehiaketan borondatez parte hartu ahalko duten langileak.
Kategoria / Lanpostu funtzional bereko edo baliokideko langileek hartu ahalko dute parte lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrean:
2.1.1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileak, Ente Publikoarekin duten lan-harremanak estatutupeko langile finkoaren, lan-kontratudun langile finkoaren edo karrerako funtzionarioaren izaera duenean.
Aipatutako langileek ez dute elektronikoki erregistratu beharko izena emateko inprimakian parte hartzeko eskakizunak betetzen dituztela, formularioan bertan beteta agertuko baitira. Era berean, ez dute aurkeztu beharko eskakizun horiek betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa. Izan ere, sistemak modu automatikoan identifikatuko du zein den parte-hartzaile horren egoera administratiboa.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak Ente Publiko honekin lotura duten profesionalek parte-hartzeko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatuko du sei hilean behingo esleipen-zikloan, eta egoki deritzon dokumentazio osagarria eskatu ahalko die langileei.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lan egiten duten lehiakideek dokumentazio hau bakarrik aurkeztu beharko dute:
a) Kondena-epai irmo baten ondorioz ezarritako etenaldi-egoeratik datozen lehiakideek, lehiaketan parte hartzeko eskabidearekin batera, ezarritako zigorra bete dutela egiaztatzen duen lekukotza judiziala aurkeztuko dute.
b) Parte-hartzea 3.3 oinarrian ezarritako terminoetan baldintzatzen duten lehiakideek beste lehiakidearen eskabidearen fotokopia ere aurkeztu beharko dute.
2.1.2.– Osasun Sistema Nazionaleko osasun-zerbitzuetako estatutupeko langile finkoek, egoera hauetan daudenean:
a) Kategoria berean edo baliokidean dagoenean edo halako lanpostua erreserbatuta duenean Osasun Sistema Nazionaleko osasun-zerbitzuetako erakunde sanitarioetan.
Lanpostua erreserbatzeko eskubidea duten langileek destino bat lortzen dutenean ez dute zertan sartu eskuratutako destinoan, eta, horretarako, egoera berean jarraitu nahi dutela adierazi beharko dute lanpostuaz jabetzeko epean.
b) Aktiboa ez den beste egoera batean dagoenean eta kategoria bereko edo baliokideko lanpostuaren erreserba ez duenean, baldin eta sei hilean behingo esleipen-zikloan parte hartzea eskatu ahal izateko epe baliodunaren azken egunean zerbitzu aktibora itzultzeko lege- eta arau-eskakizunak betetzen baditu.
2.1.3.– Ondorio horietarako, kategoria baliokideak eta erreferentziako kategoriak osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen kategoria profesionaletako baliokidetasunen katalogo homogeneoa eta horren eguneratze-prozedura arautzen duen martxoaren 13ko 184/2015 Errege Dekretuan jasotakoak izango dira (apirilaren 7ko BOE, 83. zk.).
2.1.4.– Prozeduran parte hartzea eskatzen duten beste Osasun Zerbitzu batetik datozen estatutupeko langile finkoek elektronikoki erregistratu eta egiaztatu beharko dute izena emateko formularioan Erabaki honetan ezarritako onargarritasuneko eskakizunak betetzen dituztela, eta, parte hartzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Lehiatzen den kategorian estatutupeko langile finko gisa izandako izendapenaren kopia konpultsatua.
b) Lortutako azken behin betiko destinoaren lanpostuaz jabetzearen egintzaren edo, hala balitz, behin-behineko zerbitzura itzultzeko ebazpenaren kopia konpultsatua.
c) Emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiria, pertsona interesdunak eskatutakoa, gaur egun behin betiko izaerarekin zerbitzuak eskaintzen dituen Osasun Zerbitzuko organo eskudunak jaulkitakoa.
d) Beste osasun-zerbitzu batzuetan zerbitzuak ematen dituzten lehiakideek, baldin eta zerbitzu aktiboan badaude edo lanpostuaren erreserba dakarten beste egoeretan badaude, behin betiko izaeran egon diren oinarrizko azken lanpostuaz jabetzeko egintzaren dokumentuaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, eta, hala balitz, lanpostua erreserbatzeko eskubidea sortzen duen dokumentuaren fotokopia konpultsatua.
e) Beste osasun-zerbitzu batean eszedentzian edo zerbitzu aktiboa ez den beste egoera batean dauden lehiakideek eszedentzia emateko ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, bai eta dagokion urte naturalaren apirilaren 15ean edo urriaren 15ean egoera horretan jarraitzen dutela egiaztatzen duen ziurtagiria. Era berean, herri-administrazioetan zerbitzutik baztertu ez dituztela eta eginkizun publikoak izateko desgaituta ez daudela aitortzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
f) Beste osasun-zerbitzu batean behin-behineko atxikipen edo birlaneratzean dauden lehiakideek behin-behineko atxikipenaren akordioaren eta lanpostuaz jabetu izanaren dokumentazioaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dituzte.
g) Kondena-epai irmo baten ondorioz ezarritako etenaldi-egoeratik edo diziplina-zehapenaren ondorioz administrazio-bidetik deklaratzen den eginkizun-gabetzetik datozen lehiakideek, lehiaketan parte hartzeko eskabidearekin batera, ezarritako zigorra edo zehapena bete dutela egiaztatzen duen lekukotza judizial edo administratiboa aurkeztuko dute.
h) Parte-hartzea 3.3 oinarrian ezarritako terminoetan baldintzatzen duten lehiakideek beste lehiakidearen eskabidearen fotokopia ere aurkeztu beharko dute.
2.1.5.– Era berean, beste osasun-zerbitzu batzuetako lehiakideen betekizuna da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraztea haien egoera profesional edota administratiboan egondako aldaketak, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztu ondoren gertatutakoak.
2.1.6.– Ezin izango dute parte hartu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak deitutako Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrean etenaldi irmoko egoeran dauden Osasun Sistema Nazionaleko estatutupeko langile finkoek, etenaldi horrek irauten duen bitartean.
2.1.7.– Beste osasun-zerbitzu batzuen mende dauden behin-behineko atxikipenean edo birlaneratzean dauden langileak, betiere, borondatezko lehiakide izango dira.
2.2.– Lekualdatze-lehiaketan nahitaez parte hartu beharko duten langileak.
2.2.1.– Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrean parte hartu beharko dute Ente Publikoan zerbitzu aktiboko egoeran eta behin-behineko atxikipenean dauden Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek. Aipatutako langileek derrigorrez eskatu beharko dituzte behin-behineko izaerarekin betetzen dituzten lanpostuen osasun-eremuko beren modalitate eta kategoriako/espezialitateko destino guztiak, lehentasun-hurrenkeraren arabera.
Egoera horretan dauden profesionalek dagokion sei hilean behingo esleipen-zikloaren izena emateko epea amaitu baino lehen aurkeztu beharko dute lehiaketan parte hartzeko eskabidea; zerbitzu aktibora berriz itzuli ondoren egiten den lehen zikloan, alegia.
2.2.2.– Behin-behineko izaerarekin lanean berriz hasi den pertsonak ez badu lortzen behin betiko lanpostua lehiaketan, dagokion osasun-eremuan deitutako modalitate eta kategoriako/espezialitateko destino guztiak eskatu dituenean, behin-behineko beste destino bat lortu ahalko du mugikortasun-prozesuaren ebazpenetik hutsik gelditu ahal den destinoren batean. Bestela, borondatezko eszedentziako egoerara igaro daiteke, baldin eta horretarako ezarritako baldintzak betetzen baditu.
Aukera hortaz baliatu ahal izateko, parte hartzeko eskabidean adierazitako lanpostuak hartuko dira kontuan.
2.2.3.– Behin-behineko izaerarekin lanean berriro hasi den pertsonak ez badu lehiaketan parte hartu eta ez baditu eskatu dagokion osasun-eremuan deitutako bere kategoriako destino guztiak, ofizioz deklaratuko dute borondatezko eszedentziako egoeran, baldin eta horretarako baldintzak betetzen baditu.
2.2.4.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek lehentasunezko eskubidea izango dute osasun-esparru berean lekualdatze-lehiaketa bidezko behin betiko lanpostua lortzeko langileak jabetzan duen lanpostua desagerrarazi dutenean edota, interesdunak behin betiko izaeraz betetzen badu lanpostua, Giza Baliabideak Antolatzeko Plan baten ondorioz lanpostu-berresleipen bat jasaten duenean (mugikortasun behartua edo antzeko prozeduraren bat) eta ez diotenean beste lanposturik eman legez aurreikusitako beste sistema baten bidez.
Aurreko paragrafoan ezarritako lehentasunezko eskubidea desagertuko da hura efektibo egiten denean eta, edonola ere, behin betiko lanpostu bat lortzen denean.
Lehentasunaz baliatzeko, beren lehentasunezko eskubideaz baliatu ahal diren esparruko modalitatearen eta kategoriaren/espezialitatearen interesatzen zaizkion destino guztiak eskatu beharko dituzte langileek.
2.3.– Zerbitzu aktiboan ez dauden eta lanpostu erreserbatua ez duten langileak.
Egoera honetan dauden langileek dagokion sei hilean behingo deialdiaren urteko apirilaren 15ean edo urriaren 15ean zerbitzu aktiboan hasteko lege- eta araudi-eskakizun guztiak bete beharko dituzte.
Langileak Estatutu Markoaren 67. artikuluko a) eta c) ataletan aurreikusitako borondatezko eszedentziako egoeratik badatoz, apirilaren 15ean edo urriaren 15ean, hurrenez hurren, egoera horretan dagoeneko gutxienez bi urte daramatzatela egiaztatu beharko dute, edo egoera administratibo horretara igarotzeko momentuan aplikagarria den araudian ezarritako denbora daramatela.
2.4.– Lehiaketa ireki eta iraunkorretik baztertua izatea.
2.4.1.– Sei hilean behingo esleipen-prozesuetan, parte-hartzaileek merezimenduen erreferentzia-datatik mantendu beharko dituzte lehiaketan parte hartzeko eskakizunak; hau da, eskabidea aurkezten duten urte naturalaren apirilaren 15etik edo urriaren 15etik langilea esleitutako destinoan lanpostuz jabetzen diren egunera arte mantendu beharko dituzte merezimenduak. Bestela, deialditik sortutako eskubide guztiak galduko dituzte.
2.4.2.– Pertsona interesdunak ez badu egiaztatzen onartua izateko eskakizunak betetzen dituela, horniketa-prozesutik baztertua izango da.
2.4.3.– Era berean, lehiatzen diren pertsonak prozesutik baztertuak izango dira baldin eta lehiaketan parte hartzeko eskakizunak betetzeari uzten badiote.
Hirugarrena.– Lehiaketa ireki eta iraunkorrean parte hartzeko eskabidea.
3.1.– Lehiaketan parte hartzeko eskabidea.
3.1.1.– Lehiakide bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahalko du kategoria / lanpostu funtzional bakoitzeko. Eskabideak eredu normalizatuaren bidez aurkeztu beharko dira, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Giza Baliabideen Zuzendaritzari bidali beharko zaizkio, Osakidetzako Hautaketa eta horniketa webgunearen bidez. Eskabidean, lortu nahiko lituzketen destinoak zehaztu beharko dituzte lehiakideek, lehentasunezko ordenan, eta, horretarako, destinoon identifikazio-kodea zehaztu beharko dute.
3.1.2.– Lekualdatze-lehiaketan parte hartzea eskatzeko epea irekita egongo da beti, nahiz eta esleipen-prozesu bakoitzean (apirilaren 15era arte edo urriaren 15era arte, hurrenez hurren) eskatutako destinoak bakarrik hartuko diren aintzat.
3.1.3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, zuzenketa, ezabaketa edo urraturen bat duten eskabideak zuzendu egin beharko dira, baldin eta baloratzeko ezinbestekoa den daturen bat identifikatzea ezinezkoa bada eskabidean bertan, lanpostuak eskatzeko orriren batean edota erantsitako dokumentuetan. Ez bada zuzenketarik egiten eskatutako epean, dokumentu-aurkezpenean atzera egin dela ulertuko da.
3.1.4.– Esleipen-prozesu bakoitzean, indarrean eta osorik dauden eskabideak bakarrik baloratuko dira.
3.1.5.– Lehiakideek ez dituzte berriz aurkeztu beharko dagoeneko aurkeztutako ziurtagiriak eta dokumentuak, baldin eta ez bada egon eguneratzerik horietan. Kasu horietan, lehiakideak egoera hori jaso beharko du eskabidean.
3.1.6.– Beste osasun-zerbitzu batetik datorren profesionalaren ardura da izena emateko formularioan adierazitako egoera administratiboaren aldaketen berri ematea Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzari. Aldaketa gertatzen den unean bertan eman beharko du horren berri.
3.1.7.– Prozeduraren edozein unetan, azalpenak edo dokumentazio gehigarri edo osagarria aurkezteko eskatu ahalko zaie interesdunei, eskakizunak eta alegatutako merezimenduak egiazta ditzaten edo osorik ez dagoen edo akatsak dituen dokumentazioa zuzen dezaten.
3.2.– Indarraldia.
3.2.1.– Aurkeztu eta gero, parte hartzeko eskabidea indarrean egongo da hurrengo sei hilean behingo esleipen-zikloetan profesionalari hautatutako destinoren bat esleitzen zaion arte, bertan behera uzteko edo aldatzeko aukerari kalterik egin gabe, erabaki honetan zehaztutako terminoetan.
3.2.2.– Eskabide bat indarrean dagoela ulertuko da pertsona interesdunak bertan behera utzi ez badu edo interesdunari Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Lehiaketa ireki eta iraunkorrean parte hartzearen ondorioz destino bat esleitzen dioten arte.
Era berean, lehiaketari uko egitea onartuko da, sei hilean behingo ziklo bakoitzaren destinoen esleipenaren behin-behineko ebazpena argitaratu baino hamar egun lehenago idazki bat aurkeztuta. Horretarako, uko egiteko formulario bat sortu da.
3.2.3.– Lehiaketa ireki eta iraunkorrean parte hartzearen ondorioz hautatutako destinoren baten esleipena lortu duten pertsonek, nahiz eta destino hori ez izan haien lehenengo aukera, beste eskabide bat aurkeztu beharko dute kategoria / lanpostu funtzional bereko hurrengo esleipen-zikloetan parte hartu ahal izateko. Interesdun bati hautatutako destinoren bat esleitzen badiote, automatikoki emango zaio baja hark aurkeztutako parte hartzeko eskabideari.
3.2.4.– Lehiakide batek ez badu destinoren baten esleipenik lortzen, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko eskabideak indarrean jarraituko du interesdunaren azken destino-hautaketarekin, baldin eta interesdunak berariaz uko egiten ez badio.
3.2.5.– Hala ere, sei hilean behingo ziklo bakoitzaren esleipendunen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hurrengo esleipen-prozesuaren eskabide-epea amaitu arte, izen ematea Curriculum Vitae aplikazioan egongo da editagarri. Hartara, interesdunak egoki deritzon aldaketak egin ahalko ditu.
3.3.– Familiako bizikidetzak baldintzatutako eskabidea.
3.3.1.– Bikote ezkondu edo izatezko bikote diren bi lehiakide herri berean deitutako destinoetan interesatuta badaude, haien eskabidea herri berean destinoa lortzearen egoerara baldintzatu ahalko dute, familiako bizikidetzagatik.
3.3.2.– Baldintzatutako eskabide hori aukeratzen duten lehiakideek haien eskabidean jaso beharko dute baldintza hori, eta, eskabidearekin batera, ezkontza-ziurtagiriaren edo izatezko bikotearen akreditazioaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.
3.3.3.– Baremoa aplikatzean, lehiakide biek lanpostu-esleipena herri berean lortzen ez duten bitartean, ez zaio esleituko destinoa haietako inori. Haien izen-ematea lehiaketa ireki eta iraunkorrean aktibo mantenduko da hurrengo sei hilean behingo esleipen-zikloetan, aldaketaren bat egon arte edo uko egin arte.
3.4.– Akats-zuzenketa.
Ikusten diren egitezko akatsak edozein unetan zuzendu ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta. Eraginkorrak izango dira dagokion ebazpenerako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erregistro Ofizialean duten sarrera-dataren arabera edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako moduan, eskabidea eragin horietarako indarrean dagoen bitartean.
3.5.– Aurkezteko epea.
3.5.1.– Pertsona interesdunek edozein unetan aurkeztu ahalko dute lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrean parte hartzeko eskabidea, eperik gabe, dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
3.5.2.– Sei hilean behingo esleipen-ziklo bakoitzean (urte naturalaren apirilaren 15era arte eta urriaren 15era arte, hurrenez hurren), Osakidetzaren Hautapena eta horniketa webgunean formalki erregistratuta dauden eta aurkeztu diren parte hartzeko eta destinoak eskatzeko eskabideak sartuko dira.
Laugarrena.– Lehiaketa ireki eta iraunkorraren destinoak.
4.1.– Destino-aukeraketa.
4.1.1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren testuinguruan, interesdunek finkoak diren zentrotik kanpoko kategoriako / lanpostu funtzionaleko destino guztiak aukeratu ahalko dituzte, 2.2 atalean, lekualdatze-lehiaketan derrigorrez parte hartu behar duten langileei buruzkoan, aurreikusitako kasuan salbu. Bestalde, Familiako FEM – LMAT eta Pediatriako FEM – LMAT lanpostu funtzionalen kasuan, interesdunek finko diren zentroko edo beste zentro batzuetako destinoak aukeratu ahalko dituzte. Eskabidea aurkezteko unean lanpostuok bakanteak izan arren, jaberik izan arren edota langile finko edo aldi baterakoak hartuta eduki arren egin ahalko da aurreko aukeraketa.
4.1.2.– Parte hartzeko formularioak aurretik eskatutako destinoak erakutsiko dizkio lehiakideari. Horrela, esleipen-prozesuak hasi baino lehen, interesdunak destino horien aukeraketa berrikusi ahalko du, edozein unetan aldaketaren bat egin nahi badu.
4.1.3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Lehiaketa ireki eta iraunkorrean eskainitako destinoen lanpostuak oinarrizko izaerako lanpostu funtzionalak izango dira, eta interesdunek horiek lortu ahalko dituzte daukaten kategoria / lanpostu funtzionalen arabera.
Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak ikerlan bat egingo du gaitasun-ezaugarri espezifikoak dituzten oinarrizko izaerako kategoriak / lanpostu funtzionalak zehazteko. Horrez gainera, zehaztu egingo ditu gaitasun espezifiko horien baldintzak, irizpide objektiboen arabera zehaztuak, haiek egiaztatzeko modua eta haiek dauden edo egon litezkeen zerbitzu-erakundeak.
Ikerlana amaitu eta erabaki honen sindikatu sinatzaileekin gaitasun-ezaugarri espezifikoak, haien baldintza espezifikoak eta haiek eskatu ahal izateko eskakizunak negoziatu eta adostu ostean, Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko destinoen eskaintzak ezaugarri espezifikoko lanpostu batzuk hartu ahalko ditu barne. Nolanahi ere, dagokion zikloko destino-eskaintza zehatzak duen ebazpenak (4.2.1 oinarrian aurreikusitakoak) gaitasun-ezaugarri espezifikoko lanpostuak baditu, azalduko dira zein diren lanpostuak, horiek eskatu ahal izateko baldintzak eta gaitasunak egiaztatzeko modua.
4.1.4.– Destinoak modu indibidualizatuan hautatuko dira, eta kontuan hartuko dira zerbitzu-erakundearen, lan-zentroaren, antolaketa-unitatearen eta herriaren, lanaldiaren eta hizkuntza-eskakizunaren (derrigortasun-data barne, halakorik ezarrita badago) arabera sailkatutako irizpideak.
4.1.5.– Lehiaketan parte hartzeko eskabideetan, destino bat hautatu behar da gutxienez; bestela, eskabideak ez dira baliozkotzat joko, eta automatikoki baztertuko dira indarreko esleipen-ziklotik.
4.2.– Lanpostuen eskaintza esleipen-prozesuetan.
4.2.1.– Urte natural bakoitzeko apirileko eta urriko lehen hamabost egunetan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak argitara emango du indarreko urteko esleipen-zikloari dagokion destino-eskaintza, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean. Eskaintza horretan, zehazki azalduko dira kategoria / lanpostu funtzional bakoitzeko destino kopurua, zerbitzu-erakundea, lan-zentroa, antolaketa-unitatea eta herria, lanaldia eta hizkuntza-eskakizuna (derrigortasun-data barne, halakorik ezarrita badago).
4.2.2.– Sei hilean behingo esleipen-ziklo bakoitzean eskaini beharreko lanpostuak aukeratzeko erreferentzia-datak dagokion urtearen apirilaren 1a eta urriaren 1a izango dira. Izan ere, data horietatik aurrera, ezingo da aldaketarik egin lanpostuen ezaugarriei edota haiek lortzeko eskakizunei dagokienez, eskaintzan akatsen bat hauteman ezean.
4.2.3.– Izaera orokorrarekin, eskaintzak aipatutako datetan jaberik ez duten oinarrizko izaerako lanpostu guztiak hartuko ditu barne, nahiz eta horietako destino batzuk eskaintzatik kanpo atera ahal diren behar bezala justifikatutako izaera tekniko eta antolaketako arrazoiengatik, 4.3 atalean adierazitakoarekin bat etorriz eta erabaki hau sinatu duten sindikatuekin egoera negoziatu ostean.
4.2.4.– Ezingo dira esleitu jabea duten lanpostuak. Era berean, ezingo dira esleitu amortizazio-prozedura bat abiarazita duten edo lanpostuak bihurtzeko espediente batean dauden lanpostuak.
4.3.– Lehiaketa ireki eta iraunkorretik ateratako lanpostuak.
Hainbat lanpostu Lehiaketa ireki eta iraunkorretik atera ahalko dira egoera hauek ematen direnean:
a) Giza Baliabideak Antolatzeko Plan batek hala aurreikusten duenean.
b) Hautaketa-prozesuekin lotuta egoteagatik hornitu ezin diren lanpostuak direnean.
c) Salbuespen gisa, behar bezala justifikatutako izaera tekniko eta antolaketako bestelako arrazoiak daudenean, erabaki hau sinatu duten sindikatuekin hala negoziatu ostean.
d) Osasun-arrazoiak direla medio egonkortze-prozesuetan dauden lanpostuak direnean.
Edonola ere, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak Osasuneko Mahai Sektorialean ordezkaritza duten sindikatuei zehaztasunez jakinaraziko dizkie zein diren eskaintzatik ateratako lanpostu horiek eta zein den haiek baztertzeko arrazoia.
Bosgarrena.– Merezimenduen akreditazioa.
5.1.– Merezimenduen alegazioa eta akreditazioa.
5.1.1.– Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrean parte hartu nahi duten pertsonek, eskabidearekin batera, Curriculum Vitae aplikazioan balioztatuta ez dituzten prestakuntzako merezimenduak bakarrik aurkeztu beharko dituzte.
5.1.2.– Lehiakide horiek haien prestakuntzako merezimenduak erregistratu beharko dituzte Curriculum Vitae aplikazioan. Horiek balioztatu ostean, baremazio-fasean baloratu beharreko merezimendutzat joko dira.
5.1.3.– Osakidetzako langileek merezimendu horiek balioztatuko dituzte lan egiten duten Zerbitzu Erakundeetako Balioztatze Unitateetan, horretarako ezarritako irizpide orokorren arabera.
Beste osasun-zerbitzu batzuetatik datozen lehiakideen merezimenduak Hautaketa eta Horniketako Zerbitzu Korporatiboak balioztatuko ditu. Horretarako, interesdunek, eskabidearekin batera, prestakuntzako merezimenduen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.
5.1.4.– Lehiakideek ez dute Osakidetzan duten esperientziarekin lotutako dokumentaziorik aurkeztu behar. Aldiz, Osakidetzatik kanpo izandako esperientzia ziurtagirien bidez egiaztatu beharko dute (dokumentuaren bidez).
Edonola ere, bitarteko, ordezko edo behin-behineko langile gisa lan egindakoa baloratuko da, aplikagarria den araudian aurreikusitakoarekin bat etorriz edo horiek aitortzen dituen epai irmoan jasotakoarekin bat etorriz.
5.1.5.– Lehiakidea lanpostua erreserbatzeko eskubidea dakarren egoeran egon izan den denbora (zerbitzu-eginkizunetan, zerbitzu bereziak, eszedentzia senitartekoen zaintzagatiko, berezia aktiboan) erreserbatutako lanpostuan emandako zerbitzu gisa neurtuko da.
5.1.6.– Ez dira kontuan hartuko ezarritako epean akreditatzen ez diren merezimenduak, egindako eskabidearen indarraldiari kalterik egin gabe.
5.1.7.– Esleipen-prozesu bakoitzean, indarrean eta osorik dauden eskabideak bakarrik balioztatuko dira.
5.2.– Merezimenduen alegaziorako eta akreditaziorako epea.
5.2.1.– Sei hilean behingo esleipen-ziklo bakoitzean baloratu beharreko merezimenduak urte naturalaren apirilaren 15era arte eta urriaren 15era arte akreditutakoak izango dira, hurrenez hurren. Data horietarako, merezimenduok behar bezala erregistratuta eta balioztatuta egon behar dute Curriculum Vitae aplikazioan.
5.2.2.– Urte naturalaren esleipen-ziklo batean ez da baloratuko aipatutako daten ostean sistema informatikoan sartutako edota lehiakideek akreditutako merezimendurik.
Ildo horretatik, lehiakideek apirilaren 15etik eta urriaren 15etik –hurrenez hurren– aurrera aurkezten dituzten ziurtagiriak hurrengo esleipen-prozesuaren ebazpenean bakarrik hartuko dira kontuan, baldin eta eskabideak indarrean jarraitzen badu; hori guztia aurreko atalean adierazitako merezimenduen eguneratzearen inguruan ezarritakoari kalterik egin gabe.
5.2.3.– Dokumentazioa aurkeztuz Curriculum Vitae aplikazioan aurretik sartutako merezimenduren bat balioztatzea eskatu duten pertsonek, dagoeneko balioztatuta baldin badago, ez dute berriz ere merezimendu horiek justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu behar, horiek eguneratzeko beharrezkoa den dokumentazio osagarria izan ezik.
5.2.4.– Era berean, 5.2.1 atalean adierazitako daten aurretik sistema informatikoan haien merezimenduak sartu dituztenen kasuan, merezimenduok balioztatzeke badituzte haiek justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu ez dutelako, balioztatzeko eskatu beharko dute, eta, horretarako, dagozkion dokumentu egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte. Bestela, ez zaizkie prozeduran baloratuko.
5.2.5.– Lehiakideen erantzukizuna izango da merezimenduak eguneratzea, merezimenduen erreferentzia-data berriaren arabera. Horretarako, ziurtagiri berriak aurkeztuko dituzte baliozta daitezen, Curriculum Vitae aplikazioan erregistratu eta balioztatu aurretik. Interesdunek ez badituzte merezimenduak eguneratzen, hasiera batean egiaztatutako eta balioztatutako merezimenduak bakarrik hartuko dira aintzat, eskabidearen indarraldia mantentzen den bitartean.
5.2.6.– Curriculum Vitae aplikazioan balioztatuta dauden merezimenduek hala jarraituko dute, baina, balioztatze-akats bat ikusten bada, aldatu egin beharko dira. Kasu horretan, Osakidetzak ofizioz egin beharko du aldaketa, eta eragindako pertsonari jakinarazpen bat bidali beharko dio.
5.2.7.– 5.2.1 atalean jasotako datetan sistema informatikoan sartuta ez dauden merezimenduak ez dira balioztatuko dagokion esleipen-prozesuan.
5.2.8.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak edozein eskakizun edo merezimendu justifikatzeko dokumentazio osagarria eskatu ahalko du edozein unetan, balioztatuta egon arren.
Seigarrena.– Lehiaketan parte hartzeko eskabidetik eratorritako efektuak.
6.1.– Modu formalean aurkeztutako lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko eskabidea loteslea izango da lehiakideentzat. Hala ere, eskabideari uko egitea onartuko da zortzigarren oinarrian adierazitako forman eta datetan.
6.2.– Eskakizunak edo merezimenduak justifikatzeko dokumentazioan faltsutasunik egonez gero, edo prozeduran lege-iruzurrean parte hartzen bada, lehiakidea lehiaketatik baztertua izango da, lehiaketa deitu duen organoak emandako aurretiko ebazpenaren bidez, egokiak diren beste erantzukizunei kalterik egin gabe.
Zazpigarrena.– Aldaketa destinoen hautaketa.
7.1.– Lehiakideek apirilaren 15a eta urriaren 15a baino lehen eginiko destinoen hautaketa aldatu ahalko dute, dagokion esleipen-prozesuarekin lotuta. Aldaketak Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrerako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez aurkeztu beharko dira, eta ez da dokumentazioa entregatu beharko.
7.2.– Urte naturaleko esleipen-ziklo bakoitzean adierazitako epean egindako azken destino-hautaketaren aldaketa bakarrik onartuko da, aurreko atalean adierazitakoarekin bat etorriz.
Zortzigarrena.– Parte hartzeko eskabideari uko egitea.
8.1.– Oinarri honetan adierazitako mugei dagokienez, lehiakideek edozein unetan uko egin ahalko diote lehiaketa ireki eta iraunkorrean parte hartzeko eskabideari, Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzari zuzendutako idazki baten bidez. Horretarako, Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrerako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez aurkeztu beharko dute ukoa.
8.2.– Aplikazio informatikoan formulario espezifiko bat gaituko da, lehiakideek ukoa formal dezaten.
8.3.– Eskabidearen erabateko ukoaren bidez, interesdunak uko egingo dio lehiaketari, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak erabat onartuko du erabaki hori.
8.4.– Lehiakideek destinoen behin-behineko esleipenaren ebazpenaren aurkako alegazioak aurkezteko aurreikusitako data amaitu arte egin ahalko diote uko parte hartzeko eskabideari.
Egun horietatik aurrera, ez da ukorik onartuko aipatutako esleipen-prozesuarekin lotuta.
8.5.– Behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkezteko epea amaitzen den egunetik aurrera, hurrengo esleipen-prozesuarekin lotuta soilik aurkeztu ahalko da ukoa, baldin eta eskabideak indarrean jarraitzen badu.
8.6.– 3.3 atalean adierazitako terminoetan baldintzapeko eskabidea egiten duen lehiakide batek egindako ukoak ez du bestearen ukoa ekarriko. Bestearen eskabideak erabaki honetan xedatutakoaren arabera egingo du aurrera.
Bederatzigarrena.– Lehiaketaren nondik norakoak.
9.1.– Deialdietako bakoitzean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak deialdian zehaztutako eskakizunak betetzen direla egiaztatuko du, eta onartutako eskabideak kalifikazio-epaimahaiari bidaliko dizkio, hark lehiaketako merezimenduak baliozta ditzan.
9.2.– Baremoa.
9.2.1.– Merezimenduen balorazioa dagokion kategoriako / lanpostu funtzionaleko azken lekualdatze-lehiaketan aplikatutako baremoarekin bat etorriz egingo da. Zehazki, baremo horiek hurrengo deialdiei dagozkie:
a) 1399/2017 Ebazpena, azaroaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Fakultatibo Mediko eta Teknikoak lanbide-taldeko Familiako FEM – LMAT eta Pediatriako FEM – LMAT kategorietako lekualdatze-lehiaketa deitzen da, zehazten diren osasun zerbitzu-erakundeetan destinoetarako.
b) 1398/2017 Ebazpena, azaroaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Fakultatibo Mediko eta Teknikoen lanbide-taldeko lekualdatze-lehiaketa deitzen da (lanpostu funtzional hauek izan ezik: Familiako FEM - LMAT eta Pediatriako FEM - LMAT), zehazten diren osasun zerbitzu-erakundeetan destinoetarako.
c) 1400/2017 Ebazpena, azaroaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Diplomadun sanitarioak / Gradudun sanitarioak lanbide-taldeko lekualdatze-lehiaketa deitzen da, zehazten diren osasun zerbitzu-erakundeetan destinoetarako.
d) 1401/2017 Ebazpena, azaroaren 10ekoa, Osakidetza-euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Teknikari espezialista sanitarioa lanbide-taldeko lekualdatze-lehiaketa deitzen da, zehazten diren osasun zerbitzu-erakundeetan destinoetarako.
e) 1402/2017 Ebazpena, azaroaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Teknikari laguntzaile sanitarioak lanbide-taldeko lekualdatze-lehiaketa deitzen da, zehazten diren osasun zerbitzu-erakundeetan destinoetarako.
f) 1403/2017 Ebazpena, azaroaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, kudeaketa eta zerbitzuetako langileen lekualdatze-lehiaketa deitzen da, zehazten diren osasun zerbitzu-erakundeetan destinoetarako.
9.2.2.– Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eta, hala badagokio, erabaki hau sinatu duten sindikatuekin negoziatu eta adostu ostean, aipatutako ebazpenetan jasotako baremazio-irizpideak aldatu ahalko dira. Kasu horretan, ebazpen berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
9.2.3.– Sei hilean behingo esleipen-ziklo bakoitzean izena emateko epeak igarota (apirilaren 15a eta urriaren 15a) eta sindikatuekin negoziatu eta adostu ondoren, lekualdatze-lehiaketa bidezko mugikortasun-prozesuetarako beste baremo bat argitaratuko balitz, azken baremo horren arabera egingo da profesional parte-hartzaileen merezimenduen balorazioa.
9.3.– Euskararen ezagutza baloratzea.
9.3.1.– Euskararen ezagutza betekizuna ez den lanpostuetarako, deitutako lanpostuek izango dituzten hizkuntza-eskakizunak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoak izango dira.
Hizkuntza-eskakizunok baloratzean emango zaien puntuazioa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren 24. artikuluan ezarritakoaren araberakoa izango da, prozesu osoan guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioa aintzakotzat hartuta.
Era berean, aurreko paragrafoarekin bat etorriz, dagokion lanbide-taldeari ezarritakoa baino baxuagoak diren hizkuntza-eskakizunen akreditazioari dagokion ehunekoa emango zaio.
Edozein kasutan ere, euskararen ezagutzaren balorazioak dagokion lanpostu funtzionalari ematen zaion portzentajea izango du muga, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera.
9.3.2.– Hizkuntza-eskakizun horien baliokidetza-erregimena apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 41. artikuluan jasotakoa izango da, eta baita azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuan eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan jasotzen dena ere.
Izangaiek titulazioaren edo egiaztagirien fotokopia konpultsatua aurkeztuko dute eskabidearekin batera, salbu eta egiaztagiria pertsonaleko erregistroan badago.
9.3.3.– Goian xedatutakoaren babespean hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten izangaiei dagokien puntuazioa emango zaie.
9.4.– Merituak baloratzea.
9.4.1.– Epaimahaiak merezimenduak baloratuko ditu lehiakideek beharrezko moduan eta epean aurkeztutako dokumentazioa oinarri izanik. Horiek apirilaren 15era arte eta urriaren 15era arte kontatuko dira, dagokion esleipen-prozesuaren arabera.
Ez dira baloratuko adierazitako daten aurretik behar bezala alegatu, ziurtatu eta balioztatu ez diren merezimenduak.
9.4.2.– Merezimendu hauek baloratuko dira, dagokion baremoak aurreikusten duen bezala:
a) Esperientzia profesionala.
b) Prestakuntza
9.4.3.– Dagokion deialdian aurreikusten denaren arabera, ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza baloratuko da, hauek aintzat harturik:
a) Merezimendu hori hizkuntza-eskola ofizialaren edo baliokideren baten ziurtagiria aurkeztuz akreditatuko da.
b) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren eta bere baliokideen C2 eta C1 mailako tituluengatik emango dira puntu gehien.
c) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren eta bere baliokideen B2 mailako tituluengatik bitarteko puntuazioa emango da.
d) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren eta bere baliokideen B1 mailako tituluengatik puntu gutxien emango dira.
e) Ingeles, Frantses eta Aleman Filologiako Lizentziaturak dagokion hizkuntzari esleitutako puntuaziorik handienarekin baloratuko dira.
f) Hizkuntzari berari dagozkion hainbat titulu akreditatzen badira, maila handienekoa bakarrik baloratuko da.
9.4.4.– Euskararen ezagutza:
Merezimenduen baremoan aurreikusitakoaren arabera baloratuko da egiaztatzen den euskara-ezagutza.
9.5.– Berdinketak guztizko puntuazioetan.
9.5.1.– Berdinketa egonez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna dagokien kategorietan eta lanpostu funtzionaletan, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4 artikuluan araututakoari jarraituz.
9.5.2.– Berdinketak jarraitzen badu, atal bakoitzean eta horien hurrenkeraren arabera guztira punturik gehien duen izangaiaren alde erabakiko da.
9.5.3.– Hala ere, berdinketak jarraitzen badu, parte hartzen duen kategorian / lanpostu funtzionalean zerbitzu aktiboan edo erreserban duen plazan egun gehien daukan izangaiaren alde erabakiko da.
9.5.4.– Azkenik, aurreko irizpideak aplikatu ostean oraindik berdinketak jarraitzen badu, lehenago jaio denaren alde erabakiko da.
9.6.– Destinoak esleitzeko prozedura.
Destinoak izangaiaren eskabidearen eta lortutako puntuazioaren arabera esleituko zaizkie izangaiei, betiere, derrigorrezko mugikortasun-prozesua izan duten langile finkoek haien lanpostu funtzionalari dagokion destinoa lortzeko duten lehentasuna errespetatuz, prozesu horien araudi espezifikoak hala ezarri duenean lekualdatze-lehiaketa honetarako, baldin eta lehiaketa hau haien lanpostu berrian modu eraginkorrean lanean hasi direnetik deitu duten lehenengoa bada eta lehentasun hori behin betiko barne-mugikortasuneko prozesu batean eraginkorra egin ez bada.
9.7.– Destinoak esleitzeko behin-behineko ebazpena.
9.7.1.– Epaimahaia osatu ostean, epaimahaiak kategoria / lanpostu funtzional bakoitzaren destino-esleipenaren behin-behineko zerrenda onartuko du, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzari igorriko dio.
9.7.2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak aginduko du destinoen behin-behineko esleipenaren zerrenda hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratzea. Horrekin batera, onartuen eta baztertuen zerrenda argitara ematea ere aginduko dute, baztertzeko arrazoiak adierazita.
Behin-behineko esleipenaren ebazpenak zehaztuko du esleipendun bakoitzak merezimenduen baremoaren arabera lortutako puntuazioa.
9.7.3.– Zerrenda hori ebazpen baten bidez argitaratuko da, eta hiru eranskin izango ditu:
a) I. eranskinean onartutako langileen zerrenda agertuko da, lortutako guztizko puntuazioaren hurrenkeran.
b) II. eranskinean lehiaketatik baztertuak izan direnak agertuko dira, baztertzeko arrazoia adierazita.
c) III. eranskinean dagokion deialdian eskainitako lanpostu funtzionalen / kategorien destinoak lortu dituzten langile esleipendunen behin-behineko zerrenda agertuko da, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.
9.7.4.– Ebazpen horren aurka, izangaiek erreklamazioa aurkeztu ahal diote Giza Baliabideen zuzendariari, Osakidetzaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aurrera hamar egun balioduneko epean.
Epean eta behar bezala aurkeztutako erreklamazioak behin betiko ebazpenaren bidez onartu edo baztertuko dira.
9.7.5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa onartzen duen abenduaren 18ko 235/2007 Dekretuaren 90.1 artikuluarekin bat etorriz, Gizarte Segurantza osasun-erakundeetatik edo erkidegoetako osasun-zerbitzuetatik datozen edo zerbitzu aktiboa ez den beste administrazio-egoera batean dauden langile esleipendunek, III. eranskinean daudenek, azterketa medikoa egin beharko dute; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuak igorritakoa, esleitutako destinoan behar bezala aritzeko beharrezko gaitasun psikofisikoa dutela egiaztatzeko. Horretarako, zita eskatu beharko dute Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak zehaztutako zerbitzu-erakundean hamar eguneko epean destinoen behin-behineko esleipenaren ebazpena Osakidetzaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Destinoen behin betiko esleipenaren ebazpenak baliogabetuko du egindako destino esleipena dituen mugak edo egokitzapenak bateraezinak badira esleitutako lanpostuaren eginkizunekin.
9.8.– Destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena.
9.8.1.– Epaimahaiak lanpostu funtzional bakoitzaren destinoen esleipenen behin betiko zerrenda onartuko du, eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari helaraziko dio.
9.8.2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak destinoen esleipeneko behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du. Halaber, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, baztertzeko arrazoiak adierazita, argitara emateko aginduko du. Zerrenda hori ebazpen baten bidez argitaratuko da, eta hiru eranskin izango ditu:
a) I. eranskinean onartutako langileen zerrenda agertuko da, lortutako guztizko puntuazioaren hurrenkeran.
b) II. eranskinean lehiaketatik baztertuak izan direnak agertuko dira, baztertzeko arrazoia adierazita.
c) III. eranskinean dagokion deialdian eskainitako lanpostu funtzionalen destinoak lortu dituzten langile esleipendunen behin betiko zerrenda agertuko da, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetzako Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean ebazpen hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
9.9.– Lanpostuaz jabetzea.
9.9.1.– Behin betiko izaerarekin emandako destinoari ezin zaio uko egin, salbu eta interesdunak borondatezko behin betiko mugikortasun-prozesu baten ondorioz beste destino bat lortzen badu eta horrek lan-zentroz aldatzea eskatzen badu edo beste osasun-zerbitzu edo herri-administrazio batek deitutako izendapen askearen bidez beste destino bat lortzen badu eta horrek lan-zentroz aldatzea eskatzen badu, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Estatutu Markoaren abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 37.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak, hala dagokionean, lehiaketan behin betiko izaerarekin esleitutako lanpostuari uko egitea onartuko du, interesdunari jakinarazitako eta destinoko zerbitzu-erakundeari helarazitako ebazpenaren bidez.
9.9.2.– Destinoa lortzen duten izangaiek betetzen ari diren lanpostua utzi beharko dute, destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hiru egun balioduneko epean.
9.9.3.– Langileek, izaera orokorrarekin, aurreko destinoa utzi eta hiru eguneko epean jabetu beharko dira lanpostuaz, baldin eta plazak herri berean badaude; bost eguneko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri batean badaude, eta hilabeteko epean, aurreko destinoa utzi duten egunetik aurrera, langileek osasun-zerbitzua aldatu behar badute. Emandako destinoaren bidez zerbitzu aktibora itzultzen badira izangaiak, hilabeteko epea izango dute lanpostuaz jabetzeko, destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
9.9.4.– Interesdunak gaixotasunagatik, haurdunaldiko arriskuagatik edo edoskitzeagatik lizentzia-egoeran badaude edo amatasun- edo aitatasun-baimen bat badute, 9.9.3 atalean ezarritako ohiko epeetan utzi beharko dute uneko lanpostua eta esleitutako destinoa jabetzan hartu, eta horrek ez dio kalterik egingo emandako lizentzia edo baimena.
Aurreko atalean aurreikusitako egoeretatik kanpo, lanpostua jabetzan hartzeko epeak kalkulatzeko unea interesdunek aitortuta dituzten baimenak, lizentzia edo oporrak amaitzean hasiko da, aurretik hala eskatuz gero.
9.9.5.– Lehiaketaren ebazpenak zerbitzu aktiboan berriro hastea dakarrenean salbu, lanpostuaz jabetzeko epea (eta, hala badagokio, hura luzatzeko eskabidea) zerbitzu aktibotzat joko da, eta dagozkion ordainsariak jasoko dira, administrazio autonomikoan zerbitzua ematen duten langileen nominak egiteari buruzko instrukzioek ezartzen dituzten indarreko arauei jarraikiz.
9.9.6.– Lanpostuaz jabetzean esleipendunak zerbitzu-eginkizunetan, aldi baterako barne-sustapenean edo behin-behineko atxikipenean badaude destinoa betetzen Osakidetzan, 9.9.3 atalean aurreikusten den epea izango dute lanpostuaz jabetzeko. Hala ere, hura zenbatzeko, betetzen duen destinoa ere kontuan hartu beharko da, azken horren esleipendun ez bada behintzat. Hala izanez gero, destinoen behin betiko esleipenaren ebazpena EHAAn argitaratu (behin-behineko esleipenen kasuetan) edo kargua utzi (zerbitzu-eginkizunen eta aldi baterako barne-sustapenen kasuetan) eta biharamunean jabetu beharko da lanpostuaz.
9.9.7.– Lekualdatze-lehiaketan lortutako destinoan ezarritako epean edo emandako luzapenaren barruan lanean hasten ez den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen kasuan, interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia eskatzen dutela ulertuko da , baldin eta horretarako legez ezarritako eskakizunak betetzen badituzte. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzak eszedentzia hori aitortuko dio.
Hala ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak hala erabaki badu interesdunak aurretik eskatutako entzunaldian, egoera hori indargabetu ahalko da. Kasu horretan, interesduna unean eragotzi zuten arrazoiak desagertu bezain laster, destino berrian lanean hasi beharko da.
Beste osasun-zerbitzu bateko estatutupeko langileen kasuan, deitutako lekualdatze-lehiaketan parte hartu ondoren, ez badira ezarritako epean (edo, halakorik balego, luzapenean) hasten lanean lortutako destinoan, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak intzidentzia hori jakinaraziko dio lehiakidearen jatorrizko osasun-zerbitzuari, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Estatutu Markoari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 37.5 artikuluan aurreikusitakoa betetzeko.
9.9.8.– Lanpostuaz jabetzeko unean, pertsona esleipendunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, baldin eta destinoko zerbitzu-erakundeak aurretik ez badu:
a) NANa, pasaportea edo gidabaimena.
b) OTIa edo Gizarte Segurantzako afiliazio-txartela.
c) Lortutako azken destinoaren izendapena eta jabetza.
d) Zinpeko deklarazioa eta betetako konfidentzialtasun-konpromisoa. Hori aurkezten ez bada, destinoko zerbitzu-erakundeak aurkeztuko du.
e) Osakidetzako Prebentzio Zerbitzuak emandako azterketa medikoaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzako edo Osasuneko autonomia-zerbitzuetako Erakunde Sanitarioetatik edo zerbitzu aktiboa ez den beste administrazio-egoera batetik datozen pertsona esleipendunen kasuan.
f) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa edo sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik epai irmo bidezko kondenarik ez izatearen deklarazioa, kode zibilaren eta prozedura zibilaren legea partzialki aldatzeko den adingabeen babes juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Legearen 13.5 artikuluak eskatzen duen moduan, eta baimena Osakidetzari behar beste datu-base kontsultatzeko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulu horrek aipatutako ziurtagiria lor ditzan.
g) Lanpostu-uztearen kopia, hala badagokio.
9.9.9.– Langile bat borondatezko mugikortasuneko prozedura batean destinoaz jabetzen ez bada, ezarritako epeen barruan edo lege edo arauen arabera epe horiei dagozkien luzapenetan, ulertuko da interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia eskatzen duela estatutupeko langile gisa, eta egoera horretan deklaratuko du zerbitzupean zuen osasun-zerbitzuak.
Hala ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak hala erabaki badu interesdunak aurretik eskatutako entzunaldian, egoera hori indargabetu ahalko da. Kasu horretan, destinoa berrian hasi beharko da lanean une horretan eragotzi zioten arrazoiak desagertuko bezain laster.
9.9.10.– Lehiaketaren ebazpenetik sortutako lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira; ondorioz, ez dute kalte-ordaina eskuratzeko eskubiderik sortuko.
9.9.11.– Ez da ondoriozko faserik egongo behin Lehiaketa ireki eta iraunkorraren destinoak esleitzen direnean.
9.10.– Lortutako destinoaren egonkortze-epea.
Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren bidez destino bat lortzen duten langileak, beste lekualdatze-lehiaketa batera aurkeztu aurretik, urtebetez egon beharko dira destinoan, behin betiko esleipenaren ebazten den egunetik aurrera. Denbora-muga hori ez da aplikatuko, iraungi baino lehen, pertsona interesdunak lortutako lanpostuarekiko atxikipena galdu duenean, bai lanpostua desagerrarazi dutelako, bai langilea lanpostuz aldatu badute gerora sortutako arrazoiengatik.
Hamargarrena.– Epaimahaia.
10.1.– Izendapena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bidez izendatuko du deitutako lekualdatze-lehiaketaren epaimahai kalifikatzailea. Epaimahaiak denbora-epe zehatz batez izendatu ahalko ditu, Lekualdatze ireki eta iraunkorreko esleipen-prozesu batean baino gehiagotan egin ahal izan ditzaten baremazio- eta balorazio-atazak.
Epaimahaiak izendatzeko ebazpenak EHAAn eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko dira.
10.2.– Epaimahaien osaera.
10.2.1.– Epaimahai kalifikatzaileak zazpi kide izango ditu. Horien artean, presidentea eta idazkaria izendatuko dira, eta gainerakoak epaimahaikideak izango dira. Kide bakoitzak ordezko bat izango du.
10.2.2.– Epaimahaikide guztiek Osakidetzako, Euskadiko Herri Administrazioetako edo Osasun-zerbitzuetako eta Osasun Sistema Nazionalari lotutako zentroetako karrerako funtzionarioak, estatutupeko finkoak edo finko lan-kontratudunak izan beharko dira, eta haien lanpostuan edo kategorian / lanpostu funtzionalean jarduteko hautaketa-prozesuko hartan sartzeko eskatzen den maila akademiko bera edo goragokoa eduki behar dute.
10.2.3.– Epaimahaikideak banako gisa arituko dira.
10.2.4.– Idazkaria Osakidetzako langile finkoen artean izendatuko da lehentasunez, edo, beharrezkoa balitz, edozein Herri Administrazioko langileen artean. Eginkizun administratiboak eta goi-mailako titulazioa izango ditu; epaimahaikide izango da, eta hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango du.
10.2.5.– Epaimahaiaren osaeran, gaitasun, eskumen eta prestakuntza egokia duten gizonezko eta emakumezkoen arteko ordezkapen orekatua bermatuko da, eta epaimahaiko kideek inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioak beteko dituzte.
10.2.6.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bidez jakinaraziko du epaimahaia nork osatuko duten. Ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.
10.2.7.– Epaimahaiak, egoki iritziz gero, kideekin lankidetzan jardungo duten aholkulari berezien laguntza izan dezake. Aholkulari horiei epaimahaikideei eskatutako titulazio-eskakizun bera eskatuko zaie. Bakoitza bere espezialitate teknikoetan arituko da, eta horretarako bakarrik jardungo dute elkarlanean organo kalifikatzailearekin.
10.2.8.– Lekualdatze-lehiaketaren batzordeak beharrezkoak iruditzen zaizkion kolaboratzaileen izendapena proposatu ahalko du.
10.3.– Abstenitzea eta errefusatzea.
Epaimahaia osatzen duten pertsonek ezingo dute jardun baldin eta Sektore Publikoko Erregimen Juridikoko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren batean badaude, eta hala jakinarazi beharko diote deitu dien agintaritzari. Kasu horietan ere, prozesuan parte hartzen duten pertsonek edozein unean eman ahalko dute ezezpena, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
10.4.– Jarduteko arauak.
10.4.1.– Epaimahaiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.– 22. artikuluetan zehaztutako arauei jarraituz jardungo du, erabateko autonomia funtzionalarekin, prozeduraren legaltasuna bermatuz eta objektibotasuna dagoela ziurtatuz.
10.4.2.– Epaimahaia epaimahaiburuaren aginduz bilduko da, idazkariak deituta, eta, eratu ahal izateko, epaimahaiburua eta idazkaria (edo horien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdia bertaratu beharko dira.
10.4.3.– Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira.
10.5.– Eskumenak.
Lekualdatze-lehiaketaren Epaimahaia merezimenduak eta destinoak esleitzeko proposamena –bai behin-behinekoa zein behin betikoa ere– baloratzeaz eta alegazioak berrikusteaz arduratuko da.
Era berean, esleipen-prozesuko epaimahaiaren ardura izango da lehiaketaren deialdiaren oinarriak interpretatzea. Horien aplikazioan sor daitezkeen zalantzak ebatzi beharko ditu, eta horietan aurreikusita ez dauden egoerekin lotuta hartu beharreko irizpideak ezarri beharko ditu.
10.6.– Zerbitzuak eragindako kalte-ordainak.
Epaimahaikideek kalte-ordainak jasoko dituzte zerbitzua dela kausa, asistentziak barne, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan arauturik dagoenarekin bat etorriz. Epaimahaiari aholkatzen diotenek ere jasoko dituzte kalte-ordain horiek.
Hamaikagarrena.– Egoitza.
Deialdi honetatik sortzen diren eragin eta jarduera guztietarako, baita jurisdikzio-eskumenaren ahalmenari dagokiona ere, egoitza Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia izango da: Araba Kalea, 45 (01006 Vitoria-Gasteiz).
Erabaki honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietarako epaitegietan, bi hileko epean, hura Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.